Zer egin enpresak ez badu zure alta eman Gizarte Segurantzan?

Lehenengo eta behin, Gizarte Segurantzan alta emanda zauden jakiteko: Nora jo egiaztatzeko enpresak gure alta eman duela Gizarte Segurantzan?

Enpresa Gizarte Segurantzan alta ematera behartuta dago; ez badu egiten, iruzurrean ari da eta, hortaz, salatu dezakezu, geroxeago ikusiko dugunez. Edozelan, enpresan ordezkaritza sindikalik balego, enpresak egiten dituen kontratuen inguruko informazioa eman behar die, egin eta hamar egunetara (“kontratuaren oinarrizko kopia” deritzona). Hori dela eta, zure egoeraren berri emateko eskatu beharko lukete eta, irregulartasunik balego, zuzentzeko exijitu. Ordezkaritzarik ez badago, jarri kontaktuan sindikatuarekin zure egoera aztertzeko eta zure kasuan egin beharreko pausoak zehazteko.

Edozein kasutan, garrantzitsua da lan harremanaren frogak edukitzea (enpresa salatzekotan edo balizko kaleratze baten aurrean babesteko):

• Kontraturik sinatu baduzu eta honen kopiarik badaukazu, gorde ezazu ondo. (Zer egin kontraturik ez badaukazu?)
• Enpresak zure alta eman ez badu, seguruenik soldata eskura eta metalikoan ordainduko dizu, lan harremana bankuan isla ez dadin. Honela bada, ordaintzen dizuten egunean zoaz zeu bankura eta sartu dirua (nomina edo soldata kontzeptupean). Ez du inporta segidan parte bat ateratzen baduzu, kontua da nonbait islatzea hilabetero ordaintzen dizula eta zein den kopurua.
• Enpresak eman dizun edozein dokumenturen kopiak atera (lan egutegia, esaterako), gorde posta elektronikoak edo telefono mezuak eta abar.
• Saiatu argazkiak ateratzen lan egiten duzun bitartean eta lekukoak izaten (beste lankide batzuk edo bezeroak).
• Elkarrizketak grabatzen badituzu, hauek erabili ahal izango dira balizko epaiketa batean, beti ere zuk elkarrizketan parte hartzen baduzu, nahiz eta beste pertsonak ez jakin grabatu duzula.

Komenigarria izan liteke enpresari burofax bat bidaltzea Gizarte Segurantzan alta emanda ez zaudela jakin duzula adierazita eta balizko oker hori konpontzeko eskatuta. Burofaxa bidaltzen dugunean jasota geratzen da noiz bidali dugun, enpresak jaso egin duela eta zein izan den testua. Horregatik azaldu beharko dugu bertan noiztik gauden lanean eta zeintzuk funtzioak burutzen ditugun. Burofaxa bera lan harremanaren froga bat izango litzateke.

Herrialdeko Lan Ikuskaritzan salaketa egin daiteke, Gizarte Segurantzan zure alta eman dezaten. Baliteke enpresak, errepresalia moduan, zu kaleratzen ahalegitea. Hau kaleratze baliogabea izango litzateke. Pauso hau egin nahi izanez gero, oso inportantea izango da, beraz, lan harremanaren froga nahikoak izatea.

Lan Ikuskaritzan salatu daiteke. Honela egiten diren salaketen kasuan, ikuskatzaileak ez dio enpresari zure inguruko informazioa eskatzen, baizik eta langile guztiena. Hau da, ez litzateke hain agerikoa izango zeuk salatu duzunik. Inportantea da Ikuskaritzan zure egutegi eta ordutegiaren berri ematea, ikuskatzailea enpresatik pasatzen denean, bertan egon zaitezen. Hala ere, hainbat hilabete pasatu ahal dira salaketa egiten denetik eta, hortaz, kaleratu ahal zaituztela susmatzen baduzu, baliteke Ikuskaritzak prozedurari ekiten dionerako jadanik lanean ez egotea. Esan bezala, garrantzitsua da zure kasua sindikatuan aztertzea edozein pauso egin baino lehenago.