Langile bat hiltzen denean, bere bikotekideak jasotzen duen prestazioa da alarguntza pentsioa. Bizi osorako da eta zenbatekoa zendutako bikotekidearen kotizazio oinarriaren arabera kalkulatzen da. Denarekin ere, hainbat baldintza bete behar dituzte pertsona biek.

 

Bete beharreko baldintzak
Zendu den langilearen kasuan

Zendu den langilea Gizarte Segurantzan alta emanda egon behar izan da edo, bestela, altaren pareko egoeran (adibidez, langabezian, nahitaezko eszedentzian, zaintza betebeharrengatiko eszedentzian, Gizarte Segurantzarekiko hitzarmen bereziarekin…)

Gutxieneko kotizazioak izan behar ditu:

— Heriotza gaixotasun arruntagatik izan bada: 500 egun jarraian, hil baino bost urte lehenagoko epean

– Heriotza istripuagatik -izan lanekoa, izan istripu arrunta- edo gaixotasun profesionalagatik suertatu bada: ez da gutxieneko kotizaziorik eskatuko.

– Heriotza gertatzen denean ez bazegoen Gizarte Segurantzan altan, gutxienez 15 urte kotizatuak izan behar izan ditu.

Ezintasun iraunkorragatiko pentsioa edo pentsio kontributiboa jasotzen egon bada edo, eskatu ez arren, pentsio kontributiboa jasotzeko eskubidea bazeukan, alarguntza pentsioa eskatu lezake bikotekideak. Era berean, erabateko ezintasun iraunkorra pairatu bazuen eta, pentsioaren ordez, kalte ordaina aukeratu bazuen, bere bikotekideak alarguntza pentsioa eskatu ahal izango du berdin-berdin.

Alarguntza pentsioaren eskatzailearen kasuan

• Zure bikotekidea gaixotasun arruntagatik hil bada, eta gaixotasuna ezkondu baino lehenago baldin bazeukan, gutxienez urtebete ezkondurik egon behar izan zarete. Baldintza hau ez baduzue bete, gutxienez urte biko elkarbizitza egiaztatu beharko duzu. Era berean, kasu honetan, elkarren seme-alabak baldin badauzkazue, nahikoa izango litzateke.

Bikotekidearengandik legez banandurik bazaude eta pentsio konpentsagarria jasotzen baduzu, alarguntza pentsioa eska zenezake. Hori bai, jasoko duzun kopurua pentsio konpentsagarriaren bestekoa izango da. Esan barik doa, ezein kasutan, ezin izan zarela berriro ezkondu edo izatezko bikotea osatu.

Genero bortizkeriaren biktima izan bazara eta zure bikotekidearengandik banatu bazara ere eska zenezake. Kasu honetan ez da beharrezkoa pentsio konpentsagarririk jasotzea.

⇒ Izatezko bikoteen kasuan. Orain arte izatezko bikoteen egoera ez zegoen ezkontideen egoerarekin parekatuta. Izan ere, izatezko bikotekideen alarguntza pentsioa mugaturik zegoen: aukera bazeukaten, baina bere diru sarrerak zendutako lagunarenak baino baxuagoak baziren edo ez baziren heltzen lanbidearteko gutxieneko soldataren 1,5era.

Azken pentsio erreformarekin, ordea, bidegabekeria honi amaiera eman zaio eta egoera biak parekatu egin dira (Gizarte Segurantzaren Legearen 221 artikulua, 21/2021 Legearen 2.10 artikuluak moldatua). Beraz, ezkonduta zein izatezko bikotea osatuta, baldintzak berberak dira, baita banandurik bazeundeten ere. Salbuespen bat dago: izatezko bikoteak izan behar izan zarete heriotza gertatu baino urte bi lehenago, gutxienez.


⇒ Ezer sinatu ez den kasuetan: Ez baduzue ezer sinatu, hau da, ez bazarete ezkondu eta ez baduzue izena eman izatezko bikoteen erregistroan, momentura arte leiho bat zabalik geratzen zen zuen arteko harremana frogatu ahal izateko. Askoz zailagoa izan arren, zenbait kasutan auzitegiek alarguntza pentsioa ematearen alde eginak zuten, elkarbizitza beste bide batzuetatik (errolda, etxebizitzaren jabetza, seme-alabak…) egiaztatzen bazen.

