Seme-alaben jaiotza edo adopzioagatiko laguntzak (EAE)
2023/02/28
Hainbat diru-laguntza eska daitezke administrazioetan jaiotzagatik (edo adopzioagatik) edo seme-alabak kargupean izateagatik. Artikulu honetara seme-alaben jaiotza edo adopzioagatiko EAEko laguntza berrituak ekarri dizkizuegu. Izan ere, ez da laguntza berria, baizik eta aurrekoaren moldaketa sakona. 2023ko martxoaren 1ean hasiko da indarrean.
Oro har, laguntza mota bi izango dira:
- laguntzak seme edo alaba bakoitzeko (umeek 3 urte bete arte edo 7 urte bete arte, hirugarren eta ondorengoen kasuan)
- erditze edo adopzio anizkoitzagatiko eta nazioarteko adopzioengatiko laguntzak
1. Seme-alabak hazi eta mantentzeko diru-laguntzak
Jaiotza, adopzio, adopzio aurreko harrera edo tutelagatik eska daitezke
Laguntza zaharrarekin gertatu bezala, laguntza unibertsala da; hala ere, zenbatekoak ez daude jadanik errenta mailara lotuta. Hau da, hemendik aurrera laguntza berbera jaso dezakete 1.000 eurotara heltzen ez direnek zein 100.000 eurotik gora poltsikoratzen dutenek, adibidez. Lehen, ordea, laguntzaren zenbatekoa familiaren errentaren arabera aldatzen zen.
Hilabeteka jasoko da. Hau ere berritasuna da, momentura arte laguntza urteka ordaintzen baitzen.
Zenbatekoa
Zenbatgarren seme-alaba | Noiz ordaintzen da? | Xehetasunak |
Guztiak | Hilabeteka. Jaiotze hilabetean hasiko da ordaintzen. | 200€ | 0-3 urte artean. |
Hirugarrena eta ondorengoak | Hilabeteka. 3 urte betetzen dituenean hasiko da ordaintzen. | 100€ | 3-7 urte artean. |
Seme-alaba bakoitzeko eska daiteke laguntza. Seme-alaba guztiek laguntza berbera izango dute. Hau da jaiotza edo adopzio bakoitzean eska zenezake eta lehen hiru urteetan zehar zenbateko berbera jasoko da. Baina 3. seme-alabatik aurrera laguntza luzatuko da eta, hortaz, seme edo alaba horrek eskubidea izango du 7 urte bete arte, laguntzaren zenbatekoa 100 eurotara jaitsiko den arren.
Honetaz gain, umeak desgaitasunen bat badauka (%33 edo gehiagokoa) edo menpekotasun egoeran badago, laguntzen zenbatekoa bikoiztuko da.
Adibidez:
Demagun hiru seme-alaba dauzkazula eta euretako batek %33ko desgaitasun maila daukala aitortuta.
- Seme-alaba bakoitzagatik 200€ jasoko zenituzke hilean, harik eta ume bakoitzak 3 urte bete arte.
- Hirugarren seme edo alabagatik, 3 urte betetzen dituenetik 7 urte bete arte, 100€ jasoko zenituzke hilean.
- Desgaitasunen bat daukan seme edo alabagatik laguntza bikoiztuko litzateke. Horrela, 3 urte bete arte 400€ jasoko zenituzke eta, hirugarrena balitz, 7 urte bete arte, 200€.
Umeak hiru edo zazpi urte betetzen dituen hilabetean ez da jadanik jasoko.
Orotara, hiru urtez (edo zazpi urtez, hirugarren eta ondorengo seme-alaben kasuan) jasoko da laguntza, baina umea jaio den hilabetetik aurrera jasotzen hasiko denez (0 urte dituenetik, alegia), hiru urte betetzen dituen hilabetean jadanik ez zaizu egokituko.
Honela, adibidez, 2023ko otsailean jaio bada, 200 euro jasoko dira 2026ko urtarrilera arte. Hirugarren umea balitz, 2026ko otsailean 100 euroko laguntza jasotzen hasiko zinateke, 2030eko urtarrilera arte.
Adopzio, adopzio aurreko harrera edo tutela kasuak
Ordainketak egoera hori formalizatzen denean hasiko dira. Adopzio edo tutela kasuetan erregistro zibilean inskribatzen denetik eta harrera kasuetan ebazpen administratiboa dagoen unetik.
