Zertan datza gaixotasun profesionala?

Gizarte Segurantzaren Lege Orokorrak honelaxe dio 157. artikuluan:

“Honako hauek joko dira gaixotasun profesionaltzat: lege honen aplikazio eta garapenerako onartuko den koadroan zehatzen diren jardueretan inoren konturako lanaren ondorioz harrapatzen direnak. Aipatutako koadro horretan gaixotasun profesional bakoitzerako azaltzen diren elementu edo substantzien eraginak sorrarazi behar ditu”.

Zer esan nahi du honek? Ikusten denez, ez da, beren-beregi, kontzeptu mediko edo klinikoa, kontzeptu legala baino. Garrantzitsuena da, patologia zehatz baten sorburua profesionala izateko, gertaera bi suertatu behar direla ezinbestez:

– gaixotasun profesionalen koadroan zehazten diren jardueren ondorioa izan behar da
– gaixotasun profesionalen koadroan zehazten diren elementu edo substantzien eraginaz suertatu behar da

Laburbilduz, gaixotasun profesionala lan baldintza desegokiek sorrarazten duten osasun kaltea da. Gaixotasun profesionaltzat jo ahal izateko, zerrendan azaltzen den jardueraren batean eta zehaztutako elementu edo substantzia arriskutsuen eraginez harrapatu behar izan da.

Hortaz, gaixotasun profesionala izateko, zerrenda bikoitz horrekin lotuta egon beharko da. Hau da, gaixotasuna koadroko zerrendan badago eta gaixotasuna pairatzen duenak arriskudun jardueran aritzen bada, profesionala dela suposatuko da. Konturatzen zaretenez, honek esan nahi du patologia batek lanarekin zerikusia izan dezakeela, baina, koadro honetan azaldu ezean, ez litzatekeela gaixotasun profesionaltzat joko.

Gaixotasun profesionalak gertakizun edo kontingentzia profesionaletako bat dira, lan istripuekin batera. Kontingentzia profesionalengatik hilabetero kotizatzen da, horrekin lotutako prestazioei begira. Lan gertakizunez eta gertakizun arruntez gehiago jakin nahi baduzu, begirada bat bota ahal diozu hurrengo artikuluari:

⇒ Adi! Legearen definizio legalean “inoren konturako lana” aipatzen bada ere, erregimen orokorreko langileak ez ezik, autonomoen erregimena ere hartzen du aintzat. Izan ere, 2019. urtetik langile autonomoak gertakizun profesionalengatik kotizatzera behartuta daude (2007tik hautazko kotizazioa da).

Gaixotasun profesionalen koadroa

Ikusten duzunez, gaixotasunen koadroa aipatu dugu behin eta berriro. Koadro hau, azkena eta indarrean dagoena, 2006ko 1299/2006 Dekretuan argitaratu zen eta, momentura arte, birritan eguneratu da: 1150/2015 Dekretuaz eta 257/2018 Dekretuaz. Koadro horretan komentatu ditugun gaixotasunen, lan jardueren eta substantzia arriskutsuen zerrendak uztartzen dira.

HEMEN kontsulta dezakezu bere osotasunean

Ikusiko duzunez, ezkerreko zutabean, taldeka banatzen dira. 6 talde bereiztu dira:

  1. taldea: Eragile kimikoek eragindako gaixotasunak
  2. taldea: Eragile fisikoek eragindako gaixotasunak
  3. taldea: Eragile bilogikoek eragindako gaixotasunak
  4. taldea: Substantzien arnasketak eragindako gaixotasunak
  5. taldea: Azalaren kalte eta gaixotasunak
  6. taldea: Eragile kartzinogenoek eragindako gaixotasunak

Koadro oso luzea da eta elementu asko zerrendatzen ditu. Gainera, kasu guztietan ez dira gaixotasunak espezifikoki aipatzen, nahiz eta zenbaitetan, batez ere 4. eta 5. taldeetan, patologien izen zehatzak eman. Hurrengo atalean laburpen txiki bat aurkituko duzu.

Beraz, horiexek izango lirateke gaur egun gaixotasun profesionaltzat jotzen direnak. Hala ere, badira beste zenbait patologia, oraindik onarturik ez egon arren, gaixotasun profesionalak izateko zantzuak ematen dituztenak. Horregatik, badago bigarren gehigarri bat, beste koadro edo zerrenda batekin. Gaixotasun hauen kasuan, sorburua lana dela susmatzen da eta baliteke etorkizunean gaixotasun profesionalen zerrenda nagusira pasatzea. Zerrenda osagarri hau lehen aipatutako 6 talde nagusi berberetan banatuta dago. HEMEN kontsulta dezakezu.

Gaixotasun profesional ohikoenak

Eragile kimikoek eragindako gaixotasunak

Hiru talde ezberdinetan aurkitu ahal izango ditugu honelako gaixotasunak:

Lehen esan bezala, 1. talde osoak honelakoak barnebiltzen ditu. Honako jarduera eta ogibideak aurkituko ditugu bertan, besteak beste: larrua ontzea, disolbagarriak, plastikoak, zementuak, itsasgarriak eta abarrak fabrikatzea…

Bestetik, 4. taldeko arnas aparatuko gaixotasunak ere harrapa ditzakegu eragile kimikoen kontaktuan. Gaixotasun oso ezagunak dira, hala nola, silikosia, asma, asbestosia… Jarduera eta ogibide ohikoenak: meategietan, tuneletan eta harrobietan lan egitea; elikagaien, kosmetikoen eta botiken industria; amiantoa daukaten instalazioen muntaia eta desmuntaia…

Azkenik, 5. taldekoak dauzkagu, hau da, eragile kimikoek sorrarazten dituzten azaleko gaixotasunak. Jarduera eta ogibide ohikoenak: garbiketan aritzen diren langileak, ile-apaindegiak, laka eta margoen fabrikazioa…

Eragile fisikoek eragindako gaixotasunak

Hauen artean, zentzumenak mintzen dituzten eragileak aurki ditzakegu, hala nola, entzumena kaltetzen dituzten zaratak. Edo gihar eta hezurretako patologia anitz, batez ere mugimendu errepikakorrak egiteagatik edo jarrera behartuetan aritzeagatik. Honetaz gain, bestelako patologia batzuk ere aurki ditzakegu, fonazio-aparatuan, esaterako.

Jarduera eta ogibide ohikoenak: garbiketan aritzen diren langileak, manufaktura industria, herri lanak eta bestelako obrak, makinaria astuna erabili beharreko lanak, irakasleak, teleoperadoreak…

Eragile biologikoek eragindako gaixotasunak

 Honelako gaixotasunak, gehienbat, infekziosoak izaten dira eta, hortaz, osasun arloa izaten da kaltetuena. Esan barik doa, osasun arloan ez ezik, arlo sozio-komunitarioan ere ohikoak izaten direla, hala nola erresidentzietan eta bestelako zentroetan aritzen diren langileen kasuan.

Hauetaz gain, substantzia biologikoek nekazaritzan eta, batez ere, abeltzaintza sektorean daukate eragina, animaliek kutsa ditzaketen gaixotasun eta sorrarazi ditzaketen arazoak direla eta.

Substantzien arnasketak eragindako gaixotasunak

Arestian esan dugunez, arnas aparatuko gaixotasunak eragile kimikoek eragiten dituzte batez ere. Nabarmenenak eragile kimikok eragindako gaixotasunen atalean zerrendatu ditugu. Hala ere, badira bestelako substantzia batzuk, landare edo animalia jatorria izanagatik ere, guztiz kaltegarriak izan daitezkeenak eta, besteak beste, asma, errinokonjuntibitisa edota fibrosia sorrarazi ahal dutenak.

Azalaren kalte eta gaixotasunak

Aurreko atalean bezala, jadanik aipatutako substantzia kimikoez eta hauek sorrarazten dituzten gaixotasunez aparte, landare edo animalia jatorriko beste substantzia batzuek ere azala kaltetu ahal dute.

Honetaz gain, eragile infekziosoek ere honelako gaixotasunak sorrarazi ahal dituzte eta, hortaz, osasun arloko eta arlo sozio-komunitarioko langileek hauen eragina paira dezakete.

Eragile kartzinogenoek eragindako gaixotasunak

Substantzia hauetako batzuk jadanik aipatu ditugu. Talde honetan aurki ditzakegu amiantoak edo artsenikoak, besteak beste, sorrarazten dituzten bronkio eta birikietako neoplasia gaiztoa; hainbat mesotelioma ezberdin; angiosarkomak; linfomak; laringe, azal edo beste organo batzuetako minbiziak…

Gaixotasun profesional hauek guztiak fitxa sistema batean bilduta daude:

Hortaz, orotara, 114 fitxa daude. Fitxa bakoitzean, patologiez gain, arrisku jarduerak, irizpide diagnostikoak, gogoeta klinikoak, lanaren eraginaren inguruko irizpideak (arriskua, maila eta esposizioaren iraupena) eta abar azaltzen dira.

114 fitxa hauek Gaixotasun Profesionalak Baloratzeko Laguntza Gidan aurki daitezke. Gizarte Segurantzaren Institutuaren gida hau liburuki bitan dago bereziturik:

1. Liburukia
(1. eta 2. taldeetako gaixotasunak)

2. Liburukia
(3., 4., 5. eta 6. taldeetako gaixotasunak)

⇒ Erreparatu baduzue, ez da ezer aipatzen arrisku psikosozialek eragiten dituzten gaixotasunen inguruan. Hortaz, honelakoak gaixotasun arruntatzat, lan istriputzat edo lanarekin zerikusia daukaten gaixotasuntzat joko lirateke, kasuan kasu.

Nori dagokio ebaztea gaixotasun profesionala ote den?

Koadroa ikusi dugu, zerrendak ikusi ditugu, elementu, substantzia, jarduerak… erraz eta polito paperean, ezta? Baina errealitatea oso bestelakoa da: lanak sorrarazten dizkigun patologia guztiak ez daude, inondik inora, bertan islatuta eta, hori gutxi balitz, jasota egon arren, askotan ukatzen da sorburua lana izan dela. Izan ere, gaixotasun bat profesionala ote den ebaztea mutualitateari dagokio. Eta ez gara errepikatzeaz nekatuko: mutualitateak enpresa pribatuak dira, patronalaren zerbitzura daudenak eta patronalaren interesak zaintzen dituztenak.

Gaixotasun profesionalen bat pairatzen ari zarela susmatzen baduzu, lehenengo eta behin mutualitatera jo behar duzu horren inguruko azterketa bat egin dezaten (baliteke aldez aurretik sistema publikoko zure medikuak lan jatorriaz ohartarazi izana edo enpresako prebentzio zerbitzuak susmo horrekin mutualitatera bidali izana).

Horrelakoetan behaketa epealdia hasten da. Behaketa epealdi honek 6 hilabete -180 egun- iraun dezake (beste 6 hilabetez luza daitekeen arren). Suposatzen da denbora honetan mutualitateak aipatutako azterketa egin behar duela gaixotasun profesionala ote den ebazteko.

Baina, berez, ez da erreza gaixotasun bat arrisku faktore bakar batekin lotzea. Gainera, laneko esposizioa erabakigarria izan arren, lanarekin zerikusia ez daukaten beste faktore batzuk ere egon daitezke tartean. Honela, mutualitateek, nahiko sistematikoki, gaixotasun arruntatzat jotzen dituzte eta sistema publikora bideratzen dituzte eta, hortaz, ez dute ordaintzen ez trataerarik, ezta prestaziorik ere. 

Osasunaren Munduko Erakundearen arabera, lanak eragindako heriotza guztietatik, %20 istripuen ondorioz dira eta gainontzeko %80 gaixotasun profesionalen ondorioz. Honetaz gain, erakunde berberaren kalkuluen arabera, minbizi guztien %30-%40 lan faktoreek sorrarazten dituzte. Begi bistan dago aitortzen diren zenbakiak ez datozela bat, inondik inora: adibide moduan, 2022. urtean, EAEn minbizi kasu guztietatik, 54ri baino ez zitzaien aitortu laneko jatorria.

Laburbilduz, gaixotasun profesional bat pairatzen baduzu edo hala dela susmatzen baduzu, izan argi seguruenik mutualitatea ahaleginduko dela hau ez aitortzen. Hortaz, ezer baino lehen, jar zaitez kontaktuan enpresako ordezkariekin edota sindikatuarekin.

