Seme-alaben jaiotza edo adopzioagatiko laguntzak
Seme-alabengatiko diru-laguntzak (EAE)
2020/06/08
Hainbat diru-laguntza eska daitezke jaiotzagatik (edo adopzioagatik) edo seme-alabak kargupean izateagatik. Hemen EAEn umeen jaiotzagatik, adopzioan harteagatik edo adopzio aurreko harreragatik ematen direnak ekarriko ditugu.
1. Seme-alabak kargupean izateagatiko laguntzak
Zertan datza laguntza hau?
Laguntzaren zenbatekoa familia errentaren araberakoa da. Honetaz gain, umeak desgaitasunen bat badauka edo menpekotasun egoeran badago, laguntzen zenbatekoa ere handiagoa izango da.
Ekartzen den seme-alaba bakoitzeko eska daiteke laguntza. Laguntza handituko da seme-alaben kopuruaen arabera, hau da, baldin eta lehenbizikoa, bigarrena, hirugarrena… bada.
Zenbatekoa
Familiaren errenta | Zenbatekoa seme-alaba bakoitzeko | Zenbatekoa desgaitasun edo menpekotasun egoeran |
20.000€ edo gutxiago | 900€ | 1.800€ |
20.000€ eta 30.000€ artekoa | 500€ | 1.000€ |
30.000€ baino gehiago | 400€ | 800€ |
Zenbatgarren seme-alaba | Ordainketa kopurua | Ordainketa noiz |
Lehenengoa | 1 | Jaiotza, adopzio, harrera momentuan |
Bigarrena | 3 | Lehen ordainketa: jaiotza, adopzio, harrera momentuan Hurrengo ordainketak: urtebete eta urte bi betetzean |
Hirugarrena eta ondorengoak | 7 | Lehen ordainketa: jaiotza, adopzio, harrera momentuan. Hurrengo ordainketak: urtero, sei urte bete arte |
ADI! Adopzio, harrera edo tutela kasuetan, lehenbiziko ordainketa, hau formalizatzen denean jasoko da. Hurrengo ordainketak, lehen, umearen adinaren arabera ematen ziren, baina 2018an hau aldatu zen eta, harrera zein adopzio kasuetan, dagokigun ordainketa kopururako eskubidea izango dugu, umearen adina edozein dela ere. Adoptatutako umea zenbatgarrena den ezartzeko, ez da kontuan hartuko ze momentutan sartu den familian, baizik eta zenbat urte dauzkan.
Bestetik, 18 urtetik beherako adin txikikoen tutela kasuak ere barne sartzen dira.
Desgaitasun edo menpekotasun ziurtagiriak
Ikusi dugunez, umeak desgaiatsunen bat badauka edo menpekotasun egoeran badago, laguntza hauen zenbatekoa bikoitza da. Beti egin behar den bezala, desgaitasun ziurtagiria aurkeztu beharrekoa da.
Baliteke dokumentu hau laguntza jaso ondoren aurkeztea. Kasu horietan dagokigun kopurura arte osatuko zaigu, beti ere ez badira lau urte baino gehiago pasatu.
Lau urte baino gehiago pasatu badira, laguntzaren kopurua bakarrik osatuko zaigu ziurtagiria aurkeztu genuenetik aurrera. Adibidez, demagun umeak laugarren urtea beteta daukala eta sei urte bete arte jasoteko eskubidea daukagula; kasu honetan, hurrengo ordainketa biak baino ez litzaizkiguke bikoiztuko, hau da, bost eta sei urte betetzen dituenean (hirugarren seme-alaba baldin bada, jakina).
Eskaerak
Eskaera bi egin behar dira: lehenengoa umea jaiotzen denean edo hartzen dugunean eta beste eskaera bat dagozkigun hurrengo ordainketetarako (bigarren edo hirugarren seme-alaben kasuan).
Hasierako eskaera: hiru hilabete dauzkagu jaiotzatik, adopzioa inskribatzen denetik edo harreraren ebazpen administratibotik.
Hurrengo eskaerak: umeak urteak egiten dituen urte naturalean aurkeztu behar ditugu.
2. Erditze edo adopzio anizkoitzagatiko diru-laguntzak
Seme-alaba bi edo gehiago jaioz gero edo adoptatuz gero (beti ere Estatuan adoptatu badira).
Ordainketa bakarra da eta aurretiaz azaldutako laguntzarekin metatu ahal da (seme-alabak kargupean izateagatiko laguntzarekin, alegia).
Laguntzaren gutxieneko zenbatekoa: 2.000 euro. Hortik aurrera, familia errentaren eta jaiotako edo adoptatutako seme-alaba kopuruaren arabera, languntza handituko litzateke.
Familia errenta | Haztapen faktorea |
20.000€ edo gutxiago | 2 |
20.000€ eta 30.000€ artekoa | 1,5 |
30.000€ baino gehiago | 1 |
Kalkulatzeko formula:
2.000€ x (seme-alaba kopurua – 1) x haztapen faktorea
Adibideak:
– Bikiak izan badituzu eta zure familia-errenta 20.000€ eta 30.000€…
2.000€ x (2-1) x 1,5 = 3.000€
– Hirukiak izan badituzu eta zure familia-errenta 30.000 eurotik gora badago…
2.000€ x (3-1) x 1 = 4.000€
3. Nazioarteko adopzioak
Ordainketa bakarra da eta seme-alabak kargupean izateagatiko laguntzekin metatu ahal da.
Ume bakarra adoptatuz gero:
Gutxienez, 2.000€.
Familia errentaren arabera, gehiago izan daiteke. Zenbatekoa kalkulatzeko, aurreko koadroan azaldu dugun haztapen faktoreaz biderkatu behar da. Hau da…
– zure famiia-errenta 30.000€ baino gehiago balitz, 2.000€ jasoko zenuke;
– familia errenta 20.000€ eta 30.000€ bitartekoa balitz, 3.000€ (2.000€ x 1,5)
– eta zure familia-errenta 20.000€ baino gutxiago balitz, 4.000€ (2.000€ x 2)
Ume bat baino gehiago adoptatuz gero (aldi berean)
Bigarren umetik aurrera, 1.500€ gehituko litzateke. Hau da, ume bakar batengatik, 2.000€ badira, ume bi batera adoptatzeagatik, 3.500€ (2.000€ + 1.500€)
Zenbateko hori, gerora, aipatutako haztapen faktoreaz biderkatu beharko genuke:
– Familia-errenta 20.000 eurotik beherakoa bada, bider 2
– Familia-errenta 20.000€ eta 30.000€ artekoa bada, bider 1,5
– Familia errenta 30.000€ bada, bider 1
Laguntza hauen guztien eskaerak
Internetez egin ahal dira denak. Hori bai, B@k edo Izenpe beharrezkoak dira identifikatzeko.
Ikusi HEMEN zer den eta zelan lortu B@k gakoa.
Eta HEMEN zertan datzan Izenpe .
Eskaerak aurrez aurre egiteko, Zuzenean herritarren arreta zerbitzuaren bulegoetara jo behar da.
HEMEN daukazu Zuzenean zerbitzuaren orrialdea
Bulegoetako helbideak (hiriburuetan baino ez daude):
Bilbo: Kale Nagusia 85
Donostia: Andia 13
Gasteiz: Ramiro de Maeztu, 10 behea