Genero arrakala murrizteko pentsio-osagarria 2026an
Azken eguneraketa: 2026/03/05
— 3/2021 Dekretuaren 1. artikulua
— Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 60. artikulua
— 2/2023 Lege Dekretua (pentsio erreformarena)
— 3/2026 Lege-dekretua, pentsio publikok errebalorizatu eta Gizarte Segurantzako beste neurri premiazko batzuk ezartzen dituena
Genero arrakala murrizteko osagarria 2026an 36,90€ hilean izango dira seme-alaba bakoitzeko.
Amatasun osagarritik genero arrakala murrizteko osagarrira (aurrekariak)
Seme-alaben zaintza lanak emakumeen bizkar egoteak anitz ondorio ditu lan ibilbideetan: kotizazio etenaldiak, jardunaldiaren murrizketak, kotizazio oinarri txikiagoak, eszedentziak eta honek guztiak izan ditzakeen ondorioak lan ibilbidearen garapenean eta sustapen laboralean… hala ere, amatasuna ez da soldata eta pentsio arrakala sorrarazten duen aldagai bakarra.
Osagarri hau 2016tik existitzen da eta amatasun edo seme-alabengatiko osagarri moduan ezagutzen dugu. PPren Gobernuak onartu zuen bere momentuan eta, funtsean, nolabait pentsioetan gizon eta emakumeen artean dagoen arrakala samurtzeko helburua bazeukan ere, PPk ez zuen hau ezein momentutan esplizitatu.
Izan ere, “Familiei Laguntzeko Planaren” barruan formulatu zuen, seme-alabak ekarri dituzten emakumeei “ekarpen demografikoa” egiteagatiko “sari” moduan (Francoren sasoian familia aniztunei sariak ematen zitzaizkien antzera). Honela, genero arrakala nahita ezkutatu zuten eta “jaiotzak edo natalitatea sustatzeko” bitartekoa zela defendatzera ere heldu zen; hau da, emakumeen kontrako diskriminazio bat konpontzeko bitartekoa izan behar zena, funtsean, zaintza lanak emakumeen bizkar uzten eta sustatzen zuen tresnatzat konfiguratu zen.
Bada, arrazoi hauengatik, 2019ko abenduan Europako Auzitegiak ebatzi zuen, formulaturik zegoen moduan, Europako Berdintasun Zuzentarauaren kontrakoa zela. Ekarpen demografikoa egin izana baldin bada arrazoia, gizonezkoek ere, ekarpen horretan parte hartzen dutenez, osagarria jasotzeko eskubidea izan beharko lukete. Honela, hainbat gizon hasi ziren eskatzen eta hainbat epaitegi arrazoia ematen. Esan barik doa honek guztiak pentsio arrakala samurtu beharrean, areagotu baino ez duela egiten.
Aurreko osagarriarekiko ezberdintasun nagusiak
⇒ Lehenbiziko seme edo alabatik aurrera kobratzen da. Osagarri zaharra seme-alaba bi edo gehiago ekarriniko emakumeek baino ezin zuten eskatu.
⇒ Zenbateko finkoa da. 2026. urterako 36,90 euro hilean izango dira. Lehen, ehuneko bat kobratzen zen (seme edo alaba birengatik %5, hirugatik %10; lau edo gehiagogatik, %15).
⇒ Pentsio osagarria denez gero, pentsio kontributiboak eguneratzen diren neurri berean eguneratuko da eta eguneratzea automatikoa izango da Aurrekontu Orokorrek ezartzen duten portzentajean.
⇒ Aurreko osagarriak aldez aurretiko borondatezko erretiroak kanpoan uzten zituen. Osagarri berria, ordea, kasu hauetan ere eskatu ahal izango da.
⇒ Osagarria pentsio arrakala dirauen artean egongo da indarrean (%5etik behera jaisten ez den artean, alegia).
Zenbatekoa
Azaldu dugunez, zenbateko finkoa kobratzen da. Zenbateko hau igoko da pentsioak errebalorizatzen diren neurri berean. Azken pentsio erreforman ezarri denez, pentsioak urtero KPIaren arabera igoko dira eta, hortaz, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 58. artikuluan islatuta geratu denez, osagarriak ere hein berean egingo du.
Laburbilduz, 2026. urterako, seme-alaba bakoitzeko 36,90 euroko osagarria jasoko dugu, 14 ordainsaritan; hau da, urteko 12 ordainsari gehi aparteko paga bi (pentsio kontributiboak jasotzen diren bezalaxe). Edo, bestela esanda, urte osoan 516,60€ jasoko ditugu seme-alaba bakoitzeko.
Seme-alaba kopurua | Euroak/hilean (14 ordainsaritan) | Euroak/urtean |
1 | 36,90 | 516,60 |
2 | 73,80 | 1.033,20 |
3 | 110,70 | 1.549,80 |
4 edo gehiago | 147,60 | 2.066,40 |
Zenbateko osoa jasoko da kasu guztietan, baita gutxieneko eta gehieneko pentsioetan; hau da, ez da honengatik xurgatuta edo absorbatuta geratuko. Bestela esanda, gutxieneko pentsioa jasotzen baduzu eta Estatuak gutxieneko osagarria ematen badizu ere, beste osagarri hau bete-betean jasoko duzu.
Ikusten baduzue aurten osagarri hau gutxiago igo dela aurreko urteekin konparatuta, horra hor azalpena:
Azken pentsio erreforman ezarri zenez, osagarri hau ere KPIaren arabera igo behar da. Honetaz gain, 2024. eta 2025. urteen artean osagarriak %10eko aparteko igoera izango zuela ezarri zen (2/2023 Lege-Dekretuko Lehen Xedapen Iragankorra). Aurreko urte bietan, beraz, KPI igoerari %5eko aparteko igoera ere aplikatu zitzaion. Hala ere, 2026tik aurrera, osagarri hau KPIa baino ez da igoko (%2,7 aurten).
Ze pentsiotan aplikatzen da?
— Pentsio kontributiboetan aplikatzen da, izan hauek erretiroagatik, ezintasun iraunkorragatik edo alarguntzagatik. Pentsio ez kontributiboa jasotzen baduzu, ezin izango duzu eskatu.
— Seme edo alaba bakar batekin ere eskatu ahal da (lehengo osagarria seme-alaba bitik aurrera jasotzen zen).
— 2021eko otsailaren 4tik aurrerako pentsioetan aplikatuko da. Ezin da atzeraeraginez eskatu, hau da, aurretiaz jubilatutako emakumeek ezin izango dute eskatu.
— 2016an sortu zen amatasun osagarria jasotzen ari den jendeak jasotzen jarraituko du. Ez da osagarri berria eskatu beharko.
— Aldez aurretiko borondatezko erretiroak: aurreko osagarriak modalitate hau kanpoan uzten zuen.
— Erretiro partziala: jubilazio partziala hartzen badugu, ez zaigu osagarria jasotzeko eskubiderik aitortuko. Hori bai, erretiro partzialetik erretiro osora pasatzen garenean, orduan bai hasi ahal izango gara osagarria jasotzen.
Nork eskatu ahal du?
Azaldu dugunez, Legea martxan jarri zenean, helburua emakumeok pairatzen dugun pentsio arrakala samurtzea izan zen. Hori dela eta, osagarria emakumezkoek jasotzen zuten berez. Edozelan, gizonezkoek ez zeukaten galarazita osagarria eskatzea, baina bestelako baldintza batzuk bete behar zituzten horretarako.
Hala ere, Europako Justizia Auzitegiak, 2025eko maiatzaren 15eko epaiaz, zera ezarri zuen, osagarria emakumezkoei eta gizonezkoei baldintza berdinetan aplikatu behar zaiela eta, hortaz, jadanik ez zaizkiola gizonezkoei Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko 60.1.a) eta 60.1.b) artikuluek dakartzaten betebeharrak eskatu behar.
Hortaz:
— Seme-alaba bakoitzagatiko osagarria eskatzen duen gurasoari aitortuko zaio. Berorrek jasotzen jarraituko du, baldin eta beste gurasoak ez badu eskatzen.
— Beste gurasoak eskatzen badu, pentsio publiko baxuena jasotzen duenari esleituko zaio. Guraso bien pentsioen zenbatekoa berbera balitz, lehenbiziz eskatu duenari esleituko zaio.
— Osagarri hau ez da aitortuko, baldin eta guraso-ahala (gaztelerazko “patria potestad”) galdu bada.
— Era berean, osagarria ez zaio aitortuko emakumeen kontrako indarkeriagatik kondenatua izan den aitari, ezta seme-alaben kontrako indarkeriagatik kondenatua izan den aitari edo amari.
Eskaera
Erretiro pentsioa eskatzeko orria betetzen dugunean, hantxe azalduko zaigu osagarria ere eskatzeko aukera. Bertan datuak eman baino ez dugu egin beharko.
Eskaera orria, osorik, jaitsi nahi baduzu, HEMENDIK egin dezakezu.
Bestetik, zalantzarik izanez gero, hemen daukazu Gizarte Segurantzaren informazio telefonoak pentsio eta beste prestazioen inguruan:
Eta bulegoetara jo nahi izanez gero, gogoratu beharrezkoa dela aldez aurretiko hitzordua eskatzea. Bulegoen bilatzailea HEMENTXE daukazu.
Pentsio arrakala
Pentsioen sistema publikoa lanaren banaketa sexista eta diskriminatzailearen gainean dago eraikita. Emakumeok lan munduaren parte garen arren, gure lan baldintzak ez dira gizonezkoen lan baldintzekin parekatu eta, honetaz gain, zaintza lanen erantzunkidetasunik ere ez da lortu. Bereizkeria sexistaren emaitzetako bat soldata arrakala da. Baina bidegabekeria hau, emakumeen momentuko bizi baldintzetan eta independentzia ekonomikoan kalte larria eragiteaz gain, pentsioetan ere badauka eragin beltza: emakumeon soldatak %25 baxuagoak diren bitartean, pentsioak %40 txikiagoak izatera heltzen dira.
Hasieran esan dugun bezala, seme-alaben zaintza emakumeen bizkar egoteak gure lan ibilbidean eragina izan badauka: kotizazio etenaldiak, promozio eta sustapenik ez enpresetan, jardunaldi murrizketak… baita kaleratzeak ere. Baina hau ez da soldata arrakalaren eta pentsio arrakalaren arrazoi edo faktore bakarra.
Bestetik, esan behar da lan bazterkeria indar handiagoz pairatu duten eta pentsio are baxuagoak jasotzen dituzten gure aurreko belaunaldiak kanpoan uztea sekulako bidegabekeria dela. Areago, honelako osagarri batez hitz egiten ari garela, emakume horientzat umeak ekartzea ia ekidin ezineko betebeharra izan baitzen, zaintza ehuneko ehunean euren bizkar.
Soldata arrakala hobeto ulertu nahi baduzu, koaderno sindikal honetan gako nagusiak topatuko dituzu:


