Pentsioak errebalorizatzeko sistema aldatu egin da eta berriro lotu da KPIarekin. Baina, ai ene!, gaina eder, barrena uher edo, erromatarrek esaten zutenez, inventa lege, inventa fraude.

Artikulu honetan kontatu dizuegu sistema berri horrek, KPIrekin lotuta egon arren, ez duela bermatzen eros ahalmena galduko ez dugunik.

Baina hori ez da dena, egunotan bankuak urtarrileko “pagatxoa” kontu korronteeetan sartzen hasi direla, aprobetxatu dugu horretaz ere berba egiteko.

Eta, zelan ez, gutxieneko pentsioen zenbateko eguneratuak ere aurkitu ahal izango dituzue:

👉🏼 IRAKURRI GEHIAGO

Pentsioen errebalorizazioa (2022. urterako)

2022/01/21

21/2021 Legearen 1.1. artikulua
Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 58. artikulua

 
Pentsioen errebalorizaziorako sistema berria

Pentsioak errebalorizatzeko sistema aldatu egin da, azkenik. Eta, azkenik, PPren erreformak sartu zituen pobretze-indize biak derogaturik geratu dira. Gogora ditzagun zeintzuk ziren indize hauek biak:

  • Iraunkortasun faktorea: pentsioaren zenbatekoa kalkulatzeko formula matematiko konplexua zen, azken batez, pentsioak urterik urte jaisteko (eta, jakina, pentsio sistema pribatuetara behartzeko) asmakizuna besterik ez. Laburbilduz, eragiketa matematiko horretatik portzentaje bat ateratzen zen, beti %100 baino gutxiago. Hortaz, eragiketaren emaitza %90 balitz, adibidez, pentsioa %10 murriztuko zatekeen.
  • %0,25eko errebalorizazio indizea. KPI indizea da, hobeto edo txartoago, bizi igoera adierazten duen indizea. Pentsioak KPI adierazletik deslotzeaz gain, PPk erabaki zuen, bizi igoera gorabehera, pentsioak %0,25 miseriazkoan baino ez zituela igoko. Eta halaxe egin zuten, 2014tik 2018ra arte.

2018an, PPren Gobernuak neurri biak eten zituen, PNVrekin aurrekontuak adostearen truke. Ez zen derogazio bat izan, baizik eta neurrien atzerapena. Hau da, ondorengo urte bietarako pentsioak KPIren arabera igo ziren eta iraunkortasun faktorearen aplikazioa (2019an indarrean hasi behar zena), 2023ra atzeratu zen. Euskal Herriko pentsiodunen mobilizazio soziala indargabetzea izan zen PNVren mugimendu honen arrazoia. Hau guztia beste artikulu honetan  kontatu genizuen bere momentuan.

 

21/2021 Legearen bitartez, azkenik, derogatu dira neurri biak: iraunkortasun faktorea eta 0,25eko errebalorazio indizea. Beraz, biak bertan behera gelditu dira eta pentsioen igoera berriro ere KPIrekin lotu da. Hori bai, gaina eder, barrena uher edo, erromatarrek esaten zutenez, inventa lege, inventa fraude.

Honelaxe dio orain Gizarte Segurantzaren Lege Orokorrak 58. Artikuluan:

“se revalorizarán al comienzo de cada año en el porcentaje equivalente al valor medio de las tasas de variación interanual expresadas en tanto por ciento del Índice de Precios al Consumo de los doce meses previos a diciembre del año anterior”

Baina, zer esan nahi du honek?

KPIa kalkulatzeko erabili ohi den formula KPI metatua izaten da (soldaten igoerarako, adibidez). Honek adierazten digu zenbat igo den bizi maila. Hala ere, pentsioen errebalorizaziorako KPIa kalkulatzeko modu berri bat adostu zen uztailean Madrilen PSOEren, patronalaren, CCOO eta UGTren artean: aurreko 12 hilabeteetako batezbesteko KPIa. Hau da, 2022. urterako, 2020ko abenduaren eta 2021eko azaroaren arteko batezbesteko KPIa aplikatuko da. Zer esan nahi du honek? Formula berri honekin pentsio kontributiboak %2,5 igoko dira; hala ere, KPI metatua askoz altuagoa izan da: %5,6. Bestela azalduta, 2021eko azaroko erosketa-saskia 2020eko azarokoa baino %5,6 garestiagoa izan da eta ez %2,5 besterik ez.

Hortaz, pentsioak igo badira ere, eros ahalmena galdu egin dute: %3,1 pentsio kontributiboek eta %2,6 pentsio ez kontributiboek.


