• Langileak lana uztea erabakitzen duenean, esan dugunez, ez ginateke langabezia-egoera legalean egongo, salbu eta ondoko kasuetan:
— Lan baldintzen aldaketa substantzialagatik izan bada (Langileen Estatutuko 41. artikulua eta 50. artikulua)
Kasu honetan langileak kontratua amaitutzat emateko eskubidea dauka eta, hala ere, langabezia-egoera legalean egotera pasatuko litzateke. Honetaz gain, lan egindako urte bakoitzeko, 20 eguneko kalte-ordaina jasotzeko eskubidea izango luke (9 hilabeteko mugarekin):
• Lan baldintzen aldaketa substantzialak kalteren bat badakarkigu. Kalte hau ekonomikoa izan daiteke edo beste era batekoa, hala nola, zaintza betebeharrekin bateraezina izatea. Kasu hauetan langileak lan harremanaren amaiera eska lezake.
Edozelan, lan harremanaren amaiera ez da automatikoa. Enpresari eskatu behar zaio. Enpresak onartu ezean, auzitegietara jo beharko litzateke.
• Bestetik, lan baldintzen aldaketa auzitegietan inpugnatzeko aukera ere badaukagu. Aldaketa justifikatua izan dela ebazten bada, oraintxe komentatu moduan, lan harremana amaitutzat emateko aukera izango genuke. Hala ere, justifikaziorik gabeko aldaketa izan dela ebazten bada, langilea lanpostura itzuli beharko litzateke lehengo baldintza berberetan. Enpresak langilea berriro hartzeari uko egingo balio ere, lan harremana amaitutzat emateko eska genezake. Azken kasu honetan, kalte-ordaina kaleratze bidegabeetarako berbera izango litzateke.
— Mugikortasun geografikoaren kasuetan (Langileen Estatutuko 40. artikulua eta 50. artikulua)
Lan baldintzen aldaketa substantzialarekin gertatzen den bezala, enpresak mugikortasun geografikoa inposatzen badigu, lan harremanaren amaiera eskatzeko aukera daukagu eta langabezia-egoera legalean egotera pasatuko ginateke.
Lantoki aldaketa honek gure bizitokia ere aldatzera behartu behar gaitu, hau da, herri bereko beste lantoki batera baldin balitz, ez litzateke mugikortasun geografikotzat hartuko.
Aurreko puntuan azaldu dugunez, lan harremana amaitutzat eman genezake (lan egindako urte bakoitzeko 20 eguneko kalte-ordainarekin) edo erabakia auzitegietan inpugnatu. Justifikaziorik ez dagoela ebatziko balitz, lanpostura itzuliko ginateke edo, enpresak ukatuz gero, salatu. Kasu honetan ere kaleratze bidegabeagatiko kalte-ordaina jasotzeko eskubidea izango genuke.
— Enpresak soldata ordaintzen ez duelako edo behin eta berriro atzerapenez egiten duelako.
Enpresak ez badu ordaintzen edo atzerapenez egiten badu, lan harremanaren amaiera eska genezake. Honetarako, enpresa salatu beharko genuke. Auzitegietan frogatzen bada, kaleratze bidegabeagatiko kalte-ordaina jasotzeko eskubidea izango genuke, enpresak zor digun diru guztia ordaindu beharko liguke eta langabezia-egora legalera pasatuko ginateke.
• Beste egoera batzuk
— Atzerrian lan egiten egon bazara eta Estatura itzultzen bazara. Begirada bat bota ahal diezu ondoko artikuluei: