Autonomoentzako prestazioen luzapena (eta aparteko prestazio berriak)

2020/10/05

Irailaren 30ean BOEn argitaratutako dekretuak, bere Bigarren Tituluan, autonomoentzako prestazio arrunta luzatu du eta aparteko prestazio berri batzuk sortu ditu.

• Jarduera amaieragatiko prestazio arrunta (jarduera guztiz utzi ez arren eska dezakegu, azken hiru hilabeteetan bezala)

• Jarduera amaieragatiko aparteko prestazioa
            – Urriaren 1etik aurrera, agintaritzak ezarritako osasun neurri berriak direla-eta, jarduera utzi edo negozioa itxi behar dutenentzat.
            – Urriaren 1etik aurrera diru-sarreretan jaitsiera pairatzen dutenentzat.

• Autonomo sasoilarientzako aparteko prestazioa

⇒ Adi! Nahiz eta aparteko prestazio berria sortu den, kontuan izan behar da, prestazio arrunta jasotzeko egoeran baldin bazaude, horixe dela eskatu beharrekoa, eta ez aparteko prestazio berri hau.

Jarduera amaieragatiko prestazio arrunta (nahiz eta jarduera ez utzi)

Dakizuenez, jarduera amaieragatiko aparteko prestazioaren iraupena ekainaren 30ean amaitu zen (aurreikusita zegoen alarma egoera amaitzen zen hilabetean berau ere bukatzea). ERTEekin ez bezala, kasu honetan ez zen prestazio honen prorrogarik ezarri; aitzitik, uztailetik irailera arte zabaldu zen bidea jarduera amaieragatiko prestazio arrunta eskatu ahal izatea izan da, nahiz eta jarduera guztiz ez utzi.

Oraingo honetan egin dena izan da aukera hau urtarrilaren 31ra arte luzatzea, baldin eta 2020ko laugarren hiruhilabetekoan momentuan ezarri ziren baldintzak oraindik betetzen badira.

Beraz, irailera arte prestazio arrunta jasotzen egon bazara, honen luzapena eska zenezake. Era berean, uztaila, abuztua eta irailean prestazio arrunta jaso ez baduzu, baina lehenagoko aparteko prestazioa jaso bazenuen, zure kasuan ere prestazio arrunta eska zenezake.

• Betebeharreko baldintzak:
            – 2020ko laugarren hiruhilabetekoan zure fakturazioa %75 txikiagoa izan behar da 2019ko laugarren hiruhilabeteko fakturazioa baino.
            – Laugarren hiruhilabeteko honetan zure diru-sarrerak ezin dira izan, orotara, 5.818,75 euro baino gehiagokoak. Gainera, diru-sarrerak prorrateatuko dira eta emaitza ezin izango da izan hilabetean 1.939,58 euro  baino gehiago.

• Zenbatekoa:
            Oinarriaren %70. Gutxieneko oinarria badaukazu, prestazioa 661 euro izango liratezke.

• Eskaera:
Kontrataturik daukazun mutualitatean egin behar duzu eskaera.

Eskaera egiten dugunean oraindik ez dakigu baldintza ekonomikoak beteko ditugun ala ez, jakina; gehien jota, aurreikus genezake. Hortaz, eskaera orria betetzen duzunean, atal bat bete beharko duzu mutualitateari baimena ematen zure datu fiskalak kontsultatzeko.

Izan ere, esan bezala, mutualitateek kudeatuko dute eta, hortaz, 2021eko martxoaren 1etik aurrera zure datuak konprobatuko dituzte ea prestazioa jasotzeko baldintzak bete ote dituzun.

Mutualitateari zure datuak kontsultatzeko baimenik ematen ez badiozu (edo bste arrazoiren batengatik ezin baditu eskuratu), eurei helarazteko eskatuko dizute eta honako hauek eman beharko dizkiozu eskatu eta hurrengo hamar egunetan:
            – BEZ zergaren autolikidazioaren 303 ereduaren kopia.
            – 2019ko eta 2020ko bigarren eta laugarren hiruhilabeteetako PFEZ zergaren ordainketa zatikatuaren autolikidazioaren 130 ereduaren kopia.
           — Inoren kontura ere lan egiten baduzu, errenta aitorpena edo zure soldata egiaztatzen duen enpresa egiaztagiria (geroago ikusiko dugunez, bateragarria a prestazioa jasotzea eta soldatapeko lan batean aritzea).
            – PFEZen estimazio objektiboz tributatzen duten autonomoek (131 eredua) behar besteko dokumentazioa eman beharko dute diru-sarrerak egiaztatzeko.

Baliteke diru-sarrerak aurreikusi baino handiagoak izatea eta finkatutako mugak gainditzea. Horrela balitz, mutualitateak prestazioak itzultzeko eskatuko dizu eta itzulketarako data bat emango dizu. Ez bazenu itzuliko, epea pasaturik, Diruzaintza Orokorrak prozedura zabalduko luke eta kasu horretan gankargua ezarri ahal dizu.

Edozelan, irabazi handiagoak izango dituzula ikusten baduzu, prestazioari uko egin ahal diozu urtarrilaren 31 baino lehenago edo, bestela, zeure kabuz ere itzul zenezake, mutualitateak eskatu baino lehenago.

• Kotizazioak:
Prestazioa jasotzen duzun bitartean, kotizazioak ere ordaindu beharko dituzu. Mutualitateak, prestazioarekin batera, gertakizun arruntengatiko kotizazioak ere itzuliko dizkizu. Honek esan nahi du, funtsean, %2 baino ez zenukeela ordainduko (kontingentzia profesionalak, jarduera amaiera eta prestakuntza) eta ez, ohi den moduan %30,3, baina dirua aurreratu beharko zenuke.

• Pluriaktibitatea:
Pluriaktibitatean dauden autonomoek ere jaso ahal izango dute prestazio hau, beti ere ondoko baldintza hauek betetzen badituzte:

– Autonomo eta soldatapeko moduan dituzun diru-sarrerak, orotara, ezin izango dira izan lanbidearteko gutxieneko soldata x 2,2 baino altuagoak, hau da, 2.090 euro hilean.

– Diru-sarrera horietatik, inoren konturako lanetik jasotzen dituzunak ezin dira izan 1.187,50 euro hilean baino gehiago (lanbidearteko gutxieneko soldata x 1,25).

Pluriaktibitatean jasoko den prestazioa gutxieneko kotizazio oinarriaren %50 izango da, hau da, 472 euro hilean.

Jarduera amaieragatiko aparteko prestazioa

Alarma egoera deklaratu zenean, martxan jarri zen neurrietako bat izan zen hau. Arrazoi birengatik eska zitekeen, negozioa ezinbesteko kausengatik (“fuerza mayor”) itxi behar izana edo diru-sarrerak, gutxienez, %75 jaitsiz gero.

Prestazio hau pasa den ekainean geratu zen bertan behera, udan pandemiaren bilakaerak onerantz egingo zuelakoan, baina, ikusi dugunez, ez da horrela izan. Orain, aipatutako dekretuaren bitartez, aparteko prestazio berri bat ezarri da, urriaren 1etik eska daitekeena.

Jarduera amaieragatiko aparteko prestazio hau ondoko kasu hauetan eskatu ahal izango da:

  • Urriaren 1etik aurrera, euren jarduera bertan behera utzi behar duten autonomoek (agintzaritzak, covid-19a dela-eta, murriztapen berriak ezarri dituelako).

Autonomoen erregimenenan altan egon behar izan zara, gutxienez, 30 egun natural lehenagotik.

Gizarte Segurantzaren kuoten ordainketetan egunean egon behar zara. Horrela ez balitz, edozelan, 30 egun natural izango dituzu zor dituzun kuotak ordaindu ahal izateko.

• Zenbatekoa:
Aparteko prestazio honen zenbatekoa gutxieneko kotizazio oinarriaren %50 izango da, hau da, 472 euro hilean.

ADI! Prestazioa jaitsi egin da. Aurrekoan %70 jasotzen zen eta, gainera, norberak kotizatzen zuenaren gainean. Orain, %50 hau ez da izango norberaren kotizazio oinarriaren arabera, baizik eta gutxieneko oinarriaren %50 edonorentzat.

