Gazteei zuzendutako etxebizitza-laguntza hauek 2023ko abenduaren 26an onartu ziren azkenik, 2024ko urtarrilaren 16ko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta otsailaren 20an hasi da eskaerak egiteko epea. “Azkenik” diogu, baina ez aho bateko aldarrikapen soziala izan delako, baizik eta Gasteizko Gobernuak harrezkero zazpi aldiz aurkeztua baitzuen diru-laguntza hau. Lehendakaritzaren proiektu izarretako bat da, antza, hauteskundeen atarian.

Gogoratu EAEn Gaztelagun ere badagoela martxan, Etxebizitza Sailak kudeatzen duen alokairu-laguntzen programa, alegia. Geroxeago zehaztuko dugunez, Gaztelagun eta Emantzipa ez dira bateraezinak eta, hortaz, biak aldi berean jaso daitezke, baldintzak betez gero. Gaztelagun alokairu-laguntzaz gehiago jakin nahi baduzu, begirada bat bota ahal diozu hurrengo artikulu honi:

Zalantza barik, diru-laguntza hau jasoko duten gazteei ez zaie txarto etorriko, baina hau ez da gazteek, eta denok, oro har, etxebizitzarekin dauzkagun arazoen konponbidea, inondik inora. Gazteen emantzipaziorako gakoak errazak dira: lan baldintza duinak, behar bezalako soldatekin, eta etxebizitza politika eraginkorra. Urte bitarako subentzioa txaplata hutsa da, enpleguaren prekarietateak eta ezegonkortasunak beren horretan badiraute, gazteen batezbesteko soldata gero eta baxuagoa bada (Eusko Jaurlaritzak berak emandako datuen arabera, 2023an 100€ baxuagoa izan zen 2010ean baino) eta etxebizitza, espekulaziora eta turismora bideratutako ondasun bihurturik, ez bada eskubide moduan bermatzen.

Zertan datza?

Etxebizitza ordaintzeko diru laguntza da. Alokairurako ez ezik, hipoteka pagatzeko ere eska daiteke.

Nori dago zuzenduta?

Emantzipatu diren 25 eta 29 urte arteko gazteek eska dezakete.

Honek esan nahi du, jakina, zure familiatik aparteko etxebizitza batean bizi behar zarela (gurasoen edo bigarren gradura arteko senideen etxebizitzak sartzen dira) eta etxebizitza horrek gastu bat ekarri behar dizula hilabetero.

Babes ofizialeko etxebizitza batean bizi bazara, alokairuan edo jabetzan, ezin duzu diru-laguntza hau eskatu. Era berean, ezin duzu eskatu beste etxebizitza baten jabea bazara.

Zenbatekoa

300 euro hilean, 24 hilabetez, gehienez.

Nahiz eta diru-laguntza jasotzen ari eta 24 hilabeteak oraindik ez pasatu, 30 urte beteko bazenu, diru-laguntza etengo litzateke (30 urte betetzen dituzun hilabetean bertan).

Bete beharreko baldintzak

Errolda:

Eskatu baino urtebete lehenagotik Araba, Bizkaia edo Gipuzkoako edozein herritan erroldatuta egon behar izan zara urtebetez.

Bestela, frogatu behar izango duzu hiru urtez, segidan, erroldatuta egon zarela azken hamar urteetan zehar.

Diru-sarrerak:

Urteko diru-sarrerak ezin dira izan 3.000€ baino baxuagoak, ezta 28.000€ baino altuagoak.

Errenta aitorpena zure bikotekidearekin batera egiten baduzu, gutxienez 3.000€ eta gehienez 34.000€ izango lirateke.

Gero zehaztuko dugunez, bestelako diru-laguntza batzuk jaso ditzakegu aldi berean. Horiek ere diru-sarrerak kalkulatzeko zenbatuko lirateke; hala ere, aparte geratuko lirateke etxebizitzarekin zerikusia daukatenak:

– Gaztelagun programako diru-laguntzak
– Etxebizitzarako prestazio osagarria eta etxebizitzarako prestazio ekonomikoa
– Alokairua ordaintzeko eskatutako larrialdi sozialeko laguntzak

Eta lagunekin edo bikotekidearekin biziz gero?

Ez du ardura. Berdin da pisua konpartitzen duzun edo bakarrik bizi zaren. Baldintzak betetzen badituzu, diru-laguntza eska zenezake. Gauza bera egin dezakete zure pisukideek edo bikotekideak.

Gainontzeko diru-laguntza guztiekin gertatu ez bezala, kasu honetan ez dira bikotekidearen edo bizikideen diru-sarrerak kontuan hartzen. Nahiko “kuriosoa”.

Etxea konpartitzen baduzu, alokairu kontratuan zure izena ere azaldu behar da derrigor. Hala ere, zenbaitetan, bizikide bakar bat arduratzen da alokairu osoa ordaintzeaz eta besteek berari ordaintzen diote euren zatia. Berez, ez litzateke arazorik egongo, baina ordainketa biak egiaztatu beharko dituzue: etxeko jabeari egin diezuen ordainketa orokorra eta bizikideari egin diozun ordainketa indibiduala.    

Edozelan, etxebizitza bakoitzeko hiru diru-laguntza baino ez dira emango.

⇒ Adi! gela bat alokatzen baduzu edo berrakuran bazaude (gaztelerazko “subarriendo”, hau da, jadanik alokatuta dagoen pertsona bati alokatzen badiozu), ezin duzu diru-laguntza hau eskatu.  Formula hauek erabili behar dituzten gazte gehienak migratuak (eta, sarri-askotan, arrazializatuak) direla kontuan hartuta, ez zaigu batere arraroa iruditzen. Ondo ezagutzen dugu Eusko Jaurlaritzaren arrazakeria instituzionala.

Beste laguntza batzuekin bateragarria al da?

Diru-laguntza hau eska dezakezu, nahiz eta ondoko laguntza hauetako bat edo batzuk jaso:

– Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta,
– Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera
– Inklusio sozialerako bestelako errenta publikoak.
– Larrialdi Sozialeko Laguntzak
– Gaztelagun programa
– Etxebizitzarako Prestazio Osagarria edo Etxebizitzarako Prestazio Ekonomikoa

Hortaz, adibidez, demagun alokairuan bizi zarela eta Gaztelaguneko diru-laguntza jasotzen ari zarela (300€). Emantzipako diru-laguntza ere eskatu eta ematen badizute (300€), 600 euro jasoko zenuke, oro har.

Hau ere ez da batere ohikoa. Gainontzeko diru-laguntzekin, Gaztelagun programarekin, kasu, kontrakoa gertatzen da: subentzioak pilatzea, batez ere helburu bera daukaten horiek, galarazita egoten da. Honetaz ere esango genuke nahiko “kuriosoa” dela, baina aurreko guztia kontuan hartuta, uste dut “elektoralista” dei diezaiokegula, bere letra guztiekin.

Dokumentazioa

ADI! Ez da beharrezkoa zuk dokumentu guzti-guztiak atxikitzea. Izan ere, administrazioak berak eskuratu eta kontsultatu ahal ditu. Beraz, eskaera egiten duzunean, posible izango duzu erantzukizunpeko adierazpena betetzea eta administrazioari baimena ematea datu horiek egiazta ditzan.

⇒ Derrigorrez atxiki behar duzun dokumentazioa:

• Alokairuan bizi zarela edo etxe bat erosi duzula egiaztatzeko:

– Alokairu kontratua. 2015etik derrigorra da EAEko Alokairu Kontratuen Erregistroan inskribatzea eta fidantza gordailuan uztea. Zure alokairua erregistraturik baldin badago, inskripzioaren ziurtagiria edo fidantza gorde izanaren egiaztagiria atxikitzea nahikoa izango litzateke. Hala ere, alokairua ez badago erregistraturik, alokairu kontratuaren kopia eman beharko duzu.

– Salerosketa kontratua. Jabetza Erregistroan inskribaturik badago, honen informazioa ematen duen ohar soila. Ohar soil hau ORRIALDE HONETAN eska dezakezu “Nota simple” atalean. Izapide honengatik ordaindu beharko duzu: 9,02€ + BEZa. Erregistraturik ez badago, salerosketa kontratuaren kopia eman beharko duzu.

• Etxebizitzaren ordainketa:

Alokairuaren edo hipotekaren azken ordainketaren egiaztagiria. Banku bitartez izan behar da: transferentzia, bizum, ordainketa elektronikoa…

Gogoratu, lehen esan dugun bezala, pisua konpartitzen baduzu eta beste lagun batek alokairu osoa ordaintzen badu, egiaztagiri orokor horretaz gain, lagunari zure zatia ordaindu izanaren egiaztagiria ere aurkeztu behar duzula.

• Hirugarrenen alta:

Administrazioak diru-laguntza kontu korrontean ordaindu ahal izateko, hirugarrenen erregistroan egon behar zara izena emanda. Hau kontu oso erraza da: administrazioari zure banku datuak ematea baino ez da. Dokumentua HEMENDIK jaitsi ahal duzu. Edo, bestela, telematikoki egiteko aukera ere badaukazu ESTEKA HONETATIK.

• Beste etxebizitza baten titularra ez zarela egiaztatzeko:

Hau Jabetza Erregistroaren bitartez egin behar da, kokapen-oharra deritzon dokumentazioa bertan eskatuta. ORRIALDE HONETATIK egin dezakezu “Nota de localización” atalean.

Adi! Online eskatzeko, ziurtagiri digitala edo NAN elektronikoa beharko duzu. B@kq sistemak ez dizu balioko, zerbitzu estatala denez gero. Bestela, bulegoetan aurrez aurre eskatzeko, hemen utziko dizkizuegu bulego guztien helbideak herrialdeka:

ARABA
BIZKAIA
GIPUZKOA

Bulego bakoitzaren estekan sakatu eta beste orrialde bat zabalduko zaizu. Tanta bat behera egiten baduzu, bulego zehatz horretako telefonoa, mapa eta ordutegia aurkituko dituzu. Izapide honengatik ordaindu beharko duzu: 9,02€ + BEZa.

Esan bezala, ezin duzu etxebizitza bat jabetzan eduki. Honetan salbuespenak badaude, hala nola, banandu bazara eta etxetik irten behar izan bazara. Honela balitz, dagokion dokumentazioarekin egiaztatu beharko zenuke.

Harrigarria bada ere, Gaztelagun programako diru-laguntzak eskatzen badituzu, Jabetza Erregistroko konprobazioak administrazioak berak egiten ditu; hala ere, Emantzipa programako beste diru-laguntza hauen kasuan norberak eman (eta ordaindu) behar ditu. Enpin!

Administrazioak egiazta dezakeen informazioa

• Zure datu pertsonalak: NAN eta adina

• Errolda

• Diru-sarrerak
Errenta aitorpenaren datuak ikusiko ditu; ez bazaude errenta aitorpena egitera behartuta (gutxienekora heltzen ez zarelako) 10T, bizi laborala eta bestelakoak egiaztatuko ditu.

Erantzukizunpeko adierazpena.

Ez da beharrezkoa aparteko dokumenturik atxikitzea. Eskaera egiten duzunean laukitxoak markatu baino ez duzu egin beharko. Honen bitartez adieraziko duzu baldintzak betetzen dituzula eta, administrazioak eskatuz gero, horren inguruko dokumentazioa emango diozula.  

Dokumentazioaz informazio gehiagorik nahi izanez gero, HEMEN kontsulta dezakezu.

Eskaera

Epea: 2024ko otsailaren 20tik 2024ko azaroaren 29ra arte, biak barne

  • Aurrez aurre

Zuzenean, herritarren arretarako zerbitzuan eska dezakezu:

Zuzenean:

Bilbo: Kale Nagusia 85
Donostia: Andia 13
Gasteiz: Ramiro de Maeztu 10

Informazio telefonoa: 945 01 80 00

Gogoratu aldez aurretiko hitzordua beharrezkoa dela. Hitzordua telefonoz edo internetez eska dezakezu:
          Hitzordua lotzeko telefonoa: 945 01 90 00
          Webgunea: https://www.euskadi.eus/

  • Online

Online egiteko, B@kq identifikazio elektronikoa beharko duzu derrigorrez. Jakin nahi baduzu zelan funtzionatzen duen eta zelan eskuratu ahal duzun identifikazio hau, bota begirada bat beste artikulu honi:

B@kq identifikazioa baldin badaukazu, izapidea ondoko helbide honetatik egin beharko duzu: