⇒ 2026ko irailaren 1etik Gizarte Segurantzak hainbat jakinarazpen paperean bidaltzeari utziko dio eta internet bitartez baino ez du egingo; hau da, data horretatik aurrera, Gizarte Segurantzak ez dizkigu gutun bitartez jakinaraziko eta egoitza elektronikoan kontsultatu beharko ditugu.

Nori eragiten dio?

2020an Gobernuak ISM/903/2020 Agindua onartu zuen. Honen bitartez, Gizarte Segurantzaren jakinarazpen eta komunikazio elektronikoak arautu ziren. Bertan, 4. artikuluan, gurasotasunarekin lotutako zenbait prestazioren inguruko jakinarazpenak internetez baino ez zirela bideratuko ezarri zen.

2026ko ekainean, ISM/546/2026 Aginduaren bitartez, jakinarazpen telematikoak kasu gehiagotara zabaldu dira: aldi baterako ezintasuna, ezintasun iraunkorra eta ezintasunik ez dakarten lesio iraunkorrak.

Hortaz, gaur gaurkoz ondoko prestazioekin zerikusia daukaten jakinarazpenak modu telematikoan helaraziko dira:

  • Gurasotasuna (adin txikikoaren jaiotza eta zaintza)
  • Arriskua haurdunaldian
  • Arriskua edoskitzaroan
  • Aldi baterako ezintasuna
  • Ezintasun iraunkorra
  • Ezintasunik ez dakarten lesio iraunkorrak

Aldaketa honek ez die eragingo beste prestazio batzuei, hala nola:

  • Erretiroa
  • Alarguntza
  • Umezurtza
  • Langabezia
  • Pentsio ez kontributiboak

Zelan eskuratu jakinarazpenak?

Gizarte Segurantzak abisua emango dizu posta elektronikoz edo SMSz. Adi! Hau ez da jakinarazpena bera, bazik eta jakinarazpena bidali dizula abisatzeko mezua. Abisua jasotzen duzunean, jakinarazpena kontsultatzera sartu beharko zinateke:

— Gizarte Segurantzaren egoitza elektronikoan
— Herritarrentzako Karpetan
— Herritarrentzako Karpetaren app bitartez (aplikazioa jaitsi zenezake Google Playtik edo Apple Store-tik)

Identifikatu beharko zara. Horretarako, egiaztagiri digitala edo NAN elektronikoa beharko duzu edo, bestela, cl@ve iraunkorra ala cl@ve mugikorra.

Cl@ve iraunkorraz jakin nahi baduzu, artikulu honetan azaldurik daukazu.

Cl@ve mugikor sistema berriagoa da. Sistema hau erabiltzen denean, QR kode bat eskaneatu beharko duzu. Sistema hau erabiltzeko, aplikazioa mugikorrean instalaturik edukitzea gomendatzen da. Informazio gehiago ondoko orrialde honetan daukazu:

Horra hor jakinarazpen telematikoak kontsultatzeko Gizarte Segurantzak zabaldu duen azalpen bideoa:

⇒ ADI! Gizarte Segurantzak jakinarazpena paperean bidaliko dizu, baldin eta ez badiozu sekula zure telefono mugikorra edo posta helbidea eman. Halakoetan, jakinarazpenarekin batera, sistema telematikoan izena emateko ere ohartaraziko dizu, 39/2015 Legeak ezarri baitzuen herritarrekiko komunikazioak elektronikoak izan behar direla administrazioen ohiko funtzionamenduan. (ISM/903/2020 Aginduko 5.d) artikulua).

Zailtasunak badauzkazu bide telematikoak erabiltzen, Gizarte Segurantzako langile batek lagundu beharko lizuke arreta eta informazio bulegoetan bertan (ISM/903/2020 Aginduko 6.5 Artikulua). Eta, edozein kasutan eta edozein arazo edo zalantzaren aurrean, beti eskatu ahal diozu laguntza sindikatuko zure ordezkariei.

Epeak

10 egun natural dauzkazu jakinarazpena kontsultatzeko eta, halakorik egin beharko bazenu, erantzuteko edo alegazioak egiteko. Denbora hau berdin-berdin pasatuko da jakinarazpena kontsultatu ala ez.

Gainera, nahiz eta, berez, Gizarte Segurantzak aldez aurretik abisua bidali, ez fidatu eta egiaztatu, noizean behin, egoitza elektronikoan bertan. Baliteke abisu hori ez jasotzea edo bidalketan okerren bat egotea. Halako kasuetan administrazioak ez du horren kargu hartuko eta epeak aurrera jarraituko du.

Honekin batera, gomendatzen dizugu telefono zenbakia eta posta helbidea Gizarte Segurantzan eguneratuta daudela egiaztatzeko.