8 asteko baimen EZ ordaindua gurasoentzat
Azken eguneraketa: 2023/03/23
— Langileen Estatutuko 48-bis artikulua
— Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren 49.g artikulua
— 5/2023 Lege-Dekretuko 127.7 artikulua
— Europako Parlamentu eta Kontseiluaren 2019/1158 Zuzentaraua
— Gizarte Segurantzaren Antolamendurako Zuzendaritza Nagusiaren 18/2023 Irizpidea
Zertan datza?
Gurasoek 8 asteko baimena har dezakete seme-alaben zaintzarako. Ez da ezer aipatzen edo zehazten zaintza betebehar honen inguruan, hau da, behar dugun edozein kasutarako eska genezake. Adibidez, denok dakigu zelako buruhaustea izan daitekeen ume txikien egokitzapen-ordutegia eskolara itzulitakoan edo oporrak hartzen dituztenean gurasoak oraindik lanean daudela.
Baimen hau langileen eskubide indibiduala da eta, hortaz, ezin zaio beste inori transferitu.
Sektore pribatuko zein sektore publikoko langileek eska dezakete.
Noiz disfruta daiteke?
Umeak 8 urte betetzen dituen artean.
Harreran hartutako umeak direnean, gutxienez urtebete eman behar izan dute gurekin. Hau da, ezingo genuke eskatu harrera egoeraren lehenbiziko urtean.
8 asteko baimen ez ordaindua eta gurasotasun baimena
⇒ ADI! Ez nahastu 8 asteko baimen hau gurasotasun baimenarekin.
— Gurasotasun baimena 2025ean hiru astez luzatu zen. Hortaz, gaur gaurkoz, gurasotasun baimenagatik 19 aste har ditzakegu orotara, guztiak ordainduak. Hauetatik, 2 aste umeak 8 urte bete arte har ditzakegu.
— 8 asteko baimena: gurasotasun baimeneko 19 asteez gain, beste 8 aste har ditzakegu, umeak 8 urte bete arte. Hala ere, 8 aste hauek ez dira ordainduak.
Gurasotasun baimenaz gehiago jakiteko:
8 asteak segidan edo zatika
Ez da derrigorra 8 asteak segidan hartzea, zatika ere har daitezke, sasoi ezberdinetan banandurik. Beren-beregi zehazten ez bada ere, uler daiteke asteka disfrutatu behar dela, hau da, aste osoak eskatu behar direla (“tendrá una duración no superior a ocho semanas, continuas o discontinuas”). Gainera, gurasotasun baimenean erreparatzen badugu, ikusten dugu kasu horretan ere aste osoka hartu behar dela baimena, eta ez egun solteka.
Auzitegi Gorenak ere halaxe ebatzi zuen 2026ko urtarrilean: aste osoka disfrutatu beharra dago eta ez egun solteetan.
Jardunaldi osoz edo jardunaldi partzialaz
Estatutuan bertan aipatzen denez, ez da derrigorra jardunaldi osoz hartzea, jardunaldi partzialaz ere disfruta daitezke.
“[…] podrá disfrutarse a tiempo completo, o en régimen de jornada a tiempo parcial conforme a lo establecido reglamentariamente […]”
Edozelan, honen inguruko garapen normatiboa falta da. Beraz, garapen normatibo orokor horren faltan, aukera bakarra izango litzateke enpresarekin adostea, kasuan kasu edo hitzarmen kolektibo zein enpresa itunen bitartez.
Baimen ordaindua da?
Hasieratik azaldu dugunez, aste hauek ez dira ordainduko.
Baimen hau Europako Zuzentarau baten ondorioz sortu zen (Europak behin baino gehiagotan ohartarazi dio Estatu espainolari kontziliazio gaietan oso labur zebilela). Asko komentatu da baimen hau, azkenean, ordaindua izatera pasatuko ote zen. Izan ere, Europako Zuzentarauaren arabera, baimen hau edo zati bat, gutxienez, ordaindua izan behar zen. Hala ere, Zuzentarauak agintzen zituen irizpideak betetzeko, beste modu bat aukeratu zuen Estatu espainolak: gurasotasun baimen ordaindua 19 astera igo zuen eta aste hauetako bi umeak 8 urte bete arte hartu ahal izateko aukera eman zuen (hasierako koadroan dakarren bezala). Baina, esandakoa, beste zortzi aste hauek euren horretan utzi dira eta, hortaz, ez dira ordainduak izango.
Honek esan nahi du aste libre hauek disfrutatzeko eskubidea badaukagula, baina, hala ere, tarte horretan ez dugula soldatarik jasoko.
Artikulu honen amaieran Europako Zuzentarau honen inguruko kalapitaz gehiago daukazu.
Kotizazioak
8 asteko baimen hau disfrutatzen den bitartean kontratua eteten da: langileok ez daukagu lanera joateko betebeharrik, ezta enpresak soldata ordaintzekorik ere. Hala geratzen da islatuta Langileen Estatutuaren 45.1.o) artikuluan.
