Zer egin ezin baduzu hipoteka ordaindu?

2023/04/25

Artikulu hau PAH plataformaren informazioan oinarriturik dago

 

Etxebizitza teorian baino ez da eskubidea gaur egun. Ez da harritzekoa. Etxebizitza herritar guztion funtsezko premia denez gero, negozio immobiliarioa itzelezko gutizia da kapitalarentzat. Bankak, errentistek, inbertsio funtsek, eraikuntza enpresek eta horien guztien interesak zaintzen dituen botere politikoak, praktikan, etxebizitza eskubidea aberastasun metaketarako bitarteko ezin hobea bihurtu dute.

Langileok gure diru-sarreren zati handienetako bat etxebizitza ordaintzera bideratu behar dugu. Beraz, funtsezko premia eta eskubide honetatik zuzenean ateratzen duten probetxu ekonomikoaz gain, etxebizitzaren ordainketari aurre egiteko zailtasunek beldurra zabaltzen dute eta, hortaz, langileen gaineko kontrol eta diziplina mekanismo moduan ere erabilia izaten da.

Etxebizitzarekin arazoak izatea ez da erabaki pertsonalen ondorio hutsa; horren atzean espekulazioa eta negozioa ahalbideratzen duen sistema osoa dago. Arazo kolektiboa da. Honelako egoeraren batean bazaude, ez izan lotsarik edo beldurrik laguntza eskatzeko. Bide latza izango da, baina xamurragoa laguntza kolektiboarekin egiten baduzu.

Bizilanen informazioa helarazi nahi dizuegu, honelakoetan zelan joka daitekeen eta zelako aukerak egon daitezkeen ezagutu dezazuen. Hau da, zer eror daitekeen jakin dezagun eta itsu-itsuan joan ez gaitezen. Hemen jaso ditugun gakoak PAH, Plataforma de Afectados por la Hipoteca, taldearen materialetatik atera ditugu. Edozelan, badira hainbat eta hainbat eragile etxebizitza arazoari aurre egiten aritzen direnak. Aukera egokiena zure inguruko etxebizitza eragileren batengana edo zubi lanak egin ditzakeen eragile sozialengana jotzea da, zalantzarik gabe.

Artikulu amaieran zenbait kontaktu aurkituko dituzue, nahiz eta bakarrak ez izan.

Ezin baduzu ordaindu, ahalegindu negoziatzen

Hipotekari ezin badiozu aurre egin eta ordaintzeari utzi behar badiozu, lehen aukera bankuarekin edo erakunde finantzarioarekin negoziatzen saiatzea da. Hau egingo genuke balizko prozedura judiziala oraindik hasita ez dagoela. Ez da negoziazio erraza izango, erakunde finantzarioak asko baitu bere alde, baina ez dira gutxi akordioak lortu diren kasuak.

Noiz utzi ordaintzeari?

Erabaki hori norberak hartu beharrekoa da, egoeraren arabera. Sarritan gertukoengana jotzen dugu ordainketei aurre egiteko, baina egoera denboran luzatuko bada, honako hau kontuan hartu beharko genuke:

— Bankua, seguruenik, ez du zurekin ezer negoziatu nahi izango ordaintzen jarraitzen duzun bitartean. Hortaz, argi baduzu lehenago edo beranduago ezingo duzula ordaindu, hobe da ez eustea eta ordaintzeari uztea. Kostaka ordainduko dituzun hilabete apur horiek ez dute amaierako zorra txikituko eta, horrela, diru hori aurreztu ahal izango duzu.

“Ordaindu ahal duzun apurra”. Baliteke bankuan horrelakoak gomendatzea, “zure borondate ona erakustearren”. Ez sinistu. Kuota murriztua ordainduko duzula esplizituki jasotzen duen dokumenturik sinatuta ez badaukazu, gutxiago ordaindu duzun momentutik kontratua betetzeari utzi diozu. Hortaz, berandutzea (gaztelerazko “mora”) izango litzateke eta interes altuak aplikatuko dizkizute horregatik. Eta, gainera, honek ez luke prozedura judizialaren hasiera ekidingo, bankuak auzitegira jo nahiko balu.

