Zer egin enpresak ez badizu soldata ordaintzen? (kontratua bertan behera uzteko eskaera)

Gure kabuz erabaki dezakegu, edozein egoeratan, lana utzi nahi dugula. Langileak lan harremana bere erabakiz amaitzen duenean, borondatezko bajatzat hartzen da. Baina honek zenbait ondorio badauzka. Borondatezko baja batek esan nahi du ez dela kalteordainik egongo eta, gainera, horren ostean, ezin izango dugula langabezia prestazioa segidan eskatu. Langabezia prestazioa eskatu ahal izateko, “langabezia egoera legalean” egon behar gara. Langabezia egoera legalean gaude kaleratu bagaituzte, kontratua amaitu bazaigu… baina ez enplegua uztea geuk erabakitzen dugunean.

Hala ere, salbuespenak badaude eta horietako bat da enpresak ez digunean soldata ordaintzen edo atzerapenez egiten duenean (Langileen Estatutuko 50. artikuluan jasotzen denez). Artikulu honetan azalduko dizugu honelako egoera batean baldin bagaude, ez dugula zertan lana gure kabuz utzi, lehen aipatutako ondorio guztiekin. Epaitegietan lan harremana amaitzeko ESKATU ahal dugu (jakina, honek ez du kentzen enpresan bertan ere borrokatzea, baita epiategietara joanda ere).

Esan bezala, lan harremana bertan behera uzteko eskatu behar dugu; bestela esanda, epaitegiak “baimendu” behar du. Horretarako, prozedura hasi behar da oraindik lanean ari garela, hau da, lan harremana oraindik indarrean dagoela. Hau garrantzizkoa da, zeren eta, azaldu dugunez, lana guk utziko bagenu, borondatezko bajatzat hartuko bailitzateke. Epaitegian salaketa sartu baino lehen, kontziliazio txartela aurkeztu behar da eta, hortaz, aukerak egon litezke akordio bat lotzeko epaitegira jo baino lehen.

Zer lor genezake? zor dizkiguten soldatak ordaintzeko erreklamatzeaz gain, noski, lan harremana arrazoi honengatik bertan behera utziko balitz, kalteordaina ere jasoko genuke. Kalteordain hau kaleratze bidegabearen bestekoa izango litzateke:

45 egun 2012ko otsailaren 12ra bitartean lan egindako urte bakoitzeko
• eta 33 egun, data horretatik aurrera lan egin dugun urte bakoitzeko.

Honetaz gain, esan bezala, langabezia egoera legalean egongo ginateke eta prestazioa eska genezake.

Langileen Estatutuak ez du finkatzen zenbat ordainketetan huts egin behar duen enpresak edo zenbateko atzerapenak hartuko diren kontuan kontratua bertan behera uzteko. Gaia jurisprudentziak garatu du eta esan genezake, oro har, lau hilabete hartzen direla aintzat, baina kasu bakoitza ezberdina da eta bere horretan aztertu beharrekoa.

Egoera honetan baldin bazaude, sindikatuarekin kontaktuan jartzeko gomendatzen dizugu. Izan ere, kasu zehatzak aztertu behar dira eta dauden aukerak neurtu. Gainera, behin baino gehiagotan gertatu da salaketa jarri eta enpresak langilea kaleratu duela. Kasu honetan enpresaren hutsegiteaz gain, kaleratzea ere sala liteke, prozedura berean (Lan arloko Jurisdikzioaren Legearen 32. artikuluaren arabera). Gogoratu kaleratzeak salatzeko epea 20 lanegun baino ez direla.

Beste alde batetik, enpresak ez badigu soldatarik ordaintzen egoera ekonomiko larrian jarri ahal gaitu eta, honelakoetan ere aukerak aztertu beharko liratezke. Izan ere, moduak badaude lanpostura joateaz “salbuesteko”, baita beste lan batean hasteko ere, gure erreklamazioa baztertu barik. Baina, esan bezala, laguntza eta aholkularitza ezinbestekoak izango dira egin beharreko edozein pauso aldez aurretik ondo jorratzeko eta egoera eraginkortasunez kudeatzeko.