Emakumeen kontrako indarkeriagatiko zurztasun prestazioa (2026)
2026/03/11
— Gizarte Segurantzaren Lege Orokorra, II. Tituluko XIV. Kapitulua (heriotza eta biziraupena)
— 3/2019 Legea, genero indarkeria eta emakumeen kontrako bestelako indarkerien biktima diren seme-alaben zurztasun egoera hobetzen duena
— 2/2022 Lege Organikoa, genero indarkeriagatiko umezurtzen babesa hobetzen duena
— 3/2026 Lege-dekretua, pentsio publikoak errebalorizatu eta Gizarte Segurantzako beste neurri premiazko batzuk ezartzen dituena
— 670/1987 Lege-Dekretua, Klase Pasiboen Legea onartzen duena (42.10 artikulua)
[Kontuz! Ez nahastu prestazio hau zurztasun pentsioarekin]
3/2019 Legeak, beste neurri batzuekin batera, genero indarkeriagatiko umezurtzei begirako prestazio berri bat sortu zuen. Honen ildotik, 2/2022 Lege Organikoak hainbat lege moldatu zituen biktima hauei eragiten dien araudia hobetzeko.
Zurztasun pentsioa jaso ahal izateko baldintzak ez badira betetzen, prestazio hau eskatu ahal da. Esan behar da, normalean, betetzen ez den baldintza kotizazio betebeharra dela.
Zurztasun pentsioaz jakiteko, baita heriotza emakumearen kontrako indarkeriagatik izan denean ere, honako artikulu hau:
Zertan datza zurztasun prestazioa?
Amaren heriotza emakumeen kontrako indarkeriagatik izan bada, bere seme-alabek prestazio hau jaso ahal izango dute.
Adi! Seme-alabak erabateko zurztasun egoeran (edo pareko egoeran) geratu behar dira:
- Ama hil duena aita izan bada
- Ama hirugarren batek hil badu, baina hildako emakumea seme-alaben guraso bakarra bazen (arrazoia edozein dela ere)
⇒ Prestazio hau jaso ahal izateko, umezurtzak Espainiako Estatuan legalki bizi behar dira, jakina, baina, amaren kasuan, puntu hau ez da derrigorra.
Lehen aipatu dugunez, zurztasun pentsiorako ez bezala, zurztasun prestaziorako ez da beharrezkoa amak aldez aurretik gutxieneko kotizazioak pilatu izana. Izan ere, baldintza hau bete ezin den kasuetarako dago, batez ere, pentsaturik beste prestazio hau, gainontzekoagatik, zurztasun pentsioaren oso antzekoa dena.
Adina
Zurztasun pentsioaren kasuan bezala, seme-alabek ezin izan dute oraindik 21 urte bete.
Hala ere, salbuespenak badaude:
• Ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia aitortu bazaie, prestazioa jasoko lukete, nahiz eta 21 urtetik gorakoak izan.
• Prestazioa 25 urte bete arte jaso ahal izango da, baldin eta seme-alabek…
– lanik egiten ez badute
– lan egiten badute, baina soldata ez bada lanbidearteko gutxienekora heltzen
– ikasten ari badira, 25 urte bete arren, pentsioa hurrengo kurtsoa hasi arte luzatuko da
Zenbat jasotzen da?
• Onuradun bakarra:
Oinarri arautzailearen %70, 14 ordainsaritan (12 paga gehi aparteko paga bi).
Adi! Elkarbizitza unitate osoaren diru-sarrerek, pertsona kopuruaz zatiturik, ezin izango dute lanbidearteko gutxieneko soldataren %75 gainditu.
Hau da, zurtza edo zurtzak adoptatuak badira, familia osoaren urteko diru-sarrerak batuko dira eta senide kopuruaz zatituko dira (zurtzak barne). Eragiketa honen emaitzak ezin du lanbidearteko gutxieneko soldataren %75 gainditu (aparteko ordainsarien zatia kanpoan utzita). Bestela esanda, emaitzak ezin du gainditu 10.989€ (kalkulua egiteko 1.221 euroko gutxieneko soldata erabili dugu).
