ABLEak (aldi baterako lan enpresak)

ABLEak tartekaritza enpresak dira, langileak kontratatu eta langile horiek beste enpresa batzuei lagatzen dizkiote aldi baterako. Erakunde pribatuak dira eta euren helburua mozkinak ateratzea da. Jakina, langileen lanetik enpresa erabiltzaileak ez ezik, ABLEak ere irabaziak atera nahi baditu, erraz ondoriozta daiteke negozio horren funtsa langileen esplotazio maila handitzean datzala: lan-eskua are gehiago merketzea bilatzen dute eta, gainera, horretarako, lan harreman mota askoz prekarioagoa erabiltzen dute langileek otzan onar dezaten. Legediak ABLEetako langileen baldintzen ekiparazioa ezartzen duen arren, praktikan ABLEak euren sorreratik prekarietatearen paradigma izan dira. Izan ere, zertarako kontratatuko du enpresa batek ABLE bitartez eta ez zuzenean edo enplegu zerbitzu publikoen bidez, ABLE horri ere ordaindu behar badio? Berez, garestiagoa izan beharko litzateke enpresarentzat, ezta? Eta, hala ere, ABLE bidezko kontratazioek gora besterik ez dute egiten.

Balizko iruzurrak milaka izan daitezke. Ohikoena aldi baterako kontratuekin lanpostu finkoak betetzea izaten bada ere, denetarik topa dezakegu: astelehenetik ostiralera kontratazea, asteburua ez ordaintzearren; ordutegiak, jardunaldiak, txandak aldatzea lan legediak ezartzen duena errespetatu barik, whassapp bitartez kaleratzea… Aipamen berezia egin behar da lan osasun eta segurtasunari dagokion guztiaren inguruan: soldataz gaindiko edozein gastu murrizten ahalegiten dira eta honetan lan osasuna izaten da kaltetuenetako bat; kasu askotan, urteroko azterketa medikoa ere ez dute egiten. Ez da kasualitatea istripu eta osasun galerak aldi baterakotasunarekin guztiz lotuta egotea.

25 urte bete dira enpresa hauek funtzionatzen hasi zirenetik. 1994an PSOEren gobernuak martxan jarri zuen lan erreformarekin izan zen. Erreforma hark, ABLE eta beste neurri batzuekin, lan merkatua liberalizatzea izan zuen helburu. 25 urte beranduago ABLEek sustatzen duten prekarietatearen adibide argi bat: 2019ko urtarriletik urrira arte Estatu espainol osoan 3.519.608 kontratu gauzatu ziren ABLE bitartez (2018an baino %9 luze gehiago). Baina kontratu hauek guztiak 675.247 lagunek baino ez zituzten sinatu. Hortaz, lagun bakoitzak, gutxienez, 6 kontratu ezberdin izan zituen 10 hilabeteko epean.

Zelan funtzionatzen dute ABLEek?

Harreman honetan hiru alde daude: langilea, ABLEa eta enpresa nagusia. Langileak enpresa biekin dauka zerikusia, baina bere lan harremana ABLEarekin izango da. Hau da, kontratua langileak eta ABLEak sinatuko dute eta hilabete amaieran ABLEa izango da ordaintzen diona.

Hala ere, langilea enpresa nagusian edo erabiltzailean eman behar ditu bere zerbitzuak eta lan antolamendua enpresa nagusiak markatuko du (ordutegiak, egutegia, zereginak…).

Lan baldintzak

ABLE bitartez kontratatua izan den langileari enpresa erabiltzaileko gainontzeko langileei aplikatzen zaien hitzarmen bera aplikatu behar zaio, oinarrizko lan baldintzei dagokienez (soldata, jardunaldia, atsedenaldiak, jai egunak, oporrak…). Oinarrizkotzat jotzen ez diren baldintzen kasuan baino ezin dira ABLEaren hitzarmeneko baldintzak aplikatu. Hala ere, oso ohikoa da ABLEa bere hitzarmena bete-betean aplikatzen ahalegitea (esan barik doa ABLEen hitzarmenak askoz kaltegarriagoak izaten direla). Hau ILEGALA da, Aldi Baterako Enpresen inguruko Legearen 11. artikuluak ezartzen duenez. Era berean, eskubidea daukazu lan osasun eta segurtasun irizpide zein bitarteko eta ekipamendu berberak jasotzeko. Enpresa kontrakoa egiten saiatuz gero, jo ezazu sindikatura.

Kontratua

Esan bezala, kontratua ez duzu enpresa nagusiarekin sinatuko, ABLEarekin baino. Edozelan, honek ez du esan nahi kontratuan behar besteko zehaztapenak agertu behar ez direnik. Honela, kontratuan honako puntu hauek agertu beharko dira ezinbestez:

• ABLEaren identifikazioa (identifikazio administratiborako zenbakia, identifikazio fiskala, Gizarte Segurantza)
• Enpresa nagusiaren identifikazioa (identifikazio fiskala eta Gizarte Segurantza)
• Zure datuak
• Beteko duzun lanaren nondik-norakoak eta ezaugarriak
• Kontratua egiteko arrazoia (ordezkapena, lan zama…)
• Ordutegia eta jarduera burutuko duzun tokia
• Soldata
• ABLEaren lan hitzarmean zein den eta, honekin batera, enpresa nagusiaren hitzarmen kolektiboa zein den ere bai.

Aldi baterako enpresek egiten dituzten kontratuak halakoxeak izaten dira beti, aldi baterakoak. Beraz, egiten dizuten kontratua legala edo ilegala izango da, aldi baterako edozein kontraturen baldintza berberen pean (Langileen Estatutuaren 11. eta 15. artikuluak). Hau da, esan bezala, enpresak daukan premia koiuntural bati erantzuna emateko izan behar da eta ez ohiko betebehar edo egiturazko lanpostu bat betetzeko. Beraz…

– Kontratuan argi eta garbi adierazi behar da zein den aldi baterako kontratu horren arrazoia eta ze lanpostu beteko duzun.

– Kontratuan ondo adierazita egon arren, benetan balio duena da beteko duzun funtzioa horretara egokituko ote den. Hau da, kontratuaren arrazoia benetan izan behar da aldi baterako. Esan nahi baita, enpresak beti behar badu lanpostu hori beteta egotea, ez da aldi baterako premia bat eta kontratu mugagabez bete beharko lukete.

– Kontratu bakoitzerako gehienezko denbora bat dago ezarrita. Denbora hau ezin da gainditu, ezta lanpostu berberarako hainbat kontratu kateatu ere. Ikus. Behin-behineko kontratuak kateatzen direnean


GOGORATU! Aldi baterako kontratua iruzurrezkoa bada, zure lan harremana mugagabe izatera pasatu behar da. ABLE bitartez izan bada, lan-eskuaren lagapen ilegala izan da eta kasu horretan, mugagabe izatera pasatzeaz gain, zeuk aukera zenezake nongo langile mugagabe izan nahi duzun, ABLEkoa edo enpresa erabiltzailekoa (normala denez, askoz hobeagoa da enpresa nagusiko langile izatea). Zalantzarik badaukazu, jarri kontaktuan sindikatuarekin.


Soldata

ABLE asko ahalegintzen dira zure soldata ABLEaren hitzarmenekoa izan dadin eta ez lan egiten ari zaren enpresa nagusiarena, nahiz eta Aldi Baterako Enpresen Legearen 11. artikuluak puntu hau argi baino argiago utzi:

Berez, zure lanpostu, kategoria eta abarretarako, enpresa nagusiko hitzarmenak ezartzen duena aplikatu behar zaizu. Hau da, ABLEak kontratatuta egon arren eta ABLEak zure soldata ordaindu arren, soldata hau ezin da izan enpresak plantilako langileei ordaintzen diena baino baxuagoa. Oinarrizko soldataz ari gara, enpresa nagusiko langileek jasotzen dituzten beste kontzeptu batzuk kanpo geldi daitezke eta. Jakina, ze soldata dagokigun jakiteko, gure kategoria zein den eta hitzarmenak kategoria horretarako zer ezartzen duen jakin behar dugu.

Soldata ordaintzen dizuna ABLEa denez, ordainketa eguna ez da berbera izango zuretzat eta plantilako kideentzat. Enpresek hilabeteko margina daukate soldatak ordaintzeko. Hortaz, ez dagoenez ezarririk, ABLE bakoitzak erabakitzen du noiz ordaintzen duen. Ohikoena izaten da hilabete hasieran (hilaren 5ean, esaterako), baina baliteke ordainketa eguna beranduago izatea ere bai.

ABLEak ezin dizu soldatatik ezer deskontatu edota ezer kobratu egiten duen bitartekaritza lanagatik. Bere diru sarrerak enpresarekin sinatzen duen kontratuan ezartzen denaren arabera jaso behar ditu, baina ezin dio langileari inolako komisiorik kobratu.


GOGORATU! Soldata enpresa nagusiko hitzarmenak ezartzen duena izan behar da eta ez ABLEaren hitzarmenak dakarrena.


Kontratu amaieragatiko kalte ordaina

Aldi baterako kontratu guztietan, kontratua amaituta, lan egin duzun urte bakoitzeko 12 eguneko kalteordaina jasotzeko eskubidea daukazu (kaleratzea bidezkoa balitz, ikus. Kaleratze motak).

Kalteordain hau nomina bakoitzean jaso zenezake, prorreaturik. Bestela esanda, lan egun bakoitzeko, egun horri dagokion kalteordain zatia ere kobratuko genuke soldatan.

Honela, lan harremana amaitzen denean enpresak ez dio langileari ezer sor. Hala ere, hau ez da kasurik ohikoena. Hau da, aukera hori dagoen arren, ABLE gehienek ez dute horrela egiten. Beraz, aipatutako kalteordaina kontratua amaitzen denean jaso beharko zenuke.

Ez du inporta urtebetera heldu ez bada. Urte bakoitzeko 12 egun dagozkizu eta, hortaz urtebete baino gutxiago iraun badu, zati proportzionala berdin-berdin jaso beharko zenuke. Adibidez: 6 hilabetez lan egin baduzu, 6 eguneko kalte ordaina; 3 hilabetez izan bada, 3 eguneko kalteordaina…


GOGORATU! Zure kontratua iruzurrezkoa bada, mugagabea izatera pasatu beharko litzateke eta enpresa nagusian lanean jarrai zenezake kontratu mugagabez.


Oporren prorrateoa

ABLEen kasuan oporrak ia seguru prorrateaturik ordainduko dizkizute: segun eta zenbat hilabetez arituko zaren, hainbat opor egun egokituko zaizkizu. ABLEek egiten dituzten kontratuak laburrak izaten direnez, seguruenik, ez duzu opor sasoirik hartuko, baina opor egun horiek, hala ere, egoki badagozkizu eta kobratu behar dituzu.

Hala ere, kontratuak urtebete baino gehiago irauten badu, oporrak hartzeko eskubidea daukazu, ABLEak kontrataturik bada ere. Beraz, enpresak ezin dizu esan atseden egun horiek ez hartzeko eta, trukean, diruz konpentsatuko dizkizula. Atseden hartzeko eskubidea daukazu.

Lan osasuna

Lan egiten hasi baino lehen, ABLEak ardura dauka langileari lan arriskuen prebentziorako hezkuntza teoriko eta praktikoa emateko. Izan ere, langileen eskubidea da eta ABLEa hau betetzera derrigortuta dago. Hala ere, behin lanean hasita, enpresa nagusia da langilearen osasun eta segurtasuna zaintzeko arduraduna. ABLEtik kontratatuta bazaude ere, plantilako beste edozein langilek bezala, zure osasun eta segurtasuna zaindua izateko eskubide osoa daukazu. Gainera, izan kontuan enpresak prebentzio ordezkariei jakinarazi behar diela lanean hasita zaudela. Jo eurengana edozein zalantza edo arazo izanez gero.

Antzinatasuna

Antzinatasuna lehen kontratutik hasten da zenbatzen eta ez azkenengotik. Berdin da kontratuak ABLE berdinarekin kateatu dituzun, ABLE ezberdinekin edo tarte batzuetan enpresa erabiltzaileak zuzenean kontratatu zaituen. Inportanteena da “kontratu loturaren oinarrizko bateratasuna” ez apurtzea; bestela esanda, lan harreman berbera dela ulertzen da, nahiz eta kontratu ezberdinak eduki edota sasoi batzuetan kaleratuta egon. Antzinakotasuna oso garrantzitsua da kaleratzeagatiko kalte ordainak kalkulatzeko, baita balizko soldata osagarriak jaso ahal izateko ere.