Haurdunaldia eta baja motak (amatasun baja, haurdunaldian arriskua egoteagatiko baja)
Amatasun prestazioa (amatasun baja)
2019. urtetik aurrera, lehengo amatasun eta aitatasun lizentzia eta prestazioak gurasotasun prestazio bakar batean batu ziren, adin txikikoaren jaiotza eta zaintza izenpean.
Jaiotza, adopzio edo harrera kasuetan gurasoek baimen ordaindua hartzeko eskubidea daukate. Denbora honetan lan kontratua eteten da (hau da, ez dira lanera joan beharko), baina oinarri arautzailearen 100% kobratuko dute.
- Gutxieneko kotizazioa beharrezkoa da prestazio hau eskatzeko:
– 21 urtetik beherakoa bazara: ez da gutxieneko kotizaziorik behar
– 21-26 urte bitartekoa bazara: 90 egun azken 7 urteetan zehar edo 180 egun bizi laboral osoan zehar
– 26 urtetik gorakoa bazara: 180 egun azken 7 urteetan zehar edo 360 egun bizi laboral osoan zehar.
Ez badaukazu gutxieneko kotizazio hau, amatasun subsidio ez kontributiboa eska daiteke. Subsidio honek 42 egun irauten ditu erditze egunetik aurrera eta IPREMaren %100 kobratzen da (2023an, 20 euro egunean).
- Amatasun prestazioaren iraupena
16 aste dira, oro har. 16 aste hauetatik, lehenbiziko 6 asteak jaiotza ostean hartu behar dira derrigor, segidan eta jardunaldi osoz.
Gainontzeko 10 asteak umeak 12 hilabete bete arte har daitezke. Hori bai, asteka disfrutatu behar dira, hau da, ezin dugu hartu egun solterik. Hortaz, 16 asteak jaiotzatik ondoren disfruta ditzakegu, denak segidan, edo lehenbiziko 6 asteak disfrutatu, lanera itzuli eta, beranduago, gainontzeko 10 asteak hartzen joan, segidan edo tarteka.
Gainontzeko 10 aste horiek jardunaldi osoz edo partzialaz disfruta daitezke.
- Zenbat kobratzen da?
Kontingentzia arrunten oinarri arautzailearen %100.
- Zelan eskatu behar da?
Eskaerak Gizarte Segurantzaren Institutuak (INSSek) kudeatzen ditu. Bulegoan bertan, aldez aurretiko hitzorduaz, edo internetez egin daiteke.
ADI! Eskaera bat baino gehiago egin behar dira: alde batetik, lehenbiziko 6 asteak (erditze edo adopzio ostean derrigor hartu behar direnak) eskatu beharko dituzu eta, gerora, hurrengo 10 asteak. Pentsatu ondo, behin eskatuta, ezin izango dituzulako egunak aldatu.
Online eskatzeko, https://sede-tu.seg-social.gob.es orrialdetik sartu behar da.
Ikusiko duzunez, lehenengo eta behin, zeure burua identifikatu beharko duzu. Hainbat modu daude:
– Cl@ve iraunkorrarekin edo Cl@ve + PIN.
— NAN elektronikoarekin edo ziurtagiri digitalarekin
— SMS bitartez (Adi! SMS bitartez egin ahal izateko, aldez aurretik Gizarte Segurantzari zure telefono zenbakia eman behar izan diozu inoiz)
— Bide hauetaz gain, beste modu bat ere badaukazu: zure datuak ematearekin batera, selfie bat atera behar duzu eta karneta atxiki (JPG edo PNG formatuan). Honela sartzeko, orrialde HONETATIK egin dezakezu.
⇒ Dokumentazioa HEMENDIK kontsultatu eta jaitsi ahal duzu.
Baimen eta prestazio hau luze azalduta daukazu beste artikulu honetan:
Haurdunaldian arriskua egoteagatiko prestazioa (baja)
Haurdun zaudenean eta zure lanpostuan arriskurik balego, bai zuretzat, bai umearentzat, lehengo eta behin enpresa lanpostuz aldatzen ahalegindu beharko da. hau ezinezkoa balitz edo zure lan jarduerak, berez, arriskua ekarriko balu, haurdunaldian arriskua egoteagatiko baja hartu eta prestazioa kobratuko genuke. Arriskua lan postuak ekarri behar du, bestela, baja arrunta hartu beharko zenuke, hau da, haurdunaldia bera arrisku haurdunaldia balitz.
Kasu honetan ez da gutxieneko kotizaziorik behar.
- Zenbat kobratzen da?
Oinarri arautzailearen %100. Prestakuntza kontratua badaukazu, gutxieneko kotizazio oinarria izango da.
- Zelan eskatu behar da?
Eskubide hau Gizarte Segurantzaren Institutuak (INSSek) edo enpresak kontingentzia profesionaletarako kontratatuta daukan mutualitateak aitortu behar dizu. Hau da, lanpostua haurdunaldirako arriskutsua dela hauek egiaztatu behar dute.
Lehengo eta behin egiaztagiri medikoa beharko duzu eta hau INSSek edo mutualitateak eman behar dizu. Honetarako, haurdunaldia eta erditzearen balizko data adierazten duen Osakidetza edo Osansunbidearen txosten medikoa beharko duzu. Eta, honetaz gain, zure jardunaren eta lanpostuaren baldintzen berri ematen duen enpresa ziurtagiria.
INSSek edo mutualitateak ez badute uste arriskurik dagoenik, ez dizute egiaztagiria emango. Honen aurrean, ze bide jorratu ikusi beharko litzateke. Jarri kontaktuan sindikatuarekin.
Baiezkoa izanez gero, egiaztagiria emago dizute. Kopia bat zuretzat, beste bat enpresarentzat eta hirugarrena zerbitzu medikoarentzat.
Egiaztagiria daukazunean, enpresak ezin bazaitu beste lanpostu batean kokatu, prestazioa eskatu beharko duzu. Mutualitate edo INSSen (segun eta nork egin dizun arriskuaren egiaztagiri medikoa). INSSen bada, edozein arreta eta informazio zentrotan egin zenezake. Bulegoak HEMEN.
- Ze dokumentazio behar da?
– NAN edo TIE
– Lehen aipatutako enpresa ziurtagiria eta Osakidetza edo Osasunbidearen txostena
– Mutualitateak edo INSSek eman dizun arriskuaren egiaztagiri medikoa
– Zure lanpostuaren arriskuen berri ematen duen eta beste lanpostu batera aldatzeko ezintasuna azaltzen duen enpresa ziurtagiria