⇒ Mobbing edo laneko jazarpen morala lanpostuan pairatu ahal dugun arrisku pskosozialetako bat da. Mobbing-a langilearen kontra erabiltzen den indarkeria psikologikoa da. Indarkeria hau lankideen, arduradunen edo enpresaren beraren aldetik etor daiteke.

Zer da mobbing edo laneko jazarpen morala?

Mobbing-a eraso, bortxa eta jazarpen psikologikoko egoera da. Langileak indarkeria moduak pairatzen ditu behin eta berriz eta denbora luzez. Indarkeria psikologikoko modu hauek umiliazioak, presioak, intimidazioa, mespretxuak… izan daitezke.

Jazarpen morala kontu larria da. Hain da larria, ezen, juridikoki ere, Espainiako Estatuko Konstituzioak jasotzen dituen funtsezko hainbat eskubide urratzen baititu, hala nola pertsonaren duintasuna, integritatea, ohorea… “Mobbing” edo “lan jazarpena” terminoak espresuki ez erabili arren, legediak honelako jokabideak eskubideen urraketa larritzat hartzen ditu eta betebehar zehatzak ezartzen ditu enpresei begira. Honela, enpresak langileen segurtasuna eta osasuna bermatzera beharturik daude eta honek, jakina, arrisku psikosozialak barne hartzen ditu. 

Laneko jazarpena edo mobbing-a ez da gatazka puntuala. Pertsonen arteko harremanetan ohikoa da lantzean behin gatazkak sortzea -baita erasoak ere- eta lanean gertatzen diren horietako batzuk, salagarriak izan arren (izan fisikoak, psikologikoak edo hitzezkoak), ezin dira laneko jazarpentzat jo, agresio isolatu edo puntualak direnez gero. Mobbing-a jarrera iraunkorra eta sistematikoa da, pertsona batek edo batzuek biktima baten kontra erabiltzen dutena.

Zenbaitetan laneko jazarpen morala eta laneko diskriminazioa nahastu ahal dira, baina egoera ezberdinak dira, nahiz eta eraso moduak antzekoak izan daitezkeen eta, batzuetan, uztartu daitezkeen. Hala ere, arrazoiak eta helburuak ezberdinak dira. Diskriminazioaren funtsa tratu ezberdinkerian datza eta motibazioa langilearen ezaugarriren batengatik azaltzen da, izan langilearen arraza, ideologia, sexu-joera eta abar. Mobbing-a edonork paira dezake, bere ezaugarri pertsonalak edozelakoak direla ere.   

Eta langile askok pairatzen dute, hain zuzen. Osalanek ohartarazten duenez, Estatu espainolean langileen %10-15 inguruk mobbing edo laneko jazarpen morala jasaten dute.

Laneko jazarpen moral motak

Autore asko aritu dira honetaz eta hainbat sailkapen aurki daitezke han-hemenka. Guk hona hiru mota ekarri ditugu:

               Bertikala
Erasotzaileak eta biktimak enpresako organigraman kategoria edo maila hierarkiko ezberdinak betetzen dituzte. Normalean, goitik beherako jazarpena izaten da, hau da, goragoko postu bat betetzen duenak beheragoko langile bat jazartzen du (adibidez, departamenturen bateko zuzendaria eta bere menpekoren bat), nahiz eta alderantzizko kasuak ere suertatu diren.

               Horizontala
Erasotzailea eta biktima enpresako organigraman kategoria edo maila hierarkiko bera betetzen dute. Hau da, kategoria edo maila bereko kideen artean gertatzen da.

               Estrategikoa
Enpresak nahita bideratzen eta gauzatzen du. Langilearen kontrako jazarpenak helburu estrategikoa dauka: langileak enpresa utzi eta bere kabuz kontratuarekin amai dezan. Horrela, ez dago kalte-ordainik ordaintzeko premiarik. Gainera, zeharka beste helburu bat ere bilatzen du: enpresako langileria diziplinatzea, beldurra zabaltzen duen heinean. 

