Erabateko ezintasun iraunkorra
Azken eguneraketa: 2026/04/09
Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko II. Tituluko XI. Kapitulua
Zer da erabateko ezintasun iraunkorra?
Ezintasun iraunkorren mailetako bat da hau. Ezintasun hau erabatekoa da zure ohiko lanbiderako, baina ez lan egiteko. Esan nahi baita, momentura arte zure jarduna izan den horretan ezin zara aritu, baina bai beste batzuetan. Lan egitea guztiz galarazten duten ezintasunak ezintasun absolutua eta ezintasun handia dira.
Hortaz, erabateko ezintasun iraunkorrak zure ohiko lanbidea galarazten dizu, baina ez du esan nahi beste lan batean aritu ezin zarenik.
Oraintsu arte, pertsona bati ezintasun iraunkorra aitortzen zitzaionean, egoera hau %33eko desgaitasun mailarekin homologatu ohi zitzaion, eragin guztietarako. Hala ere, araudia aldatu egin da eta, desgaitasunen bat duten pertsonentzako laguntzez zein enpleguen erreserba kuotaz profitatu ahal izateko, balorazioa egiteko eskatu beharko duzu. Hau guztia hobeto azalduta daukazu ondoko artikulu honetan:
Hauexek dira, laburbildurik, erabateko ezintasun iraunkorraren gako nagusiak:
- Langilea bere ohiko lanbiderako ezinduta badago ere, ez dago guztiz ezinduta lan egiteko. Hau da, beste lan batzuetan aritu zaitezke eta, gainera, soldata edo langabezia-prestazioa pentsio honekin bateragarriak izan daitezke.
- Garrantzitsua da zehaztea zer hartzen den ohiko lanbidetzat. Era berean, ondo zehaztu beharko da noiz hasi den ezintasun iraunkorraren egoera (hau da, noiz izan den gertaera eragilea edo gaztelerazko “hecho causante”)
- Erabateko ezintasun iraunkorragatik pentsioa jaso dezakezu. 55 urte edo gehiago badauzkazu, pentsioaren zenbatekoa %20 igo daiteke (erabateko ezintasun iraunkor kualifikatua). Ordainketa bakar batean ere eska daiteke, zeure kabuz lan egiten hasi nahi baduzu.
Kotizazio betebeharrak
Istripuagatik izan bada (laneko istripu edo istripu arruntagatik, alegia) edo lan gaixotasunagatik izan bada, ez duzu gutxieneko kotizaziorik behar. Hala ere, gaixotasun arruntagatik balitz, gutxieneko batzuk eskatuko lirateke :
– 31 urtetik beherakoa bazara: 16 urte bete zenituenetik momentura arteko denboraren heren bat (1/3) kotizatzen eman behar izan duzu.
– 31 urtetik gorakoa bazara: 20 urte bete zenituenetik momentura arteko denboraren laurden (¼) bat kotizatzen eman behar izan duzu. Gutxienez bosten bat (1/5) azken hamar urteetan zehar izan behar izan da eta gutxienez 5 urte kotizaturik izan behar dituzu.
Gertaera eragilea
Zenbaitetan gerta liteke aldez aurretik aldi baterako ezintasun egoeran egotea. Hau da, istripua gertatu da edo gaixotu gara eta laneko baja eskatu dugu, baina, baja arrunta amaituta edo baja bitartean, konturatu gara gure patologiak ondorioak utzi dizkigula eta ezintasun iraunkorra eskatzeko prozeduran hasi beharko garela.
Honelakoetan, hau da, ezintasun iraunkorra aldi baterako ezintasun egoeraren ostean datorrenean, ulertuko da gertaera eragilearen data dela aldi baterako ezintasuna (laneko baja) amaitu denean. Amaiera hau izan daiteke, bai bajan egon daitekeen gehieneko denbora pasatu delako, bai alta medikoa eman dizutelako ezintasun iraunkorra aitortzeko proposamenarekin.
Eragin ekonomikoak, hau da, pentsioa jasotzen hasteko momentua izango da Gizarte Segurantzak ebazpena ematen duenean. Hau da, bajagatiko prestazioa jasotzeari utzi zenionetik hasiko zinateke pentsioa jasotzen. Edozein kasutan, pentsioagatik jaso behar duzun diru kopurua handiagoa bada laneko bajagatik jasotzen zenuena baino, atzeraeraginez aplika dezakete.
