Jardunaldi partzialak eta pentsioen kalkulua
2020/01/08
2021/04/08an eguneratua
Hego Euskal Herrian jardunaldi partzialaz aritzen diren langileetatik, %80 emakumezkoak dira. Ez da aukerazkoa, ezta borondatezko hautua ere, kasu gehien-gehienetan horrela lan egitera beharturik daude: arrazoi nagusienetako bat da enpresek jardunaldi osorik eskaintzen ez dietela eta, gainera, honi gehitu behar zaio zaintza lanak oraindik emakumeon bizkar daudela.
Jardunaldi partzialak, gainera, iruzurrez erabiltzen dira gehienetan, jardunaldi osoko lanpostuak betetzeko erabiltzen baitira. Lanaldi murritzagoa aitortu arren, praktikan langileak ordu gehiago sartzera beharturik egoten dira, batzuetan aitortzen eta ordaintzen diren ordu osagarriekin, baina askotan aitortu eta ordaindu gabeko orduekin ere bai. Enpresen iruzur zabalduenetako bat da hau eta, ikusi dugunez, bereziki emakumeen kontra erabiltzen dena.
Jardunaldi partzialaz lan egitera beharturik egoteak soldata arrakalaren arrazoietako bat da: jardunaldi murritzagoa, soldata murritzagoa. Baina, soldatetan ez ezik, pentsioetan ere eragiten du. Esan genezake emakume askoren bizi laborala miseriazko soldatak kobratzetik miseriazko pentsioak jasotzera kondenaturik dagoela.
Eta diskriminazio modu hau nahikoa ez balitz, pentsioen kalkulua egiteko momentura arte erabili izan diren formulek diskriminazio bikoitza ekarri izan dute, jardunaldi partziala bereziki zigortu delako Gizarte Segurantzaren prestazioak jasotzeko orduan.
Jardunaldi partzialetako kotizazioen zenbaketa diskriminatzailea
Jardunaldi partziala bi modutan zigortua izan da orain arte (langileak jardunaldi partzialaz aritzera behartzea zigor nahikoa ez balitz bezala):
- Gutxieneko kotizazio-epea betetzen ote den kalkulatzeko
- Pentsioaren zenbatekoa kalkulatzeko
Gizarte Segurantzaren araudiak ez zuen lan egindako eguna kotizatutako eguntzat hartzen eta kotizazioen zenbaketarako halako neurketa teoriko bat egiten zuten. Honen arabera, kotizazio esfortzu handiagoa eskatzen zitzaion jardunaldi partzailaz aritutako jendeari. Erretiro pentsioa jasotzeko, gutxienez 15 urte kotizatu behar dira; hala ere, jardunaldi partzialaz askoz urte gehiago kotizaturik edukitzea eskatzen zen: %50eko jardunaldiaz, adibidez, 15 urte baino, 30 urte kotizatu behar ziren pentsioa jasotzeko eskubidea eskuratu ahal izateko. Honekin batera, pentsioaren zenbatekoa kalkulatzeko ere neurketa diskiminatzailea egiten zen, nahiz eta pentsio hauek berez baxuagoak izan (jardunaldi partzialeko kotizazio oinarriak, berez, baxuagoak direlako).
Europako Auzitegiaren epaia
2012ko azaroan Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak epaia eman zuen. Bertan adierazi zuten Espainiako Estatuak jardunaldi partzialeko enpleguen kotizazioak zenbatzeko eta erretiro pentsioak kalkulatzeko zerabilen araudia diskriminatzailea eta zuzenbide komunitarioaren kontrakoa zela (79/7/CEE Zuzentaraua urratzen baitzuen).
Diskriminazio honen tamaina ulertzeko, Europako epaitegira heldu zen kasua ikusi besterik ez dago: erretiro pentsioa eskuratzeko, gutxienez, 15 urtez kotizatu behar da; hala ere, auzitegira jo zuen emakumea, jardunaldi partzialaren erruz, 98 urte kotizatzera beharturik zegoen pentsioa jaso ahal izateko.
Europako epaiaren ostean, Auzitegi Konstituzionalak ebazpena eman zuen eta 2013ko abuztuan, Espainiako Gobernuak, ebazpen judizialek behartuta, Errege-dekretua eman zuen (abuztuaren 2ko 11/2013 Errege-dekretua).
Honen bitartez, jardunaldi partzialeko kotizazioak zenbatzeko araudi berria ezarri zen. Gizarte Segurantza aplikatzen hasi zen araudi berri honek egoera apur bat hobetu bazuen ere (lan egindako egunak antzera zenbatu eta, gerora, 1,5eko partzialitate koefizientea aplikatzen zitzaien), ez zituen parekatu lan egindako egunak eta kotizatutako egunak.
LAB sindikatuan bere momentuan salatu genuen araudi berriak ez zituela ez ebazpen judiziala, ez eta Europako Zuzentaraua ere betetzen, eta diskriminatzailea izaten jarraitzen zuela.
Hortaz, 2019. urtean Europako Auzitegiak Estatu espainolari berriro ohartarazi behar izan dio zerabilen kalkuluak diskriminatzailea izaten jarraitzen zuela. Eta 2019ko uztailean Auzitegi Konstituzionalak onartu eta ildo beretik ebatzi behar izan du.
Egungo egoera eta Gizarte Segurantzari erreklamazioak
Europako Auzitegiaren eta Epaitegi Konstituzionalaren ebazpen hauen ondoren, Espainiako gobernua, azkenik, jardunaldi partzialaz lan egiten duten pertsonei aitortu behar izan die lan egindako egunak kotizatutako egunak direla. Argudio nagusiak bi izan dira: alde batetik, jardunaldi partzialak zenbatzeko moduak kotizazio horiek zigortzen zituela eta hori ez zegola inondik inora justifikaturik eta, bestetik, kalkulu diskriminatzailea zela, egoera horretan dauden pertsona gehienak emakumeak izaten baitira.
Baina Auzitegi Konstituzionalaren ebazpenaren ondoren, Gizarte Segurantzaren Institutuak 17/2019 interpretazio-irizpidea argitaratu zuen. Irizpide honen arabera, Auzitegiaren ebazpenaren ondorioak pentsio berrietara mugatu zituen. Bestela esanda, ezarri zuen ebazpenetik aurrerako pentsio berriak baino ez zirela honela kalkulatuko; hau da, gaia ez zela jorratuko erretroaktibitatez edo atzeraeraginez eta, hortaz, honezkero pentsioa jasotzen ari diren lagunen pentsioak ez liratekeela berrikusiko.
Honekin batera, Gizarte Segurantzak iragarri zuen onartuta dauden baina oraindik ebazpen irmorik ez duten pentsioak ofizioz berrikusiko zituela (8.500 inguru). Hauetatik asko aldatuko ez direla aurreikusi zuen: zenbait kasutan, jardunaldiaren partzialitatea %67ra heltzen denean, 1,5eko koefizientea aplikatzeak, berez, jardunaldi osoko bihurtzen dituelako; beste zenbait kasutan, pentsioa horren txikia izanda, gutxieneko osagarria jasotzen dutelako honezkero eta balizko igoerarekin ere berdin geldituko liratekeelako.
Euskadiko Justizia Auzitegi Gorenak arrazoia eman digu
Hasieratik, LABek ez da bat etorri Gizarte Segurantzaren irizpide honekin eta, horregatik, sentsibilizazio kanpaina bati ekin genion, jardunaldi partzialek kaltetutako emakumeek pentsioa berrikusteko eskaerak egin zitzaten.
Horrela, hainbat erreklamazio aurkeztu genituen epaitegietan atzeraeragina edo erretroaktibitatea onar zedin eta, hortaz, pentsioaren zenbatekoa berrikus zezaten, epaitegiek diskriminatzailetzat jo duten araudi baten arabera kalkulatu baitziren pentsio horiek. Esan beharra dago Estatu osoan erregistratutako erreklamazio bakarrak LABek bultzatutakoak izan direla.
Azkenik, Euskadiko Justizia Auzitegi Gorenak arrazoia eman digu bere lehen ebazpenean (419/2021 ebazpena). Bertan onartzen du gure afiliatuak eskubidea daukala bere prestazioaren zenbatekoa berrikusteko, nahiz eta 2011. urtean jubilatu, hau da, Konstituzionalaren ebazpena baino lehenago pentsioa jasotzen hasi. Ebazpen honek, nahiz eta kasu partikularra izan, ateak zabaldu dizkie beste pentsiodun guztiei.
Hortaz, 2019ko abuztua baino lehen jubilatutako edozein pentsiodunek, partzialitate koefizienteak bere pentsioa kaltetu badu, aukera dauka epaitegietan eta Gizarte Segurantzan bere pentsioa berrikus dadin. Gogora ezazue, sindikatuak zuen eskualdeetan duen aholkularitza juridikora jo dezakezuela informazio gehiago nahi izanez gero.
Era berean, Gizarte Segurantzari dei egin diogu epai hau aintzat hartu eta 2019 baino lehen jardunaldi partzialaz aritu diren langileen pentsioak ofizioz berrikusteko, honelako praktika diskriminatzaileak onartezinak baitira administrazio publiko baten aldetik.
Edozelan, kotizazioak kalkulatzeko martxan ipini behar den zenbaketa modu berriak ez du bere horretan konponduko jardunaldi partzialek (inposatuak, gehienetan) sorrarazten dituzten pentsio baxuak. Horregatik, euskal pentsiodunen aldarrikapena geure egiten dugu, 1.080 eurotik beherako pentsiorik egon ez dadin, horixe baita modu bakarra pentsio baxuek eragiten duten pobrezia egoerari aurre egiteko eta, jakina, kasu honetan ere pobreziak emakume aurpegia daukala ahaztu barik.