⇒ Susmatzen baduzu enpresaren batek jokabide ilegalak dituela bere langileekiko, hau da, lan eskubideak urratzen dituela, Lan Ikuskaritzan salatu ahal duzu. Ez da beharrezkoa hango langilea izatea, edozein herritarrek eman ahal dio -eman beharko lioke- administrazioari horren berri.

Artikulu honetan Lan Ikuskaritzaz jakin beharrekoa azalduko dizugu, baita salaketak jartzeko moduak ere. Hori bai, beti esaten dizuegun bezala, zure enpresan halakorik gertatuz gero, gogoratu sindikatuko ateak zabalik dauzkazuela.

Zer da Lan Ikuskaritza?

Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritza Administrazioaren zerbitzu publikoa da. Enpresetan langileen eskubideak betetzen direla bermatzea da bere funtzio nagusiena, beste funtzio batzuk ere badauzkan arren, hala nola informazio eta laguntza teknikoa ematea, bai enpresei, bai langileei (eta langileen ordezkaritzari).

Lan Ikuskaritza lan arloko legeak betetzen direla zaintzeaz eta exijitzeaz arduratzen da. Esparru anitzak kontrolatzen ditu: hitzarmen kolektiboa eta bestelako arau laboralak, lan osasuna eta segurtasuna, Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak, enplegu eta kontratazio irregularra, langileen kontrako diskriminazioak…

Noiz hartzen du esku Lan Ikuskaritzak?

Organo honek, batetik, enpresak ofizioz ikuskatzen ditu, bere plangintzaren barruan planifikatuta dauzkan kanpaina edo lan ildoen arabera. Baina, bestetik, herritarren salaketak jasotzen dituenean, enpresa zehatz horren gaineko ikuskapen jarduerari ekingo dio.  

Salaketa edonork jar dezake, ez da beharrezkoa aparteko legitimitaterik, ezta zuzenean kalteturik egotea ere. Enpresa batean lan araudia urratzen dela dakien edonork egin dezake.

Enpresari aldez aurretik abisatzen zaio?

Lan Ikuskaritzak aldez aurretik abisatu ahal du, baina ez dago horretara behartuta. 23/2015 Legearen 13.1 artikuluak dioenez,  ikuskatzaileak baimenduta daude “edozein lan zentrotan sartzeko, edozein momentutan eta aldez aurretik abisatu barik”.

Salbuespen bakarra dago, lan zentroa pertsona fisiko baten etxebizitza denean, hain zuzen. Hau, adibidez, etxeko langileen kasua izaten da, euren lan zentroa enplegatzailearen etxebizitza baita. Honelakoetan, enplegatzaileak berariazko baimena eman beharko lioke edo, bestela, ikuskatzaileak baimen judiziala izan beharko luke.

Esan beharra dago, gehien-gehienetan, ikuskapenak abisu barik egiten direla. Egia da zenbaitetan enpresek susmoak izan ahal dituztela eta erraz ulertuko duzue zergatik pasatzen den hori batzuetan. Demagun hainbat kabana edo arrain kontserba-enpresa daudela eskualde batean eta Ikuskaritzak planifikatuta daukala halakoetara joatea. Seguruenik, lehenbiziko bisitatik, kontua bolo-bolo ibiliko da eta, noski, gainontzeko enpresak jakinaren gainean egongo dira. 

Beste batzuetan, baliteke Ikuskaritzak dokumentazio zehatza behar izatea. Halakoetan, enpresari eskatu beharko lioke, aldez aurretik eta idatziz. Zenbaitetan, zitazioa ere bidali ahal diote enpresari Ikuskaritzara bertaratu daitezen. Ikuskariak, kasuan kasu, jardunbide ezberdinez aritu ahal dira. (138/2000 Arautegiko 15. artikulua).

Zer salatu ahal da Lan Ikuskaritzan?

Enpresaren edozein arau hauste soziolaboral salatu ahal da, berdintasun, segurtasun eta osasun aferak barne. Amaitezina izango litzatekeen zerrenda xeherik ezean, adibide batzuk utziko dizkizuegu:

— Iruzurra kontratazioan: Gizarte Segurantzan altarik ez (“ezkutuko lana”), autonomo faltsuak, aldi baterako kontratuak kateatzea, iruzurra prestakuntza kontratuetan…
— Jardunaldia eta soldatak: iruzurrak jardunaldiaren erregistroan, aparteko orduak edota ordu osagarriak ez ordaintzea, soldatak behin eta berriz ez ordaintzea edo atzerapenez egitea…
— Lan osasuna eta segurtasuna: prebentzio neurrien falta, arrisku ebaluaziorik ez egitea, norbanakoen babes-ekipamendurik ez edukitzea, mugako tenperaturak gainditzea…
— Oinarrizko eskubideak: jazarpen laborala (mobbing-a), sexu jazarpena, langileen diskriminazioa (izan sexu-generoagatik, arraza edo jatorriagatik, desgaitasunagatik, adinagatik…), askatasun sindikalak…


* Kaleratzeak:
Esan dugunez, Ikuskaritza lan legedia betetzen dela zaintzeaz arduratzen da, baina gai batzuk bere eskumenetik kanpo daude, hala nola, zor diren kantitateen erreklamazioak, diziplinazko zehapenen inpugnazioak edota kaleratzeen inpugnazioa, besteak beste. Hobeto azalduta Ikuskaritzak ikertu ahal du kaleratzea errepresaliagatik izan ote den, probaldian egin den kaleratzea iruzurrezkoa izan ote den, ezkutuko “aurrejubilazioa” izan ote den eta abar, baina ezin du ebatzi kaleratze bat bidegabea edo baliogabea den eta ezin du enpresa behartu langilea berriro hartzera. Honelakoak lan arloko epaitegiek ebatzi behar dituzte.

Beherago jaitsi ahal izango duzuen salaketa-orrian ere abisatzen denez, Lan Ikuskaritzan salatu beharrekoa salatuta ere, gogoratu behar duzue, tartean kaleratzerik balego, epaitegian salatu behar dela eta 20 egun baliodun baino ez daudela horretarako.


Salaketa guztiz konfidentziala da

Modu bi daude halako arau hausteak salatzeko, salaketa formal batez (identifikatuta) eta Ikuskaritzaren buzoian (anonimoki). Hala ere, ez dira gauza bera, salaketa formala eginez gero, salaketa hori bai ala bai tramitatuko da; salaketa buzoian utziz gero, Ikuskaritza, kontuan hartu arren, ez dago tramitatzera behartuta.

Edozein kasutan, ezer baino lehen, jakin behar duzu salaketa hauek guztiz konfidentzialak direla eta, identifikatu arren, ikuskatzaileak, legez, zure anonimotasuna gordetzera behartuta daudela. Hain da isilpekoa, ezen izapideen inguruko sekretua gordetzera behartuta baitaude, baita zerbitzua utzi ondoren ere. Beraz, enpresak ez du jakingo salaketa jarri duzunik (23/2015 Legearen 10. artikulua).

Gainera, enpresak beste bideren batetik susmorik izango balu, jakin dezazun langilearen babesa berriki indartu dela 2/2023 Legearen bitartez. Lege hau arau hausteei buruz informatzen duten pertsonen babesa lantzen du eta bere 36. artikuluan espresuki galarazten du langileen kontrako edozein errepresalia halako kasuetan eta, beraz, baliogabea eta erabat ezdeusa izango litzateke.

Zelan jarri salaketa bat Lan Ikuskaritzan?

Hiru modu daude salaketa formala jartzeko:

• Aurrez aurre bulegoetan

Lan Ikuskaritza titulartasun estataleko organoa da, baina kudeaketa erkidego autonomikoen esku dago (esan behar da, honetaz gain, EAEk eskumenak transferituta dauzkala; Nafarroak, ordea, ez, PSNk, PPNk eta UPNk transferentzia eskatzeari uko egiten diotela).

Lan Ikuskaritzako helbideak:

Araba
General Alava kalea 10, 2. pisua (Gasteiz)
P.K.: 01005
Telefonoa: 945 14 22 20

Bizkaia
Jesusen Bihotza Plaza 5, 4. pisua (Bilbo)
P.K.: 48011
Telefonoa: 94 441 58 00

Gipuzkoa
Urdaneta kalea 7, 1. Pisua (Donostia)
P.K.: 20006
Telefonoa: 943 45 80 00

Nafarroa
Sarasate Pasealekua 1 (Iruñea)
P.K.: 31002
Telefonoa: 948 26 17 50

Zuzenean zerbitzua (EAEn)

Araba – Ramiro de Maeztu 10 (Gasteiz)
Bizkaia – Gran Vía 85 (Bilbo)
Gipuzkoa – Andia kalea 13 (Donostia)

Salaketarako orria bete behar da. Hemendik jaitsi ahal dituzu dokumentu ofizialak:

• Posta arruntaren bitartez

Salaketa posta arrunta bidez ere bidali ahal da.

Aurreko atalean txertatu dugun dokumentua jaitsi, bete eta postatik bidali. Lantokia dagoen herrialdeko Lan Ikuskaritzara bidali behar da. Helbideak ere aurreko atalean dauzkazu.

• Online

Online egiteko, elektronikoki identifikatu beharko zara. Beraz, NAN elektronikoa beharko duzu. Honen ezean, EAEkoa bazara, BakQ edo Izenpe beharko duzu eta, nafarra bazara, Cl@ve. Hemen utziko dizuegu horren inguruko informazioa:

Honako helbideetatik aurkez dezakezu salaketa:

Buzoia (salaketa anonimoa)

Jadanik esan dugunez, salaketa anonimoak ere egin daitezke, nahiz eta horiek ez diren tramitatuko (23/2015 Legearen 20.5 artikulua).

Edozein kasutan, hemen daukazu buzoiaren helbidea:

Zenbait gako salaketa ahalik eta eraginkorrena izan dadin

Salaketa argia eta zehatza izan behar da, baina, hala ere, ez dadila generikoegia izan. Eman beharreko zehaztapen guztiak eman behar dira.

Ikuskaritzari argi geratu behar zaio zer ari garen salatzen, ze arau hauste egin den enpresan eta zein den modurik egokiena urraketa hori egiaztatzeko (datak, tokiak, ordutegiak, plantillako nortzuei eragiten dien…). Adibidez, jardunaldia luzatzera behartzen bagaituzte eta hau asteburuetan gertatzen bada, argi utzi beharko dugu; bestela, baliteke ikuskatzailea aste bitartean pasatzea.

Azalpenak ez dira zertan oso luzeak izan, baina bai zehatzak eta, behar izanez gero, kronologikoki ordenaturik.

Gure salaketaren lagungarria den dokumentaziorik badaukagu, hori ere atxikiko dugu.

Pertsonaren batek salatzen dugun urraketaren ezagupen zuzena badauka, horren datuak ere gehitu ahal ditugu (izena eta telefonoa, ze lantokitan edota ze txandatan aritzen den…), Ikuskaritza berarekin kontaktuan jar dadin eta izan ditzakeen zalantzak argitu ditzan.

Enpresa hitzarmen kolektiboaren punturen bat urratzen ari bada, zein den gure hitzarmena eta ze artikuluri egiten diogun erreferentzia argituko dugu.

⇒ Eta, jakina, jadanik esan dizuegun bezala, egokiena da, ezer baino lehen, enpresan edozein urraketa gertatzen dela, sindikatuarekin kontaktuan jartzea. Horixe da biderik zuzenena egoera ondo eta sakon aztertzeko eta hartu beharreko neurriak (baita salaketatik harago ere) erabakitzeko.