Honelakoetan laguntzak jasotzen hasiko dira adopzio, harrera edo tutela formalizatzen den momentuan, umearen adina edozein dela ere (hori bai, beti ere adin txikikoa den bitartean). Hau da, hiru urtez jasoko da laguntza orokorra (200 eurokoa) eta, hirugarren umea balitz, aparteko laguntza (100 eurokoa, alegia) beste lau urtez . Esan nahi baita, baliteke, adopzioa formalizatzen denean, umeak lau urte edukitzea, esaterako. Hala ere, 200 euro jasoko lirateke hiru urtez eta, hirugarrena balitz, 100 euro hurrengo lau urteetan zehar.
Baina, adi, adoptatutako umea zenbatgarrena den ezartzeko, ez da kontuan hartuko ze momentutan sartu den familian, baizik eta zenbat urte dauzkan.
Desgaitasun edo menpekotasun ziurtagiriak
Ikusi dugunez, umeak desgaitasunen bat badauka edo menpekotasun egoeran badago, laguntza hauen zenbatekoa bikoitza da. Beti egin behar den bezala, desgaitasun ziurtagiria aurkeztu beharrekoa da.
Baliteke dokumentu hau laguntza jaso ondoren aurkeztea (hainbat arrazoirengatik, izan ere, zenbaitetan desgaitasuna ez da lehen momentutik azalarazten). Honelakoetan, ziurtagiria beranduago aurkeztu badugu, alegia, dagokigun kopurura arte osatuko zaigu, beti ere ez badira bost urte pasatu.
Bost urte baino gehiago pasatu badira, laguntzaren kopurua bakarrik osatuko zaigu ziurtagiria aurkeztu genuenetik aurrera. Adibidez, demagun umeak bosgarren urtea beteta daukala eta zazpi urte bete arte jasotzeko eskubidea daukagula; kasu honetan, hurrengo ordainketak baino ez litzaizkiguke bikoiztuko, hau da, 5-7 urte arteko hilabeteko ordainketak (hirugarren seme-alaba baldin bada, jakina).
2. Erditze edo adopzio anizkoitzagatiko eta nazioarteko adopzioagatiko diru-laguntzak
Laguntza hauek seme-alabak hazi eta mantentzeko laguntzekin meta daitezke, hau da, uztargarriak dira.
Kasu honetan ez da aldaketarik egon, ez laguntzaren zenbatekoetan, ez eta kalkulu moduetan ere.
Erditze edo adopzio anizkoitza
Seme-alaba bi edo gehiago jaioz gero edo adoptatuz gero (beti ere Estatuan adoptatu badira).
Ordainketa bakarra izango da.
Laguntzaren gutxieneko zenbatekoa: 2.000 euro (ume bi eta 30.000€ baino gehiagoko errenta). Hortik aurrera, familia errentaren eta jaiotako edo adoptatutako seme-alaba kopuruaren arabera, laguntza handituko litzateke.
Familia errenta* | Haztapen faktorea |
20.000€ edo gutxiago | 2 |
20.000€ eta 30.000€ artekoa | 1,5 |
30.000€ baino gehiago | 1 |
Kalkulatzeko formula:
Erditze anizkoitzak edo Estatuko adopzio anizkoitzak
2.000€ x (seme-alaba kopurua – 1) x haztapen faktorea
Adibideak:
- Bikiak izan badituzu eta zure familia-errenta 20.000€ eta 30.000€ bitartekoa bada:
2.000€ x (2-1) x 1,5 = 3.000€ - Hirukiak izan badituzu eta zure familia-errenta 30.000 eurotik gora badago:
2.000€ x (3-1) x 1 = 4.000€
Nazioarteko adopzioak
Nazioartean ume bakarra adoptatuz gero, 2.000€ jasoko lirateke, gutxienez. Gehiago jaso daiteke errenta mailaren arabera, aurreko koadroari jarraiki.
Adopzio anizkoitza bada, 2.000€ hauei, 1.500€ gehituko litzaieke gainontzeko ume bakoitzeko. Hau da, ume bi adoptatuz gero, gutxienez, 3.500 euro izango lirateke. Jakina, kasu honetan ere, kantitatea handituko litzateke errenta mailaren arabera.
Kalkulatzeko formulak:
- Nazioarteko adopzioa (ume bakarra)
2.000€ x haztapen faktorea - Nazioarteko adopzio anizkoitza
(2.000€ + 1500 x (seme-alaba kopurua – 1)) x haztapen faktorea
Bestela esanda, 2.000€ ume batengatik gehi 1.500€ gainontzeko ume bakoitzarengatik. Honen emaitza, errentaren arabera, dagokizun haztapen faktoreaz biderkatuko litzateke.
Adibideak:
- Ume bakarra adoptatu baduzu eta zure errenta 20.000€ eta 30.000€ bitartekoa bada:
2.000€ x 1,5 = 3.000€ - Nazioarteko adopzioan hiru ume hartu badituzu eta zure familia-errenta 30.000 eurotik gora badago:
(2.000€ + 1.500€ x (3-1)) x 1 = 5.000€
* Familia errenta estandarizatua hartzen da kontuan. Jaurlaritzaren ORRIALDE HONETAN kalkula dezakezu.
Aurreko dekretuarekiko aldaketak
Esan bezala, hau ez da laguntza berri bat, 30/2015 dekretuko laguntzen aldaketa sakona baizik. Hauexek dira aldaketa nagusiak, seme-alabak hazi eta mantentzeko laguntzari dagokionez (esan bezala, erditze edo adopzio anizkoitzagatik zein nazioarteko adopzioagatiko laguntzak ez dira aldatu):
30/2015 Dekretua | 27/2023 Dekretua |
400-500-900 euro urtean | – 200€ hilean |
Urtekako ordainketa | Hilabetekako ordainketa |
Familiako errentaren araberako laguntza | Familia errenta ez da kontuan hartzen |
Ogasunarekin edo Gizarte Segurantzarekin zorrik izatekotan, ez zen laguntza esleitzen | Salbuetsita |
4 urte desgaitasun ziurtagiria aurkezteko | 5 urte desgaitasun ziurtagiria aurkezteko |
Laguntza berrirako trantsizioa
Kontuan izan behar dugu dekretu berria, eta beraz, dekretuari dagozkion laguntzak, urtea behin hasita onartu eta indarrean hasi direla.
Alde batetik, dekretua indarrean hasi baino lehenago jaio bada umea (2023ko urtarrilean edo otsailean), martxoaren 1tik aurrera eska zenezake. 2023ko urriaren 31ra arteko epea daukazu eta jaiotzatik pasatutako hilabeteak ordainduko lizkizukete; beranduago egingo bazenu, hau da, azaroaren 1etik aurrera, laguntza azarorik aurrera baino ez zenuke jasoko.
Bestetik, 2023ko martxoaren 1era arte dekretu zaharra indarrean egon denez, baliteke jadanik laguntza zaharra eskatu izana. Honelakoetan, martxoaren 1etik aurrera laguntza berriro eska zenezake. Hori bai, honezkero diru kopuru bat esleitu zaizunez, kantitate hori deskontatu egingo da. Bestela esanda, dekretu berriarekin legokizukeen dirua jasoko duzu berdin-berdin, baina, jakina, jadanik jaso duzun laguntza kontuan hartuta:
Adibideak:
- Alaba 2023ko urtarrilaren 25ean jaio da. 2023ko otsailean, dekretu zaharra indarrean zegoen bitartean, jaiotzagatiko laguntza eskatu duzu eta 900€ eman dizkizute. Ondoren, 2023ko apirilean, dekretu berria indarrean dagoela, 0-3ko laguntza eskatu duzu eta, honen arabera, 2.400€ dagozkizu (urtarriletik abendura, 200€ hilean).
Zenbat kobratuko duzu 2023an?
900€ dekretu zaharragatik.
2.400-900= 1.500€ dekretu berriarengatik
GUZTIRA: 2.400€
- Semea 2022ko azaroaren 25ean jaio da. 2023ko urtarrilean, dekretu zaharra indarrean zegoen bitartean, jaiotzagatiko laguntza eskatu duzu eta 900€ eman dizkizute. Ondoren, 2023ko apirilean, dekretu berria indarrean dagoela, 0-3ko laguntza eskatu duzu eta, honen arabera, 2.400€ dagozkizu (urtarriletik abendura, 200€ hilean).
Zenbat kobratuko duzu guztira?
900€ 2022an (dekretu zaharrarekin)
2.400€ 2023an (dekretu berriarekin)
GUZTIRA: 900€ (2022an) + 2.400€ (2023an)
Dokumentazioa
— Gurasoen NAN, TIE edo pasaportea
— Jaiotza kasuetan: jaiotza ziurtagiria edota familia liburua
— Adopzio kasuetan: Erregistro Zibilaren ziurtagiria, ebazpen judiziala inskribatu izanaren berri ematen duena edota familia liburua
— Adopzio aurreko harrera kasuetan: ebazpen administratiboa
— Tutela kasuetan: ebazpen judiziala
— Errolda ziurtagiria. Etxebizitzan bizi diren pertsona guztiak islatu behar ditu. Dokumentuak ezin ditu hiru hilabete baino gehiago izan.
