Diru sarrerak bermatzeko errenta (EAE)
2018/03/21
Azken eguneraketa: 2023/04/04
18/2008 Legea, abenduaren 23koa, Gizarteratzeko eta Diru-sarrerak Bermatzekoa
4/2011 Legea, azaroaren 24koa, Gizarteratzeko eta Diru-sarrerak Bermatzeko Legea aldatzen duena
2/2010 Dekretua, urtarrilaren 12koa, etxebizitzarako prestazio osagarriari buruzkoa
14/2022 Legea, abenduaren 22koa, Inklusiorako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemarena
2022ko abenduaren 29an argitaratu da Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta moldatzen duen lege berria. 2008ko Legeak pairatu duen bigarren erreforma da hau. Honetaz gain, beste murrizketa batzuk ere egin izan zaizkio Aurrekontu Legeen bitartez (adibidez, 2012an kopurua %7 jaitsi zen eta 2017an, %8 igo behar bazen ere, %1,5 baino ez zitzaion aplikatu). Lege hau, moldaketak moldaketa, ez dator murrizketa hauek guztiak bertan behera uztera. Izan ere, Gasteizko Gobernuaren helburua ez da sekula izan herritar guztiei bizi duina bermatzen dien babes sistema eratzea, baizik eta pobrezia maila jasanezinak edo, hobeto esanda, jasanezinenak, zelan edo halan, apaltzea. Honetaz gain, lege berriak pobreziaren estigmatizazioan, arrazakerian eta herritarren kriminalizazioan sakontzen du: herritarrak susmagarriak omen dira eta, horrexegatik, edozelako presio eta kontrolak jasan behar omen dituzte, Jaurlaritzaren “karitatea” eskuratzearren.
Eusko Jaurlaritzak Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta sekulako “arrakastatzat” saltzen badu ere, pobrezia eta desberdinkeria sozialak neurtzen dituen inkestaren arabera, sistema honek pobrezia arriskuan dauden 100 lagunetik, 30 babes sistematik at uzten ditu eta, artatzen dituen gainontzeko 70etik, 37 ez dira pobrezia egoeratik irteten. Hortaz, sistemak egoera honetan dagoen populazioaren heren bati baino ez dio erantzuten. Ez dirudi paparra ateratzeko modukoa denik.
Eusko Jaurlaritzaren inkesta hau kontsultatu nahi baduzue:
Hainbat aldaketa izan dira eta artikuluan zehar horietako zenbait ikusten joango gara. Baina, hasi baino lehen, horra hor zehaztapen batzuk:
— Legea argitaratu eta hiru hilabetera hasiko da indarrean. Beraz, hemen kontatzen dizkizuegun guztiak martxoaren 29tik aurrera izango dira. Hala ere, jasotzen diren zenbatekoei dagokienez, esaterako, 2023ko lehen hiruhilekokoak ere aurkituko dituzue.
— Badakizuenez, DBE berriztu behar izaten zen. Lege berriarekin premia hau desagertuko da eta administrazioa bera izango da datuak konprobatzeaz arduratuko dena. Hala ere, honekin batera, kontrolak areagotuko dituzte eta, besteak beste, Lanbideri inoren etxera sartzeko eskumena emango diote. Hau benetan oso larria da dira, “bizilekuaren bortxaezintasun” printzipioa urratzen duenez gero.
— Momentura arte, DBE mota bi zeuden: oinarrizko errenta (diru-sarrerarik batere ez zeukaten lagunentzat) eta Laneko Diru-sarrerak Osatzeko Errenta (diru sarreraren bat izaten zuten lagunentzat). Lege berriarekin bi hauek prestazio bakar batean batu dira. Elkarbizitza unitatearen baliabide ekonomikoak kontuan hartu eta, horren arabera, gehienezko kopuru batzuetara arte osatuko da.
Nork jaso dezake Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta?
• Elkarbizitza unitateei begirako prestazioa da. Hortaz ez da prestazio indibiduala, nahiz eta elkarbizitza unitatea norbanako bakarrekoa izan daitekeen.
• Elkarbizitza unitateko titularrak jasoko du.
Bete beharreko baldintzak
• 18 urtetik gorakoa izan behar zara (lehen 23 urte ziren; hala ere, beherago ikusiko duzuenez, 23 urte artekoei aparteko betebehar bat eskatzen zaie)
• 18 eta 29 urte bitartekoa bazara, egiaztatu beharko duzu zeure kabuz bizitzen egon zarela, gutxienez, DBE eskatu baino urtebete lehenagotik.
• Lanbiderekiko betebeharrak:
— Lanbiden izena emanda egon behar zara, enplegu eskatzaile moduan
— Lanbidek agintzen dizkizun prestakuntza ekimenetan parte hartu behar duzu
— Ezin diozu ezein enplegu eskaintzari uko egin
— Ezin duzu enplegua zeure borondatez utzi
— Ezin duzu borondatezko eszedentziarik eskatu
— Ezin duzu zeure borondatez jardunaldia murriztu
Eszedentziak edo jardunaldi murrizketak justifikaturik egongo dira, baldin eta zaintza betebeharrengatik badira. Bizilanen azaldu dizuegun bezala, zaintza betebeharrengatiko eszedentzia eta borondatezko eszedentzia ez dira figura berbera. Gehiago jakin nahi baduzu, jo ezazu hurrengo artikuluetara:
• Lanbiderekiko betebehar hauei dagokienez, 18 eta 23 urte bitartekoentzat legeak espresuki aipatzen du honako hau:
— Eskaera egin baino urtebete lehenagotik Lanbiden izena emanda egon behar izan zara (eta Lanbidek agintzen dizkizun guztiak bete).
— Hau ez zaizu eskatuko, baldin eta, azken bi urteetan zehar, 240 egunez lanean egon bazara, gutxienez. Ezta eskaera egiteko momentuan lanean bazaude. Hala ere, azken kasu honetan, aurreko urtean langabezian egon zaren sasoi guztietan Lanbiden izena emanda egon behar izan zara.
• Errolda:
EAEko edozein udaletan erroldatuta egon behar izan zara:
— Eskaera egin aurreko hiru urteetan zehar
— Hau ez baduzu betetzen, egiaztatu beharko duzu bost urtez jarraian egon zinela erroldatuta, eskaera egin aurreko hamar urteen barruan
⇒ Erroldatuta egoteaz gain, zure erresidentzia efektiboa EAEn izan behar da. Zer esan nahi du honek? Urte natural bakoitzean ezin izan zarela 90 egun baino gehiagoz EAEtik kanpo egon
• DBE eskatu aurretik, bestelako pentsio eta prestazio publiko guztiak eskatu behar izan dituzu.
Adi! hau bereziki garrantzitsua da orain, Bizitzeko Gutxieneko Errenta (“Ingreso Mínimo Vital”) martxan jarri zenetik. Hau da, beste prestazio hau eskatu beharko duzu aldez aurretik, beti ere baldintzak betetzen badituzu, jakina. Eta, horren ostean, DBE eskatu.
• Ezin duzu DBE eskatu, baldin eta…
— Espetxean bazaude
— Publikoki finantzatuta dagoen egoitza batean plaza iraunkorra badaukazu. Egoitzaren finantziazio osoa publikoa izan behar da; hala ere, zerbitzua administrazioak zuzenean edo erakunde pribatu batek eman dezake.
• Diru-sarrerak
DBE familiaren diru-sarreren osagarria da. Diru-sarrerak ez badira heltzen DBEren zenbatekora, kopuru horretara arte osatuko lirateke. Bestetik, norbanakoak edo elkarbizitza unitateak ez badauka inolako diru-sarrerarik, DBEren zenbateko osoa jasoko litzateke. Hortaz, gehienezko diru-sarrerak zeintzuk diren jakiteko, jo ezazu “Zenbat jasotzen da?” atalera, gehienezko diru-sarrerak gehienez jasotzen den kopuru berbera dira.
Honetaz gain, DBE jaso ahal izateko, ondareari dagokionez, gehienezko muga batzuk ere ezarrita daude:
— Batetik, ohiko etxebizitzaz gain, ezin duzue beste higiezinik eduki (bigarren etxeak, lokalak, etab.)
— Familian autonomorik balego eta bere lan jarduerarako lokalen bat baleuka, hau ez litzateke kontuan hartuko.