Hala ere, Gizarte Segurantzak 2024ko urtarrilaren 22ko NoticiasRed buletinean argitzen duenez, langileak alta egoeran eta kotizatzen jarraituko du. Honela, Gizarte Segurantzaren Kotizazio eta Likidazioari buruzko Araudi Orokorraren 69. artikuluak ezartzen duena aplikatuko da:
- Baimena disfrutatu bitartean, enpresak langileagatik kotizatzen jarraitu beharko du
- Kotizazioak: indarrean dagoen gutxieneko oinarria erabiliko da kotizazio hauetarako (langilearen lan kategoriari dagokion gutxieneko oinarria, alegia)
Oporrak
Legediak ez du beren-beregi azaltzen baimen hau disfrutatu bitartean opor egunik sortzen den ala ez. Izan ere, opor egunak sortzeko, efektiboki lan egindako egunak hartzen dira kontuan. Hala ere, jurisprudentziak arau orokor honetan salbuespenak aitortu ditu kontratua etenda geratzen den zenbait kasutarako.
Honela, gai honen inguruan, epaitegiek erabaki kontrajarriak hartu dituzte. Batzuetan, baimenean emandako denbora oporrak generatzen dituela ebatzi dute eta, beste batzuetan, kontrako epaia eman dute. Harik eta 2026ko urtarrilaren 26an Auzitegi Gorenak, 62/2026 Ebazpenean, behin betiko dotrina eman duen arte:
Baimen honetako 8 asteek opor egunak sortu egiten dituzte (oporren kalkuluari begira, efektiboki lan egindako denboratzat hartuko dira).
Adibidez, demagun otsailean baimen honetako 4 aste hartu dituzula. Edozein kasutan, tarte horretan opor egunak generatuko dituzu eta enpresak ezin izango dizu urtean disfrutatu behar dituzun opor egunetatik bat ere deskontatu arrazoi honengatik.
Enpresak ukatu ahal digu?
Enpresak ezin digu ukatu. Gehienez, baimena hartzeko momentua atzera lezake, baina hau egoera oso zehatzetan baino ezin luke egin:
– ume berbera zaintzeko langile batek baino gehiagok aldi berean eskatuko balute (bestela esanda, guraso biak enpresa berean arituko balira eta batera eskatuko balute)
– hitzarmen kolektiboak zehazten dituen bestelako egoeretan
Edozelan, enpresaren funtzionamendu egokia larriki oztopatu beharko litzateke. Honela, enpresak baimena atzeratu nahiko balu, idatziz justifikatu beharko luke eta aldez aurretik beste alternatiba bat proposatu beharko liguke.
Bestetik, guraso baimen hau disfrutatu bitartean enpresak kaleratuko bagintu, kaleratze baliogabea izango litzateke, izan hau kaleratze objektiboa (Langileen Estatutuaren 53.4.a artikulua), izan diziplinazko kaleratzea (Langileen Estatutuaren 55.5.a artikulua).
Jakinarazpena enpresari
Enpresari 10 egun lehenago jakinarazi behar zaio -edo hitzarmen kolektiboan zehazten den aurrerapenarekin- eta ondo zehaztu behar dugu zein izango diren hasiera eta amaiera data.
Enplegatu Publikoen kasuan, Oinarrizko Estatutuan 15 eguneko epea finkatu da.
Esan dugunez, baimen hau ez dago ezein egoera bereziren menpe (adibidez, umearen gaixotasuna). Suerta daitekeen edozein premiatarako eska dezakegu, umeak 8 urte bete arte. Horixe da legeak ezartzen duen baldintza bakarra eta, hortaz, justifikatu beharko genukeen puntu bakarra, enpresak hala eskatuz gero.
Europako Zuzentaraua
Badakizuenez, eta beste artikulu batzuetan ere jorratu dugunez, 2019an Europak, 2019/1158 Zuzentarauaren bitartez, Estatuak euren legediak moldatzera behartu zituen, kontziliazioari begira gutxieneko batzuk bete ditzaten.
Ordudanik, hainbat neurri hartu dira. Hauetako bat 8 asteko baimen hau izan zen, 2023an martxan hasi zena. Edonola ere, bere momentuan ohartarazi genuenez, Estatuak honekin ez zituen bete Europatik agindutako irizpide guztiak, besteak beste, izenburuan ikusi duzuenez, baimen EZ ordaindua delako.
Honen ostean, edoskitzeagatiko baimena metatzeko aukera zabaldu zen. Baimena ez zen luzatu, baina jardunaldi osoetan metatzeko aukera langile guztiei zabaldu zitzaien (lehen, hitzarmen kolektiboak aukera hori jasotzen zuen kasuetan baino ez zen posible).
Aipatutako neurri bi hauekin, halere, oraindik ez zen Europako agindua betetzen. Honela, Europatik isuna jaso zen: 6.832.000 euroko isuna gehi 19.700 euro, gutxienekoak betetzen dituen arauren bat indarrean hasi arte pasatutako egun bakoitzeko, kostu judizial guztiak ordaindu behar izateaz gain. Jakina, diru hori guztia denon poltsikotik irten da eta ez euren zereginetan huts egin dutenen poltsikoetatik.
Honen ostean, Gobernuak gurasotasun baimenak luzatu zituen: 16 aste izatetik, 19 aste izatera pasatu zen eta, esan bezala, hauetatik guztietatik, aste bi umeak 8 urte bete arte har daitezke. 19 aste hauek ordainduak dira.
Laburbilduz, Espainiako Gobernuak paparra atera arren, kontziliazio gaietan berandu eta txarto dabiltza. Badirudi azken neurriarekin Europako agindua bete zela, baina honek ez du esan nahi kontziliazioaren marapiloa askatu denik.