— Familia eta gertukoak, gure eta euren ongizatea eta osasuna hipoteka ordaintzea baino garrantzitsuagoak dira. Ez du merezi horiek sakrifikatzea.

Ze nolako aterabideak egon daitezke?

Seguruenik, bankuarekin negoziatzen hasten zarenean, ez dizute irtenbiderik proposatuko, areago, edozein soluziobide ezinezkoa dela esango dizute. Hala ere, badira zenbait aterabide:

Gabealdia (gaztelerazko “periodo de carencia”, alegia): Ordaindu ezin dugun tartea laburra izango dela aurreikusten badugu, bankuarekin adostu ahal dugu tarte labur horretan -urtebetean edo zenbait hilabetetan- interesak baino ez ditugula ordainduko, hau da, ez dugula kapitalik amortizatuko. Honek kuota txikituko luke.

Etxebizitza ordainean ematea (“dación en pago”): Aterabide hau, batez ere, 2008ko krisialdian hasi ginen komunikabide eta abarretan ezagutzen. Etxebizitza emango genuke zorra kitatzeko. Honek, hala ere, etxebizitza galtzea dakar. Hipoteken Legean jasota dagoen arren, kontratuan aurreikusita egon behar dela ezartzen du. Normalean ez da hala izaten, baina, hala ere, kontratuan jasota ez egon arren, posible da. Beraz, hasiera batean bankuak uko egingo badu ere, ekin beharko dugu. Askotan bankuak kontraproposamenen bat egin diezaguke.

Bankuak hipoteka berritzea edo birfinantzatzea eskaini ohi du, hilabeteko kuota murrizteko. ADI! Kontuz abal-emaile berriak gehitzearekin, harrapatuta geratzeko arriskua baitago; gainera, askotan ez da epe luzerako konponbidea izaten, kuota ez delako uste bezainbeste jaisten edo denbora tarte labur baten ostean berriro igotzen delako… eta hainbat gastu ere ekartzen ditu: notariotza, gestoria eta abar.

ADI! EZ onartu mailegu pertsonalik hipotekari aurre egiteko. Zorra handitzen jarraituko dugu.

Nola negoziatu?

— Ez sinatu ezer ondo ulertu arte. Eskatu proposamen guztiak idatziz.

— Lehenik eta behin, garrantzitsua da garbi edukitzea zer lortu nahi dugun. Negoziazioan zehar presioak jasoko ditugu. Hauei aurre egiteko eta lasaitasunari eusteko funtsezkoa izango da ideiak eta helburuak argi izatea.

Bulego zuzendariarengana joko dugu eta egoeraren berri emango diogu. Honekin batera, gure proposamena aurkeztuko diogu. Beti idatziz. Eta kopia bat gordeko dugu.

— Argudioak prestatu beharko ditugu. Honetarako, informazioa biltzea oso baliagarria izan daiteke, adibidez ondo legoke jakitea zelan jokatu duen bankuak aurreko kasuetan, zelako proposamenak egin dituen eta zelako akordiotara heldu den. Izan kontuan lehen momentuan balizko irtenbide guztiak ezinezkoak direla esango digutela.

— Ordaintzeri uzten diogunean, presioak etorriko dira. Erraza da esaten indartsu eta burua hotz eutsi behar diogula egoerari. Zaila izango da, bai, baina oso garrantzitsua. Irtenbidea negoziatu nahi dugu, proposamena egin dugu eta, gainera, ez daukagu galtzekorik. Inor ez da kartzelara joaten hipoteka ez ordaintzeagatik.

Ez ekin arazoari bakarrik. Bilatu laguntza zure inguruko kolektiboetan:

• Lehen esan dugunez, oso baliagarria izango da jakitea bankuak aldez aurretik antzeko akordiorik lotu duen. Kolektiboek informazio hori izan dezakete.

• Kolektiboki antolatuta bagaude, presio-ekintzak antola ditzakegu. Bankuaren irudi publikoa urratzen dituzten ekimenak oso baliagarriak dira negoziatzera behartzeko (elkarretaratzeak, bezeroei esku-orriak banatzea, komunikabideetara jotzea…).

EAEn eta Nafarroan bitartekaritza zerbitzu publiko eta doakoak daude:

⇒ EAEn: Gainzorpetutako familiei laguntzeko zerbitzua.
Zerbitzu honen inguruko azalpen liburuxka HEMENDIK jaitsi ahal duzu

⇒Nafarroan: Bitartekaritza zerbitzua, hipoteka eta alokairua ordaintzerik ez dagoenean

Prozedura judiziala

Bankuak zorra kitatzeko prozedurari bide bitatik ekin ahal dio: bide judizialetik edo bide estrajudizialetik:

 

Bide judiziala

— Ordaintzeari uzten zaion momentuan bertan jar daiteke martxan, baina ohikoena da bankuak, gutxienez, 3 hilabete itxarotea.

— Fase honetan zehar gure hizketakidea erakunde finantzarioa izango da oraindik.

— Nahiz eta prozedura hasi, negoziaziorako aukera ez dago itxita: bankuak badu aukera prozedura judiziala bertan behera uzteko. Hortaz, prozedura luzatzea eta negoziatzen jarraitzea interesatzen zaigu.

— Honakoak dira urratsak:

Burofaxa jasoko dugu. Bertan zor dugun kantitatea adieraziko da eta ordaintzeko eskatuko zaigu. Alferrikakoa da postariari atea ez irekitzea edo burofaxa ez sinatzea eta ez jasotzea; prozedurak, edozelan, aurrera egingo du. Beraz, hobe da gutuna jasotzea eta informatuta egotea.

• Momentu honetan ez baditugu eskatzen zaizkigun kuotak eta interesak ordaintzen, bankuak salaketa aurkeztuko du auzitegian. Honen ostean, maileguko titular guztiek jakinarazpena jasoko dute. Bertan exekuzio judizialaren prozedura hasi dela azalduko da eta hainbat dokumentu helaraziko dizkigute (salaketa, hipotekaren kontratua, zorren berri ematen duen notariotzaren akta…). Kasu honetan ere, nahiz eta jakinarazpena ez jaso, prozedurak aurrera egingo du.

• Jakinarazpen honekin batera, epaitegiak 10 eguneko epea emango digu zorra kitatzeko. Ezin badugu ordaindu, etxebizitzaren enkante data finkatuko dute. Data hori finkatzen dutenean, gutxienez 20 egun lehenago abisatu behar digute.

Finkaturiko egunean etxebizitza enkantean aterako litzateke. Eroslerik agertuko ez balitz, bankuak 20 egun ditu epaitegiei jakinarazteko etxebizitza berak hartuko duen, zorraren %100agatik edo tasazio balioaren %60agatik. Bankuek gehienetan tasazio prezioaren %60 aukeratzen dute. Honek esan nahi du zorrak kopuru hau gainditzen badu, etxetik kaleraturiko pertsona oraindik gainontzeko zorrari egin beharko diola aurre.

Puntu honetara helduta ere elkartasun ekintzak ikusi ditugu. Usurbilgo auzokide batek zorra kitatu eta etxebizitza eskuratu ondoren, Mari Angelesek bere etxean bizitzen jarraitzeko aukera izan zuen.


⇒ Prozesuan zehar doako justizia zerbitzuetara jo dezakegu:
EAEn
Nafarroan


Doako laguntza juridikoaz gehiago jakin nahi baduzu, beste artikulu honetan kontsulta dezakezu:

Bide estrajudiziala

Aurrekoa baino aukera okerragoa da, prozedura azkarragoa delako (3 hilabetetan ebatzi daiteke) eta, notariotzan egiten denez, ez daukagulako defentsarako eskubiderik. Bankuek gehienetan bide judizialari ekiten diote, baina bide estrajudiziala aukeratuko balute, honako hauek izan behar dituzu kontuan:

Notariotzatik jakinarazpena ekartzen badigute, ez ireki atea eta ez jaso jakinarazpena. Prozedura judizialen kasuan ikusi dugu alferrikakoa dela jakinarazpena ez jasotzea, aurrera egingo duelako edozelan. Kasu honetan, ordea, ez. Honela, bankuak bide judizialera jo beharko luke.

Notariotzak ezin du zorra exekutatu, ezta inor bere etxetik kaleratu ere. Horretarako, bankuak bide judizialetara jo beharko du.

Behin etxebizitza enkantean aterata

Enkantea burutzeak ez du esan nahi berehala etxetik kaleratuko gaituztenik. Behin enkantea eginda, hiru egoerari egin beharko diegu aurre: zergen erreklamazioa, geratzen den zorra eta etxe-kaleratzea. Fase honetan ere, oraindik ez da ezer bukatu eta, berriro ere, oraindik negoziatzen eta presionatzen jarraitzeko aukera dugu, bankuarekin akordio bat lortu arte. Kasu hauetan ere doako justizia eska dezakegu. Honek prozedura etetea ahalbidetuko du, errekurtsoak aurkezteko laguntza juridikoa eskuratzeaz gain.

— Geratzen den zorra. Ez gaituzte zuzenean enbargatuko, erakunde finantzarioak epaileari baimena eskatu behar diolako. Banku gehienek ez dute berehalakoan exekutatzen, baina 20 urtera arte ez du preskribatzen eta, bankuak zorra eskatzeko edozein mugimendu eginez gero, 20 urte horietako zenbaketa zerotik hasten da.

Hala ere, legeak enbargatu ezinezko gutxieneko bat zehazten du: lanbidearteko gutxieneko soldata. Kopuru horretatik abiatuta, mailakako taula bat dago, familia erantzukizunak ere kontuan hartzen dituena.

Errekurtsoak jar daitezke epaitegian, enkantean ateratako etxebizitzaren balioa adjudikazioarena baino handiagoa zela argudiaturik.

Bakuarekin negoziatzen jarraitu ahal da, zorra barka dezaten. Ez da ohikoa, baina ez da ezinezkoa. Hainbat eta hainbat kasu badira.

— Zergak: Ogasunak edo Udalak etxebizitzari loturiko hainbat sor erreklamatu ahal dizkigute. Kasu hauetan epaitegietan eskatu behar dugu gure etxebizitza beste bati egotzi zaiola adierazten duen agiria, eta ondoren horrekin jo zerga erreklamatzen digun entitatearengana.

— Etxe-kaleratzea: Ezin da egun batetik bestera izan, eguna eta ordua jakinarazi behar dizkigute hilabete lehenago, gutxienez. Normalean, hilabete gehiago irauten du prozedurak, hala ere.

Kasu honetan ere atzeratzea eskatzeko errekurtsoak aurkeztu ahal ditugu.

Udaleko zerbitzu sozialetara jo dezakegu. Batzuetan ez da tramite atseginena, baina lagundu gaitzakete, etxe-kaleratzea behin behinean bertan behera uzteko. Horretarako, gutun bat egin beharko ligukete: epaileari kaleratzea atzeratzeko eskatu, oraindik beste etxebizitza bat topatu ez dutela argudiaturik. Egiten ez badigute ere, epailearen aurrean izapide hori egin dugula egiaztatzeak edo frogatzeak lagundu ahal digu.

Etxe-kaleratzearen aurrean erresistentzia antola dezakegu. Hainbat dira horrelako ekimenetan esperientzia duten kolektiboak eta hauetara jo dezakegu aurretik egin ez badugu ere. Etxe-kaleratzearen data hurbiltzen bada eta akordio bat erdiesteko aukerarik ikusten ez badugu, mekanismo honen bidez atzeratzea lor dezakegu erresistentziaren bidez. Gainera, horrelako ekimenek sortzen duten aktibazioa eta foku mediatikoa baliatu dezakegu presioa areagotzeko.

Lagundu ahal diguten elkarte eta erakundeak

• KALERATZERIK EZ / STOP DESAHUCIOS:

EAE: https://afectadosporlahipoteca.com/contacto/#euskadi

Nafarroa: https://afectadosporlahipoteca.com/contacto/#navarra

• BESTE BATZUK

Zer egin etxe kaleratze abisua heltzen denean?

Zer egin alokairuarekin arazoak badituzu?