Estatura itzulitako migranteentzako langabezia subsidioa

Espainiar nazionalitatea badaukazu eta beste herrialde batera lan egitera joan behar izan bazara, itzulitako migranteentzako diru laguntzak jaso ahal izango dituzu.

Adi! Espainiako Estatura lan egitera etorri den migrantea bazara eta langabezia prestazioa ordainketa bakar batean jaso nahi baduzu zeure herrira itzultzeko, borondatezko itzulera plana beste atal batean daukazu azaldurik.

Bete beharreko baldintzak:

– Schengen eremuko edozein herrialdetatik, Australiatik edo Suitzatik itzuli bazara, ez dagokizu subsidio hau, zeren eta Espainiako Estatuak hitzarmenak sinatuta baitauzka herrialde hauekin. Hortaz, beste herrialde horietan kotizatu duzun denbora langabezia prestazioa eskatzeko balioko lizuke.

– Subsidio honek hitzarmenik gabeko herrialderen batean lan egin duzunerako balio dizu.

– Gutxienez 12 hilabetez lan egin behar izan duzu azken sei urteetan zehar. Izan kontuan Estatutik irten zaren azkenengo aldia baino ez dela aintzat hartzen. Esan bezala, hitzarmenik gabeko Estatuetan izan behar da, hitzarmenik egonez gero, behin itzulita langabezia eskatzeko aukera daukazulako.

– Estatutik irten baino lehenagoko sei urteetan Espainiako Estatuan lan egin izan baduzu eta kotizazioak pilatu badituzu, kasu honetan ere langabezia prestazioa edo subsidioa eskatu beharko zenuke eta ez hemen azaltzen ari garen diru laguntza.

– Estatura itzultzen zarenean langabezian eman behar duzu izena eta hilabete itxaron behar duzu subsidio hau eskatu baino lehen

– Kasu honetan ere jasotzen dituzun errentak ezin dira lanbidearteko gutxieneko soldataren %75 baino altuagoak izan (712,50 euro 2020an)

Kopurua:

Beste subsidio guztietan bezala, IPREMaren %80, hau da 430,27 euro hilean.

Iraupena:

6 hilabete. Berriztatu dezakezu 18 hilabetetara arte, hau da, 6+6+6.

Ze dokumentazio aurkeztu behar duzu?

– Eskaera dokumentu ofiziala. Honekin batera, errenta deklarazio dokumentua, subsidioa jasotzeko kontu korrontearen datuak, jarduera konpromisoa eta ogasunari informazioa eskatzeko baimena.
– DNI edo TIE
– Itzulitako migrantea zarela egiaztatzen duen dokumentua. Dokumentu hau Gobernu Delegazioetako Lan eta Gizarte Sailetan eskatu behar da. Ikus. certificado emigrante retornado
– Errenten egiaztagiria, baldin eta enplegu buelgoan hala eskatuz gero.