Ezintasun iraunkor absolutua

Azken eguneraketa: 2026/04/09

Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko II. Tituluko XI. Kapitulua

Zer da ezintasun iraunkor absolutua?

Ezintasun iraunkorren maila altuenetako bat da.

Ezintasun iraunkor absolutuaz ezin duzu ezein lan jarduerarik burutu, hau da, lan egiteko gaitasuna galdu egiten da, jarduera edozein dela ere. Hortaz, hau konpentsatzeko, langileak bizi osorako pentsio bat jasotzeko eskubidea izango du.

     Hauexek dira, laburbilduz, erabateko ezintasun iraunkorraren gako nagusiak:

  • Langilea lan egiteko guztiz ezinduta dago. Hau da, ezintasun iraunkor absolutua aitortzen badizute, ezingo zenuke lanik egin.
  • Gizarte Segurantzako Institutuak (INSSek) aitortzen du, ezintasunak baloratzen dituen taldearen bitartez. Langilearen lesioek edo patologiak lan jarduera galarazteko bezainbesteko larritasuna izan behar dute.
  • Erabateko ezintasun iraunkorragatik pentsioa jaso dezakezu. Honen zenbatekoa oinarri arautzailearen %100 izan ohi da. Hala ere, kopuru hau txikitu edo handitu ahal da, hainbat baldintzen arabera.

Enpresak ezin zaitu automatikoki kaleratu

2025. urtera arte, ezintasun iraunkorra aitortuz gero, enpresak langilea kaleratu ahal zuen. Izan ere, Langileen Estatutuak lan harremana bertan behera uzteko arrazoien artean ezintasun iraunkorra ere aipatzen zuen (49.1.e) artikuluan).

Hala ere, 2/2025 Legearen bitartez hau aldatu zen eta arrazoi honengatiko kaleratze automatikoari amaiera eman zitzaion. Gaur gaurkoz, langileak erabakitzen du lanean jarraitu nahi duen ala ez eta enpresa behartuta dago behar besteko doikuntzak egitera edo beste lanpostu bat eskaintzera.

Baina, kontuz, kaleratze automatikoa bertan behera geratu bada ere, honek ez du esan nahi bota ezin zaituztenik. Bestetik, langileak hamar egun natural dauzka enpresari bere erabakia helarazteko. Hau guztia ondo azalduta daukazu beste artikulu honetan:

Ezintasun absolutua eta lana

Ikus dezagun zer dakarren Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko 198.2 artikuluak:

“Ezintasun iraunkor absolutuagatiko edo ezintasun handiagatiko bizi arteko pentsioek ez dute eragotziko jardueraren batean aritzea, irabaziak eman ala ez, beti ere jarduera pertsonaren egoerarekin bateragarria bada eta bere lan-gaitasunean aldaketarik ez badakar berrikuspen ondorioetarako

Oro har, ulertu izan da ezintasun absolutuagatiko eta ezintasun handiagatiko pentsioak eta lan ordaindua bateraezinak direla, baina, artikulu horretan oinarriturik, zenbaitetan, epaitegiek kontrakoa ebatzi dute eta “irabaziak eman ditzakeen jarduera” lan ordainduarekin parekatu dute. 2024ko apirilaren 11an Auzitegi Gorenak dotrina bateratu zuen eta pentsioa eta lan ordaindua bateraezinak direla ezarri zuen. Eta legeak aipatzen dituen jarduerak? Tribunalak ez du ukatzen halakorik ezin direnik egin, baina beti ere marginal eta esporadikoak badira.

Honen ildotik, Gizarte Segurantzak 11/2024 kudeaketa irizpidea argitaratu zuen. Bertan argitu zuen ezintasun absolutuagatiko pentsioa jasotzea eta, aldi berean, Gizarte Segurantzaren erregimenen baten barruko lanen bat egitea bateraezinak direla. Hortaz:


⇒ Erabateko ezintasun iraunkorrean ez bezala, ezintasun absolutuagatiko pentsioa jasoko bagenu, ezingo genuke, aldi berean, lanik egin, ez inoren kontura ez norberaren kontura (autonomo moduan). Bestela esanda, ezin da Gizarte Segurantzako ezein erregimenetan lanik egin.

