Ohiz kanpoko langabezia subsidioa

2019/07/22
Azken eguneraketa: 2023/01/27

Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko III. Kapitulua
Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko XXVII. Xedapen Gehigarria

Subsidio hau 2018ko Aurrekontu Legeak ekarritako berritasuna izan zen eta lehenagoko PREPARA Plana eta PAE laguntzak ordezkatzera zetorren. Hasiera batean, ohiz kanpoko langabezia subsidio hau aldi baterako hartutako neurri moduan pentsaturik zegoen; hau da, suposatzen zen Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko 27. Xedapen Gehigarri hau sei hilabetero berriztu behar zutela, harik eta Estatuko langabezia tasa %15etik behera jaitsi arte.

Hala ere, 2018ko abenduan bertan, puntu hori ezabatu egin zen eta, momentuz, iraunkorki aplikatzen ari den subsidioa da.

 
Nork eska dezake?

Aukera bi daude:

1. Langabezia subsidioa agortu dutenek. Hau da, beste langabezia subsidio bat jasotzen egon bazara (kotizazio nahikorik ezagatik, familia laguntza eta abar) eta hau agortu baduzu, ohiz kanpoko subsidioa eskatzeko aukera daukazu.
Izan kontuan aurreko subsidioa agortu duzunetik ohiz kanpoko hau eskatu arte hilabete itxaron behar duzula eta enplegu eskatzailetzat izena emanda egon behar zarela.

2. Denbora luzez langabezian egon bazara (“parado de larga duración” deritzona, alegia). Honek esan nahi du enplegu eskatzailetzat izena emanda egon behar izan zarela gutxienez 360 egunez ez ohiko subsidio hau eskatu baino lehenagoko 18 hilabeteetan zehar. Eta, honetaz gain, gizarteratze errenta aktiboa (RAI), PREPARA plana edo lehengo PRODI agortu behar izan dituzu.

 
Bete beharreko baldintzak:

Bestelako prestazio edo subsidiorik jaso ahal izateko egoeran ez egotea. Hau da, langabezia prestazioa edo subsidio arrunta jasotzeko eskubidea badaukazu, horixe eskatu beharko zenuke eta ez ohiz kanpoko subsidio hau.

– Beste subsidioak agortu ondoren lanean egon bazara eta berriro langabezian geratu bazara, baja hori ezin da borondatezkoa izan. Bestela esanda, ezin izan duzu zuk lana utzi, kaleratu behar izan zaituzte.

Ezin duzu erretiro adinik izan.

Errenta nahikorik ez edukitzea. Edozein subsidio jaso ahal izateko bezala, errentak (kasu honetan familia unitate osoarenak) ezin dira izan lanbidearteko gutxieneko soldataren %75 baino handiagoak izan, hau da, 750 euro hilean (2023. urte hasieran)

Familia ardurak izan behar dituzu. Familia arduratzat hartuko dira bikotekidea, 26 urtetik beherako seme-alabak edo desgaitasunen bat daukaten 26 urtetik gorakoak .

Aldez aurretik ezin izan duzu “PAE” laguntza jaso (PAE: enplegurako aktibazio programa). PAE kobratu duten lagunek ezin dute subsidio hau eskatu.

Adi! SEPEra joan baino lehen, Lanbide edo Nafar Lansarera joan beharko zara eta bertan eskatu enplegua aktiboki bilatu izanaren egiaztagiria.

Diru sarrerak

Subsidioa jaso ahal izateko, bete beharreko baldintzen artean, diru sarreren gabezia egiaztatu behar duzu. Zelan neurtzen da hau?

Diru sarrera nahikorik ez daukazula ulertuko da lanbidearteko gutxieneko soldataren %75 baino gehiagorik irabazten ez duzunean. 2023. urte hasiera honetan lanbidearteko gutxieneko soldata 1.000 euro dira. Hortaz, honen %75 750€ lirateke.

Diru-sarrera hauek edozelakoak izan daitezke: nekazaritza jarduerengatik, jarduera artistikoengatik, lokalen bat alokatuta edukitzeagatik, bestelako prestazio publikoren bat jasotzeagatik, loteriak, pentsio-planak…

Balizko errenta hauen artean, honakoak EZ dira kontuan hartuko:

  • Gizarte Segurantzak seme-alabengatik ematen dituen prestazioak (hala ere, bestelako prestazio sozialak bai hartzen dira aintzat).
  • Kaleratzeagatiko kalte-ordaina. Lanetik bota bazaituzte, dagokizun kalte ordaina ez da kontuan hartuko zure errentak zenbatzeko. Berdin da kalte ordain hau dena batera jaso duzun edo zatika eskuratzen ari zaren.

Diru sarrera gordinak hartzen dira kontuan.

HEMEN daukazu zehaztuta zer jotzen duen SEPEk errentatzat edo diru-sarreratzat.

 
Familia ardurak

Langabezia subsidioei dagokienez, familia ardurak kontuan hartzen dira askotan.

Baina, zer jotzen da familia arduratzat?

  • Bikotekidea
  • 26 urtetik beherako seme-alabak edo harreran hartutako adin txikikoak
  • 26 urtetik gorakoak, baldin eta desgaitasun mailaren bat badaukate

Denarekin ere, familia arduratzat hartzeko, familia unitatearen diru sarrerak ere hartuko dira kontuan, bi modutan:

  • Senide guztien diru sarrerak batu eta senide kopuruaz zatitu behar da. Emaitza ezin da izan lanbidearteko gutxieneko soldataren %75 baino gehiago, hau da, 750 euro hilean.
  • Era berean, seme-alabaren batek edo bikotekideak lan egiten badu eta bere soldata aipatutako kopurua (lanbidearteko gutxieneko soldataren %75) baino handiagoa bada, pertsona hau ez da familia arduratzat hartuko.
 
Subsidioaren iraupena

Ohiz kanpoko subsidioa sei hilabetez baino ezin da jaso eta denbora hau ez da luzagarria.

 
Zenbat jasotzen da?

Kopuru finkoa da: IPREMaren %80
Hau da, 480 euro hilean (2023. urte hasierako zenbatekoa).

 
Subsidioa eskatzeko epeak

1. aukera. Langabezia subsidioak agortu badituzu: hilabete itxaron beharko duzu eta, hilabete hau pasatuta, 15 eguneko epea izango duzu subsidioa eskatzeko.

Epez kanpo eskatzen baduzu, ez dizute subsidioa ukatuko. Hala ere, galdu dituzun egunak ez dituzu kobratuko. 

2. aukera. Iraupen luzeko langabetua bazara: ez daukazu eskatzeko epe finkorik, beti ere beste laguntzak (RAI, PREPARA, PRODI) agortu dituzula egiaztatu ahal baduzu eta eskatu aurreko hilabetean enplegua aktiboki bilatu duzula egiaztatu ahal baduzu (Lanbiden edo Nafar Lansarean apuntatu zarela, alegia).

 
Ohiz kanpoko subsidioa eta jardunaldi partzialaz lan egitea

Lanean ari bazara, nahiz eta jardunaldi partzialaz, ezin duzu subsidioa eskatu. Langabezia egoera legalean egon behar zara derrigor. Hala ere, subsidioa jasotzen hasi eta gerora jardunaldi partzialean lanean has zintezke eta biak bateratu. Hori bai, subsidioaren zenbatekoa proportzioan murriztuko dizute.

 
Ze dokumentazio behar da?

• Eskaera orria. Bertan “ohiz kanpoko subsidioa” aukeratu beharko da.
• Norberaren identifikazioa (NAN, NIE, pasaportea…), kargupean dituzun senideen identifikazioa eta familia liburua edo, migrantea bazara, dokumentu baliokidea.
• Desgaitasunik duten 26 urtetik gorako seme-alaben kasuan desgaitasun egiaztagiria eta desgaitasun maila adierazten duen dokumentua ere beharko dituzu.
Errenten ziurtagiria, enplegu bulegoan hala eskatuz gero.
• Diru laguntza jasotzeko kontu korrontea egiaztatzen duen bankuaren dokumentua.