Nora jo elektrizitatearen bonu soziala eskatzeko?

2022/05/02

– 897/2017 Dekretua, kontsumitzaile zaurgarriaren figura, bonu soziala eta energia elektrikoaren kontsumitzaileen beste babes neurri batzuk arautzen dituena
– 6/2022 Dekretuaren Hogeita hirugarren Azken Xedapena, 897/2017 Dekretua moldatu duena
– 6/2022 Dekretuaren Hogeita laugarren Azken Xedapena

 

Bonu soziala elektrizitatearen fakturan jaso daitekeen deskontua da. 2022ko apirilean aldaketa batzuk egin dira honen gainean: deskontu handiagoak jasotzeko aukera luzatu da; hemendik aurrera bonua automatikoki berriztuko da; jasotzaile talde berri bat gehitu da (bizitzeko gutxieneko errenta edo gaztelerazko “ingreso mínimo vital” jasotzen duten horiek, alegia); covid-19aren izurriteak ekonomikoki kaltetutakoentzat ere luzatu da bonua jasotzeko aukera, eta, azkenik, betebeharreko baldintzak berriro ere gogortu dira, familia unitatearen kontzeptua zabaldu eta, hemendik aurrera, elkarrekin bizi direnen kide guztien errentak kontuan hartuko direlako.

Deskontu hau zailtasun ekonomikoak dituzten pertsonei bideratuta dago edo, behintzat, hala saldu izan digute 2009an martxan jarri zenetik. Bonu soziala zelan eskatu ahal duzuen azalduko dizuegu, baina ezin dugu aipatu barik utzi sistema honek premia energetikoa pairatzen duten lagun asko kanpoan uzten dituela eta, aitzitik, batere premiarik ez daukaten hainbati fakturaren zati handi bat ordaintzen zaiela.

 

Pobrezia energetikoa

Izan ere, Espainiako Ministerioak berak argitaratutako datuen arabera, Estatuan 5 milioi biztanlek edo, bestela esanda, bi milioi familia inguruk pobrezia energetikoa pairatzen dute. Hego Euskal Herrian 235.000 lagun inguruk (100.000 familiak, gutxi gorabehera) ezin dute etxea tenperatura egokian berotu (biztanleriaren %7,6k EAEn eta %10,3k Nafarroan). Denok dakigunez, labur gelditzen diren kalkuluak izaten dira hauek, errealitatea askoz gordinagoa izaten baita eta, gainera, 2020ko datuak dira, hau da, murgildu gaituzten energia krisiak eztanda egin baino lehenagokoak; hortaz, pobrezia energetikoa pairatzen dutenen zenbatekoak askoz altuagoak dira.

Bonu soziala jasotzeko baldintza ekonomikoek ez dute errealitate hau bere egiten. Izan ere, geroxeago zehaztuko dugunez, bonu soziala jaso ahal izateko, urteko errentak ezin du IPREM X 1,5 gainditu. Honek esan nahi du errenta benetan baxua daukatenek baino ezin dutela bonua eskatu. Gainera, hasieran komentatu dugunez, baldintza hauek arian-arian gogortu egiten dira, gero eta jende gehiago kanpoan utzita. Baina, era berean, familia ugariei ere ematen zaie, familia ugaria izateagatik eta errenta kontuan hartu barik. Beraz, momentu honetan abizen ezaguneko Neguriko familien edo Nafarroako Opusekoen elektrizitatearen fakturaren zati bat ordaintzen ari diren bitartean, guri erantzun diezagukete gure errenta lar altua dela bonua jaso ahal izateko, lanbidearteko gutxieneko soldata kobratzen baldin badugu, esaterako.

 

Zertan datza bonu soziala?

Esan bezala, fakturan aplikatzen den deskontua da. Hiru kategoria daude:

  • Kontsumitzaile zaurgarri edo kalteberak: %25ko deskontua
  • Kontsumitzaile bereziki zaurgarri edo kalteberak: %40eko deskontua
  • Bazterkeria sozial arriskuan dauden kontsumitzaileak: faktura osoa ordainduko da. Kasu honetan eskatzaileak kontsumitzaile bereziki zaurgarri edo kalteberaren baldintzak bete behar ditu eta, honetaz gain, administrazio publikoaren laguntza jaso behar du elektrizitate faktura ordaintzeko (administrazioak fakturaren %50, gutxienez, ordaindu behar du).

⇒ ADI! 2022ko ekainera arte deskontu hauek altuagoak izango dira:

  • Kontsumitzaile zaurgarri edo kalteberak: %60ko deskontua
  • Kontsumitzaile bereziki zaurgarri edo kalteberak: %70eko deskontua
 
Nork eska dezake?
  • 1. Diru-sarrera baxuko familiek (edo norbanakoek):

Irizpide nagusia urteko errenta da eta, hortaz, azken urteko aitorpena hartzen da kontuan.

Gehienezko diru-sarrerak:

— Kontsumitzaile zaurgarri edo kalteberak:
Urteko IPREM (8.106,28€) x 1,5 = 12.159,42€

Elkarbizitza unitatearen diru-sarrera guztiak hartzen dira kontuan: adin nagusiko kide bakoitzagatik, biderkatzailea 0,3 handituko da eta adin txikiko kide bakoitzagatik, 0,5. Honetaz gain, kideren batek desgaitasunen bat baleuka, menpekotasun egoeran balego, genero indarkeriaren biktima balitz edo guraso bakarreko familia izanez gero, biderkatzailea puntu batean handituko litzateke.

Trankil, hau artikulu amaieran hobeto azalduta daukazue, adibide zehatzekin.

— Kontsumitzaile bereziki zaurgarri edo kalteberak:
Kontsumitzaile zaurgarriei eskatzen zaien gehienezko errentaren erdia edo gutxiago jaso behar dute; hortaz, urteko gehienezko diru-sarrerak ezingo lirateke 6.079,71€ baino gehiago izan.

 

Familia osoaren diru-sarrerak hartzen dira kontuan eta, aurreratu dugunez, hau aldatu egin da. Momentura arte familia unitate fiskalaren diru-sarrerak aurkeztu behar ziren, baina orain elkarbizitza unitate osoarenak. Zer esan nahi du honek?

Familia unitate fiskala: PFEZen elkarrekin tributa dezaketen senideak, hau da, errenta aitorpena elkarrekin egin dezaketen senideak: gurasoak, adin txikiko seme-alabak eta desgaitasunen bat daukaten seme-alaba nagusiak. 2022ko apirilera arte hauen diru-sarrerak aurkeztu behar ziren.

Elkarbizitza unitatea: etxe berean elkarrekin bizi diren pertsona guztiak eta ezkontzagatik edo izatezko bikote izategatik lotura daukatenak edo bigarren gradura arteko odolkidetasun lotura daukatenak. Beraz, seme-alaba nagusiak, aitaita-amamak, izeko-osabak eta abar etxe berean bizi badira, horien diru-sarrerak ere kontuan hartuko dira 2022ko apiriletik aurrera.

Ikusten denez, aldaketa honek hainbat lagun utziko ditu kanpoan. Prestazioak ukatzeko bide antzekoa jadanik jorratua zuen PNVk gurean diru-sarrerak bermatzeko errentarekin.

 

  • 2. Gutxieneko pentsioa jasotzen duten familiek (edo norbanakoek)

Etxeko elkarbizitza unitateko kide guztiak pentsiodunak izan behar dira (bai erretiroagatik, bai eta ezintasun iraunkorragatik). Edozelan, kide guztiek jasotzen duten pentsioa gutxienekoa izan behar da. Honetaz gain, aparteko diru-sarrerarik jasotzen baduzue, hau ezin da urtean 500 euro baino gehiagokoa izan. Kasu honetan deskontua %25ekoa izango litzateke (%60koa 2022ko ekainera arte).

Bereziki zaurgarritzat jotzeko eta, hortaz, %40ko deskontua jasotzeko (%70ekoa 2022ko ekainera arte), aurreko eskakizunez gain, familia errenta ezin da urteko IPREMa baino altuagoa izan, hau da, familiakide guztien diru-sarrerak ezin dira 8.106,28€ baino gehiagokoak izan.

 

  • 3. Familia ugariak

Jadanik azaldu dugunez, familia ugaria izate hutsagatik, bonu soziala jaso liteke, kasu honetan errenta maila kontuan hartu barik. Jasoko litzatekeen deskontua %25ekoa izango litzateke (%60koa 2022ko ekainera arte).

Hala ere, familia ugaria bazarete eta zailtasun ekonomiko handiak badauzkazue, bereziki zaurgarritzat jotzeko eska dezakezue, %40eko deskontua jaso ahal izateko (%70ekoa 2022ko ekainera arte). Honetarako, familiaren errenta ezin da IPREM x 2 baino altuagoa izan, hau da, diru-sarrerak ezin dira 16.212,56 eurotatik gorakoak izan.

 

  • 4. Bizitzeko gutxieneko errentaren jasotzaileak

Hasieran aipatu dugunez, apirilean egindako aldaketetako bat izan da hau. Hemendik aurrera, eskatzaileak edo elkarbizitza unitateko beste kideren batek prestazio hau jasotzen badute, kontsumitzaile zaurgarrien taldean sartuko dira.

Hala ere, arauak ez du zehazten honelako familiak kontsumitzaile bereziki zaurgarritzat jo daitezkeenik. Hau da, %25eko deskontua jasotzeko aukera baino ez du islatzen.

 

  • 5. Covid-19 izurritearen eragin ekonomikoa pairatu dutenak

Bere momentuan kontatu genizuen bezala, kontsumitzaile zaurgarrien beste kategoria bat sortu zen 2020. urtean. Bonu soziala honen bitartez jaso ahal izateko aukera 2022ko ekainera arte luzatu da. Aipatutako artikuluan dena daukazue azalduta, baina, laburbilduz:

Diru-sarreren mugak berberak dira (IPREM x 1,5 -biderkatzailea handituta familiakide bakoitzagatik-). Hala ere, kasu honetan ez da aintzat hartzen azken urteko errenta aitorpena, baizik eta azken hilabeteko diru-sarrerak. Diru-sarrera hauek covid-19arekin zerikusia daukan arrazoiren batengatik nabarmenki jaitsi behar izan dira. Arrazoi hauek honakoak izan daitezke: langabezia, enplegua erregulatzeko espedientea, jardunaldi murrizketa zaintza betebeharrengatik, autonomoen diru-sarreren jaitsiera esanguratsua.

 

Bete beharreko baldintzak

Azaldu ditugun errenta baldintzez gain (gogoratu artikuluaren beheko aldean zehazkiago daukazula hori guztia, adibide eta taulek lagundurik), beste baldintza batzuk bete behar dira.

  • Horniduraren titularrak baino ezin du eskatu, hau da, elektrizitate kontratua bere izenean duen horrek eskatu behar du.
  • Etxean 10 kW baino gutxiago izan behar duzu kontratatuta. Seguruenik honek ez dizue aparteko arazorik emango, etxe gehienetan askoz potentzia txikiagoa kontrataturik daukagulako
  • ADI! PVPC tarifa kontratatuta izan behar duzu. Zer esan nahi du honek? PVPC gaztelerazko siglek “kontsumitzaile txikientzako borondatezko prezioa” esan nahi dute (precio voluntario para el pequeño consumidor). Araututako merkatuko tarifa da eta prezioak Administrazioak finkatzen ditu. PVPC tarifa komertzializatzaile batzuek baino ez dute eskaintzen: erreferentziazko komertzializatzaileek edo, lehen esaten zitzaien bezala, azken errekurtsoko komertzializatzaileek.

Hauexek dira erreferentziazko komertzializatzaileak. Ikusiko duzunez, bakoitza enpresa talde handiago baten parte da. Bonu soziala enpresa komertzializatzaileak tramitatu beharko dizu.

Enpresa taldea

Komertzializatzailea

Telefonoa

Webgunea

Endesa

Energía XXI

800 760 333

www.energiaxxi.com

Iberdrola

Curenergía

900 814 023

www.curenergia.es

Naturgy

Gas & Power

900 100 283

www.comercializadoraregulada.es

EDP

Baser COR

900 902 947

www.basercor.es

Repsol

Régsiti

900 101 005

www.regsiti.com

CHC

CHC COR

900 814 023

www.corenergetico.es

 
Zelan eskatu?

Esan bezala, enpresa komertzializatzaileari eskatu behar diozu. Nahi duzuna aukera dezakezu. Edozelan, guztiek eskaintzen dituzte baldintza berberak.

Honako dokumentazio hau atxiki beharko duzu:

  • Eskaera orria. HEMEN daukazue eskaera orriaren adibide bat
  • Eskatzailearen eta elkarbizitza unitateko kide guztien NAN edo NIEak
  • Eskatzailearen eta elkarbizitza unitateko kide guztien errolda ziurtagiriak
  • Senide harremana egiaztatzen duten dokumentuak atxiki beharko dituzu. Honako dokumentuak izan daitezke: familia liburua, seme-alaben jaiotza agiriak, ezkontza ziurtagiria, izatezko bikotearen erregistroa…
  • Familia ugariak: familia ugariaren tituluaren fotokopia.
  • Bizitzeko gutxieneko errenta: eskatzailea edo elkarbizitza unitateko kideren bat bizitzeko gutxieneko errenta jasotzen ari dela egiaztatzen duen dokumentua.
  • Egoera bereziak: jadanik aipatu dugunez, elkarbizitza unitateko kideren bat egoera berezian balego (desgaitasuna, menpekotasuna, guraso bakarreko familiak, genero indarkeriaren biktima…) biderkatzailea puntu batean handituko da. Hortaz, egoera horiek egiaztatzen dituzten dokumentuak ere atxiki beharko zenituzke. Hurrengo atalean hobeto azalduta daukazu hau guztia.

Komertzializatzaileak, eskaera eta dokumentazioa behin jasota, 10 egun baliodun izango ditu erantzuna emateko. Bonu soziala ukatuko balizu, arrazoia argitu beharko luke. Erabakiarekin ados ez bazaude, erreklama zenezake Kontsumo Zerbitzuetan.

Berriztapenak:

Bonu sozialak urte bi irauten ditu. Denbora hau behin pasaturik, baldintzak betetzen jarraitzen baduzu, automatikoki berriztatuko dizute. Hau da, 2022ko apiriletik aurrera ez da beharrezkoa norberak berriztapen eskaera aurkeztea, enpresak berak konprobatuko ditu datuak eta urte bi gehiagorako berriztatuko dizu.

 

Gehienezko diru-sarrerak. Adibideak.

Bonu soziala hainbat egoeratan eska daiteke: errenta baxua izateagatik, familia ugaria izateagatik, gutxieneko pentsioa kobratzeagatik etab. Errenta baxuagatik eskatzen denean, kasu bakoitzean finkatu behar da zein den dagokizun edo eskatuko dizuten gehienezko errenta. Hau hainbat faktore kontuan hartuta egiten da:

  • Norbanako bakarrak eskatuz gero, aurreko urteko errenta ezingo litzateke 12.159,42€ baino gehiagokoa izan, hau da, IPREM adierazlea (8.106,28€) bider 1,5.
  • Elkarbizitza unitatean pertsona bat baino gehiago badira, denen diru-sarrerak hartuko dira kontuan; kasu horretan, gehienezko muga zertxobait altxatuko litzateke: adin nagusiko bakoitzeko, biderkatzailea 0,3 igoko litzateke eta adin txikiko bakoitzeko 0,5.

Ikus dezagun hau zenbait adibidetan:

Eskatzailea eta adin nagusiko beste senide bat (bikotekidea, ama, seme nagusi bat, amama, neba bat…):
IPREM x (1,5 + 0,3) = 14.591,30€

Eskatzailea eta adin nagusiko bi (adibidez, bikotekidea eta seme-alaba nagusi bat):
IPREM x (1,5 + 0,3 + 0,3) = 17.023,18€

Eskatzailea eta adin txikiko bat:
IPREM x (1,5 + 0,5) = 16.212,56€

Eskatzailea eta adin txikiko bi:
IPREM x (1,5 + 0,5 + 0,5) = 20.265,70€

Eskatzailea, adin nagusiko bat eta adin txikiko bat:
IPREM x (1,5 + 0,3 + 0,5) = 18.644,44€

Eskatzailea, adin nagusiko bat eta adin txikiko bi:
IPREM x (1,5 + 0,3 + 0,5 + 0,5) = 22.697,58€

Egoera bereziak:

Biderkatzailea puntu batean handituko da eskatzailea edo elkarbizitza unitateko kideren bat hurrengo egoeraren batean dagoenean:

  • %33eko desgaitasuna, gutxienez
  • Genero indarkeriaren biktima
  • II. edo III. graduko menpekotasuna
  • Guraso bakarreko familiak

Adibideak:

Eskatzailea eta adin txikiko bat (guraso bakarreko familia bada):
IPREM x (1,5 + 0,5 + 1) = 24.318,84€

Eskatzailea eta menpekotasun egoeran dagoen adin nagusiko bat:
IPREM x (1,5 + 0,3 + 1) = 22.697,58€

Hainbat adibide eman ditugu eta azaldu dizuegu zelan egingo dituzten kalkuluak zeuen egoera zehatzetan. Edozelan, taula honetan beste adibide zehatz batzuk emango dizkizuegu, kontsumitzaile zaurgarritzat edo bereziki zaurgarritzat jo ahal izateko, gehienezko diru-sarrerak zeintzuk izan beharko liratekeen erraz ikusi ahal izateko.

 

Elkarbizitza unitatea

Gehienezko errenta (euroak/urtean)

Kontsumitzaile zaurgarria

Kontsumitzaile bereziki zaurgarria

Adin nagusiko bat

12.159€

6.080€

Adin nagusiko bi

14.591€

7.296€

Adin nagusiko bi eta adin txikiko bat

18.644€

9.322€

Adin nagusiko bi eta adin txikiko bi

22.698€

11.349€

Familia ugaria

Edozein kasutan

16.213€

Gutxieneko pentsioen jasotzailea(k)

Aparteko diru-sarrerak, gehienez, 500€ urtean

8.106€

Bizitzeko gutxieneko errentaren jasotzailea

Edozein kasutan

Ez da zehazten

Guraso bakarra eta adin txikiko bat

24.319€

12.159€

Hiru adin nagusiko (euretako bat menpekotasun egoeran)

25.129€

12.565€