Zenbait jarduera egin daitezke, beti ere marginal eta esporadikoak badira. Hau da, noiz edo noiz diruren bat jaso zenezake jardueraren batengatik, baina jarduera hori ezin da iraunkorra izan, adibidez, dirutxoren bat jaso ahal duzu ekitaldiren batean musika tresnaren bat jotzeagatik edo, pintura zaletua bazara, koadroren bat saldu ahal duzu edo streaming plataformaren batean eskupeko puntualen bat jaso zenezake…


Beraz, aurreko atalean ikusi dugunez, enpresak gure lanpostua egokitu ahal du edo gure egoera berriarekin bateragarria den beste lanpostu bat eskaini. Halakoetan, lanean jarraitu nahi bagenu, egin genezake. Hori bai, ez genuke, aldi berean, ezintasun pentsiorik jasoko. Eta gauza bera gertatuko litzateke beste enpresa edota beste lan batean hasiz gero.

Lana utziko bagenu, pentsioa jasotzeari ekingo genioke. Bestetik, erretiro adinera behin helduta, aukera genezake ze pentsio jaso nahi dugun: ezintasun iraunkorragatiko pentsioa edo erretiroagatiko pentsioa.

Kotizazio betebeharrak

Ezintasun iraunkor absolutuaren pentsioa jaso ahal izateko aldez aurretik gutxieneko kotizazio batzuk pilatuta izan behar ditugu.

⇒ ADI! Gutxieneko kotizazioak eskatuko dira, baldin eta arrazoia gaixotasun edo istripu arrunta izan bada. Lan istripuagatik edo gaixotasun profesionalagatik izanez gero, ez da aldez aurretiko kotizaziorik eskatuko.

  •  Arrazoia gaixotasun edo istripu arrunta izan bada (Gizarte Segurantzan alta egoeran):

– 31 urtetik beherakoa bazara: 16 urte bete zenituenetik momentura arteko denboraren heren bat (1/3) kotizatzen eman behar izan duzu. Adibidez, 28 urteko langile batek 4 urte kotizatu behar izan ditu:

28 – 16 = 12 urte pasatu dira
12 urte zati 3 = 4 urte, hau da, pasatutako denboraren herena, (1/3)

– 31 urtetik gorakoa bazara:

           – 20 urte bete zenituenetik momentura arteko denboraren laurden (¼) bat kotizatzen eman behar izan duzu. Gutxienez 5 urte izan behar dira.
           – Gutxienez bosten bat (1/5) azken hamar urteetan zehar izan behar izan da.

  • Arrazoia gaixotasun edo istripu arrunta izan bada (Gizarte Segurantzan altan egon gabe): 

Lanean ez bazaude ere, ezintasun iraunkor absolutua eska zenezake, Gizarte Segurantzaren 195.4 artikuluak jasotzen duenez: gertakizun edo kontingentzia arruntek ezintasun absolutua edo ezintasun handia sorrarazi badute, pentsioa jaso ahal izango da, nahiz eta Gizarte Segurantzan alta edo altaren pareko egoeran ez egon gertaera eragilearen momentuan.  

Arrazoia gaixotasun edo istripu arrunta izan bada eta langilea ez badago alta egoeran, pentsioa jaso ahal izango da. Edozelan, kasu honetan ere gutxieneko kotizazio batzuk beharrezkoak izango dira:

– Aldez aurretik 15 urtez kotizatu behar izan da, oro har. Hauetatik, 3 urte kotizatu behar izan dira azken 10 urteetan zehar.

Gertaera eragilea

Zenbaitetan gerta liteke aldez aurretik aldi baterako ezintasun egoeran egotea. Hau da, istripua gertatu da edo gaixotu gara eta laneko baja eskatu dugu, baina, baja arrunta amaituta edo baja bitartean, konturatu gara gure patologiak ondorioak utzi dizkigula eta ezintasun iraunkorra eskatzeko prozeduran hasi beharko garela.

Honelakoetan, hau da, ezintasun iraunkorra aldi baterako ezintasun egoeraren ostean datorrenean, ulertuko da gertaera eragilearen data dela aldi baterako ezintasuna (laneko baja) amaitu denean. Amaiera hau izan daiteke, bai bajan egon daitekeen gehieneko denbora pasatu delako, bai alta medikoa eman dizutelako ezintasun iraunkorra aitortzeko proposamenarekin.

Eragin ekonomikoak, hau da, pentsioa jasotzen hasteko momentua izango da Gizarte Segurantzak ebazpena ematen duenean. Hau da, bajagatiko prestazioa jasotzeari utzi zenionetik hasiko zinateke pentsioa jasotzen. Edozein kasutan, pentsioagatik jaso behar duzun diru kopurua handiagoa bada laneko bajagatik jasotzen zenuena baino, atzeraeraginez aplika dezakete.

