Pentsio motak eta pentsioen bideragarritasuna
Estatu espainolean hiru pentsio mota daude: kontributiboak, ez kontributiboak eta osagarriak.
Pentsio kontributiboen kasuan, bete beharreko beste baldintza batzuetaz gain, gutxieneko denbora bat kotizaturik izan behar dugu pentsio kontributiborako eskubidea izateko. Era berean, jasoko dugun pentsioaren kopurua gure bizi laboralean kotizatu izan dugunaren (eta enpresak ere gugatik kotizatu duenaren) araberakoa izango da.
Pentsio ez kontributiboak inoiz kotizatu ez dutenentzat edo pentsio kontributiboa jasotzeko nahikoa kotizaziorik ez dutenentzako prestazioak dira. Mota bi daude: jubilazioa eta baliaezintasuna. Kopurua finkoa izango da, beti ere zenbat familiakide garen kontuan izanda.
Pentsio osagarriak pentsio pribatuak dira. Hauen artean norbanakoek kontratatutako pentsio planak daude edota enpresa mailako BGAEak (borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundeak). Azken hauek dira, esaterako, Itzarri (Eusko Jaurlaritzako langileak), Elkarkidetza (aldundiak eta udalak), Geroa (Gipuzkoako enpresak)…
Pentsioen bideragarritasuna
Pentsio publikoak bideragarriak ez direla entzuten dugu maiz. Lelo hau ez da berria. Pasa den mendeko 80’-90’ hamarkadetatik botere politiko eta ekonomikotik –batez ere bankatik- errepikatu ohi digute. Ematen diren arrazoiak: bizi itxaropena gero eta luzeagoa dela, pentsio publikoak handiegiak direla, pentsio bakar bat ordaintzeko gutxienez hiru langileren ekarpena behar dela…
Azken hamarkadetan zehar burutu diren pentsio erreforma guztiek pentsio publikoak suntsitzea izan dute helburutzat. Izan ere, pentsio pribatuen planak kontratazea bankarentzat itzelezko negozioa da. Hipoteken eta kredituen negozioak goia jo ostean, azkenik ikusi dute erronka honen azken txanpara heltzeko aukera eta botere politikoak atea guztiz zabaldu die, krisia aitzakiatzat: erreformen bitartez eta erretserba funtsa gastaturik, besteak beste. Pentsio publikoen sistema ez dago berez krisian, porrotera eramaten ari dira, nahita eta jakinda.
Kohesio sozialaren, elkartasunaren, ondasun publikoaren eta gure eskubide eta duintasunaren kontrako erasoa izateaz gain, pentsio pribatuek bankari baino ez diote mesede egiten. Honelako pentsioek ez dute jubilazio duinik bermatzen eta, gainera, badakite hilabete amaierara ozta-ozta heltzen garen langileoi aurrezki pribaturik izatea ezinezkoa zaigula guztiz.
Pentsio sistema propioa Euskal Herrian
Espainiako botere politikoak, gobernuan edozein alderdi dagoela ere, argi utzi du bankaren interesak zainduko dituztela gure bizitzen gainetik. Euskal herritarrok gaurko eta biharko pentsio duinak bermatzeko daukagun bide bakarra pentsio sistema publiko propioa eratzea da, hemen erabakitzea herritarron eskubideak behingoz bankaren negozioei nagusituko zaiela.
Pentsio publikoen euskal sistema martxan jartzea eta jubilazio duinak bermatzea posiblea da. Eta ez guk diogulako, baizik eta horren inguruan egin diren ikerketa guztiek hala erakusten dutelako; izan ere, euskal ekonomisten gehiengoak, 2017ko Ekonometroak azaldu bezala, honen aldeko hautu argia egiten dute. hortaz, beharrezkoa dugun gauza bakarra honi ekiteko borondate politikoa baino ez da.
• Gasteizko Legebiltzarraren aurrean mobilizatu dira pentsionistak
• Rajoyk eskainitako ogi-papurrak oso urrun daude euskal pentsionisten aldarrikapenetatik
• Euskal instituzioek pentsio duin eta publikoak bermatu behar dituzte euskal langileentzat
• “Adarra jotzen digute, irainduak sentitzen gara”, diote pentsiodunek