“Pagatxoa”

Urtarrilaren 20tik 25era bitartean, gutxi gorabehera, bankuak “pagatxoa” (gazteleraz “paguilla” deitu ohi dena, alegia) kontu korronteetan sartzen hasiko dira.

“Pagatxo” hau aurreko urtean galdu dugun eros ahalmen konpentsatzera dator. Iaz pentsioen igoera %0,9 baino ez zen izan, baina inflazioa askoz altuagoa izan da: %2,5. Beraz, aurreikusi zen inflaziotik (0,9tik) 2021ean benetan izan den inflaziora (%2,5) 1,6 puntuko aldea dago. Beraz, oraindik kobratu ez den %1,6 horixe da urtarrileko pagatxo horretan jasoko dena.

Jasoko den kopurua, jakina, pentsioaren arabera izango da, baina, estimazioen arabera, 220 eta 340 euro artean izan daiteke. Beraz, halako ordainketarik ikusten baduzu kontu korrontean, ez da gobernuaren oparia urtarrileko aldapari ekin diezaiogun, baizik eta iaz galdu genuen diruaren errenboltsoa.

ADI! Diru hau paga bakar batean kobratuko dute pentsioa 14 ordainsaritan jasotzen duten pentsionistek. Hau da, gehien-gehienek. Hala ere, zenbait lagunek 12 ordainsaritan jasotzen dute beti bere penstioa. Hauek dira ezintasun iraunkorragatiko pentsioa jasotzen dutenak, baina lan gaixotasun edo lan istripuagatik izan den kasuetan besterik ez.

Pentsioa 12 ordainsaritan jasotzen denean, aparteko pagak hainbanaturik edo prorrateaturik jasotzen dira. Hortaz, urtarrileko aparteko “pagatxo” hau ere 2022ko hamabi hilabeteetan prorrateaturik jasoko duzu.  

Aurtengoa izango da, ziurrenik, “pagatxo” hau jasotzen den azkenengo urtea. Pentsioen errebalorizazioa berriro lotu delako KPIarekin. Hala ere, aurreko atalean azaldu dugunez, honek ez du esan nahi eros ahalmena galduko ez dugunik.


Gutxieneko pentsioak

2022rako pentsioen igoera %2,5 izango den arren, gutxieneko pentsioak %3 igoko dira.

Gutxieneko pentsioen zenbatekoak, hortaz, honelaxe geratuko dira:

ERRETIRO-PENTSIO KONTRIBUTIBOAK
65 URTETIK GORAKOAK HILEAN URTEAN
Bikotekidea kargupean baduzu 890,50€ 12.467€
Bikotekiderik ez (pertsona bakarreko familia unitatea) 721,70€ 10.103,80€
Bikotekidearekin, baina ez kargupean 685€ 9.590€
65 URTETIK BEHERAKOAK HILEAN URTEAN
Bikotekidea kargupean baduzu 834,90€ 11.688,60€
Bikotekiderik ez (pertsona bakarreko familia unitatea) 675,20€ 9.452,80€
Bikotekidearekin, baina ez kargupean 638,20€ 8.934,80€
 
ALARGUNTZA PENTSIOAK
  HILEAN URTEAN
Familia erantzukizunekin
834,90€ 11.688,60€
65 urtetik gorakoak edo %65eko desgaitasunarekin 721,70€ 10.103,80€
60 eta 64 urte bitartekoak 675,20€ 9.452,80€
60 urtetik beherakoak 546,80€ 7.655,20€

HEMEN kontsulta ditzakezu pentsio kontributibo guztien gutxienekoak (umezurtza, ezintasun iraunkorra, SOVI eta abar)


PENTSIO EZ KONTRIBUTIBOAK
(2022rako oinarrizko zenbatekoak)
  URTEAN HILEAN
Osoa 5.808,60€ 414,90€
Gutxienekoa (%25) 1.452,15€ 103,72€
Osoa gehi %50eko osagarria (%75eko desgaitasun kasuetarako) 8.712,90€ 622,35€


Familia berean pentsio ez kontributiboa lagun batek baino gehiagok jasotzen badute:

JASOTZAILE KOPURUA URTEAN (lagun bakoitzeko)
HILEAN (lagun bakoitzeko)
2 4.937€ 352,64€
3 4.430,72 € 316,48 €

Pentsio ez kontributiboen errebalorizazioaren inguruko informazio gehiago: ERRETIROA eta BALIAEZINTASUNA