Beste batzuetan, ezintasun iraunkorra ez dator aldi baterako ezintasunean egon ostean. Honelakoetan gertaera eragilearen data izango da ezintasunak baloratzen duen taldeak ebazpen-proposamena eman duen eguna. Eragin ekonomikoak ere egun berean hasiko lirateke.

Langilea ez bazegoen alta egoeran: gertaera eragilearen data izango da eskaera egin dugun momentua eta eragin ekonomikoak ere egun horretan hasiko lirateke.

Zenbat jasotzen da?

Hilabeteroko pentsioa jasotzen da. Oro har, oinarri arautzailearen %100 izaten da. Hala ere, oinarri hau kalkulatzeko, hainbat faktore hartzen dira kontuan, hala nola, kotizazio oinarriak, ezintasunaren arrazoia zein izan den, langilearen adina…

Lan gaixotasun edo istripuagatik izan denean, pentsioaren zenbatekoa %30 edo %50 handitu liteke, enpresak lan osasun eta segurtasun arauak ez betetzeagatik suertatu bada. Gainkargu hau enpresak hartuko luke bere gain.

Jubilatzeko adina badaukazu, baina ez badituzu erretiroagatiko pentsioa jasotzeko baldintzak betetzen, gutxieneko kotizazioarekin jubilatuko bazina bezala izango litzateke, hau da, oinarri arautzailearen %50 jasoko zenuke.

Gaixotasun edo istripu arruntagatik izan bada, 14 paga jasoko zenituzke eta, lanekoa izan bada, 12 paga (aparteko paga biak hainbanaturik edo “prorrateaturik”).

Oinarri arautzailea zelan kalkulatzen den ezagutu nahi baduzu:

Gutxieneko zenbatekoak

Pentsio kontributibo guztiekin gertatu bezala, gutxieneko batzuk bermatuta daude. 2026rako gutxieneko zenbatekoak honako hauek dira:

Patologien nondik-norakoak

Lehen esan dugun bezala, patologia edo lesio larriak pairatu behar ditugu; izan ere, lan egitea galarazi behar digute.

Ezintasun iraunkorra sorraraz dezaketen gaixotasunen zerrenda ofizialik ez dago. Hala ere, hainbat patologia halakotzat jo ohi dira, bide administratibo zein judizialetik.

Edozelan, ezintasuna ez da aitortzen gaixotasun zehatz bat pairatze hutsagatik, baizik eta gaixotasun edo lesio horrek lan gaitasuna murrizten duen moduagatik. Honela, baliteke pertsona bik gaixotasun berbera izatea, baina bakar baten jardun laborala egotea murriztuta. Era berean, gaixotasun berberak langile bati ezintasun maila altuagoa sorrarazi diezaioke beste bati baino.

Orrialde honetan ezintasun iraunkorra sorraraz dezaketen gaixotasunen zerrendatxo bat daukazue:

Zelan eskatzen da?

Lehen aipatu dugunez, normalean ezintasun iraunkorra aldi baterako ezintasunaren ostean etortzen da. Beraz, Osakidetzak edo Osasunbideak, Gizarte Segurantzak edo mutualitateak ezintasun iraunkorra aitortzeko prozedurari ekin diezaiokete tarte horretan.

Beraz, aldi baterako ezintasun egoera amaitu arte itxaron liteke, ea Gizarte Segurantzaren Institutuak berak ezintasun iraunkorrerako proposamena egiten duen. Denbora hau, luzapenekin, orotara, 545 egun dira.

Baliteke hala ez gertatzea. Kasu honetan zuk zeuk eska zenezake. Era berean, zeuk eskatu beharko zenuke derrigorrez, ez bazara aldez aurretik aldi baterako ezintasun egoeran egon.

Eskaera Gizarte Segurantzaren Institutuari egin behar zaio.

Eskaera-orria bete beharko duzu. Ondoko loturatik jaitsi ahal izango duzu:

Honetaz gain, beste dokumentu batzuk ere beharko dituzu. Besteak beste:

  • Identifikazio dokumentua (NAN edo NIE, pasaportea)
  • Osakidetza edo Osasunbidearen historial klinikoa
  • Lan gaixotasun edo istripuagatik izan bada, honen berri ematen duen parte administratiboa beharko duzu eta, gainera, aurreko urteko soldaten egiaztagiria.

Dokumentazio guztia HEMEN kontsulta dezakezu edo, bestela, eskaera-orri ofizialean.

Aurrez aurre eskatu ahal duzu bulegoetan (gogoratu aldez aurretiko hitzordua eskatu behar dela) edo, bestela, prestazioaren eskaera ONLINE ere egin daiteke. Honako helbidetik egin dezakezu: