Atsedenaldiak eta jardunaldiaren mugapenak

2020/09/23

Jakin badakigu langile gehienek behar baino ordu gehiago sartu behar izaten dituztela lanean, ordaintzen eta kotizatzen ez diren orduak, gainera. Eta hau gertatzen da prekarietate maila handiak pairatzen diren sektoreetan, non langileak ordu gutxiagoz kontratatuta egon arren, egunero jardunaldi luzeagoak egitera behartuta dauden, adibidez; baita horren prekarioak ez diren sektoreetan ere, non, esaterako, enpresak langileen partez fitxatzen duen, baina jardunaldia behin amaituta, lanean jarraitzera behartuta dauden.

Hala eta guztiz ere, artikulu honetan kontatuko dizuegu zer dakarren legeak, zeintzuk atsedenaldi hartzeko eskubide daukagun eta legez zelan dagoen jardunaldia mugatuta. Beti esaten dugun bezala, gure eskubideak defendatzeko, lehenengo eta behin ezinbestekoa da eskubide horiek zeintzuk diren ondo ezagutzea. Eta gogoratu sindikatua hortxe daukazula arazo eta gehiegikerien aurrean indar egin ahal izateko.

Jardunaldiaren iraunaldia

Lan jardunaldiaren gehienezko iraupena 40 ordu dira astean. Zenbaketa hau urte osoa kontuan hartuta egiten dela. Hau da, 40 ordu astean (urteko zenbaketaz) ez du esan nahi astero-astero 40 orduz aritu behar garenik (zenbait sektoretan horrela bada ere), baizik eta urte osoan lan egindako denbora hartu behar dela aintzat. Urte osoko lan orduak lan egindako aste kopuruaz zatikatzen badugu, emaitza ezin da izan 40 ordu baino gehiago.

Lan jardunaldiaren iraupena kontratuak ekarri behar du adierazita. Bertan azaldu behar da zenbat ordu egin behar diren, egunean, astean, hilabetean edo urtean.

Jakina, 40 ordu astean legeak markatzen duen gehieneko denbora da, baina hitzarmen kolektiboak beste iraunaldi baxuago bat marka dezake. Beti gertatzen den bezala, hitzarmena eta honek dakartzan hobekuntzak Langileen Estatutuak ezartzen dituen gutxienekoen gainean nagusitzen dira.

Parentesi bat egiteko aprobetxatuko dugu: premiazko eta urgentea da lan jardunaldiaren murrizketa orokorturantz egitea. Neurri ezinbestekoa da eta, areago, atzeraezina momentu honetan, enplegua banatzeko eta, enplegua ez ezik, lan guztiak ere bai, entzunkizunean ere aurrera egiten joateko. Mende luzea da (!) 40 orduko jardunaldia ezarri zenetik; ordua da ipar orratza 30 orduko lanastean jartzeko (Alemania bezalako beste herrialde batzuetan planteatzen hasiak diren bezala, bide batez).

Jardunaldiaren mugapenak

Honetaz gain, lan jardunaldiak beste mugapen batzuk badauzka:

— Ezin da egunean 9 ordu baino gehiagorik egin, ez bada hitzarmenak lan jardunaldiaren bestelako banaketa bat ezartzen duela. Edozelan, 18 urtetik beherako langileak ezin izango dira egunean 8 orduz baino luzeago aritu eta 8 lan ordu hauek prestakuntzarako denbora ere hartu beharko dute barne.

— Jardunalditik jardunaldira, gutxienez, 12 ordu pasatu behar dira. Hau da, 12 orduko atsedenaldia izan behar dugu batetik bestera.

— Gaueko lana: gaueko lana, legearen arabera, gaueko hamarretatik goizeko seietara egiten dena da. Gauez lan egiten dugunean, jardunaldia ezin da 8 ordu baino luzeagoa izan (15 eguneko erreferentziazko epea erabiliko da batezbesteko kalkulu hori egiteko).

Gainera, gaueko langileek ezin dute aparteko ordurik egin. Gaueko langiletzat jotzeko ez da beharrezkoa gaueko 10etatik goizeko 6ak arte lan egitea; hauetaz gain, gaueko langileak dira, gutxienez, jardunaldiaren 3 ordu edo jardunaldiaren heren bat aipatutako ordutegi barruan egiten dutenak.

Txandaka lan egiten denean, langile batek ezin ditu aste bi baino gehiago segidan eman gaueko txandan, ez bada bere borondatez hala nahi duela (hori da legeak dioena, baina, jakina, jakin badakigu langileen “borondatea” hutsaren hurrengoa dela hainbat eta hainbat kasu eta enpresetan).

Atsedenaldiak

Jadanik aipatu dugu jardunalditik jardunaldira 12 ordu pasatu behar direla derrigor. Baina, honetaz gain, beste atsedenaldi batzuk hartzeko eskubidea daukagu:

— Eguneko jardunaldia 6 ordu baino luzeagoa denean, gutxienez 15 minutuko atsedenaldia izan behar dugu. Hau da, normalean, “ogitartekorako geldialdia” deitu ohi dena. Hitzarmen kolektiboak atsedenaldi luzeagoa ezar dezake eta, honetaz gain, lanalditzat ere jo dezake, hau da, lan efektiboaren denboratzat har daiteke. Eta, hortaz, atsedenaldi denbora hau ordaindua izango litzateke eta ez genuke berreskuratu beharko.

— Asteko atsedenaldia: astean, gutxienez, egun eta erdiko atsedenaldia izan behar dugu. Atsedenaldi hau, normalean larunbat arratsaldez eta igandean hartzen da; hala ere, sektorearen arabera, beste egun batzuetan izan daiteke (ostalaritzan, kasu). Langilea 18 urtetik beherakoa bada, atsedenaldi honek egun bi iraun behar ditu.

Bestetik, posible da atsedenaldi hau 14 eguneko epeetan metatzea. Bestela esanda, aste biko atsedenaldia pilatu eta segidan har genezake.

Atsedenaldi eta jardunaldiaren mugapen hauek Langileen Estatutuaren ondoko artikuluetan kontsulta daitezke:
               34. artikulua, 36. artikulua, 37. artikulua