Beste batzuetan, ezintasun iraunkorra ez dator aldi baterako ezintasun egoeraren ostean. Honelakoetan gertaera eragilearen data izango da ezintasunak baloratzen duen taldeak ebazpen-proposamena eman duen eguna. Eragin ekonomikoak ere egun berean hasiko lirateke.
Ohiko lanbidea
Gogoratu erabateko ezintasun iraunkorrak ohiko lanbidean aritzea galarazten dizula. Baina zer jotzen da ohiko lanbidetzat?
Ezintasuna gaixotasunak (gaixotasun arruntak zein lanekoak) sortu badu: ohiko lanbidea izango da azken 12 hilabeteetan egin duzun lana.
Ezintasuna istripuak (laneko istripuak edo istripu arruntak) sortu badu: ohiko lanbidea izango da langilea momentuan egiten ari zena, berdin zenbat denboraz egon den horretan.
Zenbat jasotzen da?
Bizi osorako pentsioa da, hilabetero kobratzen dena. Nahiz eta ordainketa bakar batez ere eska daitekeen, geroxeago ikusiko dugunez.
Normalean oinarri arautzailearen %55 jasotzen da. Hala ere, portzentaje hau igo daiteke:
- Lan gaixotasun edo istripuagatik izan denean, kopurua %30-%50 bitartean handitu liteke, enpresak lan osasun eta segurtasun arauak ez betetzeagatik suertatu bada. Gainkargu hau enpresak hartuko luke bere gain.
- 55 urtetik gorakoa bazara, pentsioaren kantitatea %20 handitu daiteke (erabateko ezintasun iraunkor kualifikatua), beste sektore batean edo beste funtzio batzuk betetzeko (prestakuntza falta dela eta) zailtasun handiagoak baitaude. PFEZari dagokionez, ezintasun iraunkor kualifikatuak ez du kenketarik.
Esan dugunez, ordainketa bakar batean eska liteke (zeure kabuz lan egiten hasteko). Honetarako betebeharrak:
– Ezintasuna aitortu zaizunean 60 urte baino gutxiago izan behar dituzu
– Ezintasun egoera aldatuko ez dela aurreikusi behar da
– Negozio berri bati ekiteko edo autonomo moduan aritzeko proiektua aurkeztu behar duzu
Ordainketa bakar honen zenbatekoa izango da pentsioagatik jasoko zenukeen zenbatekoa (aipatutako %55 hori) bider hilabete kopuru zehatz bat zure adinaren arabera:
• 54 urtetik beherakoa bazara: 84 hilabeteko pentsioa jasoko zenuke
• 54 urte badituzu: 72 hilabeteko pentsioa
• 55 urte badituzu: 60 hilabeteko pentsioa
• 56 urte badituzu: 48 hilabeteko pentsioa
• 57 urte badituzu: 36 hilabeteko pentsioa
• 58 urte badituzu: 24 hilabeteko pentsioa
• 59 urte badituzu: 12 hilabeteko pentsioa
Honela egiten baduzu, 60 urte betetzen dituzunean berriro jasoko duzu hilabeteroko pentsioa.
Oinarri arautzailea zelan kalkulatzen den ezagutu nahi baduzu:
Gutxieneko zenbatekoak
Pentsio kontributibo guztiekin gertatu bezala, gutxieneko batzuk bermatuta daude. 2026rako gutxieneko zenbatekoak honako hauek dira:
Enpresak ezin zaitu automatikoki kaleratu
2025. urtera arte, ezintasun iraunkorra aitortuz gero, enpresak langilea kaleratu ahal zuen. Izan ere, Langileen Estatutuak lan harremana bertan behera uzteko arrazoien artean ezintasun iraunkorra ere aipatzen zuen (49.1.e) artikuluan).
Hala ere, 2/2025 Legearen bitartez hau aldatu zen eta arrazoi honengatiko kaleratze automatikoari amaiera eman zitzaion. Gaur gaurkoz, langileak erabakitzen du lanean jarraitu nahi duen ala ez eta enpresa behartuta dago behar besteko doikuntzak egitera edo beste lanpostu bat eskaintzera.
Baina, kontuz, kaleratze automatikoa bertan behera geratu bada ere, honek ez du esan nahi bota ezin zaituztenik. Bestetik, langileak hamar egun natural dauzka enpresari bere erabakia helarazteko. Hau guztia ondo azalduta daukazu beste artikulu honetan:
Pentsioa jaso bitartean, lan egin daiteke?