⇒ Jazarpen horizontala zein bertikala hainbat arrazoirengatik gerta daiteke: inbidiak, zeloak, konpetitibitatea, arazo pertsonalak… Erasotzaileak bere kidearen lana oztopa dezake bere irudia, profesionala zein pertsonala, kaltetzearren; bere merituak gutxietsi edo ezkutatu ahal ditu, baita beretzat hartu ere… Baina baliteke jazarpenak ez izatea motibazio objektiborik; ondo dakigunez, ez da gutxi kalte egiten disfrutatzen duen jende manipulatzailea, kontrolatzailea edota nartzisista.

Laneko jazarpena islatzen duten jokabideak 

Batzuetan ez da erraza mobbing-a identifikatzea. Izan ere, baliteke detaile eta jokabide txikiekin hastea eta, denbora pasa ahala, intentsitatean igotzen joatea. Honela, biktimak, batzuetan, ez du egoeraren kontzientzia hartzen, egoera hau guztiz larritu arte. Edozein kasutan, oro har, jazarpen moralak honako ezaugarriak izaten ditu:

  • Jokabide hauek errepikatzen dira (astean zenbaitetan gerta daitezke)
  • Iraunkorrak dira (hilabeteetan luzatzen dira)
  • Jarrera zakar eta erasokorraz gauzatzen dira
  • Botere desoreka egon ohi da: hierarkiagatik, antzinakotasunagatik, estatus sozialagatik, arrazagatik, sexu-generogatik…

Argiago ikus dezazuen, hementxe dauzkazue lan jazarpena isla dezaketen hainbat jokabide:

              Antolakuntza neurriak
– Zereginik ez ematea eta bere kabuz zereginak topatuko dituela ekiditea
– Zentzurik gabeko zereginak ematea
– Langilearen gaitasun edo konpetentzia profesionaletik beheragoko zereginak ematea
– Zeregin berriak etengabe ematea
– Zeregina agintzen denean, okerreko datuak ematea zeregin hori burutzeko

               Langilearen komunikazioa oztopatzen duten eta isolamendua bilatzen duten neurriak
– Langilea tokiz aldatzea bere kideengandik isolatzeko
– Langilea existituko ez balitz bezala jokatzea
– Langileren batekin ez komunikatzea edota lankideei oztopatzea langile horrekin komunika daitezela.

               Langilearen izen ona eta erreputazioa (laborala edo pertsonala) lohitzea
– Langilearen bizi pribatua etengabean kritikatzea
– Langileak egindako zereginak etengabean kritikatzea
– Langilea tenteltzat edo ergeltzat jotzea eta hala irudikatzea gainontzekoen aurrean
– Langileak arazo psikologikoak dauzkala aditzera ematea
– Langilearen keinuak, gorpuzkera, ahoskera… imitatzea barregarri uzteko

               Indarkeria
– Langilea telefonoz beldurtzea
– Langilea ahoz edota idatziz mehatxatzea
– Mehatxu edo eraso fisikoak
– Mehatxu edo eraso sexualak
– Langilearen lanpostuan edo etxebizitzan kalteak eragitea

 

⇒ Eman dugun hori adibide zerrenda baino ez da. Heinz Leymann psikologia doktoreak mobbing-a islatzen duten 45 adierazle batu zituen eta, gerora, Gonzalez de Riverak 60ra igo zituen. Test oso baliotsua da, hurrengo estekatik PDFz jaitsi ahal duzuena:

⇒ Ez bazaude seguru mobbing pairatzen ari zaren ala ez, aurreko test-a ez ezik, hemen utziko dizugun GERTAKARIEN EGUNEROKOA guztiz lagungarri suerta dakizuke.  Gainera, egoera norbaiti azaldu behar diozunean (zure ordezkariari edo sindikatuko abokatuari, adibidez), momentuan ekintza puntualak gogoratzeko ahaleginetan egon beharrean, eguneroko honen laguntzarekin, ikuspegi askoz orokorragoa eman ahal izango diozu. Lan Ministerioko Segurtasun Institutuak argitaratutakoa da.

Ondorioak

Laneko jazarpen moralak eta indarkeria psikologikoak ondorio larriak izaten dituzte langileen osasunean. Ondorio hauek sintoma fisikoetan isla daitezke (muskuluetako edo bizkarreko mina, ahulezia sentsazioa, gaixotasun zantzuak, memoria arazoak, sabeleko edo buruko minak, neke kronikoa…) edota sintoma psikikoetan (haserrekortasuna, gogo eta adore baxua, lo egiteko zailtasunak, segurtasun faltaren sentipena, bat-bateko negarra, agresibitatea…).

Zantzu hauen larritasun maila ezberdina izan daiteke pertsonaren eta jazarpenaren intentsitatearen arabera. Edozein kasutan, mobbing-ak pertsonaren duintasuna, pertsonaren funtsa den autoestimua, jotzen du. Hori dela eta, ondorio nagusienetako bat depresioa izaten da. Depresioa gaixotasun larria da, hain larria ezen, hainbat kasutan, pertsonaren heriotza ekar dezakeen.

Zer egin?

Azaldu dugun guztiagatik eta mobbing-ak dauzkan ondorio larriengatik, oso garrantzitsua da lagundurik sentitzea eta, ahal dela, sustengu kolektiboa izatea. Horregatik, ezer baino lehen, jarri kontaktuan zure ordezkari sindikalekin (edo etorri sindikatura) eta eskatu laguntza, tekniko zein morala, atakari indartsuago ekin ahal izateko. 

Hemen dauzkazu ZENBAIT GOMENDIO egoerari egoki aurre egiten laguntzeko:

  • Esan dugunez, eskatu laguntza, lagunei, familiari, sindikatuan… Oso garrantzitsua da laguntza espezializatua ere eskatzea (laguntza mediko eta psikologikoa, alegia). Ez itxaron egoera guztiz jasanezin izan arte. Eskatu laguntza hasieratik.
  • Ez lotsatu eta ez sentitu errudun. Oso ohikoa da geure buruari galdetzea ea zer demontre egin dugun guk hori pasatzeko. Inork ez du mobbing-a merezi, jazarpenaren erruduna beti da jazarri egiten duen zitala.
  • Gorputzak kontrakoa eskatzen dizun arren, ez erantzun indarrez edo biolentziaz erasotzailearen kontra. Biktima izan arren, enpresak zeu zigortu ahal zaitu diziplinarioki. Gogoratu legea zure alde dagoela. Ez eman erasotzaileari argudioarik, bestela, egoera manipula lezake eta bera azaldu biktima bailitzan. 

Salaketa

Berriro diogu, ezer baino lehen, jarri kontaktuan zure ordezkari sindikalekin edo jo sindikatura, prozesuari berme guztiekin ekin ahal izateko.

1. Lehengo eta behin, enpresan bertan salatu beharko genuke. Enpresan salaketak jartzeko kanalik badago, horixe erabiliko genuke. Bestela, enpresan ez balego horrelakorik giza baliabideen sailean egin genezake.

2. Salaketa Lan Ikuskaritzan. Salaketa formala aurkeztu ahal duzu eta Ikuskaritzak enpresa ikertuko du eta zehatu ahal du jazarpenaren kontrako protokoloa ez aplikatzeagatik edo ez betetzeagatik eta, honetaz gain, arrisku psikosozialen prebentzio legedia urratzeagatik.

3. Salaketa judiziala ere aurkeztu ahal da. Bi bide daude honetarako:

— Lan arloko auzitegietan:
Langileen Estatutuko 50.1.c) artikuluak ezartzen duenez, langileak bere kontratua bertan behera uzteko eska dezake enpresak bere betebeharrak larriki saihesten baditu. Betebehar hauen artean sartzen da, jakina, jazarpena ekiditea.

Langileak eskubidea izango luke kaleratze bidegabearen pareko kalte-ordaina jasotzeko eta, honetaz gain, kalte moralengatiko kalte-ordaina ere jaso lezake, frogatzen bada bere oinarrizko eskubideak urratuak izan direla (Jurisdikzio Soziala arautzen duen Legearen 183. artikulua).

— Zigor arloko auzitegietan:
Zigor Kodeak lan jazarpena torturen eta integritate moralaren kontrako delitutzat tipifikatzen du (173 artikulua). Honetarako, erasotzailea nagusitasun postu batetik aritu behar da eta bere jokabidea objektiboki larria izan behar da. 6 hilabetetik urte bira arteko kartzela zigorrak jasotzen dira araudian. Kalte moral eta psikologikoengatiko ordaina eska daiteke (harrigarriki, hau askotan trafiko istripuen baremoaz neurtzen dira). 

⇒ Administrazio publikoan:

Mobbing-a, esan dugunez, bide laboraletik zein penaletik jorratu ahal da, baina Zuzenbide Administratiboak ere badauka zeresana, zehazkiago, jazarpena gertatu den administrazio zehatzaren erantzukizun patrimonialari dagokionez, ez badu behar den bezala jokatu arazoaren aurrean.

Beste alde batetik, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuko 95.2.o) artikuluak lan jazarpena hutsegite oso larritzat jotzen du eta, hortaz, 96.1 artikuluak dakartzan zehapenak ezar daitezke, hala nola: funtzionarioak zerbitzutik kentzea (eta izendapena atzera botatzea funtzionario interinoen kasuan); langile laboralen kaleratze diziplinarioak; funtzioen suspentsio irmoa edo enplegu eta soldataren suspentsioa langile laboralen kasuan; nahitaezko lekualdaketak…

Azkenik esan behar da, jazarpena administrazio publikoan gertatzen denean, berau frogatzeko modua berbera da, langileak ahalik eta foga gehien batu beharko dituelako, egoera egiaztatzeko eta Lan Ikuskaritzan edota bide judizialetik salatzeko.

Frogak batu

— Grabatu elkarrizketak. Mobbing-a salatzen baduzu, grabazioak froga moduan onar daitezke. ADI! Froga baliodunak izateko, elkarrizketa horietan zeuk ere hartu behar izan duzu parte. Esan nahi baita, ezin duzu beste inoren elkarrizketarik grabatu. Froga baliodunak ez izateaz gain, delitua izango litzateke.

— Eskatu eta gorde txosten mediko eta psikologikoak (depresioagatik, antsietateagatik, insomnioagatik, min fisikoengatik eta jazarpenak sorrarazi ahal izan dizkizun ondorio psiko eta fisiko guztiengatik) eta, honekin batera, medikuak eman dizkizun baja parte guztiak. Txosten hauek, beren horretan, ez dute mobbing-a frogatzen, baina espediente mediko eta txosten perizialak eskuratzeak berebiziko garrantzia dauka gure bertsioa sustengatzeko eta, beste elementu batzuekin batera, mobbing-a frogatu ahal izateko.

— Lekukoak. Irainak eta jazarpen tratua ikusi duen jendea. Hauek lankideak izan daitezke edo enpresatik kanpoko pertsonak.

— Posta elektronikoak. Zuri bidalitakoak edo beste lankide batzuekin trukatutakoak (baldin eta lankide horiek, euren borondatez, erakusten badizkigute). Ondo legoke posta elektroniko horiek enpresako helbidetik zure helbide pertsonal batera birbidaltzea, badaezpada. Jazarpen kasuaren arabera, baliteke lanetik ezustean botatzea eta zure helbide elektronikoa ixtea.

— Whatsapp-ak, SMSak eta sare sozialetako mezuak ere gorde.

— Mobbing-jokabideak froga ditzaketen dokumentuak gorde (adibidez, ez dagozkizun zereginak agintzen dizkizutenak, justifikaziorik gabeko ordutegi arbitrarioak…) edota zure atsedenaldia errespetatzen ez duten deiak eta abarrak. Ahalegindu beti idatziko dokumentuak eskuratzen. Ezin badituzu inprimatu edo fotokopiatu, atera argazkiak edo eskaneatu mugikorrarekin.

Dokumentu interesgarriak: