Borondatezko itzulera plana
Europako Batasunetik kanpoko migranteek jatorrizko herrialdera itzuli nahi badute, borondatezko itzulera plana eska dezakete. Borondatezko itzulerarako hiru modalitate daude:
- APRE (gazteleraz “abono anticipado de la prestación contributiva por desempleo”): hau ohikoena da. Langabezia prestazioa aldez aurretik eta metaturik jasotzeko aukera da.
- Borondatezko itzulera produktiboa: jatorrizko herrialdean negozio bat sortzeko.
- Itzulera humanitarioa: itzuli ahal izateko baliabide nahikorik eduki ezean.
APRE edo langabezia prestazioa aldez aurretik jasotzeko aukera
Langabezian geratzen diren migranteek, euren jatorrizko herrialdeetara itzuli nahi badute, aukera daukate langabezia prestazioa osorik eta aldez aurretik jasotzeko. Hauxe da garrantzistuena: neurri hau langabezia prestazioa jasotzeko eskubidea daukaten migranteei begirakoa da.
Bete beharreko baldintzak
• Esan bezala, beharrezkoa da langabezian apuntaturik egotea eta prestazioa jasotzeko eskubidea izatea. Hau da, langabezia prestazioa eskatu behar da. Izapide bi dira: langabezia prestazioa eskatu eta jatorizko herrirako itzulera eskatu, baina aldi berean egin daitezke. Era berean, posible da itzulera eskatzea langabezia kobratzen hasi eta gero.
• Neurri hau ez zaie migrante guztiei eskaintzen:
– Europako Batasuneko herrialderen batekoa izanez gero, ezin da eskatu. Beste aukera batzuk badaude Estatu espainolaren prestazioa jatorrizko herrialdean jasotzeko.
– Jatorrizko herrialdearen eta Estatu espainolaren artean Gizarte Segurantzaren inguruko aldebiko hitzarmena egon behar da. Herrialde hauek honakoak dira: Andorra, Argentina, Australia, Bolivia, Brasil, Kanada, Txile, Kolonbia, Ekuador, Estatu Batuak, Errusia, Filipinak, Japon, Maroko, Mexiko, Paraguai, Peru, Dominikar Errepublika, Tunez, Ukrania, Uruguai, Venezuela, El Salvador, Hego Korea, Cabo Verde eta Txina.
• Jatorrizko herrialdera itzultzeko konpromisoa hartu behar da.
– Estatura seniderik ekarri izanez gero, hauek ere alde egin beharko dute, beti ere euren erresidentzia baimena independientea ez bada (hau da, familia bateratzeagatiko erresidentzia baimena badaukate).
– Estatuan lehen ordainketa jasotzen denetik 30 egunera itzuli beharko da jatorrizko herrialdera. (Egiten diren ordainketa biak aurrerago azalduta daude). 30 egun pasatzen direnean erresidentzia baimena iraungiturik geratuko da.
– Hurrengo hiru urteetan Estatura ez itzultzeko konpromisoa hartu behar da.
Langabeziaren ordainketa
Ordainketa bi egingo dituzte
1.Eskaera onartzen dutenean, prestazioaren %40 ordainduko dute. Etxera gutun bat bidaliko dute honen berri ematen. Adi! Dokumentu hauek ondo gorde behar dira, beharrezkoa izango baitira jatorrizko herrialdean bigarren ordainketa eskatzeko. Gogoratu lehen ordainketa hau egiten dutenetik 30 egun daudela jatorrizko herrira itzultzeko.
2. Jatorrizko herrialdean beste %60a ordainduko dute. 90 egun daude hau eskatzeko lehen ordainketa egin zutenetik. Bigarren ordainketa hau jatorrizko herrialdeko Espainiar kontsulatuan (edo ordezkaritza diplomatikoan) eskatu beharko da. Erresidentzia txartel espainola eta eskaeraren onarpena (etxera bidali zuten gutuna) aurkeztu beharko dira.
Espainiako Estatura berriz itzultzea
Esan bezala, hiru urtez Estatura ez itzultzeko konpromisoa hartu behar da. Hiru urte hauek pasaturik, itzul daiteke, baina berriro eskatu beharko dira erresidentzia eta lan baimenak.
– Aldi baterako erresidentzia baimenaz egon izanez gero, Estatuan lehenagotik emadako denbora kontuan hartuko da erresidentzia iraunkorra eskatu ahal izateko.
– Iraunpen luzeko erresidentzia baimenaz egon izanez gero, erresidentzia hori berreskuratu ahal izango da.
Informazio gehiago (eskaera orri ofiziala barne)
Informazio telefonoak (SEPE):
ARABA: 945 750 898
BIZKAIA: 944 500 598
GIPUZKOA: 943 980 598
NAFARROA: 948 990 598
Borondatezko itzulera produktiboa
Laguntza hau jatorrizko herrialdera itzuli eta bertan negozio edo ekimen enpresarial bat hasi nahi duten migranteei begirakoa da. Jatorrizko herrialdea Europako Batasunetik kanpokoa izan behar da eta itzultzeko baliabiderik eza egiaztatu beharko da.
Gobernuz kanpoko hainbat erakundek kudeatzen dute laguntza hau. Erakunde zerrenda HEMEN. Beraz, modu bi daude laguntza hau eskatzeko:
• Aipatutako erakunde hauetakoren batekin zuzenean kontaktuan jarri
• Instituzioen bitartez eskatu, eurek kudea dezaten. Immigrazio eta Emigrazio Estatu Idazkaritzarekin jar daitezke kontaktuan, baina askoz errazagoa da norberaren udaleko zerbitzu sozialen bitartez egitea. Udal zerbitzuetan esan behar da borondatezko itzulera produktiboan interesaturik zaudela. Informazio zabalagoa emango dizute eta egin beharreko pausoetan lagunduko zaituzte.
Laguntza hauek barne hartzen dute, besteak beste: itzulera bidaiaren dirua, 400 euroko laguntza familiakide bakoitzeko, proiektua martxan jartzeko 1.500€ inguru.
Esan bezala, helburua da jatorrizko herrialdean proiektu bat martxan jartzen laguntzea. Hortaz, ideia hori azaldu beharko da. Ez dira zuzenean ematen diren laguntzak; aurkezten diren eskaeren artean, batzuk aukeratzen dira. Horregatik, ideia zenbat eta landuagoa, aukera orduan eta handiagoa: pentsatu ondo zein izango den negozioa, zeintzuk diren finantziazio moduak, plangintza oso bat egin…
Itzulera humanitarioa
Egoera larrian bazaude, jatorrizko herrialdera itzuli nahi baduzu eta ez badauzazu baliabide nahikorik itzultzeko, laguntza hau eska zenezake. Kasu honetan ere Europako Batasunetik kanpokoa izan behar zara. Edozelan, trata edo esplotazio sexualaren biktima izan bazara, eskatu ahal duzu, nahiz eta Europako Batasuneko herritarra izan.
Itzulera bidaia ordaintzeaz gain, diru laguntza ere jasoko da: senide bakoitzeko 400€, 50€ gehiago bidaiarako eta 100€ beste garraioren bat erabili beharko bazenu.
Lehenengo eta behin, udalera joan behar da eta zerbitzu sozialekin egon. Hauek egoeraren larritasunaren inguruko txostena egingo dute. Estatuan zenbat denbora eman den frogatu beharko da. Honetarako, inportanteena pasaportea eta errolda izango dira, baina beste dokumentu batzuk ere aurkeztu ahal dira (Osakidetza edo Osasunbidearen dokumentuak, edozein dokumentu ofizial edo gobernuz kanpoko edozein erakunderen dokumentuak).
Itzulera humanitario hau udaleko zerbitzu sozialetan bertan eska daiteke, eurek kudea dezaten.