Bai, bateragarria da. Jakina, burutzen dituzun funtzioak ezin dira izan zure ezintasunak galarazten dituenak. Hau da, ezin zara jarduera berean aritu: garraiolaria bazinen edo pisuak altxatu behar bazenituen eta lan horretarako ezinduta bazaude, lan egin dezakezu, baina beti ere beste jarduera batean.
Salbuespen bakarra da lehentxoago ikusi dugun erabateko ezintasun iraunkor kualifikatua aitortu bazaizu (pentsioa %20 handiturik). Kasu honetan ezin izango duzu lanik egin pentsioa jaso bitartean.
Lanean hasiz gero, Gizarte Segurantzaren Institutuari (INSSi) jakinarazi behar diozu. Zure ezintasuna lan gaixotasunak eragin badu, baimena ere eskatu beharko duzu.
⇒ Pentsioa eta soldata (enpresa berean edo beste batean), biak batera, jaso ahal izango dira, baldin eta funtzioak ez badira erabateko ezintasun iraunkorrarekin bateraezinak (198.1 artikulua).
Baina, adi! enpresak zure lanpostuan behar besteko moldaketak eta egokitzapenak egin baditu eta lanpostu horretan jarraitzen baduzu lanean, pentsioa bertan behera geratuko da. Hau da, soldata jasoko zenuke, baina ez pentsioa. (174.5 artikulua)
Lan berria bateragarria edo bateraezina ote den ebaztea, zenbaitetan, ez da kontu erraza. Hortaz, jar zaitez kontaktuan ahalik eta lasterren zure ordezkari sindikalekin edo jo ezazu sindikatua.
Erabateko ezintasun iraunkorra eta langabezia
Ikusi dugunez, erabateko ezintasun iraunkorragatiko pentsioa eta laneko soldata bateragarriak dira. Honela, pentsioa kobratzen duzun bitartean lan egiten baduzu eta, handik denbora batera, lanik gabe gelditzen bazara, langabezia prestazioa eta pentsioa, biak batera, kobratu ahal izango dituzu.
Hau da, langabezia eta pentsioa bateragarriak izateko, langabezian gelditu baino lehenago pentsioa jasotzen eta lanean egon behar izan zara.
Bestalde, jubilatzeko adina heltzen zaizunean, aukeratu ahal duzu; hau da, erabateko ezintasuna kobratzen jarraitu edo erretiroa eskatu. Ez da automatikoa: erretiroa eskatu egin behar duzu; ez baduzu egiten, ezintasun prestazioa kobratzen jarraituko zenuke. Onena da, jubilatzeko sasoia heltzen denean, kontsultatzea ea zer datorkizun hobeto. Kontuan izan behar duzu erabateko ezintasun kualifikatua aitorturik badaukazu, honek ez daukala PFEZ erretentziorik.
Zelan eskatzen da?
Lehen aipatu dugunez, normalean ezintasun iraunkorra aldi baterako ezintasunaren ostean etortzen da. Beraz, Osakidetzak edo Osasunbideak, Gizarte Segurantzak edo mutualitateak ezintasun iraunkorra aitortzeko prozedurari ekin diezaiokete tarte horretan.
Beraz, aldi baterako ezintasun egoera amaitu arte itxaron liteke, ea Gizarte Segurantzaren Institutuak berak ezintasun iraunkorrerako proposamena egiten duen. Denbora hau, luzapenekin, orotara, 545 egun dira.
Baliteke hala ez gertatzea. Kasu honetan zuk zeuk eska zenezake. Era berean, zeuk eskatu beharko zenuke derrigorrez, ez bazara aldez aurretik aldi baterako ezintasun egoeran egon.
Eskaera Gizarte Segurantzaren Institutuari egin behar zaio.
Eskaera-orria bete beharko duzu. Ondoko loturatik jaitsi ahal izango duzu:
Honetaz gain, beste dokumentu batzuk ere beharko dituzu. Besteak beste:
- Identifikazio dokumentua (NAN edo NIE, pasaportea)
- Osakidetza edo Osasunbidearen historial klinikoa
- Lan gaixotasun edo istripuagatik izan bada, honen berri ematen duen parte administratiboa beharko duzu eta, gainera, aurreko urteko soldaten egiaztagiria.
Dokumentazio guztia HEMEN kontsulta dezakezu edo, bestela, eskaera-orri ofizialean.
Aurrez aurre eskatu ahal duzu bulegoetan (gogoratu aldez aurretiko hitzordua eskatu behar dela) edo, bestela, prestazioaren eskaera ONLINE ere egin daiteke. Honako helbidetik egin dezakezu:





