Langileen lagapen ilegala
2022/10/19
Langileen Estatutuko 43. artikulua
14/1994 Legea, aldi baterako lan enpresak arautzen dituena
ABLEa -aldi baterako lan enpresa- ez den enpresa batek langileak kontratatzen baditu eta beste enpresa bati lagatzen badizkio bertan lan egin dezaten, langileen lagapen ilegalaz ari gara.
Langileen lagapen ilegala, nahiz eta legez debekatuta eta zigortuta egon, oso jokabide arrunta da. Hainbat sektoretan gertatzen da eta praktika benetan zabaldua da, hainbeste ezen sozialki guztiz normalizaturik baitago eta langile gehienek jokabide ilegala denik ere ez baitakite.
ABLEak eta ABLEak ez diren enpresak
Langileen lagapena Estatutuko 43. artikuluan dator azaldurik eta bere lehenbiziko puntuan argi uzten du langileen lagapena aldi baterako lan enpresek baino ezin dutela gauzatu.
Hau da, ABLEak dira jokabide honetarako baimenduta dauden bakarrak. Izan ere, ABLEen jarduera hauxe da: langileak kontratatu eta langile horiek beste enpresa batzuei laga aldi baterako, enpresa nagusiak zuzenean kontratatu beharrean. ABLEak tartekaritza enpresak dira, baina hauexek dira honetarako baimenduta dauden bakarrak.
XX. mendeko azken hamarkadetan, lan mundua desregularizatzeko erasoaldi betean, jaio ziren ABLEak eta Europa osotik zabaltzen joan ziren. ABLEen bitartez, enpresek ez zuten zuzenean kontratatu behar eta, hortaz, lan baldintza eskasagoak aplikatzeko eta langileak inolako ondoriorik gabe kontratatu eta kaleratzeko aukera ezin hobea aurkitu zuten.
Langileriaren erantzuna laster etorri zen eta gurean gogoratu behar dugu batez ere gazteek egindako borroka gogorra enpresa hauen kontra. Hala, 1994an ABLEak arautzen dituen legea etorri zen. Jakina, momentura arte debekatuta egon ziren praktika hauek eteteko hautua egin zezaketen, baina, horren ordez, baimendu egin ziren, nahiz eta -teorian, behintzat- mugatu.
Honela, ABLEek, besteak beste, eta araudian hainbat aldaketa tarteko, baldintza bi hauek errespetatu behar dituzte:
- Langileak laga ditzakete, baina ez edozein lanpostu edo kasutarako, baizik eta aldi baterako kontratua egitea legala den egoeretarako, besterik ez (14/1994 Legearen 6.2 artikulua). Bestela, lege iruzurrezko kontratazioa izango litzateke.
- ABLE bitartez kontratatutako langileei enpresa nagusiko langileen funtsezko baldintza berberak bermatu behar zaizkie (soldata, jardunaldia, aparteko orduak, atsedenaldiak, gaueko lana, oporrak, jai egunak).
Lehen esan bezala, hau teoria da; praktikan, oraindik hainbat eta hainbat iruzur egiten dira, hala nola, egiturazko lanpostuak ABLEen bitartez eta aldi baterako kontratuez betetzea.
Denarekin ere, ABLEen erabilera mugatzearekin batera, enpresentzat jadanik ez zen horren “probetxugarria” tresna honen bitartez kontratatzea, enpresako baldintza berberak aplikatzera behartuta dauden heinean. Badakizuenez, kapitalismoa ez dago prest ahalik eta irabazi gehien lortzeko gurpila eteteko, ezta horretarako ezinbestekoa den langileen esplotaziorako bitarteko berriak bilatzeari uzteko ere. Honela ulertu behar dugu zerbitzu anitzeko enpresen, kontraten eta azpikontraten zabalpen izugarria.
Produkzioa kanporatzea, berez, lan baldintzak okertzeko eta enpresen erantzukizuna desagerrarazteko bitartekoa da. Hori, hemen behintzat, albo batera utziko dugu, interesatzen zaiguna langileen lagapen ilegala ezberdintzea denez gero. Horregatik, gako batzuk emango dizkizuegu enpresa jokabide ilegal honetan ari ote diren jakiteko:
• Zerbitzu anitzeko enpresak, kontratak eta azpikontratak
Ikusi dugunez, ABLEek baino ezin dituzte langileak laga. Zerbitzu anitzeko enpresek edo kontratek ezin dute honelakorik egin:
Kontratatutako enpresak edo kontratak lan edo zerbitzu bat ematen dio enpresa nagusiari. Horretarako, bere bitartekoak jartzen ditu, pertsonalak eta materialak; era berean, antolakuntza eta zuzendaritza ere enpresa horren esku dago. Enpresa nagusiak, hortaz, zerbitzu horrengatik ordaintzen du (eta ez langileengatik).
Baina, aitzitik, enpresa nagusiak bitarteko materialak jartzen baditu, lanaren antolakuntza ezartzen badu, zuzendaritza lanak egiten baditu…, ez da zerbitzu batengatik ordaintzen ari, baizik eta langileengatik. Eta hori lege iruzurra da.
