Oinarrizko soldata eta osagarriak
2020/12/15
Langileen Estatutuaren 26. artikulua eta hurrengoak.
Langileen Estatutuan dioenez, soldataren egituran, hau da, soldata barruan, oinarrizko soldata eta, halakorik balego, soldata-osagarriak ere izango dira. Soldata egitura hau negoziazio kolektiboaz (edo, Estatutuak dakarrenez, akordio indibidualaz) zehaztu behar da. Hau da, hitzarmenetan ezarri behar da zein den jaso beharreko oinarrizko soldata kategoria edo talde bakoitzarentzat eta zeintzuk osagarri jaso ahal diren.
Aurrera jarraitu baino lehen, gogoratu behar dugu 2012ko PPren erreformak lehentasuna eman ziela enpresako hitzarmenei, herrialdeko sektoreko hitzamenen gainetik, hainbat materiatan. Hauetako bat soldata izan zen.
Zer esan nahi du honek? Negoziazio kolektiboan, labur azaltzeko, herrialdeko hitzamen sektorialak betidanik jokatu du paper oso inportantea: herrialdeko langile guztientzako lan baldintzak bermatzen ditu. Oinarri hori kontuan izanda, enpresetan negoziatzen diren hitzarmenak beti izan dira herrialdeko gutxieneko horiek hobetzeko. PPren erreformak aukera eman zuen honi buelta emateko: enpresetan soldata kaskarragoa inposatu eta sektorean adostutakoaren gainetik aplikatu.
Oinarrizko soldata
Oinarrizko soldata lanagatik jasotzen dituzun ordain guztien funtsa edo mamia da. Izan ere, oinarrizko soldata ordainketa osoaren %70 inguru izaten da, batez beste, INEren datuen arabera. Oinarrizko soldata ezin da izan hitzarmenak zure talde edo kategoriarako ezartzen duen gutxienekoa baino baxuagoa. Ikus. Zer dira kategoria eta talde profesionalak?
Oinarrizko soldata denbora unitateko edo obrako ezartzen den ordaina da. Ohikoena izaten da denbora unitateko izatea: urtean ordu kopuru zehatz bat egiten dugu eta horren ordainean soldata zehatz bat jasotzen dugu.
Hortaz, ordainketa moduaren arabera, soldata honelaxe ezar daiteke:
• Denbora unitateko: lan egindako denbora hartzen da kontuan eta horren arabera ezartzen da ordainketa. Ohikoena da hilabeteko soldata jasotzea, baina orduka ere lan egin eta kobra daiteke. Honela, etxeko langileen kasuan, esaterako, enpleatzaile batentzat lan egindako egunak ez badira urtean 120ra heltzen, orduka egiten da lan. Honetaz gehiago irakur zenezake “Zenbat kobratu behar duzu, etxeko langilea bazara?” artikuluan.
• Obra unitateko: egindako lana hartzen da kontuan, lan hori egiteko eman dugun denbora alde batera utzita. Bestela esanda, ekoizten denagatik kobratzen da. Honi, normalean, destajuko lana eta destajuko soldata deitzen zaio. Destajuko lana, legala izateko, hala egon behar da jasota hitzarmenean; nekazaritza sektorean nahiko zabalduta dago honen erabilera, soldata baxuagoak ordaintzeko aukera ematen baitu.
• Ordainketa modu mistoa: modu honek aurreko biak barnebiltzen ditu, langileek kantitate finko bat jasotzen dute emandako denboraren arabera (kantitate hau bermaturik izaten dute) eta, honetaz gain, errendimenduaren arabera komisio eta osagarri aldakorra jaso dezakete.
Soldata osagarriak
Bestetik, soldata osagarriak hainbat baldintzen arabera ezartzen dira: langileen baldintza pertsonalak, egindako lanaren nondik-norakoak edota enpresaren egoera eta emaitzak. Era berean, osagarri hauek kontsolidagarriak izan daitezke ala ez. Lanpostuarekin edo enpresaren egoera edo emaitzekin zerikusia daukaten horiek ez dira kontsolidagarriak izango, ez bada kontrakoa adostu dela.