⇒ Salbuespena: gutxieneko kotizazio oinarriaren %70 jasoko dute familia ugariko kideek, baldin eta familiaren diru-sarrera bakarrak bertan behera gelditu den negoziokoak badira.

Hala ere, hau ez da aplikatuko elkarbizitza unitateko lagun bik edo gehiagok prestazio hau jasotzeko eskubidea badaukate. Kasu honetan prestazioen zenbatekoa %40ra jaitsiko litzateke (lagun bakoitzak %40 baino ez luke jasoko), baita familia ugaria izanda ere.

• Prestazioaren iraupena:
Agintaritzak jarduera bertan behera uzteko agintzen duen hurrengo egunean hasiko da eta iraungo du osasun neurria bertan behera uzten den egunera arte.

• Kuoten salbuespena:
Jarduera bertan behera dagoen denbora osoan autonomoa altan jarraituko du, baina ez du kotizatu beharko. Kuoten salbuespen hau hasiko da neurria agindu den hilabeteko lehen egunetik, eta amaituko da neurria bertan behera uzten den hurrengo hilabeteko azken egunean.

Adibidez, urriaren 19an negozioa ixteko agintzen badute eta azaroaren 9an neurri hau bertan behera uzten bada, ez duzu kuotarik ordaindu beharko urriaren 1etik abenduaren 31ra arte.

Kotizatzeko salbuetsita zauden denbora hau kotizatutzat hartuko da. Kotizazio oinarria prestazioa eskatzeko momentuan zeneukan berbera izango da. Hua da, nahiz eta prestazioaren zenbatekorako gutxieneko oinarria ezarri guztientzat, kotizazioak zuk aukeratutako oinarriaren araberakoak izango dira.

• Pilatutako kotizazioak:
Aparteko prestazioa jasotzeak ez du eragingo jarduera amaieragatiko prestazio arrunta jaso ahal izateko pilatuta daukazun denboran. Hau da, ez du “kontsumituko” pilatuta daukazun denbora hori, inoiz autonomoen “langabezia” eskatu behar baduzu.

•Eskaera:
Jarduera bertan behera uzteko agindua ematen denetik, 15 egun dauzkazu prestazioa eskatzeko.

Eskaera epez kanpo egiten baduzu, prestazioa eskatu duzun egunetik aurrera emango dizute eta ez ixteko aginduaren hurrengo egunetik aurrera, beraz, bai jasoko zenuke, baina egun gutxiagotako kopurua. Edozein modutan, kotizatzetik salbuetsita egongo zara epealdi osoan zehar, hau da, ixteko agindua eman zen hilabeteko lehen egunetik aurrera, baina eskaera egin arteko denbora ez da kotizatutzat hartuko.

Demagun prestazioa eskatzeko epea hilaren 15era arte zela, baina zuk 17an eskatu duzula. Ixteko agindua eman zenetik aurrerako kuotetean salbuetsita egongo zara, baina 17ra arte pasatu diren egun guztiak ez zaizkizu kotizatutzat hartuko eta prestazioa 17tik aurrera baino ez duzu jasoko.

  • Diru-sarreren jaitsiera izan duten autonomoek.

Nahiz eta negozioa ez itxi, baliteke zure diru-sarrerak jaitsi izana. Hasieran esan dugun moduan, prestazio arrunta jasotzeko egoeran bazaude, horixe eskatu beharko zenuke eta ez aparteko hau.

Prestazioa urtarrilaren 31ra arte jaso liteke, gehienez.

• Baldintza ekonomikoak:
Bi baldintza bete behar dituzu diru-sarreren jaitsiera egiaztatzeko:

2020ko azken hiruhilabetekoan zure diru-sarrerak ezin dira izan lanbidearteko gutxieneko soldata baino handiagoak (950 euro hilean).

— Laugarren hiruhilabeteko diru-sarrera horiek, 2020ko lehen hiruhilabetekoekin konparaturik, %50 baxuagoak izan behar dira.

• Prestazioaren zenbatekoa:
Aparteko prestazioaren lehengo modalitatean bezala, zenbatekoa gutxieneko oinarriaren %50 izango da (472 euro hilean) oro har eta salbuespen berberak izango dira kontuan: %70 familia ugarien kasuan eta %40 prestazioa elkarbizitzako unitateko lagun batek baino gehiagok jasotzen badute.

• Prestazioaren iraupena:
Gehienez, lau hilabetez. Urriaren 1etik aurrera jaso ahal izango da, beti ere eskaera urriko lehen 15 egun naturaletan egiten bada. Eskaera beranduago eginez gero, eskatu duzun hurrengo egunetik aurrera hasiko zara jasotzen, gehienez, urtarrilaren 31ra arte.

• Kuoten salbuespena:
Prestazioa jasotzen den bitartean autonomoak altan jarraituko du, baina ez du kotizatu beharko.

Kotizatzeko salbuetsita zauden denbora hau kotizatutzat hartuko da. Kotizazio oinarria prestazioa eskatzeko momentuan zeneukan berbera izango da. Hau da, nahiz eta prestazioaren zenbatekorako gutxieneko oinarria ezarri guztientzat, kotizazioak zuk aukeratutako oinarriaren araberakoak izango dira.

Ez bazeunde jarduera amaieragatik kotizatzen, prestazioa jasotzeari uzten diozunean, hurrengo hilabetean, kontzeptu honengatik kotizatzen hasi beharko zara. Izan ere, tarifa lauaz dauden autonomoak ez daude behartuta jarduera amaieragatik kotizatzera; edozelan, hauek ere prestazioa eska dezakete, baina, esan bezala, hurrengo hilabetean kontzeptu honengatik kotizatzen hasi beharko dira.

• Pluriaktibitatean ari diren autonomoak.
Prestazioa eta inoren konturako lana bateragarriak izango dira, beti ere zure soldata ez bada gutxieneko lanbidearteko soldataren 1,25 baino altuagoa (1.187,50 euro hilean, alegia).

• Eskaera:
Zure mutualitatean eskatu behar duzu.

Lehen atalean azaldu dugun bezala, eskaera egiten dugunean oraindik ez dakigu baldintza ekonomikoak beteko ditugun ala ez. Beraz, prozedura izango da lehen atal horretan azaldu dugun berbera.

Autonomo sasoilarientzako aparteko prestazioa

Autonomo sasoilariak: azken urte bietan (2018an eta 2019an) ekainetik abendura arte autonomo moduan lan egin dutenak. Lan hau egindako bakarra izan behar izan da.

Edozelan, 2018an eta 2019an inoren kontura lanean egon bazara, hau ez da kontuan hartuko, baldin eta 120 egun baino gutxiago izan bada.

• Prestazioaren zenbatekoa:
Gutxieneko oinarriaren %70, hau da, 661 euro.

• Iraupena:
2020ko urriaren 1etik 2021eko urtarrilaren 31ra arte. 15 egun dauzkazu eskaera egiteko eta kasu honetan ere, beranduago eskatuko bazenu, prestazioa jasoko zenuke, baina eskatu duzun egunetik aurrera eta ez urriaren 1etik.

• Kotizazioak:
Prestazioa jaso bitartean ez da kotizaziorik ordaindu beharko, baina altan jarraituko da.

• Betebeharreko baldintzak:

— 2018an eta 2019an, urte bakoitzean, gutxienez 4 hilabetez autonomo moduan alta emanda egon izana.

— 2018ko ekainaren 1etik 2019ko uztailaren 31ra bitartean ezin izan zara egon lanean inoren kontura 120 egun baino gehiagotan.

– Ezin izan duzu Gizarte Segurantzaren prestaziorik jaso, ez bada prestazio hori autonomo lanarekin bateragarria zela.

— 2020ko diru-sarrerak ezin dira izan 23.275 euro baino altuagoak.

— Gizarte Segurantzaren kuoten ordainketan egunean egon behar zara. Hala ez balitz, hala ere, 30 egun natural izango dituzu ordainketak egiteko.