⇒ Beraz, langileen lagapen ilegala dago enpresa batek (A enpresak) langilea kontratatu badu, baina langile horrek beste enpresa batean (B enpresan) lan egiten badu, eta B enpresa honek jarraibide eta aginduak ematen badizkio eta jardunaldia, oporrak eta beste lan baldintzak antolatzen badizkio, hitz bitan, plantilako langilea balitz bezala aritzen bada.
Langileen Estatutuko 43.2. artikuluan azaldu bezala, enpresa lagatzailea enpresa pantaila izan liteke (jarduera edota antolakuntza propio eta iraunkorrik ez daukana edo bere jarduerarako bitartekorik ez daukana, hau da, erregistroan izena eman duena helburu soil honekin) edo benetako enpresa bat izan daiteke (oraintxe azaldu dugunez, berak ez du zerbitzurik ematen, langilea baino, eta langile hori enpresa nagusian aritzen da gainontzekoen modura).
Zelan jakin lagapen ilegala ote den?
Lagapen ilegala egongo da, beti eta salbuespen barik, itxurazko edo gezurrezko enpresak enpresa fatxadak) erabiltzen direnean. Hala ere, kontratatu zaituena benetako enpresa bada, zelan jakin?
Zure kasua hau ote den jakiteko, galdera zehatz hauek erantzun ahal dituzu, Zenbat eta “enpresa nagusian” edo baiezko erantzun gehiago, orduan eta aukera handiagoak zure egoera lagapen ilegala izateko:
- Non dago lantokia, enpresa nagusian edo kontratua egin zizun enpresan?
- Nork ezartzen ditu ordutegia eta jardunaldia, enpresa nagusiak edo kontratua egin zizun enpresak?
- Nork ezartzen edo koordinatzen ditu oporrak eta egun libreak?
- Nork antolatzen ditu txandak?
- Nork jartzen ditu zehapenak?
- Ze enpresatako arduradunek ematen dizkizute agindu eta jarraibideak?
- Ze enpresatako arduradunei eman behar dizkiezu zure lanaren inguruko kontuak?
- Nori eskatu behar dizkiozu baimenak?
- Enpresa nagusiko organigrama barruan al zaude?
- Norenak dira erabiltzen dituzun tresnak eta lan materiala, enpresa nagusiarenak edo kontratua egin zizun enpresarenak?
- Zure funtzio edo zereginak enpresa nagusiko gainontzeko langileen berdinak edo antzekoak al dira?
- Bezeroen edo hirugarren pertsonen aurrean enpresa nagusiko langilea bazina bezala aurkeztu behar al duzu zeure burua?
- Norena da uniformea edo eramaten dituzun identifikazioak?
Zer egin egoera honetan zaudela uste baduzu?
Hasieran esan dugun bezala, guztiz zabaldu den egoera izan arren, ez da legala eta sala daiteke.
⇒ Egoera honetan zaudela uste baduzu, ezer baino lehen, jarri kontaktuan sindikatuarekin, zure egoera zehatza aztertu ahal izateko eta egin beharreko pausoak elkarrekin aztertzeko.
Epaitegietan salatu baino lehengo, kontziliazio txartela aurkeztu behar da dagokion adiskidetze erakundean. Hau da, epaitegietara heldu baino lehenago, lan arloko afera gehienekin egiten den bezala, enpresarekin akordio batera heltzeko ahalegina egin behar da. Hau adiskidetze organoen bitartekaritzarekin egiten da. Gehiago jakin nahi baduzu, jo beste artikulu honetara:
Akordiorik lotuko ez balitz, hurrengo pausoa epaitegietara jotzea izango litzateke.
Langileen lagapen ilegalaren salaketa oraindik lanean ari garela sartu behar da.
Modu honetan aritu bazara lanean eta kaleratu bazaituzte, kaleratzea salatu beharko litzateke. Enpresa bien kontra egingo litzateke, enpresa biak erantzule solidarioak direlako (Langileen Estatutuko 43.3. artikulua)
Langileen Estatutuko 43.4 artikuluan azaldu bezala, langile lagapena ilegaltzat joko balitz, langilea finkoa izatera pasatuko litzateke. Langileak aukeratuko luke ze enpresetan: enpresa nagusian edo lagatzailean. Langileak enpresa nagusian izango dituen eskubide eta lan baldintzak bertako ohikoak izango dira, betetzen duen lanpostuari dagozkionak, alegia. Eta antzinatasuna lagapen ilegala hasi zenetik hasiko da zenbatzen. Honetaz gain, enpresa lagatzaileak soldata txikiagoa ordaintzen bazizun, soldata aldea ere erreklamatu ahal izango duzu.
Enpresak arrazoi honengatik kaleratzen bazaitu edo ez badizu kontratua berrizten, kaleratzea baliogabetzat joko litzateke hala izan dela frogatuz gero.