— Gehienezko ondareak (dirua, ibilgailuak edo bestelako ondasunak) ezin du gainditu urteko DBEren zenbatekoa bider lau. 2023ko balioak ondorengoak dira, beti ere Lanbideren webgunean azaltzen den moduan. Hau da, erosiniko prezioan saltzen dizuet zuei ere bai:
Elkarbizitza unitateko lagun kopurua | Orokorra | Pentsiodunak |
1 | 40.734,89€ | 46.737,11€ |
2 | 52.306,55€ | 58.421,26€ |
3 edo gehiago | 57.861,40€ | 63.094,92€ |
Zitazioak eta kontrol prozedurak
Lanbidek edozein momentutan deitu ahal dizu euren bulegoetara joan zaitezen, EAEn bizi zarela egiaztatzeko, baldintzak bete dituzula ziurtatzeko edota Lanbiderekin “kolaboratzeko”, legeak dioen bezala (30. artikulua). Era berean, dokumentazioa atxikitzeko eska diezazukete.
Honek hainbat arazo sortzen ditu. Alde batetik, hitzordu hauek bide telematikoetatik edo SMStik egiten dira eta askotan zailak izaten dira ulertzen. Honetaz gain, maiz ez dira sasoiz heltzen. Gainera, postaz bidaltzen direnean, zailtasun bereziak egoten dira jakinarazpena jasotzeko, zein Lanbiden bertaratzeko, bereziki, DBE jasotzen duen pertsona lanean ari bada.
Honelako kasuetan, pertsona lanean dagoenean, alegia, mesedegarria izan liteke bide digitalak erabiltzea Lanbiderekiko hitzorduari kasu egiteko. Hala ere, legeak azaltzen duenez, hau oraindik ez dago finkatuta eta etorkizunean egingo den balizko araubide baten esku uzten du. Hortaz, bide digitalak burokraziarako eta izapideak zailtzeko hobesten bada ere, geroxeago ikusiko dugunez, ez da benetan kontuan hartzen herritarrei mesede egin diezaieketen kasuetarako.
Artikulu hau berriztu genuenean, esan genizuen Lanbideko langileak etxera sartzeko eska dezaketela, DBE eskaeran adierazi duguna egia ote den egiaztatzeko, adibidez, zenbat elkarbizitza unitate dauden etxe horretan. Eta, legeari erreparatzen badiogu, halaxe da, hitzez hitz honelaxe baitio: “Ikuskaritza Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko ikuskatzaileek garatuko dute”. Ez genuen espero Eusko Jaurlaritzak herritarren etxeetara Ertzaintza bidaltzerik, baina halaxe gertatzen ari da. Gainera, konprobatu beharko luketen kontuekin batere zerikusirik ez daukaten erregistroak egiten, armairu eta toki pertsonaletan arakatzen eta koakzioak tarteko.
Etxera sartzeko adin nagusiko baten baimena (onespen askea) baino ez dute behar. Hau da, txirrina jo, sartzeko eskatu eta barrura. Egia da uko egin daitekeela eta, kasu horretan, baimen judiziala beharko luketela etxera sartzeko, baina ez gaitezen engaina, botere figura bat etxean azaltzen bazaizu eta behar-beharrezkoak dituzun baliabide ekonomikoak botere figura horren erabakiaren esku badaude, edozein herritarrentzat zaila baino zailagoa izango litzateke uko egitea. Areago, ahulezia sozial egoera berezian dauden DBEren jasotzaileentzat, bereziki, beste jatorri bateko herritarrentzat.
Eta hau gutxi balitz, legeak 101. artikuluan adierazten duenez, Lanbideren ikuskaritza eta kontrol funtzioa oztopatzea eta kolaboratzeari uko egitea arau hauste larritzat joko da. Hau, argi eta garbi, koakzio mekanismoa da, onespen askea urratzera datorrena.
Hau oso-oso larria da. Etxearen bortxaezintasuna Konstituzioan jasota dago. Agindu judizial barik ezin da ezein etxetara sartu, ezta balizko delituak egin direnean ere. Era berean, etxeko langileek ondo dakitenez, Lan Ikuskaritza ezin da euren lantokietara sartu, lege urraketarik ote dagoen ikertzeko, etxeko langileen lantokia beste inoren bizilekua baita. Badirudi PNVrentzat beste edozein delitu baino askoz larriagoa dela prestazio ekonomiko bat eskatu behar izatea.
Elkarbizitza unitateak
Nork osatzen du elkarbizitza unitatea?
Elkarrekin bizi diren eta euren artean familia harremana daukaten pertsonek (odolkidetasun edo ahaidetasun bigarren gradura arte). Era berean, elkarbizitza unitatea osatuko dute ezkonduta edo ezkontza pareko harremana daukatenek.
Bestetik, orain arte elkarbizitza unitatea urtebete lehenagoz osatuta egon behar zen DBE eskatu ahal izateko. Lege berriarekin betebehar hau desagertu egin da.
Adi! Legeak, ezkontza pareko harremanaz ari denean, honako hau dio (28. artikulua):
Senar-emazteak eta izatezko bikoteak ez ezik, banandurik dauden bikotekideak ere elkarbizitza unitatetzat hartuko dira.
Bestetik, bikote batek ezkontza pareko harremana daukala suposatuko da, baldin eta azken lau urteetan zehar, gutxienez, bi urtez elkarrekin bizitzen egon badira, segidan ala ez. Bestela, kontrakoa frogatu beharko litzateke (eta batek daki zelan frogatu behar den hori). Bestetik, beste eskubide batzuk eskuratzeko, paperak sinatzea beharrezkoa den bitartean (bikotekidearen pentsioa, esaterako), badirudi ez dagoela horretarako inolako premiarik eskubideak ukatzeko orduan.
Etxe berean unitate bat baino gehiago egon daitezke?
Bai. Hainbat elkarbizitza unitate egon daitezke, pertsona bakarrekoak edo pertsona bat baino gehiagokoak. Hala ere, ikusiko dugunez, etxe bakarrean unitate bat baino gehiago badaude, jasoko den zenbatekoa %15 gutxiago izango da.
Salbuespenezko etxebizitza unitateak:
Hainbat kasutan familia harremana ez da kontuan hartuko elkarbizitza unitatea osatzeko orduan: salerosketa (“trata”) edo sexu-esplotazioaren biktimak, genero indarkeriaren biktimak, pentsiodunak, dibortzio edo banantze izapideak egiten hasi diren pertsonak, etxegabetze kasuak…
Bestela esanda, genero indarkeriaren biktima izan bazara, adibidez, eta gurasoen etxera itzuli bazara, elkarbizitza unitate independientea osa zenezake (zuk bakarrik edo zure seme-alabekin).
Adi! salbuespenezko elkarbizitza unitate hauek, gehienez, hiru urte iraun dezakete. Hau da, aurreko adibideari jarraiki, hiru urtez baino ezingo zinateke egon gurasoen etxean DBE jasotzen. Pentsiodunen kasuan, ordea, ez da denbora muga hau aplikatuko.
Zenbat jasotzen da?
Jasoko den kopurua zehazteko, oinarrizko zenbatekoa eta osagarriak hartuko dira kontuan.
Oinarrizko zenbatekoa norbanako bakarrari legokiokeena izango litzateke eta EAEko Aurrekontu Orokorretan ezartzen da urterik urte. Oinarrizko zenbateko honi, esan bezala, osagarriak aplikatzen zaizkio elkarbizitza unitatearen ezaugarrien arabera. Osagarri mota bi daude:
• Osagarri indibidualak, elkarbizitza unitatea osatzen duen pertsona bakoitzeko:
— Titularra eta adin nagusiko beste lagun bat: %50 gehiago
— Elkarbizitza unitateko gainontzeko lagun bakoitzeko: %30 gehiago
• Elkarbizitza unitatearen ezaugarrien araberako osagarriak:
— Guraso bakarreko familiak
— “Trata” edo salerosketaren biktimak
— Sexu esplotazioaren biktimak
— Genero indarkeriaren biktimak
— Pentsiodunak
— Gutxienez, %33eko desgaitasuna daukaten pertsonak
— Menpekotasun egoera aitorturik daukaten pertsonak (beti ere arrazoi honengatik pentsiorik jasotzen ez badute)
Pentsiodunen kasuan, osagarria %40 izango da.
Gainontzeko kasuetan, %25.
Osagarri hauek bateragarriak dira. Salbuespena: pentsiodunak desgaitasuna aitortuta badauka, ez zaizkio osagarri biak aplikatuko (hau da, %40 aplikatuko zaio, pentsioduna izateagatik, baina ez zaio desgaitasunagatiko %25eko osagarria aplikatuko).
Guraso bakarreko familiatzat honako hauek ere hartuko dira:
— Amama edo aitaita bazara eta adin txikiko ilobak zure kargupean badauzkazu. Hori bai, umeen zaintza eta jagoletza izan behar duzu (“guardia y custodia”).
— Beste gurasoa edo zaintzailea espetxean badago
— Beste gurasoa edo zaintzailea menpekotasunezko 3. gradua badauka, ezintasun iraunkor absolutu egoeran badago edo baliaezintasun handiko egoeran badago.
Etxe berean elkarbizitza unitate bat baino gehiago badaude, %15 gutxiago jasoko da. Demagun familia (edo norbanako) bi bizi zaretela etxe bakarrean. Baliteke batek DBE jasotzea eta besteak ez, ala biek jasotzea. Edozein kasutan, DBE jasotzen duenari %15eko zigorra ezarriko zaio.
⇒ ADI! Artikulu hasieran abisatu dugunez, lege berria argitaratu eta hiru hilabetetara hasiko da indarrean. Hortaz, martxoaren 29ra arte ez dira kopuru eta kalkulu berri hauek aplikatuko (edozelan, zenbatekoa urte berriarekin batera %8,5 igo da). Beraz, hemen daukazue taula bat iazko, 2023ko lehen hiruhileko eta martxoaren 29tik aurrerako zenbatekoekin:
Edo, bestela adierazita:
Ikusten duzuenez, 2023ko martxoaren 29tik aurrera unitateko kide guztiak hartuko dira kontuan kopuruak ezartzeko. Esan nahi baita, momentu honetan, berdin jasotzen da 3 lagunetik gora (izan adin nagusikoak edo txikikoak). Hau da, guraso bik ume batekin edo ume birekin zenbateko berbera jasotzen dute, adibidez. Martxoaren 29tik aurrera, ordea, kopuruak ezberdinak izango dira. Eta gauza bera gertatuko da guraso bakarreko familietan:
* DBE 12 ordainsaritan jasotzen da, aparteko pagarik gabe, alegia.
Etxebizitzarako prestazio osagarria
DBE jasotzen duten lagunek etxebizitzarako prestazio osagarria ere eska dezakete. Prestazio hau, gaur gaurkoz, hilean 300 euro dira alokairua ordaintzeko.
Hala ere, prestazio hau desagertuko da bere horretan. Izan ere, 2015ean Etxebizitza Legea onartu zen eta, lege horren bitartez, etxebizitzarako eskubidea eskubide subjektibotzat ezaugarritu zen. Honek esan nahi du administrazioa arduratu behar dela herritarrei etxebizitza bat emateaz eta eskubide hau subsidiarioki baino ezin dela ordezkatu prestazio ekonomiko batez. Edozelan, lege honen araubidea, hau da, zelan gauzatu eta garatuko den oraindik dago geldirik.
Hortaz, lege berriko Bigarren Xedapen Iragankorrean adierazten da, momentuz, Lanbidek etxebizitzarako prestazio osagarriari eutsiko diola, harik eta Etxebizitza Legearen araubidea garatu arte.
Prestazio honetaz informazio gehiagorik nahi izanez gero, Lanbideren ORRIALDE HONETAN kontsulta dezakezu.
Dokumentazioa
Dokumentu garrantzitsuenak hona ekarri dizkizuegu. Hala ere, dokumentu guztiak kontsultatu nahi badituzue, ORRIALDE HONETAN dauzkazue.
Hauexek dira momentuz aurkeztu behar direnak. Martxoaren 29tik aurrera aldaketarik balego, eguneratu eta jakinaraziko dizuegu. Gogoratu gure Telegram kanalean harpidetuz gero, abisu eta eduki berri guztiak zuzen-zuzenean eta momentuan jaso ahal izango dituzuela zuen mugikorretan.
- Eskaera-orria (DBE eskatzeko, berritzeko edo berrikusteko (gogoratu martxoaren 29tik aurrera DBE ez dela berriztu beharko)
- Errolda agiria (hau udaletxean eskatu behar da)
- Elkarbizitza unitateko kideen kontu korronteen berri (zenbat diru daukazuen) ematen duen dokumentua
- Prestazioa helbideratzeko dokumentua (ze kontu korrontetan nahi duzun dirua jasotzea)
- Egoera zibilaren, diru-sarreren eta ondarearen inguruko erantzukizunpeko adierazpena
- Norberaren edo elkarbizitza unitatearen egoeran aldaketarik egonez gero
- EAEtik irten behar bazara
- Etxebizitzaren alokairu kontratua
- Logela baten alokairu kontratua
- Alokairuaren ordainagiria
Horretaz gain, PDF HONETAN zerrendaturik dauzkazue beharrezko dokumentuak, egoera berezietan dauden lagunek aurkeztu behar dituztenak barne (desgaitasun mailaren bat daukaten pertsonak, genero indarkeria, errefuxiatuak, etxebizitzarako prestazio osagarria eskatzeko dokumentazioa…).
Izapideak eta digitalizazioa
Legearen 4. artikuluan adierazten denez, DBEren sistema “aurrerapen teknologikoez” baliatuko da eta aurrez aurreko arreta erabiliko du “beharrezkoa denean”. Hortaz, ikusten dugunez, asmoa da harreman digitalak araua izatea, aurrez aurrekoak salbuespen bihurtzen diren bitartean.
73. artikuluan, era berean, berriro aipatzen da eskaera, ahal dela, Lanbideren erregistro elektronikoan aurkeztuko dela.
Hala eta guztiz ere, gaur gaurkoz, Lanbideren webgunean, izapideak online egiteko aukera ematen bada ere, abisatu ere egiten digute: DBE lehenengo aldiz eskatzeko, berrasteko, berritzeko edo uko egiteko, bulegora jo behar da. Honekin batera, aipatu behar da Eusko Jaurlaritzaren webgunean aurrez aurreko aukera baino ez dela azaltzen posible moduan. Ikusiko dugu zer gertatzen den martxoaren 29tik aurrera.
Momentuz, gogoratuko dizuegu Eusko Jaurlaritzarekin (zein EAEko edozein administraziorekin) edozein izapide online egiteko, NAN elektronikoa edo B@kq behar dela. KZguneetan eskatu behar da eta, eskarmentu propioagatik, esan ahal dizuet zenbait eskualdetan denbora nahikoz ahalegindu behar dela hitzordua lortzen. Izan ere, langile bakarra izaten dute hainbat eta hainbat KZgunerako, baita eskualde bat baino gehiagotan zerbitzua emateko ere.
B@kQ-en inguruko guztiak beste artikulu honetan kontsulta ditzakezue:
B@kq-en erabilera prozedura benetan zaila suertatu ahal zaie hainbat laguni, batez ere, kontu digitalekin ohituta ez daudenei eta gazteleraz sobera ondo moldatzen ez direnei. Gainera, aipatu behar da legean ez dela aurreikusten ezelako laguntzarik izapideak egiteko beste jatorri bateko lagunentzat, gai administratiboek izaten duten konplexutasuna kontuan hartuta. Lagun hauentzako eta euren familientzako bizitzeko gutxienekoez ari gara, baina ez dirudi administrazioari ardura dionik.
Izan ere, zorioneko digitalizazioa ez da herritarroi izapideak errazteko bitartekoa, lehen aipatu dugun bezala, baizik eta kapitalismoaren agindua. Eta ez pentsa gehiegikerietan nabilenik, 2021ean burtsan baliorik handieneko 10 enpresetatik, 8 teknologikoak ziren. Kapitalismoa berkonfiguratu eta berregituratu den moduaren froga baino ez da hau. Negozio berriko enpresek agindu eta instituzioek bete, beti egin izan duten bezala.
Gainera, bide batez, ondo datorkie, hainbat eta hainbat lagun zerbitzu publiko eta babes sozialaren sistematik kanpo uzteko baliagarria izateaz gain, zerbitzu publikoetako langileen lanpostuak deuseztatzeko ere aprobetxa dezaketelako.
Denarekin ere, Lanbideren webguneko ORRIALDE NAGUSITIK sartu beharko litzateke.
Bertan aukera bi dauzkazue:
- Lanbiden alta emateko (hurrengo orrialde honetara joango zinatekete):
- DBErekin zerikusia daukaten izapideak egiteko (beste orrialde honetara egingo zenukete):
Batean zein bestean sakatuta, segidan Izenperen orrialdea zabalduko zaizue, identifika zaitezen, hiru aukerarekin: Bak (DBErekin zerikusia daukaten izapideak -edo gehienak, behintzat- ezin dira honekin egin), B@kQ eta Ziurtagiri digitala edo NAN elektronikoa: