Etxeko langileen kotizazioen erregularizazioa

2021/02/02

Behar baino kotizazio txikiagoak

Enpleatzaile askok behar baino gutxiago kotizatzen dute gugatik Gizarte Segurantzan. Hau da, Gizarte Segurantzaren Diruzaintzan aitortuta daukaten kotizazio oinarria (soldata, azken batez) behar baino txikiagoa da. Askotan gertatzen da langilea etxean hasi zeneko eta altan eman zuteneko oinarri berberagatik egiten dutela (nahiz eta urteak pasatu eta soldata handituz joan).

Zenbaitetan fede txarra egon daiteke, enpleatzaileak langileen kontura kotizazioetan ordaindu beharreko zati bat aurreztu nahi duelako eta, inork altoa eman arte, aurrera; baina, beste batzuetan, ezagupen faltagatik ere izan daiteke, ez langileak ez enpleatzaileak ez baitakite soldata igoerak komunikatu behar direnik kotizazio oinarriak eguneratzeko eta, hortaz, kotizazio handiagoak ordaintzeko.

Dagokizuna baino gutxiago kotizatzeak ondorio larriak dauzka. Kotizazioak txikiagoak badira, bajan zaudenean (izan gaixotasunagatik, izan amatasunagatik) gutxiago kobratuko duzu eta, etorkizunean, jasoko duzun erretiro pentsioa ere baxuagoa izango da.

Lan ikuskaritzaren abisua

Urtarrilaren 28an Gizarte Segurantzaren webgunean argitaratutako ohar baten bidez zera jakinarazi zuten, enpleatzaileek Diruzantza Orokorrari langileen soldata eguneratuak komunikatu beharko dizkiotela. Martxoaren 31ra arteko epea eman diete honetarako eta, bestela, hau egingo ez balute, Lan Ikuskaritzak esku hartuko duela eta zehapenak ezar ditzakeela abisatu dute.

Honetarako, enpleatzaileei gutunak bidaltzen hasiko zaizkie; hala ere, ez guztiei, baizik eta ondorengo irizpide bi hauek betetzen dituztenei besterik ez:

– Langilea jardunaldi osoan kontrataturik badago

– Datu baseetan lanbidearteko gutxieneko soldatatik behera kobratzen ari dela agertzen bada

Bestela esanda, jardunaldi osoz lanean egon diren eta lanbidearteko gutxieneko soldatatik behera kotizatzen egon diren langileen kasuak erregularizatu nahi dira. Ez da ezer esaten jardunaldi partzialen inguruan. Gainera, ikusi beharko da erregularizatu arte ordaindu ez diren eta, hortaz, zor diren kotizazioekin zer gertatzen den eta ze konponbide ematen zaion horri guztiari.

Lanbidearteko gutxieneko soldata

Etxeko langileen soldata, hitzarmenik ezean, ez dago arauturik. Bete beharreko arau bakarra: lanbidearteko gutxieneko soldatatik behera ezin dela kobratu. Badakizuenez, aurten, 2021ean, gutxieneko soldata hau ez da eguneratu (ikusteko dago eguneratuko ote den) eta iazko zenbateko berberean dago, 950 eurotan, alegia.

Adi! gutxieneko soldata 950 euro hilean direla esaten dugunean, 14 ordainsari izan behar ditugu kontuan: 12 hilabete eta aparteko paga bi, alegia. Edozein langilek bezala, aparteko ordainsari bi jasotzeko eskubidea daukazu! Honela, paga bi hauek prorrateatuko bagenitu, orotara 1.108,33 euro izango liratezke hilean, jardunaldi osoz lan egingo bagenu.

Bestetik, posible da soldataren zati bat espezietan jasotzea. Hau oso ohikoa da barneko langileen kasuan, etxean bazkaltzeagatik edo ostatu emateagatik, baina arau bi daude kasu honetan:

– Espezietan jasotzen dugun soldata ezin da orotara jasotzen dugunaren %30 baino gehiago izan.

– Espezietan jasotzen duguna jasotzen dugula, dirutan derrigor lanbidearteko guxtieneko soldataren zenbatekoa jaso behar dugu. Hau da, lehen aipatutako 950 euroak (edo, bestela esanda, 1.108 euroak, dirutan jaso behar ditugu ezinbestez).

Maiatzaren 31 baino lehen enpleatzaileak benetako soldata komunikatzen duenean, osotasunean komunikatu beharko du; hau da, lanbidearteko gutxieneko soldatatik gora jasoz gero, dena aitortu beharko da (aparteko pagak barne) eta espezietan zati bat kobratuz gero, hau ere islatu beharko da.

Begirada bat bota ahal diozu hurrengo artikulu honi:

Etxeko langileen borrokaren emaitza

Hau guztia etxeko langileen borrokaren emaitza baino ez da. Izan ere, 2019ko ekinetik ATH-ELE etxeko langileen elkartea Gizarte Segurantzan ari da egoera hau salatzen. 2019ko azaroan, sektoreko 30 elkartek estatuko Arartekoaren aurreran ere salatu zuten eta, azkenik, 2020ko abenduan Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazioen Ministeriora ere eraman dute salaketa.

Diruzaintza Orokorra da irregulartasunak kontrolatzeko arduraduna, ezin du utzikeriaz jokatu eta ez ikusiarena egin legea betetze ez den bitartean, areago, Diruzaintzak datuak iza arren, langileak enpleatzaileak salatzera behartuta egon dira askotan euren egoera konpondu nahi bazuten, honek dakarren guztiarekin.

AHT-ELEk ondo dioenez, oraingo hau garaipena izan da, baina orain dena betetzen dela kontrolatu beharko da.Egiten duten irakurketa euren komunikatuan irakur dezakezue.

Kotizazio oinarriak

Kotizazio oinarriak zer diren jakin nahi baduzu, bota begiradatxo bat honako artikulu honi:

Jadanik aipatu dugunez, eta artikulu horretan zabalago azaltzen dugunez, etxeko langileen erregimenean, lan baldintzak arautzen dituen hitzarmen faltan, soldatarako erreferentzia bakarra lanbidearteko gutxieneko soldata da. Beraz, kotizazio oinarriak ere horri lotuta egoten dira. Lanbidearteko gutxieneko soldata eguneratu ez denez, kotizazio oinarriek ere ez dute egin. Hitzarmen baten premia berebizikoa da; horrexegatik, LAB sindikatua etxeko langileentzako hitzarmena lortzeko borrokan ari da jo eta su, hainbat elkarterekin batera.

Bestetik, zure kotizazio oinarria zein den jakin nahi baduzu, Gizarte Segurantzari eskatu behar diozu. Internetez egin dezakezu, baita ziurtagiri digitalik ez badaukazu ere. Nahiko erraza da. Etxera bidaltzeko eska zenezake edo, bestela, SMS bitartez pasahitza eskatu. Dena daukazu azalduta hurrengo artikulu bi hauetan: