Langabeziagatiko subsidioa, prestaziorako kotizazio nahikorik ezean
2024/11/21
Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko III. Tituluko III. Kapitulua
Prestazioa eta subsidioa
Subsidioa eta prestazioa ezberdinak dira. Langabeziagatiko prestazioa kontributiboa da, hau da, izan duzun soldataren eta egin dituzun kotizazioen araberakoa izango da. Subsidioak, ordea, izaera asistentziala edo, bestela esanda, laguntza izaera dauka. Hau dela eta, zenbateko finkoa dauka eta hainbat baldintza bete behar dira jaso ahal izateko, batez ere, errenten gabezia.
Langabezian geratu bazara, lehenengo eta behin, langabeziagatiko prestazioa eskatu beharko zenuke. Baina, jakina, langabeziagatiko prestazio kontributiboa eskatzeko, gutxienez 360 egun kotizaturik izan behar ditugu (azken sei urteetan zehar). Hala ere, batzuetan ez gara zenbateko hauetara heltzen. Horrelakoetan, langabeziagatiko subsidioa eska dezakegu.
⇒ Adi! edozein kasutan, gutxieneko kotizazioak beharrezkoak dira: subsidioa eskatu ahal izateko, gutxienez, 90 egun izan behar dituzu langabeziagatik kotizaturik.
Langabezian geratu bazara eta ez baduzu kotizazio nahikorik pilatu prestazioa eskatzeko (360 egun kotizatuta), langabeziagatiko subsidioa eska dezakezu (baldin eta, gutxienez, 90 egun kotizaturik badauzkazu).
Langabeziagatiko prestazioaz gehiago jakin nahi baduzu, bota begirada bat hurrengo artikuluari:
Subsidioen erreforma
2/2024 Dekretuaren bitartez, langabeziagatiko subsidioak berregituratu dira. Dekretua 2024ko maiatzekoa izan arren, erreforma azaroan hasi da aplikatzen.
Subsidio hau lehenagotik existitzen zen. Hala ere, hainbat moldaketa egin zaizkio. Lehen, subsidioa eskatu ahal izateko, kotizazio ezberdinak eskatzen ziren: 90 egun kotizaturik izan behar zenituen, familia erantzukizunak izanez gero, baina 180 egun egiaztatu behar zenituen, familia erantzukizunik ezean. Erreformaren ostean, edozein kasutan, 90 egun kotizaturik edukitzea nahikoa izango da. Edozelan, subsidioaren iraupenean aldeak egongo dira, aurreratxoago ikusiko dugunez.
Zenbat irauten du?
Subsidioaren iraupena kalkulatzeko, kotizaturik daukazun denbora eta familia erantzukizunik daukazun ala ez hartuko da kontuan. Honela:
Hau da, familia erantzukizunak izan ala ez, edozein kasutan, 3, 4 edo 5 hilabete kotizaturik badauzkazu, 3, 4, edo 5 hilabeteko subsidioa egokituko zaizu, hurrenez hurren.
6 hilabete kotizaturik badauzkazu, subsidioak 6 hilabete iraungo du, familia erantzukizunik izan ezean. Aitzitik, familia erantzukizunak egiaztatzen badituzu, subsidioa 21 hilabetera luzatuko da.
Hau nahiko aldatu da. Lehen, familia erantzukizunik izan ezean, gutxienez, 6 hilabete kotizaturik izan behar zenituen derrigor subsidioa eskatu ahal izateko eta subsidioak, kasu guztietan, 6 hilabetez jasotzen zen. Orain kotizazio gutxiago izanda ere eska daiteke, subsidioa laburragoa izango den arren. Aukera hau, lehen, familia erantzukizunak egiaztatu ahal zutenek baino ez zeukaten.
⇒ ADI! Subsidioa eskatzen duzun momentuan familia erantzukizunik ez bazenu, baina egoera hau gerora aldatuko balitz, subsidioa luzatzeko eska zenezake. Hori bai, eskaera eta familia arduren egiaztagiria hurrengo 12 hilabeteetan aurkeztu beharko zenituzke derrigor (langabezia-egoera legalean azkenengoz geratu zinenetik eta hurrengo 12 hilabeteetan).
Ezer baino lehen, ondo pentsatu ea subsidioa eskatzea komeni dizun
Izan ere, laguntza hau eskatzen baduzu, momentura arte pilatuta dauzkazun kotizazioak galduko dituzu. Hau da, subsidioa eskatzen baduzu, zerotik hasiko da kontadorea. Adibidez, 10 hilabete kotizaturik badauzkazu, subsidioa eskatu ahal duzu, baina 10 hilabete horiek galduko dituzu eta hilabete bi baino ez dituzu falta langabeziagatiko prestazioa eskatu ahal izateko.
Era berean, familia erantzukizunik badaukazu, erreparatu ondo, ezen alde handia baitago: 5 hilabete kotizaturik badauzkazu 5 hilabeteko laguntza dagokizu, baina hilabete bat gehiagorekin (6 hilabetetik aurrera), subsidioa 21 hilabetekoa izan daiteke.
Errenten gabezia eta familia erantzukizunak
Aipatu dugunez, subsidioa eskatu ahal izateko, errenten gabezia egiaztatu behar duzu. Zer esan nahi du honek? Zure diru-sarrerak ezin direla izan lanbidearteko gutxieneko soldataren %75 baino altuagoak (850,50€ 2024. urtean).
Bestetik, goiko taulan ikusi duzunez, familia erantzukizunak badauzkazu, subsidioaren iraupena luzeagoa izan daiteke.
Familia erantzukizunak dauzkazunean, errenten gabezia kalkulatzeko modua apur bat aldatu da azken erreformarekin. Hurrengo artikuluan goitik behera azalduta daukazu puntu hauei dagokien guztia, beraz, kontsulta egizu jakiteko errenten gabeziaren baldintza betetzen ote duzun eta familia erantzukizunak alegatu ahal dituzun:
Zenbat jasotzen da?
Erreforma baino lehen, langabeziagatiko subsidio guztien kasuan IPREMaren %80 kobratzen zen, subsidioak irauten zuen denbora osoan zehar. Hau aldatu da; orain, mailakatua izango da eta kobratzen den zenbatekoa jaisten joango da:
— Lehen 180 egunetan: IPREMaren %95 (570€)
— 181. egunetik 360. egunera: IPREMaren %90 (540€)
— 361. egunetik aurrera: IPREMaren %80 (480€)
Bestela esanda, lehen sei hilabeteetan 570 euro jasoko ditugu, hurrengo sei hilabeteetan 540€ eta, hortik aurrera, 480€ subsidioaren iraupena amaitu arte (zenbateko hauek 2024. urteari dagozkio).
Erreformak beste aldaketa bat ekarri du: honezkero ez da subsidio partzialik egongo. Hortaz, zure azken kontratua jardunaldi partzialekoa izan ala ez izan, edozein kasutan, subsidio osoa kobratuko duzu (PPren lan erreformaren puntu hau ere indargabetu da; hala ere, gogoratu PSOEk, nahiz eta hala sinatu, uko egin ziola erreforma horren kaltegarria osorik indargabetzeari).
Zein da eskatzeko epea?
Sei hilabete dauzkazu subsidioa eskatzeko, langabezia-egoera legalean azkenengoz geratu zinenetik. Hau da, gauza bera da da aldez aurretik kontratu bakarra edo kontratu bat baino gehiago izan duzun. Langabezian geratu zinen azkenengo datatik zenbatzen hasiko da:
- Langabezian geratu eta hurrengo 15 egunetan (15 egun baliodunetan) eskatzen baduzu, subsidioa lehen egunetik onartuko zaizu. Honek esan nahi du, SEPEk langabezian geratu zinenetik pasatu diren egunak ordainduko dizkizula edo, bestela esanda, momentu horretatik pasatu diren egun guztiak lehen ordainketan jasoko dituzula.
- Subsidioa beranduago eskatzen baduzu ere, jaso egingo duzu, baina eskubidea jaioko da eskaera egin duzun egunetik aurrera. Ez dago penalizaziorik, subsidioaren egunik ez da kontsumituko eta dagozkizun hilabeteak jasoko dituzu, baina eskaera egin zenuen momentutik aurrera.
⇒ ADI! Gogoratu, subsidioa eskatu ahal izateko, langabezia-egoera legalean egon behar zarela. Honek esan nahi du ezin izan duzula lana zeure borondatez utzi. Langabezia-egoera legalaz gehiago jakiteko:
Dokumentazioa
— Eskaera-orria
HEMENDIK jaitsi ahal duzu eskaera-orri ofiziala. Bertan erantzukizunpeko adierazpena ere bete ahal izango duzu, errenten gabezia egiaztatzeko. Nahikoa da zure diru-sarrerak eta, familia erantzukizunak izanez gero, zure senideenenak ere hor islatzea. Administrazioak, gerora, konprobatu egingo ditu.
— Identifikazio dokumentuak (ez da kopiarik behar, erakutsi baino ez duzu egin beharko): NAN, TIE edo Europako Batasuneko herritarren erregistroaren ziurtagiria. Familia erantzukizunak badauzkazu, senide horien identifikazio dokumentuak ere erakutsi beharko dituzu.
— Zure kontu korrontea islatzen duen bankuaren edozein dokumentu (subsidioa jasotzeko kontu korrontea eman behar duzu, dirua bertan sar diezazuten).
— Familia erantzukizunik badaukazu, familia liburua edo Erregistro Zibileko egiaztagiria. Beste jatorri batekoa bazara, zure herrialdeko pareko dokumentua, gaztelerara itzulita (itzulpen ofiziala izan behar da).
— Azken urteko PFEZ aitorpena (errenta aitorpena).
Eskaera
- Aurrez aurre
Horra hor SEPEren egoitzak:
— ARABA
— BIZKAIA
— GIPUZKOA
— NAFARROA
Gogoratu aldez aurretik hitzordua eskatu behar duzula derrigor. Hau internetez egin ahal duzu, ORRIALDE HONETATIK edo telefonoz: 91 926 79 70
- Online
Subsidioa online ere eskatu ahal duzu, ORRIALDE HONETATIK.
Edozein zalantza daukazula, SEPEk arreta eta informazio telefonikorako zenbaki berria dauka martxan: 060