Etxeko langileen kotizazioak Gizarte Segurantzan erregularizatzeko prozedura
2021/02/25
Azken eguneraketa: 2022/05/26
Aurreko artikulu batean zabal azaldu genuenez, hainbat langileren soldatak ez daude Gizarte Segurantzan eguneratuta. Hau da, enplegatzaile asko behar baino gutxiago kotizatzen ari dira, besteak beste, soldatak eguneratu arren, ez zaiolako Gizarte Segurantzari soldata igoera horien berri eman.
Beste artikulua irakurtzea gomendatzen dugu, han zabalago azaltzen baita erregularizazio honen nondik-norakoak eta gutxieneko soldataren inguruko apunte batzuk:
Soldatak eguneratu beharra
Izapide hau enplegatzaileak egin beharrekoa da, ez da langilearen zeregina, baina zuei ere kontatuko dizuegu hemen zelan den prozedura, zuek ere jakin dezazuen, enplegatzaileak kontatzen dizuenaren menpe egon barik. Gainera, baliteke enplegatzailearekin adostuta izatea Gizarte Segurantzarekiko izapideak zuk egiten dituzula (gogoratu aukera hau posible dela, baldin eta hilean 60 ordu baino gutxiago egiten baduzu, besterik ez).
Esan beharra dago, erregularizazio orokor hau alde batera utzita, soldaten eguneraketa urtero komunikatu behar dela Gizarte Segurantzan. Eta, jakina, soldatak eguneratu egin behar direla, lanbidearteko gutxieneko soldatak egiten duen heinean, gutxienez. Hortaz, soldata eta soldata igoerak aitortzea derrigorrezkoa da.
Gizarte Segurantzak 2021eko martxoaren 31ra arteko epea eman du honetarako; bestela, apirilaren 1etik aurrera, Lan Ikuskaritzak konprobatuko du eta zehapenak ezar ditzake.
Ezin da lanbidearteko gutxieneko soldata baino gutxiago izan. Gogoratu hilean 1.000€ gordin direla (2022ko balioak), baina 14 ordainsari direnez (12 paga + aparteko paga 2), orotara, jardunaldi osoz aritzen den langile batek ezin du hilean 1.166,67€ baino gutxiagorik jaso.
Jardunaldi partzialaz edo orduka lan egiten baduzu, beste artikulu honetan kontsulta dezakezu zein izan behar den zure soldata.
⇒ Soldataren zati bat espezietan jasotzen baduzu.
Oso ohikoa da etxeko langileek euren soldataren zati bat espezietan jasotzea, enplegatzailearen etxean bazkaltzen dutelako edo han bizi direlako. Honelakoetan oso argi izan behar duzu…
• Espezietan soldataren zati bat jaso arren, dirutan ezin duzula jaso lanbidearteko gutxieneko soldata baino gutxiagorik.
• Espezietan jasotzen duzun soldata zatia ere aitortu behar da Gizarte Segurantzan. Soldata osoa dirutan jasotzen duzun zatia baino altuagoa izango da eta, hortaz, kotizazioak ere altuagoak izango dira. Kotizazioak altuagoak badira, jasoko dituzun prestazioak ere bai (gaixotasun edo amatasun bajak, erretiro pentsioa…).
Adibidez, demagun, jardunaldi erdiz aritzen zarela; hortaz, zure soldata, gutxienez 500€/hilean izan beharko lirateke. Ez ahaztu 14 ordainsari jaso behar dituzula, hau da, 500 euroko aparteko paga bi ere jaso behar zenituzke. Gogoratu soldata gordinaz ari garela denbora osoan.
Ezin dizute esan zure soldata 500 euro direla, baina etxean bazkaltzen duzunez, 200 euro espezietan izango direla eta dirutan 300€ ordainduko dizkizutela. 500 euroak (lanbidearteko gutxieneko soldata) dirutan jaso behar dituzu, bai ala bai. Otorduak ere soldata moduan sartu nahi badituzte, 200 euro gehituko lirateke. Eta, hortaz, Gizarte Segurantzari aitortu beharreko soldata, 700 euro izango lirateke.
Zelan komunikatu behar da?
Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrean komunikatu behar da (ez nahastu Gizarte Segurantzaren Institutuarekin).
Soldata aldaketak ez ezik, beste aldaketa guztiak ere komunikatu behar dira, hala nola, kontratu mota edo jardunaldiaren iraupena.
- Online formularioa:
Ez da egiaztagiri digitalik edo bestelakorik behar. Lehenengoz, TA.2/S-0138 eredua jaitsi eta bete behar duzu. Helbide HONETATIK jaitsi ahal duzu. Behean ikusten duzun dokumentua da. PDF hori ordenagailuan bertan bete ahal da eta jarraibideak lehen orrialdean azaltzen dira.
Dokumentu hau beteta dagoenean, formulariora jo behar da, helbide HONETAN.
Formularioan enplegatzailearen datu pertsonalak sartu behar dira eta, irudian dakarren bezala, “Categoria” atalean “Empleador/empleado de hogar” eta “Trámite” atalean “Comunicación a Inspección de Trabajo” sartu behar da.
Gerora, lehen betetako TA.2/S-0138 eredua eta enplegatzailearen NANa atxikitu behar dira.
- Izapidearen orrialdetik:
Hemendik egiteko, beharrezkoa da cl@ve sistema edo egiaztagiri digitala edukitzea. Bestela, SMSz ere egin daiteke, baina, honetarako, beharrezkoa da Gizarte Segurantzak norberaren telefono zenbakia edukitzea, hau da, izapidea egiten duen pertsonak, aldez aurretik, eman behar izan dio.
Orrialde HONETATIK egiten da.
Ikusiko duzuenez, beheko partean aukeratu behar da ze sistema erabiliko den: cl@ve, egiaztagiri digitala, erabiltzaile eta pasa hitza edo SMS.
Bota begiradatxo bat beste artikulu honi. Bertan argitzen dugu zelan egin daitezkeen izapideak egiaztagiri digitalik ez badaukazu eta, gainera, azalpen bideoak ere aurkituko dituzu:
Informazio gehiagorako
Etxeko langileen kotizazioen erregularizazioa artikuluan azaldu dugunez, Lan Ikuskaritza gutunak bidaltzen ari da etxeetara. Gutun horietan izapide hau egiteko bideak agertzen dira eta, bestela, Gizarte Segurantzaren aldizkariari ere begirada bat bota ahal diozu.
Gainera, izurritearekin batera, Gizarte Segurantzak martxan jarri zuen laguntzaile birtuala ere eguneraturik dago eta, hortaz ISSAri “regularización salario empleada hogar” edo “cambiar salario hogar” edo antzeko zerbait galdetuta, gidatzen hasiko zaizu:
Azkenik, hemen daukazue Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorraren informazio telefonoa: 901 50 20 50.
Eta hurbilen daukazun bulegoa bilatu nahi baduzu, orrialde HONETATIK egin dezakezu.
Aukeratu nahi duzun bulego mota (TGSS izan behar da, horixe baita Diruzaintza Orokorra), guk egin dugun bezala:
Eta emaitzak segidan azalduko zaizkizu. Guk Bizkaiko bulegoak erakusteko eskatu dugu.