Zenbat kobratu behar duzu etxeko langilea bazara?

2021/10/12an eguneratua

Ez dago kantitate finkorik, etxeko langileek lan hitzarmenik ez daukate eta (LABek etxeko langileen lehen hitzarmen kolektiboa osatzeko proposamena egin du). Hala ere, Etxeko Langileen Erregimenak arautegia finkatzen du eta, honen arabera, enplegatzailearekin negoziatu behar bada ere, legeak bai ezartzen du zein den minimoa: lanbide arteko gutxieneko soldata (gaztelerazko “SMI”).

Lanbidearteko gutxieneko soldata 2021eko irailean igo da: 945 euro gordin hilean eta 14 paga urtean (jardunaldi osoz, hau da, astean 40 orduz, arituz gero). Horren arabera finkatu beharko da minimoa ordu gutxiagoz arituz gero. Adibidez, jardunaldi erdiz (astean 20 orduz) lan eginez gero, gutxienez 482,50 euro irabazi beharko duzu (14 ordainsaritan). 500 edo 600 euro adostu daitezke, baina sekula ez gutxieneko horretatik behera.

Aparteko pagak: edozein langilek bezala, aparteko paga bi jasotzeko eskubidea daukazu. Paga hauek ekainean eta abenduan jaso daitezke edota enplegatzailearekin adostu dezakezu urtean zehar hainbanatzea (prorrateatzea). Hau da, urteko hamabi hilabeteetan zatiturik jasotzea.

Aparteko paga hauen kopurua enplegatzailearekin adostuko da, baina, lehen esan bezala, gutxieneko soldata errespetatu beharko da. Irailetik aurrera gutxieneko soldata urtean 13.510 euro izango dira. Ez dakigu datorren urtean berriro igoko den, baina aparteko ordainsarien afera azaltzeko, kopuru horiek erabiliko ditugu:

Hilabetean lehen aipatu dugun soldata jasoko baduzu hilean, hau da, 965 euro, aparteko pagak ere kopuru berekoak izan beharko lirateke:
(965 x 14 = 13.510 euro).

Hilean, esaterako, 900 euro kobratzen badituzu, urtean (aparteko pagak kontuan hartu gabe) 10.800 euro jasoko zenuke (900 x 12 hilabete). Kopuru hau ez da urteko gutxieneko soldatara heltzen. Hortaz, aparteko ordainsari horiek, gutxienez, 1.355 eurokoak izan beharko lirateke minimora heltzeko
(10.800 + 2.710 = 13.510)

Gogoratu zenbaki hauek guztiek minimoa adierazten dutela. Ez da bete beharreko soldata. Hortik aurrera negoziatu daiteke, baina sekula ez hortik behera.

Taula honetan minimo horiek errazago ikusten dira, betetzen den ordu kopuruaren arabera (lehen emandako adibideak 40 orduko jardunaldiari dagozkio, baina ohikoena da etxeko lanetan jardunaldi laburragoak izatea):

Orduak asteanSoldata gordina 2021eko irailetik aurrera (12 paga)Soldata gordina 2021eko irailetik aurrera (14 paga)Urteko soldata gordina 2021eko irailetik aurrera
401.125,83 euro965 euro13.510 euro
35985,10 euro844,37 euro11.821,25 euro
30844,38 euro723,75 euro10.132,50 euro
25703,65 euro603,12 euro8.443,75 euro
20562,92 euro482,50 euro6.755 euro
15422,19 euro361,87 euro5.066,25 euro
10281,46 euro241,25 euro3.377,50 euro

Esan dugunez, gutxieneko soldataren igoera irailetik aurrera baino ez dago indarrean. Beraz, baliteke 2021eko urte osoan gutxieneko soldataz kontrataturik egotea, baina kopuru ezberdinez. Jakin nahi baduzu zenbat egokituko litzaizukeen kobratzea 2021eko urte osoan, bota begiradatxo bat beste artikulu honi: Zer da lanbidearteko gutxieneko soldata?

Soldataren parte bat deskontatu ahal dizute, esaterako, han bazkaltzeagatik?

Bai. Soldataren zati bat espezietan kobra zenezake. Lan egiten duzun etxean bazkaltzeagatik edo ostatu emateagatik izaten da ohikoena. Baina adi! ez zaitzatela engaina:
– Soldatatik kontzeptu hauek deskontatu ahal dira, baina deskontu hau ezin da soldataren %30era heldu.
Dirutan gutxienez lanbidearteko soldata jaso behar duzu. Aurreko atalean azaldu ditugun kopuruak dirutan izan beharko dira ezinbestez, nahiz eta barneko langilea izan eta bertan jan eta lo egin.

Nomina

Etxeko langileek nomina jaso behar dute. Nomina ereduak HEMEN aurkitu ahal dituzu. Ez sinatu nomina, ez baduzu dirua jaso, nomina sinatzeak dirua jaso duzula esatea baita.

Enplegatzaileak adosten duzuen eran ordaindu ahal dizu: metalikoan, taloiaz edo transferentziaz. Metalikoan ordaintzen badizute, oso garrantzitsua da segidan bankura joan eta dirua ingresatzea, nomina edo soldata dela adierazita. Horrela, hilabetez hilabete soldataren kopurua eta jaso den eguna erregistraturik geratuko da, enplegatzailearekin izan daitezkeen arazoen aurrean babesturik izateko, batez ere kaleratzeen aurrean. Hau oso inportantea da egoera irregularrean egonez gero.

Orduka lan egiten baduzu

Noiz egiten da lan orduka? enplegatzaile batentzat lan egindako egunak ez badira urtean 120ra heltzen. Beraz, orduka arituko gara astean egun bakar batean lan egiten badugu, nahiz eta urte osoan zehar egin. Baina gure jardunaldia ez da ordukakoa izango baldin eta, esaterako, astean bost egunez pare bat ordu lan egiten badugu. Azken kasu honetan jardunaldi partziala izango da.

Orduka aritzen diren etxeko langileek gutxienez 7,55 euro kobratu behar dute ordu bakoitzeko (2021eko irailetik aurrerako kopurua). Adibidez, asteburu batean etxe baten garbiketa egiteko kontratatzen bagaituzte, 8 orduz larunbatean eta 8 orduz igandean, jaso beharreko soldata gutxienez 120,80 euro izan beharko dira (7,55 euro x 16 ordu). Jakina, hori baino gehiago izatea negoziatu liteke, baina sekula ez hori baino gutxiago.

Ordukako soldata horrek (7,55 euro gutxienez) oporrei eta aparteko pagei dagozkien zatia hartzen du barne.