Itzulitako migranteen egiaztagiria

2021/10/27

 

Artikulu hau Estatutik kanpora migratu behar izan diren lagunei begirakoa da. Izan ere, migrante bakarrak ez dira gurera datozenak; lan bila guretik alde egitera behartuta daudenak ere migranteak dira. Eta gogoan dauzkagu, bereziki, “hobetoen prestatutako belaunaldiko” gazteak.

 

Zertan datza?

Egiaztagiri hau beharrezkoa izango zaizu hainbat izapide egiteko. Baina, adi! Europatik kanpo joan behar izan diren eta Estatura itzuli diren langileentzako dokumentua da. Hortaz, Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoko edozein herrialdetatik, Suitzatik edo Australiatik itzuliz gero, ez duzu behar. Europatik kanpora migratu direnentzat dago pentsaturik.

Hortaz, Espainiar nazionalitatea badaukazu, lan egiteko migratu bazara eta berriro itzuli bazara berton gelditzeko asmoz, egiaztagiri hau beharko duzu egoera hau ziurtatu ahal izateko eta, besteak beste, langabezia prestazioa edo itzulitako migranteentzako langabezia subsidioa eskatzeko.

Esan bezala, dokumentu hau beharko duzu, baldin eta Estatuan gelditzeko asmoa badaukazu. Oporretan edo bisitan bazatoz, ez da beharrezkoa.

Egiaztagirian honako datu hauek islatuko dira: Estatutik azkenengoz irten zineneko data, Estatura itzuli zaren data, Europatik kanpoko herrialde horretan lanean eman duzun denbora, kotizatutako denbora eta, honetaz gain, beste herrialde horretan langabezia-prestazioa jasotzeko eskubiderik ez duzula adieraziko da.

 

Bete beharreko baldintzak

Egiaztagiri hau eskatzeko bete beharreko baldintza bakarrak dira oraintxe aipatu ditugunak:

    • Aldez aurretik Espainiako Estatuan bizi izana
    • Eskatzen duzunean estatura itzuli izana
    • Espainiako nazionalitatea edukitzea eta kanpoan egon zaren denbora osoan galdu ez izana
    • Lan egiten egon zaren herrialdea ez da Europar Batasunekoa, Europako Esparru Ekonomikokoa, Suitza edo Australia izan behar
    • Herrialde horretan lanean egon behar izan zara
    • Atzerriko herrialde horretako langabezia-prestaziorik jasotzeko eskubiderik ez izatea

 

Zertarako balio du?

Hainbat prestazio eta laguntza jasotzeko balioko dizu:

• Prestazioak:

            — Langabezia-prestazio kontributiboa: Estatutik irten baino lehen, gutxienez, 360 egun kotizatu behar izan dituzu (jakina, kotizatutako denbora hau ezin izan duzu erabili prestazioa eskatzeko). Denbora hau Estatutik irten baino lehenagoko sei urteetan zehar izan behar izan da. Informazio gehiago SEPEn.

            — Langabezia subsidioa. Hau beheko artikuluan daukazu luze azalduta. Informazio gehiago SEPEn

            — 52 urtetik gorakoentzako langabezia subsidioa: Estatutik azkenengoz irten zinenetik, gutxienez, hamabi hilabetez lanean egon behar izan zara Europatik kanpoko herrialde horretan eta zure bizi laboral osoan zehar, gutxienez, sei urtez kotizatu behar izan duzu langabeziagatik. Informazio gehiago SEPEn.

• Laguntzak:

            Hainbat laguntza eska daitezke, hala nola, itzulitakoan arazo ekonomikoak baldin badauzkazu, etxebizitzarako laguntzak edo hitzarmenak Gizarte Segurantzarekin. Hauek guztiak Ministerioak ateratako liburuxkan dauzkazu azalduta:

Egiaztagiriaren eskaera

Egiaztagiri hau eskatzea ez da derrigorra, baina kontuan hartu behar da, lehen esan dugunez, hainbat prestaziotarako beharrezkoa izango zaizula.

Urte biko epea dago egiaztagiria eskatzeko; hala ere, gomendagarria da ahalik eta arinen ateratzea.

Non tramitatzen da?

Gobernuaren Ordezkaritzan edo Ordezkariordetzan, Lan eta Immigrazio Sailean. Hemen dauzkazue helbideak:

  • ARABA: Olagibel kalea, 1. Gasteiz.
    Tf. 945 75 94 30
  • BIZKAIA: Diego López de Haro Kale Nagusia, 50.
    Tf. 94 450 94 48
  • GIPUZKOA: Pio XII Plaza, 6.
    Tf. 943 989 000.
  • NAFARROA: Gipuzkoa Zeharkalea, 50
    Tf.: 948 979 000
Dokumentazioa:

— Eskaera orria. Bulegoan bertan emango dizute. Dokumentuan azaltzen diren aukeren artean “Certificado de emigrante retornado” markatu eta zure datu pertsonalak sartu beharko dituzu.

— NAN edo pasaportea

— Estatura itzuli baino lehenago espainiar nazionalitatea bazeneukala egiaztatu behar da. Honetarako, nahikoa izango da indarrean dagoen NAN edo pasaportea. Bestela, Matrikula Kontsularraren Erregistroan izena emanda egotearen egiaztagiria eta, beharrezkoa balitz, jaiotze-agiri literala.

— Estatutik irten zineneko data. Hau pasaportearekin egiaztatu ohi da, baina horren berri ematen duten bestelako dokumentuak ere baliagarriak izan daitezke.

— Estatura itzuli zareneko data. Normalean, pasaportearekin eta hegalaldi txartelarekin egiaztatzen da hau. Matrikula Kontsularraren Erregistroan baja eman izana ez da baliagarria, itzuleraren data ez baitu ziurtatzen.

— Beste herrialde horretan egindako lana. Egindako lan hori ere egiaztatu beharko duzu, ze lan izan den eta zenbat denbora iraun zuen. Dokumentu originalak aurkeztu behar dira edo, horren ezean, konpultsatutako fotokopiak.

Inoren kontura lan egin baduzu: lan kontratuak, nominak, Gizarte Segurantzaren kotizazioak, enpresaren egiaztagiria, kaleratze karta edo kontratu amaiera egiaztatzen duen dokumentua…

Zeure kontura aritu bazara: lan egindako denbora eta jardueraren berri ematen duten dokumentuak, Gizarte Segurantzaren afiliazio eta kotizazio egiaztagiriak, zergak ordaindu izanaren egiaztagiriak…

— Migratu zinen herrialdean langabezia-prestaziorik jasotzeko eskubiderik ez daukazula egiaztatu behar da. Hau erantzukizunpeko adierazpen baten bitartez egin behar da. Adierazpen horretaz adierazi behar duzu Estatura itzuli zarenetik ez duzula beste herrialdeko langabezia prestaziorik edo subsidiorik jaso.