Hala ere, Auzitegi Gorenak, 2022ko martxoaren 24ko ebazpen baten bitartez, bide hau itxi egin du. Honela, alarguntza pentsioa jaso ahal izateko, derrigorra da edo ezkontza agiria edo izatezko bikoteen erregistroaren dokumentua. Hau da, nahiz eta elkarbizitza ukaezina izan eta hala frogatu, erregistrotik pasa izanaren betebehar formala ezinbestekoa izango da pentsioa jaso ahal izateko.


Aldi baterako alarguntza prestazioa

Laburbilduz, honako baldintzetako bat egiaztatu beharko zenuke alarguntza pentsioa eskatu ahal izateko:

  • Gutxienez urtebetez ezkonduta egon zaretela
  • Gutxienez bi urtez izatezko bikotea izan zaretela
  • Seme-alabak dauzkazuela

Ezin baduzu egiaztatu eta alarguntza pentsioa ukatzen badizute, edozein kasutan beti eskatu ahal izango duzu aldi baterako alarguntza prestazioa. Prestazio honen zenbatekoa alarguntza pentsioagatik egokituko litzaizukeen berbera izango litzateke, baina urte biko iraupena baino ez luke izango.

 

Bateragarritasunak eta bateraezintasunak

• Alarguntza pentsioa jasotzen duzun bitartean, lan egin zenezake. Hau da, ez du inporta lan egiten baduzu edo bestelako diru sarrerak badauzkazu, bai heriotza momentuan, bai gerora.

• Alarguntza pentsioa galduko duzu, baldin eta berriro ezkontzen bazara edo izatezko bikotea osatzen baduzu

 
Zenbat jasotzen da?

Pentsioa hilabetero kobratzen da, 14 ordainsaritan (aparteko ordainsari bana ekainean eta azaroan). Hala ere, lan istripu edo gaixotasunagatik izan bada, 12 ordainsari baino ez dira izango (aparteko pagak hainbanaturik edo prorrateaturik jasoko dituzu). 2024. urtean alarguntza pentsioak, gainontzeko pentsio kontributibo guztiak bezala, %3,8 igo dira, hau da, KPI metatua beste.

Gutxieneko batzuk bermatuta daude, beti ere baldintza batzuk betez gero. Hauek dira 2024. urteari dagozkionak:

 

Urtean

Hilean (14 ordainsaritan)

Hilean (12 ordainsaritan)

Familia erantzukizunekin

14.466,20€

1.033,30€

1.205,52€

65 urtetik gorakoak edo %65eko desgaitasunarekin

11.552,80€

825,20€

962,73€

60 eta 64 urte bitartekoak

10.808€

772€

900,66€

60 urtetik beherakoak

8.752,80€

625,20€

729,40€

Esan dugunez, lan egin daiteke eta bestelako diru-sarrera batzuk izan ahal dira alarguntza pentsioa jasotzen den bitartean. Dagokizun zenbatekoa jasoko duzu (oro har, oinarri arautzailearen %52). Baliteke kantitate oso baxua izatea eta ez heltzea oraintxe azaldu ditugun gutxieneko hauetara. Kasu horretan, Estatuak osatuko luke, baina baldin eta zure diru-sarrerak ez badira 8.942 eurora heltzen (2024an). Hau da gutxienekoen osagarritzat ezagutzen dena (“complemento a mínimos” gazteleraz). Argi dagoenez, lan eginez gero, erraz asko gaindi zenezake zenbateko hori eta, hortaz, alarguntza pentsioa jaso arren, ez litzaizuke osatuko.

Gutxieneko pentsioak, oro har, %6,9 igo dira, baita alarguntzagatiko gutxieneko pentsioak ere. Hala ere, hauen artean modalitate batek igoera berezia izan du: familia erantzukizunak dauzkaten alargunenak. Taulan ikusten duzunez, 14.466,20€ dira urtean, 1.033,30€ hilean. Iazko zenbatekoekin erkatuz gero, pentsio hauek %14,1eko igoera izan dute (2023an 12.682,60€ urtean / 905,90€ hilean izan zen).

Izan ere, familia erantzukizunak dituzten alargunen gutxieneko pentsioa eta bikotekideak kargupean dituztenen gutxieneko pentsio kontributiboak parekatu dira (14.466,20€ urtean). 2027. urterako pentsio hauek ezin izango dira egon pobrezia mugaren azpitik (INEk urtero finkatzen duen pobrezia mugaren zenbatekoa bider 1,5). Honetarako, aparteko igoerak joango dira aplikatzen urtez urte. Hauxe izango litzateke erreferentzia, gainontzeko gutxieneko pentsioak igotzen joango diren arren, portzentaje txikiagoan bada ere (Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko 53. Xedapen Gehigarria).

Aipatu bezala, alarguntza pentsioaren zenbatekoa oinarri arautzailearen %52 da, oro har. Hala ere, portzentaje hau %60ra edo %70ra hel daiteke, zenbait baldintza betez gero:

  • Oinarri arautzailearen %60 (baldintza guztiak bete behar dira):

— Gutxienez 65 urte izan behar dituzu
— Ezin duzu beste pentsio publikorik jaso
— Ezin duzu lanik egin (ez inoren kontura, ez autonomo modura)
— Kapital errentarik, ondasun irabazirik edo jarduera ekonomikoen errentarik badaukazu, hauek ezin dira izan gutxieneko pentsioa jaso ahal izateko ezarrita dagoen mugatik gorakoak (8.942€ urtean, 2024an).

  • Oinarri arautzailearen %70 (baldintza guztiak bete behar dira)

Familia ardurak badauzkazu (zurekin bizi diren 26 urtetik beherako seme-alabak edo desgaitasunak dituzten nagusiak). Hala ere, familia unitatearen diru-sarrerak ere hartuko dira kontuan: senide guztien diru-sarrerak batu eta senide kopuruaz zatitu behar dira; emaitza ezin da izan lanbidearteko gutxieneko soldataren %75 baino gehiago (lanbidearteko gutxieneko soldataren aparteko bi pagak kontuan hartu gabe).

Alarguntza pentsioa zure diru sarrera nagusia izan behar da. Horrela dela ulertuko da diru sarrera guztien %50 baino gehiago bada.

Zure diru sarrera guztiak ezin dira izan 23.408,20€ baino gehiago (2024. urterako). Muga hau honelaxe kalkulatzen da: pentsio kontributiboen gutxienekoen osagarria (8.942€) + gutxieneko alarguntza pentsioa, familia ardurekin (14.466,20€). Formula hau aipatutako muga kalkulatzeko erabiltzen dute, baina inportanteena da muga hori ez gainditzea: alarguntza pentsioagatik jasotzen duzuna eta bestelako diru sarrerak ezin dira izan, 2024. urterako, 23.408,20€ baino gehiago.

Hiru baldintza hauek aldi berean bete behar dituzu zure pentsioa %70ra heldu ahal izateko. Baten bat aldatuko balitz, hurrengo hilabetetik aurrera pentsioa %52ra jaitsiko litzateke.

⇒ Zure bikotekidea lan istripuz edo gaixotasun profesionalaz zendu bada, 6 hilabeteko oinarri erregulatzailearen besteko kalte ordaina jasoko duzu.

Alarguntza pentsioaren oinarri arautzailea kalkulatzea nahiko zaila da. Formula ezberdinak aplikatzen dira segun eta zendu den laguna lanean edo erretiro pentsioa zein baliaezintasun pentsioa jasotzen ari ote zen eta heriotzaren arrazoiaren arabera. Onena da Gizarte Segurantzaren Institutura joatea, bertan kalkula diezazuten.

 

Non eskatu behar da?

Esan bezala, Gizarte Segurantzaren Institutuan eskatu behar da. Bulegoetan aurrez aurre edo iternetez egin dezakezu:

Bulegoetan

Bulegoetara jo baino lehen, aldez aurretiko hitzordua eskatu beharko duzu.

  • Aldez aurretiko hitzordua telefonoz:

91 541 25 30 (telefono arrunta da; Madrilgo aurrezenbakia izan arren, Estatu osorako da)

901 10 65 70 (Adi! tarifa berezia ordaindu behar da, 901 telefono guztiekin bezala eta, mugikorrean tarifa laua kontrataturik badaukazu ere, aparte kobratuko zaizu)

Telefono automatizatuak dira eta, hortaz, 24 orduz daude funtzionamenduan; hala ere, makina batekin hitz egin beharko duzu. Sistema automatikoak galdetuko dizu ze izapide egin nahi duzun, zein den zure posta kodea eta zure NAN zenbakia. Honen ostean, libre dagoen hitzordu bat emango dizu. Ondo badatorkizu berretsi beharko duzu; ados ez bazaude, ordea, sistemak beste aukera bat emango dizu.

  • Aldez aurretiko hitzordua internetez:

Internetez ere har daiteke hitzordua, honako  HELBIDE HONETAN.

Bestetik, INSSeko bulegoetako helbideak eta telefonoak HEMENGO FORMULARIOAN bilatu ahal dituzu.

Online

Ez baduzu Gizarte Segurantzaren egoitzara joan nahi, internetez ere eska zenezake pentsioa. Modu bi dauzkazu:

Egoitza elektronikoan egiaztagiriarekin:

Egoitza elektronikotik egiteko (https://sede.seg-social.gob.es),  “herritarren” atalera sartu eta “pentsioetara” joan behar zara. Bertan “heriotza eta biziraupena” aukeratu behar duzu. Hemen utziko dizugu sarrera zuzena, errazago hel zaitezen:

– Heriotza eta biziraupena

Gogoratu egoitza elektronikoan izapideak egin ahal izateko, identifikatu behar zarela. Honetarako NAN elektronikoa, ziurtagiri digitala edo cl@ve sistema beharko duzue. Cl@ve sistemaz gehiago jakin nahi baduzue, bota begiradatxo bat hurrengo artikuluari:

Egiaztagiririk gabe:

Gizarte Segurantzak hainbat izapide egiaztagirik gabe egiteko aukera ematen du. Egiaztagiri digitalik ez dugu beharko, baina izapidea egiten dugun bitartean geure burua identifikatu beharko dugu. Gure NANaren argazki edo irudi bat eta momentuan egindako selfie bat atxikiturik egingo genuke hau.

Aukera honen inguruko informazio guztia Gizarte Segurantzaren aldizkariko ARTIKULU HONETAN kontsulta dezakezu edota azalpen bideo hau ikusi:

Egiaztagiririk gabeko plataforma honetara sartzeko https://tramites.seg-social.es/ helbidera jo behar duzu. Bertan honako hau aukeratu beharko duzu: “pensiones nacionales” eta “solicitud”. Azalduko zaizkizun aukeren artean “prestación por viudedad, orfandad y/o favor familiar” hautatu behar da.

Honako ORRIALDE HAU zabalduko zaizu. Ikusiko duzunez, bertatik eskaera orria jaitsi eta bidali ahal izango duzu, beharrezkoa den beste dokumentazio guztiarekin batera.

 

Dokumentazioa

Eskaera-orria

– NAN edo NIE

– Bikotekidearen heriotza-agiria

– Familia liburua, Erregistro Zibileko akta edo izatezko bikotea osatu izanaren erregistroa. Ezkontza zure jatorrizko herrialdean izan bazen, dokumentu horren kopia legeztatu bat atxiki beharko da eta, behar izanez gero, horren itzulpena ere bai.

Eskaera-orrian bertan formularioa betetzeko jarraibideak azalduta dauzkazu eta, era berean, kasu zehatz bakoitzerako behar den dokumentazioa zehatzago azalduta. Edozelan, dokumentazioa beste ORRIALDE HONETAN ere kontsulta dezakezu zehatzago.

 

   Informazio telefonoak: 91 542 11 76 / 901 16 65 65

Pentsioen eta prestazioen inguruko informazioa emateaz gain, egoitza elektronikoa erabiltzeko arazorik edo zalantzarik izanez gero ere deitu ahal duzu telefono hauetara. Ordutegia: astelehenetik ostiralera, goizeko 9:00etatik arratsaldeko 20:00etara