Ekainaren 30ean 5/2023 Lege-Dekretua hasi zen indarrean. Dekretu honek, bestelako neurri askoren artean, berritasunak ekarri ditu kontziliazio arloan. Izan ere, atal oso bat familia eta lana bateratzea helburu duen Europako Zuzentarau baten transposizioa da. Artikulu honetan neurri berri horietako batean zentratuko gara: gurasoek seme-alaben zaintzarako disfrutatu ahal duten 8 asteko baimen berrian, alegia.

Baimen berri honen inguruko guztiak kontatu dizkizuegu: zertan datzan, nork eska dezakeen, zelan disfruta daitekeen, enpresari egin beharreko aurreabisua eta zein izan daitekeen enpresaren jarrera…

8 asteko baimen berria gurasoentzat

 2023/08/31
Azken eguneraketa: 2024/08/02

— Langileen Estatutuko 48-bis artikulua
— Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren 49.g artikulua

— 5/2023 Lege-Dekretuko 127.7 artikulua
— Europako Parlamentu eta Kontseiluaren 2019/1158 Zuzentaraua

 

Ekainaren 30ean 5/2023 Lege-Dekretua hasi zen indarrean. Dekretu honek, bestelako neurri askoren artean, berritasunak ekarri ditu kontziliazio arloan. Izan ere, atal oso bat familia eta lana bateratzea helburu duen Europako Zuzentarau baten transposizioa da (2019/1158 Zuzentaraua); bestela esanda, Europatik 2019an eman ziren betebeharreko hainbat arau Estatuko legedira egokitu dira. Gurasotasun baimenaren ingurukoak jadanik egokiturik bazeuden ere, falta zirenak 5/2023 Lege-Dekretuko II. Liburuan islatu dira. Artikulu honetan neurri berri horietako batean zentratuko gara: gurasoek seme-alaben zaintzarako disfrutatu ahal duten 8 asteko baimen berrian, alegia.

Baimen honen ingurukoak Langileen Estatutuko 48-bis artikuluan edo Enplegatu Publikoen Oinarrizko estatutuaren 49.g artikuluan aurki ditzakezue, baina, adi!, garapen normatibo osoaren faltan, hainbat puntu ez daude guztiz zehazturik, segidan ikusiko dugunez.

 

Zertan datza?

Gurasoek 8 asteko baimena har dezakete seme-alaben zaintzarako. Ez da ezer aipatzen edo zehazten zaintza betebehar honen inguruan, hau da, behar dugun edozein kasutarako eska genezake. Adibidez, denok dakigu zelako buruhaustea izan daitekeen ume txikien egokitzapen-ordutegia eskolara itzulitakoan edo oporrak hartzen dituztenean gurasoak oraindik lanean daudela.

Baimen hau langileen eskubide indibiduala da eta, hortaz, ezin zaio beste inori transferitu.

Sektore pribatuko zein sektore publikoko langileek eska dezakete.

 

Noiz disfruta daiteke?

Umeak 8 urte betetzen dituen artean.

Harreran hartutako umeak direnean, gutxienez urtebete eman behar izan dute gurekin. Hau da, ezingo genuke eskatu harrera egoeraren lehenbiziko urtean.

 

8 asteak segidan edo zatika

Ez da derrigorra 8 asteak segidan hartzea, zatika ere har daitezke, sasoi ezberdinetan banandurik.

 

Jardunaldi osoz edo jardunaldi partzialaz

Estatutuan bertan aipatzen denez, ez da derrigorra jardunaldi osoz hartzea, jardunaldi partzialaz ere disfruta daitezke. Edozelan, esan dugunez eta 48-bis artikuluan aipatzen denez, honen inguruko garapen normatiboa falta da. Beraz, puntu hau enpresarekin adostu beharko litzateke, kasuan kasu edo hitzarmen kolektibo zein enpresa itunen bitartez.

 

Baimen ordaindua da?

Hasieran azaldu dugunez, baimen hau Europako Zuzentarau batetik sortu da. Zuzentarau horretan aurreikusten da 2 hilabete hauek ordainduak izan behar direla:

“(31. artikulua) Los Estados miembros deben fijar en un nivel adecuado la remuneración o prestación para el período mínimo no transferible de permiso parental que se prevé en la presente Directiva.”

Hau 2024ko abuztuaren 2tik aurrera derrigorrez bete beharrekoa zen. Hauxe da Europatik ezarri zen mugako data. Hala ere, ez da horrela izan eta, gainera, oraindik ez dakigu zelan emango zaion bide (2025eko aurrekontuetan, Familien Legean, dekretu bitartez…) eta ezin dugu aurreikusi noizko beteko den.

Beraz, momentuz, baimen hau EZ da ordainduko, 2023an indarrean hasi zenetik ordaindu ez den bezala. Honek esan nahi du lanera huts egiteko eskubidea izango genukeela, baina ez genukeela egun horietako soldata jasoko. Betiko moduan, adi egongo gara eta balizko aldaketak jakinaraziko dizkizuegu. Gogoratu gure telegram kanalean informazioa bertatik bertara jaso ahal duzuela.

 

Jakinarazpena enpresari

Enpresari 10 egun lehenago jakinarazi behar zaio -edo hitzarmen kolektiboan zehazten den aurrerapenarekin- eta ondo zehaztu behar dugu zein izango diren hasiera eta amaiera data.

Enplegatu Publikoen kasuan, Oinarrizko Estatutuan 15 eguneko epea finkatu da.

Esan dugunez, baimen hau ez dago ezein egoera bereziren menpe (adibidez, umearen gaixotasuna). Suerta daitekeen edozein premiatarako eska dezakegu, umeak 8 urte bete arte. Horixe da legeak ezartzen duen baldintza bakarra eta, hortaz, justifikatu beharko genukeen puntu bakarra, enpresak hala eskatuz gero.

 

Enpresak ukatu ahal digu?

Enpresak ezin digu ukatu. Gehienez, baimena hartzeko momentua atzera lezake, baina hau egoera oso zehatzetan baino ezin luke egin:

– ume berbera zaintzeko langile batek baino gehiagok aldi berean eskatuko balute (bestela esanda, guraso biek batera eskatuko balute)

– hitzarmen kolektiboak zehazten dituen bestelako egoeretan

Edozelan, enpresaren funtzionamendu egokia larriki oztopatu beharko litzateke. Honela, enpresak baimena atzeratu nahiko balu, idatziz justifikatu beharko luke eta aldez aurretik beste alternatiba bat proposatu beharko liguke.

Bestetik, guraso baimen hau disfrutatu bitartean enpresak kaleratuko bagintu, kaleratze baliogabea izango litzateke, izan hau kaleratze objektiboa (Langileen Estatutuaren 53.4.a artikulua), izan diziplinazko kaleratzea (Langileen Estatutuaren 55.5.a artikulua).