Etxeko langileak: jardunaldia, ordutegia eta atsedenaldiak
2026/10/15
— 1620/2011 Dekretua, etxeko langileen lan harreman berezia arautzen duena (9. artikulua)
Lan denborari dagokionez, 1620/2011 Dekretuak hainbat kontu finkatzen ditu, hala nola, ordutegia langile eta enplegatzailearen artean adostu beharrekoa dela, zeintzuk diren jardunaldi bitarteko eta asteko gutxieneko atsedenaldiak, Langileen Estatutuko 37. artikulua etxeko langileei ere aplikatzen zaiela (eta, hortaz, lana, familia eta bizi pertsonala bateratu ahal izateko eskubideak eurei ere aplikatzen zaizkiela)…
Jardunaldia
⇒ Edozein sektoretan, gehienezko jardunaldia 40 ordu astean izaten dira. Etxeko lanean, ordea, barne langileen kasuan, 60 ordutara hel daiteke, Legeak lan ordu efektiboez gain, ordu presentzialak ere arautzen ditu eta.
Etxeko langileen gehienezko jardunaldia, gainontzeko langileen kasuan bezala, 40 ordu dira astean. Bestetik, gainontzeko langileokin gertatzen denez, jardunaldi osoaz gain, jardunaldi partzialaz ere aritu daiteke.
Ordu hauen distribuzioa enplegatzailearekin adostu beharko da, baina, beti ere, eguneko eta asteko atsedenaldiak errespetaturik. Honela, baliteke bost egunez lan egitea eta egun bakoitzean 8 ordu egitea edo, adibidez, 6 egunez lan egitea eta egun bakoitzean 6 ordu eta erdi egitea.
Ohiko jardunaldi honetaz gain, barne langileentzat ordu presentzialak ere adostu daitezke.
Ordu presentzialak:
Ordu presentzialetan langilea enplegatzailearen esanetara egon behar da, baina denbora horretan ez litzateke lan efektiborik egingo. Bestela esanda, ordu presentzialetan etxean egon behar da, badaezpada, baina ordu horietan ez da zeregin zehatzik egiten.
Demagun pertsona nagusi bat zaintzen ari zarela. Kasu honetan, adostu liteke lan ordutegitik haragoko zenbait ordu ordu presentzialak izango direla, denbora horretan premiarik sortuko balitz, premia horri erantzun ahal izateko.
Adibidez, baliteke zure jardunaldia 8:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara izatea, tartean ordu bi bazkaltzeko. 18:00etatik 22:00etara bitarteko ordu presentzialak adostu daitezke. Honela, lau ordu horietan, nahiz eta ohiko zereginak egiten ez aritu, etxean egon beharko zinateke derrigor. Oro har, egunean 12 orduz egingo zenuke lan.
Adi! Ordu presentzial horietan lan efektiborik eginez gero, halakotzat zenbatu beharko dira. Hau da, ordu presentzial moduan adostu diren horietan lan efektiboa egiten badugu, lan ordu arrunt bihurtuko dira eta hala zenbatuko dira. Hau da, jardunaldiko gehienezko 40 orduetarako (edo jardunaldi partzialaz arituz gero, zure jardunaldi arrunterako) zenbatuko dira.
Ordu presentzialak ordaintzeko modua:
- Ordu presentzialak aparte ordaindu behar dira, gutxienez, lan ordu arruntak bezainbeste. Ez du balio ordu presentzialak sartzea eta soldata berbera jasotzea.
- Beste aukera bat da atseden orduekin konpentsatzea, baina hau atseden ordaindua izan behar da. Hau da, ordu presentzialak ordu arruntekin konpentsatuko zenituzke, baina ezin dizute soldatatik ezer deskontatu ordu arrunt horietan libratzeagatik.
Gehienez, 20 ordu presentzial sartu ahal izango dira astean. Adi! batez beste zenbatu ahal dira, hilabete osoa kontuan hartuta. Esan nahi baita, baliteke asteren batean ordu presentzial gehiago behar izatea, dena delakoagatik. Horrela balitz, hilabeteko gainontzeko asteetan ordu presentzial gutxiago sartu beharko genituzke. Kontua da hilabete osoa kontuan hartuta, astean, gehienez, 20 ordu izatea batez beste.
Ordu presentzialen kopurua eta ordainketa edo konpentsazio modua lan kontratuan islatu behar dira. Hasieran sinatu duzun lan kontratuan adierazita ez balego, edozein kasutan, idatzizko dokumentu batean atxiki beharko da.
⇒ Laburbilduz, barne langileak, astean, gehienez, 60 orduz egon daitezke enplegatzailearen esanetara, beti ere kontuan hartuta 40 ordu lan efektiborako era 20 ordu presentzialak izango direla. Lan ordu gehiagorik eginez gero, horiek aparteko orduak izango lirateke eta halakotzat zenbatu eta ordaindu beharko dira.
⇒ Gogoratu dena kontratuan eta nominan islatu behar dela, izan lan jardunaldia, izan ordu presentzialak, izan ordutegia.
Aparteko orduak:
Aparteko orduei dagokienez, Langileen Estatutuko 35. artikuluak ezartzen duena bete beharko da:
— Aparteko orduen ordainketa adostu beharko da. Hori bai, zenbatekoa ezin izango da ordu arruntena baino gutxiago izan.
— Hala ere, aparteko orduak atseden orduekin ere konpentsatu ahal dira. Estatutuak dioenez, atseden ordaindua izan behar da. Hau da, lan orduetan libratuko zenuke, baina honek ezingo lizuke soldata jaitsierarik edo deskonturik ekarri. Aparteko orduak hurrengo lau hilabeteetan zehar konpentsatu beharko dira.
— Sar daitezkeen aparteko orduak, gehienez, 80 izango dira urtean, jardunaldi osoz arituz gero. Jardunaldi partziala badaukazu, arau hau portzentajean aplikatuko da (jardunaldi erdiz arituz gero, adibidez, aparteko orduak, gehienez 40 izango lirateke urtean).
— Aparteko orduak borondatezkoak dira (ezinbesteko arrazoiengatikoak izan ezik)
Atsedenaldiak
Eguneko atsedenaldia:
Jardunaldi bat amaitzen denetik hurrengoa hasi arte, gutxienez, 12 ordu pasatu behar dira. Honela, adibidez, jardunaldia iluntzeko 20:00etan amaitzen bada, hurrengo egunean ezin da hasi goizeko 8:00ak baino lehen.
Barne langileen kasuan, atsedenaldi hau 10 ordutara murriztu ahal da. Hori bai, atsedenalditik murrizten diren orduak atseden orduekin konpentsatu behar dira. Konpentsazio hau lau asteko epean izan beharko da.
Izan kontuan 12 edo 10 orduko atsedenaldi honek jardunaldi arrunteko orduak ez ezik, ordu presentzialetan gertatzen dena ere kontuan hartu beharko duela. Honela, aurreko adibideari jarraiki, demagun ohiko jardunaldia iluntzeko 20:00etan amaitzen duzula, baina hainbat ordu presentzial dauzkazula gauez eta, azkenean, goizaldeko ordubietatik hirurak arte lan egin behar izan duzula. Hala balitz, hurrengo egunean ez zinateke lanean hasi beharko eguerdiko ordubata arte, atsedenaldiko 10 orduak errespetatuak izateko.
Bazkaltzeko atsedenaldia:
Barne langileek bi ordu libre hartzeko eskubidea daukate bazkaltzeko sasoian. Ordu hauek, ez direnez ez lan orduak, ezta ordu presentzialak ere, langileek askatasun osoa daukate etxetik irteteko eta ordu horiek kanpoan emateko.
Kanpo langileek, euren jardunaldia sei ordu eta erdi baino luzeagoa bada, 15 minutuko atsedenaldia hartzeko eskubidea daukate.
Asteko atsedenaldia:
Asteko gutxieneko atsedenaldia 36 ordu segidan dira. Hau da, langileek astean egun bat eta erdi hartu behar dute segidan. Oro har, atseden hau larunbat arratsaldean eta igande osoan edo igande osoan eta astelehen goizean hartuko da.
Eta gogoratu behar da langilea, barne erregimenean egon arren, bere ordu libreetan eta atsedenaldietan etxetik irteteko eskubidea daukatela.
⇒ ORDUTEGIA: Ordutegia adostu egin behar da. Hau da, ordutegia finkatzea ez da enplegatzailearen eskumen hutsa. Badakigu hau erraza dela esaten, baina errealitatea oso bestelakoa dela (aukera “hau ala ezer ez” izaten dela normalean). Baina ez dago soberan jakitea, berez eta legez, langilearekin adostu beharreko puntua dela, baita, sinatzen den ohiko jardunaldiaz gain, ordu presentzialak eta abarrak gehitu nahi direnean ere. Eta gogoratu, ordutegia adosten denean, atsedenaldiak, derrigor eta ezinbestez, errespetatu behar direla.
Jaiak eta baimenak
Etxeko langileek, gainontzeko langileek bezala, Langileen Estatutuak 37. artikuluan jasotzen dituen jaiak eta baimenak hartzeko eskubidea daukate.
Baimen hauek guztiak beste artikulu honetan hobeto azalduta dauzkazu:
⇒ Gauza bat da zer dakarren legea eta beste bat, oso bestelakoa, zer gertatzen den errealitatean. Etxeko Langileen Elkartearen 2025eko estatistiken arabera, barne langileen %67 baino gehiagok 60 ordu baino gehiago egiten dituzte astean. Estatistika guztiak kontsultatu nahi badituzu, dokumentua HEMENDIK jaitsi zenezake.
Bestetik, salatu behar da etxeko lana ordutegia kontrolatzeko betebeharrik ez duen sektore bakarra dela eta, honetaz gain, gaueko jardunaldia arauturik ez duen sektore bakarra dela, hau da, besteak beste, ez dago gaueko plusik.