Lanpostu aldaketa

Enpresa batek, gaixotasun profesionalen bat eragiteko arriskua duten lanpostuak bete behar dituenean, lanpostu horiek beteko dituzten langileei, aldez aurretik, azterketa medikoa egin behar die. Honetaz gain, aldizkako azterketak egin beharko dizkie. Azterketa hauek derrigorrak dira eta enpresak gastu guztiak ordaindu behar ditu: desplazamenduak eta soldata osoa (Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko 243. artikulua).

Azterketa medikoen ondorioz, bajan ez egon arren, gaixotasun profesionalaren zantzuak atzeman daitezke. Baliteke langilearen egoera ez izatea baja medikoa hartzeko modukoa, baina, edozelan, gaixotasunaren progresioa edo langilea areago gaixotzea ekidin beharko litzateke. Horretarako, enpresa behartuta dago langilea beste lanpostu batera mugitzera.  

Lanpostu berriko soldata txikiagoa balitz, lehengo lanpostuko soldatari eutsiko litzaioke.

Enpresaren aburuz, lekualdatzea ezinezkoa balitz, langilea bajan emango lukete (aldez aurretik, Lan Ikuskaritzak oniritzia eman beharko luke, hau da, berak ere lekualdatzea ezinezkoa dela ebatzi beharko luke) eta SEPEn apuntatuko litzateke, beste lanpostu bat aurkitzeko lehentasunarekin. Kasu honetan, eta beste enplegu bat aurkitzen duen bitartean, enpresak soldataren besteko subsidioa ordaindu beharko lioke 12 hilabetez. Subsidio hau beste 6 hilabetez luza daiteke, Gizarte Segurantzak ordainduta (1962ko maiatzeko Aginduko 48. artikulua).

Prestazioak

Prebentzioaren aldetik ez ezik (gaixotasun profesionalak ez badira aitortzen, ez da ezer egiten berauek prebenitzeko), langilearen ikuspuntutik ere berebiziko garrantzia dauka gaixotasun profesionala aitortzea. Bere osasunerako eta, jakina, bere poltsikorako ere bai. Izan ere, baja medikoa eskatu behar badugu, gaixotasun profesionalagatik edo gaixotasun arruntagatik jasoko dugun prestazioa ezberdina izango da:

Gertakizun edo kontingentzia arruntengatik bada:

  • lehen 3 egunetan ez da ezer kobratzen
    • 4. egunetik 20. egunera oinarri arautzailearen %60 kobratzen da
    • 21. egunetik aurrera oinarri arautzailearen %75

Gertakizun edo kontingentzia profesionalengatik bada:

  • baja hartu dugun egunean soldata osoa kobratuko genuke
  • bajaren hurrengo egunetik aurrera oinarri arautzailearen %75 kobratzen da

(Adi! hitzarmen kolektibo askotan kantitate hauek osatu egiten dira, baita %100era ere).

Errekargua: lan istripuekin gertatu bezala, langile batek gaixotasun profesional bat harrapatzen badu enpresak ez duelako behar besteko prebentzio neurririk hartu, hau da, ez duelako prebentzio legeak ezartzen duena bete, errekargu bat ordaindu beharko du. Errekargu hau prestazioaren %30 eta %50 artekoa izan daiteke.

Baina gaixotasun arrunta eta gaixotasun profesionalaren arteko aldeak aldi baterako ezintasunagatik kobratzen den zenbatekotik baino askoz harago doaz. Alde batetik, badakizuenez, prestazio sozialak jaso ahal izateko, gutxieneko kotizazioak eskatzen dira; hau ere aldatzen da segun eta gaixotasuna arrunta edo profesionala den (azken hauetan ez da aldez aurretiko kotizaziorik eskatzen edo askoz gutxiago dira, kasuan kasu). Bestetik, zenbait kasutan, prestazioaz gain, kalte-ordaina ere jasotzen da. Hau honela da, esaterako, alarguntza pentsioa eskatzen denean: bikotekidearen heriotza gertakizun profesionalengatik izan bada, pentsioaz gain, kalte-ordaina ere jasotzen da. Eta abar luze bat. Horregatik da horren garrantzitsua, diru aldetik ere, gaixotasunaren jatorri laborala aitortzea. Eta horrexegatik mutualitateek ezkutatu egiten dituzte: enpresak askoz gastu gehiago dauzkalako hala denean.