Osagarriak honako hauek izan daitezke, besteak beste:
BETETZEN DEN LANPOSTUAREKIN LOTUTAKOAK | Txandaka lan egiteagatik. Ez dira finko edo kontsolidagarriak, lanpostuarekin lotuta daudenez gero; hau da, baldintza hauek ez dituen beste lanpostu batera aldatzekotan, osagarri hauek galduko liratezke. |
PERTSONALAK | Langilearen baldintza pertsonalen araberako osagarriak: Antzinatasuna |
PARTIZIPAZIOAK MOZKINETAN | Enpresaren emaitza ekonomikoen araberakoak izaten dira. |
LANAREN KANTITATE EDO KALITATEAREN ARABERAKOAK | Lan errendimenduaren arabera ezartzen dira (primak, pizgarriak e.a.). Finkoak edo aldakorrak izan daitezke. |
OSAGARRIAK ESPEZIETAN | Osagarri hauek ez dira dirutan jasotzen; aitzitik, ondasun edo zerbitzuak izaten dira, eskura daitezkeenak edo norberaren onurarako erabil edo kontsumi daitezkeenak. Ordainketa modu hau ezin izango da soldata orokorraren %30 baino gehiago izan. |
APARTEKO ORDAINSARIAK | Zenbat diren eta noiz jaso behar diren hitzarmen kolektiboak ezarriko du. Hala ere, gutxienez bi izan beharko dira urtean eta hauetako bat Gabonetan jaso beharko da ezinbestean. Esan bezala, bi baino gehiago izan litekez eta adostu liteke urtean zehar prorrateaturik jasotzea. |
⇒ Aparteko ordainsariak
Aparteko ordainsariak edo ordainsari estrak Langileen Estatutuaren 31. artikuluan arauturik daude.
Aparteko ordainsari bi hauek langilearen gutxieneko eskubidea dira eta, hortaz, ezin dira murriztu, ez hitzarmen kolektiboaren, ez itun indibidualen bitartez. Izatekotan, gutxieneko hau handitu liteke; hau da, ordainsari bi baino gehiago ezar litezke. Eskubide hau langile guztiena da eta, hortaz, etxeko langileek ere badaukate aparteko ordainsari bi, gutxienez, jasotzeko eskubidea. Ikus. Zenbat kobratu behar duzu etxeko langilea bazara?
Bestetik, bietako bat, ezinbestean Gabonetan jaso behar da. Hitzarmen kolektiboan jaso beharko da beste ordainsaria ze hilabetetan kobratuko den, aparteko ordainsari bakoitzaren zenbatekoa zein izango den eta urteko hamabi hilabeteetan prorrateatuko ote diren.
Aparteko ordainsarien zenbatekoa ezin izango da sekula izan hilabeteko oinarrizko soldata baino gutxiago.
Soldatatik kanpoko osagarriak
Lehen ikusi ditugun osagarri guztiak soldataren parte ziren; hala ere, badira zenbait osagarri soldatatik kanpokoak edo, bestela esanda, soldatatzat hartzen ez direnak. Langileen Estatutuaren 26.2 artikuluan dioenez, ez dira soldatatzat hartuko kalteordainak edo langileak bere jardueran izaten dituen gastuen konpentsazioak.
Osagarri hauek ondorengoak dira, esaterako eta besteak beste:
– Langileak bere jardunaldian izan dituen gastuen ordainketa (erregaia, garraioa e.a.).
– Laneko arropak, espezietan edo dirutan
– Distantzia plusak.
– Garraio plusak.
– Kaleratzeagatiko kalteordainak.
– Lekualdatzeengatiko kalteordainak.
– Dirua erabiltzeagatiko kalteordaina (“quebranto de moneda”). Plus hau batzuetan jasotzen da esku diruarekin lan egin behar dutenean, babes moduan kutxa koadratzen ez denerako.
Soldatatik kanpoko kontzeptuak ez dira kontuan hartzen kaleratzeagatiko kalteordainak kalkulatzeko, ez eta aldi baterako kontratua amaitzen denean jasotzen den kalteordainerako ere.
Euskal Herrian soldatek azken hamarkadan izan duten bilakaeraz gain, beste hainbat aldagairen azterketa sakona: enplegua, negoziazio kolektiboa, pentsioak, etxebizitza, aberastasunaren banaketa...