Importass, Gizarte Segurantzaren Diruzaintzaren izapideak egiteko atari berria

2021/04/29

Gizarte Segurantzaren Diruzaintzak izapideak online egiteko webgune berri bat jarri du martxan. Informazioa bilatzeko eta izapideetara errazago sartzeko bitartekoa da. Hemen azalduko dizuegu zeintzuk izapide egin ditzakegun webgune horretan eta zeintzuk bide dauzkagun identifikatzeko.

Ezer baino lehenago, abisatzen dizuegu, Gizarte Segurantzaren beste webgune batzuetan ez bezala, honetan ez daukagula hizkuntz aukeratzeko modurik. Hortaz, momentuz behintzat, gaztelera hutsean baino ez dago eskuragai.

Zelan sartu Importass atarira?

Modurik errazena, jakina, zuzenean sartzea da. Hauxe da helbidea: https://portal.seg-social.gob.es/

Edozelan, Gizarte Segurantzaren webgunetik (http://www.seg-social.es)  edo Gizarte Segurantzaren Egoitza elektronikotik (https://sede.seg-social.gob.es)  ere badira sarbide zuzenak.

Gizarte Segurantzaren webgunetik

Egoitza elektronikotik

Zelan dago antolatuta?

Beheko irudian ikusten duzuenez, azaltzen den lehen blokea eremu pertsonalerako sarbidea da. Honen ostean, atal ezberdinak datoz bilatzen dugun izapidea topatu ahal izateko:
            – Zerbitzu eta izapideak
            – Gehienetan bilatzen diren izapideak
            – Autonomoentzako eta etxeko langileentzako atal bereziak

Zertan datza eremu pertsonala?

Eremu pertsonalean gure datu eta txostenak aurkituko ditugu, hau da, Gizarte Segurantzak gutaz daukan informazioa bertan kontsultatu eta deskargatu ahal izango dugu. Edozelan, hurrengo puntuan ikusiko dugunez, ez da ezinbestekoa izapideak hemendik egitea; orrialde nagusitik ere sartu ahal gara.

Eremu pertsonalean zera azalduko zaigu:

1. Datu pertsonalak: Atal honetan azalduko zaizun lehenbiziko gauza zure datu pertsonalak izango dira: izen-abizenak eta Gizarte Segurantzaren zenbakia.

Horren azpian “Acceder a tus datos personales” esteka daukagu. Horra sartuz gero, kontakturako zure datuak eta helbidea konprobatu ahal izango dituzu eta, beharrezkoa denean, aldatu ere egin ahal izango dituzu (adibidez, beste etxe batera mugitu bazara, edo posta elektronikoa edo telefonoa aldatu badituzu). Honetaz gain, Gizarte Segurantzaren afiliazio dokumentua deskargatu ahal izango duzu.

2. Abisuak: Abisuak ere azaldu ahal zaizkizu, esaterako, izapideren bat hasita badaukazu, baina oraindik ez baduzu amaitu. Izapide hori momentuan amaitu ahal izango duzu edo beste momentu baterako utzi. Bestela “No hay avisos nuevos que mostrar” esaldia azalduko zaizu.

3. Egoera Gizarte Segurantzan: zure egoera laborala ikusi ahal izango duzu (Gizarte Segurantzatn altan ote zauden) eta lan harremanaren inguruko informazioa ere kontsultatu ahal izango duzu (kontratu mota, jardunaldia, kotizazio taldea, hitzarmen kolektiboa…). Zein den zure kotizazio oinarria ikusi eta kotizazio oinarrien txostena inprimatu ere egin ahal izango duzu.

4. Bizi laborala: bizi laboralaren txostena ikusi eta deskargatu ahal izango duzu.

5. Etxeko lana: etxeko langilea bazara, atal berezi bat kontsultatu ahal izango duzu. Bertan zure lan harremanaren inguruko datu guztiak azalduko dira: enplegatzailearen datuak, kotizazio oinarria, jardunaldia eta soldata… Datu hauek ezagutzeak berebiziko garrantzia dauka, besteak beste, enplegatzaileak behar besteko kotizazioak egiten ari ote den egiaztatzeko. Begirada bat bota ahal diozu hurrengo artikulu honi:

6. Dokumentuak: hemen Gizarte Segurantzaren Diruzaintzan egindako izapideak kontsultatu ahal izango dituzu eta dokumentuak eskuratu ahal izango dituzu.

7. Importass atarian egin daitezkeen izapide guztietarako sarbidea.

Hemen utziko dizuegu eremu pertsonal honen inguruko azalpen bideo bat, Gizarte Segurantzak prestatutakoa:

Zeintzuk izapide egin daitezke?

Esan dugun bezala, izapideak egin ditzakegu, bai gure eremu pertsonaletik, bai atariaren orrialde nagusitik.

Lehengo irudian berriro erreparatzen badugu, eremu pertsonalaren azpian, online egin ditzakegun izapideak aurkituko ditugu:

1. Online zerbitzu eta izapideak: edozein erregimenetako langileentzako atala da, nahiz eta beherago, geroxeago ikusiko dugunez, autonomo eta etxeko langileentzako atal berezituak ere badauden. Lehen atal honetan zera aurkituko dugu:

– Bizi laborala eta txostenak
– Altak, bajak eta aldaketak
– Ordainketen eta zorren kontsulta
– Datu pertsonalak

2. Izapiderik ohikoenak: hemen gehienetan kontsultatzen diren izapideak azaltzen dira, errazago topa ditzagun.

3. Autonomoentzako eta etxeko langileentzako atal bereziak: hemen egin daitezkeen izapideak ”Online zerbitzu eta izapideak” ataletik edo eremu pertsonaletik ere egin daitezke. Baina, honetaz gain, atal hauetan erregimen berezi bi hauen inguruko informazioa ere irakur dezakegu, hala nola ze nolako prestazioak jasotzeko eskubidea daukagun edo alta eta bajen funtzionamenduaren inguruko informazio orokorra.

Hemen daukazue Importass ataria, osotasunean, azaltzen duen bideoa:

Zelan identifikatu?

Eremu pertsonalera sartzeko zein edozein izapide egiteko, beharrezkoa da identifikatzea. Honetarako, NAN elektroniko edo ziurtagiri digitalaz gain, beste hainbat aukera badauzkagu:

  • Cl@ve

Estatuko administrazioekin egin beharreko izapideetarako balio digu sistema honek (Nafarroako administrazioarekin ere honen bitartez identifikatu ahal gara; EAEko administrazioekin, ordea, Bakq sistema erabiltzen da).

Cl@ve sistemarekin aukera bi dauzkagu: behin-behineko cl@vea edo PIN cl@vea erabiltzea (behar dugun guztietan berriztu ahal izango duguna) edo cl@ve iraunkorra erabiltzea (izapideren bat egin behar dugun guztietan erabili ahal izango dugun pasahitza). Ez baduzu internetetik izapide askorik egiten, hobe da lehenbiziko aukera, bigarren aukerarako pasahitza gogoratzea beharrezkoa baita.

Ez da prozedura zaila, baina ez da momentuan lor daitekeen zerbait. Izan ere, pare bat buelta eman behar dira: aldez aurretik erregistratu behar gara eta, gerora, cl@vea tramitatu behar dugu.

Behin erregistraturik, PIN cl@vea edo cl@ave iraunkorra aukeratu beharko dugu.

Erregistro modu hauek pausoz pauso azalduta dauzkazu beste artikulu honetan:

Identifikazioa cl@ve iraunkorrarekin

Identifikazioa PIN cl@vearekin

  • SMS bitartez

Duela hainbat hilabete Gizarte Segurantzak bide hau martxan jarri zuen izapide telematikoak erraztearren.

Seguru zuotako askok inoiz erosi duzuela zerbait internetez. Bada, sistema hau da hainbat bankuk ordainketa segurua egiteko erabiltzen dutenaren antzekoa da: erabilera bakarreko gako bat jasotzen dugu gure mugikorrean, gerora, zerbitzua erabiltzeko sartu beharko duguna.

Baina, adi! SMS bitartez identifikatu ahal izateko, beharrezkoa da Gizarte Segurantzak gure zenbakia edukitzea. Hau da, aldez aurretik informazio hori eman behar izan diogu.

Beste artikulu honetan azalduta daukazue zelan egin daitezkeen izapideak Gizarte Segurantzan, besteak beste, SMS bitartez identifikaturik.

Azkenik, beste bideo bat utziko dizuegu. Bertan, adibide moduan, azaltzen da zelan lor daitekeen bizi laboralaren txostena: