Gehienezko kotizazio oinarrien igoera eta elkartasun kuota
2023/04/18
Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko 19. artikulua
Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko 19-bis artikulua
Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko 38. Xedapen Iragankorra
Kotizazio oinarria langilearen hilabeteko soldata gordina da. Dietak eta beste kontzeptu batzuetaz aparte, ordainketa guztiak sartzen dira bertan, hala nola aparteko ordainsariak hainbanaturik edo prorreaturik eta espezietan jaso dezakegun soldata zatia. Oinarri honen gainean tipo edo ehuneko batzuk aplikatzen dira eta horrela kalkulatzen da, oso labur azalduta, ze kotizatu edo zer ordaindu behar dugun Gizarte Segurantzan kontzeptu ezberdinengatik. Era berean, kotizazio oinarria funtsezkoa da prestazioak kalkulatzeko. Izan ere, honetarako (kalkulatzeko zer jasoko dugun erretiroagatik, langabeziagatik edo aldi baterako ezintasunagatik, adibidez) oinarri arautzailea erabiltzen da eta oinarri arautzaile hau, apur bat ezberdina izan arren, kotizazio oinarriarekin estuki loturik dago.
Kotizazio oinarria, hortaz, gure soldataren araberakoa izango da. Gogora dezagun esan dugula gure hilabeteko soldata gordin osoa baino ez dela. Zenbat eta soldata handiagoa, orduan eta kotizazio oinarri altuagoa. Hala ere, kotizazio oinarriak mugatuta daude, goitik eta behetik. Hau da, gutxieneko eta gehienezko kotizazio oinarriak daude eta legez ezartzen dira urtez urte, kategoria profesionalen arabera, Estatuaren Aurrekontu Orokorretan.
Kotizazio oinarrien inguruan eta azken urteko mugak zeintzuk diren jakin nahi baduzu, bota begirada bat hurrengo artikuluari:
Gutxieneko kotizazio oinarria gutxieneko soldatari lotuta dago. Izan ere, gutxienez kobratu behar dugun soldata legez ezarrita badago, ezinbestean kotizazioak gutxieneko horretara doitu behar dira. Hala ere, gehienezko kotizazio oinarriak ere badaude. Hau da, nahiz eta pertsona batek kobratzen duen soldata handiagoa izan, kotizazio oinarria mugatuta dago eta, hortaz, hortik gora kobratzen duen zatia, zelanbait esateko, kotizatzetik “salbuetsita” dago.
Luze hitz egin da gehienezko muga hauek ezabatzeaz, hau da, kotizazioa “destopatzeaz”. Honek esan nahiko luke langile guztiok benetako irabaziengatik kotizatuko genukeela eta, jakina, enpresek ere ordainketa guztiengatik kotizatu beharko luketela, baita soldata altuenen kasuan ere. Azken pentsio erreforman, honelako neurririk hartu ez bada ere, zenbait aldaketa egin dira gehienezko kotizazio muga hauei dagokienez:
Gehienezko oinarrien igoera
Oraintxe aipatu dugun pentsioen erreformak (2/2023 Lege Dekretuak, alegia) Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 19. artikulua moldatu eta puntu berri bat gehitu du (3. puntua). Bertan adierazten da gehienezko kotizazio oinarriak urtero eguneratuko direla eta pentsio kontributiboak altxatzen diren neurri berean igoko direla. Honek esan nahi du urterik urte gehienezko kotizazio oinarri hauek KPIaren arabera igo beharko direla.
Hau 2024ko urtarrilaren 1ean hasiko da indarrean.
Gehienezko kotizazio oinarrien aparteko igoera
Igoera “arrunta” honetaz gain, aparteko beste igoera bat ere aplikatuko zaie. Hau Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 38. Xedapen Iragankorrean islatu da.
Honela, KPIren araberako igoera arruntari 1,2 puntu gehigarriko igoera aplikatuko zaio. Hau da, demagun aplikatu behar den KPIa 5 puntukoa dela, adibidez. Gehienezko kotizazio oinarriak 6,2 puntutan altxa beharko lirateke, beraz.
Hau 2024. urtean hasiko litzateke aplikatzen, 2050. urtera arte. Neurri honen asmoa da gehienezko kotizazio oinarrien topeak zertxobait gehiago altxatzen joango direla apurka, nahiz eta, lehen aipatu dugun bezala, tope hauek guztiz ezabatzeari uko egin zaion.
Elkartasun kuota
Topeak altxatzearekin batera, elkartasunezko kotizazio gehigarria edo elkartasun kuota ere ezarri da 2/2023 Lege Dekretuaren bitartez. Mekanismo hau Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 19-bis artikulu berrian islatu da.
Gehienezko kotizazio oinarritik gora dauden diru-sarrerei kotizazio gehigarria aplikatuko zaie progresiboki 2045. urtera arte. Kotizazio gehigarri hau hiru tartetan egingo da:
- gehienezko oinarria gainditzen duen %10era arteko tarteari %5,5eko tipoa aplikatuko zaio
- gehienezko oinarria gainditzen duen %10etik %50erako tarteari %6ko tipoa aplikatuko zaio
- gehienezko oinarria gainditzen duen %50etik gorako tarteari %7ko tipoa aplikatuko zaio
Hobeto azalduta: Demagun gehienezko oinarria 5.000 € direla eta norbaitek 8.000€ irabazten dituela edo, hobeto esanda, bere benetako kotizazio oinarria 8.000 eurokoa izan beharko litzatekeela. Hala ere, gehienez 5.000 eurogatik kotizatuko luke. Elkartasun kuota hau aplikatuta, 5.000€ – 5.500€ arteko tarteari (500 eurori, alegia) %5,5 aplikatuko litzaioke (%10eko tarteari); 5.500€ – 7.500€ arteko tarteari %6 (%10etik %50era doan tarteari), eta, azkenik, 7.500€ – 8.000€ arteko tarteari %7 (%50az gaindiko tarteari).
Jakina, aurrekoa adibidea baino ez da. Gainera, esan bezala, ehuneko horiek ez dira lehen momenturik aplikatuko. Aitzitik, progresiboki joango dira handitzen urtez urte eta ez dira helduko aipatutako portzentajeetara (%5,5, %6 eta %7ra, alegia) 2045. urtera arte.
Izan ere, 2025ean hasiko da aplikatzen eta lehenbiziko portzentajeak %0,92 (%10eko tartean), %1 (%10etik %50era doan tartean) eta %1,17 (%50az gaindiko tartean) izango dira. Hemen daukazue urtez urteko taula osoa (Gizarte Segurantzaren 42. Xedapen Iragankorra):
Kotizazio gehigarri hau gertakizun arruntengatiko kotizazioen proportzio berean banatuko da langile eta enpresaren artean. Gaur gaurkoz gertakizun arruntengatik %28,3 ordaintzen da, honela banandurik: enpresak %23,6 eta langileak %4,7. Hortaz, %83 enpresak eta %17 langileok ordaintzen dugu.
Elkartasun kuotaren kalkuluak grosso modo ateratzen baditugu, 10.000 euroko soldata jasotzen duen baten kasuan, 2025ean enpresak 50€ eta langileak 10€ inguru ordainduko lukete. Ikusten duzuenez, nahiz eta patronalak ohiko kasketaldia hartu arren, ez da beste munduko ezer, are gutxiago halako kantitateak poltsikoratzen duen norbaitentzat.