— Desgaitasun edo menpekotasun ziurtagiria
— Eskatzailearen kontu korrontea, laguntza bertan jasotzeko
— Erantzukizunpeko adierazpena, honako hauekin: diru-laguntzak jasotzea galarazten dizun ezein zigorrik edo zehapen prozedurarik ez daukazula; adierazi dituzun datu guztiak egiazkoa direla, eta familia unitateko kide guztiek euren datuak kontsultatzeko baimena ematen dutela.
Atzerriko dokumenturik aurkezten bada, euskarara edo gaztelerara itzulita egon beharko dira (modu ofizialean) eta behar bezala legeztatuta
Eskaerak
Eskaera bakarra egin beharko da seme-alaba bakoitzeko 0-3 urteko laguntza jasotzeko. Hau da, ez da berrizten ibili beharko. Hirugarren semea edo alaba bada, 3-7 urteetako laguntza jasotzeko, beste eskaera bat egin beharko da.
Eskaera egiteko hiru hilabete dauzkagu jaiotzatik, adopzioa inskribatzen denetik, harreraren ebazpen administratibotik edo haurrak 3 urte betetzen dituenetik (3. Seme-alaba edo hurrengoa bada). Eskaera ez bada egiten 3 hilabete horietan, ez da laguntza jasotzeko eskubidea galduko; laguntza, eskaera egiten den hilabetetik jasoko da, ordea.
Umea ospitalizaturik egon bada (10 egun edo gehiagoz), eskaera epea beste horrenbeste luzatuko da.
Eskaerak internetez
Eskaera guztiak internetez egin daitezke. Hori bai, identifikazio elektronikorako bitartekoren bat beharko duzu: ziurtagiri digitala edo B@kQ gakoa.
Hurrengo artikuluan zehatz eta mehatz daukazu azalduta zelan egin behar diren izapideak internetez EAEko administrazioarekin:
Eskaera internetez egiteko, ORRIALDE HONETARA sartu behar zara. izna kontuan dokumentazioa digitalizaturik izan behar duzula.
Hemen utziko dizkizugu, era berean, eskaera orria eta jarraibide orria, begirada bat bota ahal izateko:
Eskaerak aurrez aurre
Eskaerak aurrez aurre egiteko, Zuzenean herritarren arreta zerbitzuaren bulegoetara jo behar da edo udaletako erregistro publiko zerbitzuetara.
⇒ Zuzenean zerbitzua:
HEMEN daukazu Zuzenean zerbitzuaren orrialdea
Bulegoetako helbideak (hiriburuetan baino ez daude):
Bilbo: Kale Nagusia 85
Donostia: Andia 13
Gasteiz: Ramiro de Maeztu, 10 behea
Informazio telefonoa: 945 01 80 00
Gogoratu aldez aurretik hitzordua eskatu behar dela. Horretarako, 945 01 90 00 telefonora deitu ahal duzu edo online eskatu orrialde HONETATIK
⇒ Bestetik, badago aukera Correos-en posta bulegoetan ere egiteko, eskaera eta dokumentazioa postaz bidalita edo Orve zerbitzuaren bitartez (Erregistro Birtual Elektronikorako Bulegoa):
— Postaz bidaltzeko: eskaera (beteta), eskaeraren kopia bat eta beharrezko dokumentuak eraman beharko dituzu. Correosen eskaera eta eskaeraren kopia zigilatuko dizute (eguna, ordua eta tokia, hau da, zelanbait esateko, erregistratu egingo dizute). Gutunazalean eskaera zigilaturik sartu beharko duzu (beharrezko dokumentazioarekin batera) eta zigilatutako eskaeraen kopia zuretzat gorde.
— Orve zerbitzuaz: dokumentuak Correos-en digitalizatu eta administrazioari bidaltzen diote zuzenean (Administrazio Publikoen Erregistro Elektronikora). Tasa bat kobratuko dizute. Zerbitzu honetaz gehiago jakiteko, HEMEN.
Laguntzaren inguruko informazio gehiagorako:
⇒ Eusko Jaurlaritzaren webgunea
⇒ Informazio telefonoa: 945 06 20 40
(Astelehenetik ostiralera 8:30etatik 14:30etara, jai egunetan izan ezik)
⇒ Informaziorako posta helbidea: umeak@euskadi.eus