Zenbateko hau gainditzen bada, prestazioa oinarri arautzailearen %20 izango da.
• Onuradun bat baino gehiago:
Oraintxe azaldu ditugun arauak aplikatuko dira. Honetaz gain, zurtzei dagokien portzentajea gorabehera, onuradunek jasotzen dituzten portzentaje horiek batu eta ezin izango dute oinarri arautzailearen %118 gainditu. Hau da, gehienez, zurtz guztien artean, oinarri arautzailearen %118 jaso ahal izango dute.
Edozein kasutan, zenbateko hori, orotara, ezin izango da familia erantzukizunekiko alarguntza pentsioaren gutxienekoa baino gutxiago. 2026. urterako, gutxieneko pentsio hau 1.256,60 euro hilean dira (14 ordainsaritan) (Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko 224.1 artikulua).
Aldez aurretiko kotizaziorik ezean, momentuan indarrean dagoen gutxieneko oinarria erabiliko litzateke kalkulurako (Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko 228. artikulua).
⇒ Zurztasun prestazioa ez da pentsiotzat hartzen; hortaz, honen errebalorizazioa ez da egiten pentsio kontributiboek egiten duten neurrian, baizik eta lanbidearteko gutxieneko soldataren igoeraren portzentajean. Aurten, hortaz, %3,1 (3/2026 Lege Dekretuaren 2.9 artikulua).
Zurztasun prestazioa eta lan egitea
— Umezurtza 21 urtetik beherakoa bada, lan egin dezake eta ez du ardura izango diru-sarrerak zenbatekoak diren
— Umezurtza 21 eta 25 urte bitartekoa bada, lan egin dezake, baina urteko diru-sarrerak ezin izango dira izan lanbidearteko gutxieneko soldata baino altuagoak (17.094 euro gordin urtean, 2026an).
Dokumentazioa
- Eskera-orri ofiziala (orri berbera erabiltzen da heriotza eta biziraupen pentsio eta prestazio guztiak eskatzeko).
- Identifikazioa: NANa edo pasaportea eta NIEa
- Familia liburua edo seme-alaben jaiotzen akta edo, atzerriko pareko dokumentua
- Emakumearen kontrako bortxakeriagatiko heriotza izan dela egiaztatzen duten dokumentuak: sententzia irmoa edo ebazpen judiziala (autoak, probidentziak edo oraindik irmoa ez den sententzia)
- Estatuan bizi diren atzerritarrak: Atzerritarren Erregistro Zentraleko inskripzioa edo TIE
Dokumentazio zehatzagoa eta eskaera betetzeko argibideak eskaera-orrian bertan azalduta daude. Hementxetik jaitsi ahal duzu:
Nora jo behar da?
Gizarte Segurantzaren Institutura jo behar da. Bulegoetan aurrez aurre edo egoitza elektronikoaren bitartez eska daiteke.
AURREZ AURRE
Esan bezala, Gizarte Segurantzaren Institutura jo beharra dago. Bulegoen helbideak eta telefonoak ORRIALDE HONETAKO formularioan bilatu ahal dituzu.
Gogoratu aldez aurretiko hitzordua eskatu behar dela derrigor. Hau telefonoz egin zenezake edo online.
• Hitzordua telefonoz eskatzeko:
Zerbitzu automatizatua da. Hau da, makina batek hartuko dizu eta jarraibideak ematen joango da. Edozein ordutan deitu ahal duzu.
• Hitzordua online eskatzeko, jo ORRIALDE HONETARA.
ONLINE
Zurztasun pentsioak eskatzen diren orrialde beretik eskatu behar da:
Eskaera errazago egingo duzu, baldin eta cl@ve, egiaztagiri digitala edo NAN elektronikoa badaukazu. Cl@ve zer den jakiteko, jo beste artikulu honetara:
Edozelan, Gizarte Segurantzak aukera ematen du identifikazio elektronikorik gabe ere eskatzeko. Izapidea egiten dugunean identifikatzeko eskatuko digu, momentuan egindako argazki bitartez.



