Badakizuenez, pentsioen errebalorizazioa, gehienetan, Estatuko Aurrekontuetan ezartzen da. Oraingo honetan, aurrekoetan bezala, urteroko errebalorizazioari Lege-Dekretuaz eman zaio bide, aurrekontuak osatu eta onartzen diren artean.
Ezer baino lehen, parentesi garrantzitsu bat: Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak ez du etsitzen bere borrokan gutxieneko pentsioak lanbidearteko gutxieneko soldatarekin pareka daitezen. Pertsona guztiei diru-sarrera nahikoak bermatu behar zaizkie, gure herriko langile guztiak, aktiboan egon ala ez, bizi baldintza duinak izan ditzaten. Honetarako, 2025ean herri ekimen legegilea aurkeztu zuten Legebiltzarrean, 145.142 sinaduren babesarekin. Jaurlaritzak pentsio hauek osa ditzala eskatzen zen bertan, baina Legebiltzarrak baztertu egin zuen. Ahoa autogobernuarekin betetzen zaie, baina autogobernu hau jendearen bizitzak hobetzeko erabili ahal dutenean, PNV Estatuko eskumenen atzean ezkutatzen da.
Pentsio kontributiboak
Pentsio kontributiboak KPIa beste igo dira: %2,7.
Pentsioak urtero eguneratu behar dira eta KPIaren arabera egin behar dute, 21/2021 Legeak ezarri eta Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko 58. artikuluan islaturik geratu bezala. Hau, berez, albiste ona izan zen, hainbat urtetan izozturik eta PPren 0’25eko igoera lotsagarriarekin egon ostean. PPk, jakina, 21/2021 Legeari kontrako botoa eman zion.
Hala ere, KPIa kalkulatzeko moduaz luze aritu gintezke eta, honekin batera eta pentsiodunen elkarteek salatu bezala, esan behar da aplikatzen den KPIa kalkulatzeko modua ez datorrela bat benetako bizi-garestitzearekin. Izan ere, batezbesteko inflazioa (batezbesteko KPIa) kalkulatu eta erabiltzen da, inflazio metatua (KPI metatua) erabili beharrean.
Zurztasun pentsioak ere %2,7 igoko dira; hala ere, emakumeen kontrako indarkeriaren ondoriozko zurztasun prestazioak, pentsio ez diren heinean, lanbidearteko gutxieneko soldataren arabera eguneratuko dira.
Genero arrakala murrizteko pentsio-osagarria:36,90 euro hilean, %2,7 gehiago (KPI igoera)
Ikusten baduzue aurten osagarri hau gutxiago igo dela aurreko urteekin konparatuta, horra hor azalpena:
Azken pentsio erreforman ezarri zenez, osagarri hau ere KPIaren arabera igoko da. Honetaz gain, 2024. eta 2025. urteen artean osagarriak %10eko aparteko igoera izango zuela ezarri zen (2/2023 Lege-Dekretuko Lehen Xedapen Iragankorra). Aurreko urte bietan, beraz, KPI igoerari %5eko aparteko igoera ere aplikatu zitzaion. Hala ere, 2026tik aurrera, osagarri hau KPIa beste igoko da (%2,7 aurten).
Pentsio osagarri honetaz gehiago jakin nahi baduzu:
Pentsio ez kontributiboek kontributiboek baino igoera handiagoa izan dute: %11,4.
Pobreziaren muga: Azken pentsio erreforman ezarri zenez, 2027. urterako gutxieneko pentsio kontributiboak ezin izango dira pobrezia mugaren azpitik egon. Ez da gauza bera esaten pentsio ez kontributiboetarako, hala ere. Azken hauentzat formula ezberdina aplikatzen da: norbanakoari legokiokeen pobrezia muga bider 0,75. Bestela esanda, asmoa da pobreziaren mugaren %75ean kokatzea, hau da, askoz azpitik. (Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 53. Xedapen Gehigarria).
Toledoko Itunak finkaturiko helburu hau guztiz urria da. Hala ere, helburu murritz horretara heldu ahal izateko, KPI baino askoz altuagoak izan diren igoerak aplikatu izan dira (2025ean, adibidez, %9 igo ziren). Honek argi uzten digu zelako zenbateko lotsagarrietan egon diren pentsio ez kontributiboak, gutxieneko duintasuna bermatzetik oso urrun.
Honela, esan bezala, aurten %11,4 igo dira. Honek esan nahi du urtean 8.803,20€ izango direla; 628,80€ hilean, iaz baino 64,10€ gehiago (gogoratu 14 ordainsari izaten direla: 12 paga gehi aparteko paga bi).
Etxebizitza osagarria. Pentsio ez kontributiboa jasotzen duten lagunek etxebizitza osagarria eska dezakete, beti ere, alokairuan bizi badira eta ez badaukate familia harremanik etxebizitza alokatzen dien pertsonarekin.
Osagarri honen zenbatekoa: 525€ urtean. Kopuru benetan murritz eta iraingarria, are iraingarriagoa, kontuan hartzen badugu 2010etik ez dela euro bakar batean igo, alokairuek gora egiteari uzten ez dioten bitartean.
Gutxieneko pentsioak
Gutxieneko pentsio kontributiboak %7 pasatxo igo dira, oro har. Hala ere, igoera handiagoa izan da bikotekidea kargupean dutenentzat eta familia erantzukizunak dauzkaten alargunentzat: %11,4, lehen esan bezala, pentsio ez kontributiboak igo diren ehuneko berbera, alegia.
Familia berean pentsio ez kontributiboa lagun batek baino gehiagok jasotzen badute: