Zer egin langabezia prestazioa eskatzeko, Europan lan egin ostean?
Langabezia prestazioa eskatzeko orduan, Estatuan kotizaturik daukagun denbora ez ezik, Europako beste herrialde batzuetan izan dezakeguna ere hartzen da kontuan.
Langabezia prestazioa
Beste atal batean luzeago azaltzen dugu, baina gogora dezagun, azaletik, noiz eska dezakegun langabeziaren prestazio kontributiboa:
– Gutxienez 360 egunez lan egin (eta kotizatu) behar izan dugu azken 6 urteetan zehar. Gehienez bi urteko prestazioa izango dugu, 6 urtez lan egin izan baldin badugu.
– Bete beharreko baldintzak: Gizarte Segurantzan altan egon behar izan gara; SEPEn izena eman behar dugu; ezin izan dugu lana geure erabakiz utzi; ezin dugu erretiro adina eduki.
– Langabezia prestazioaren kopurua kalkulatzen da lan egindako azken sei hilabeteetako kotizazio oinarrien arabera.
Zelan inportatu atzerrian lan egindako denbora, langabezia prestaziorako kontuan har dadin?
Atzerrian lan egindako denbora inportatu ahal dugu. Baina, adi! lan egindako denbora besterik ez. Ez da kontuan hartuko atzerrian kotizatu eta zergetan ordaindu duguna.
Hau da, Europan lan egindako denbora, prestazioa eskatu ahal izateko eta prestazioaren iraupenerako hartuko da kontuan. Hala ere, kotizatutakoa ez da aintzat hartuko prestazioaren zenbatekoa kalkulatzeko. Kalkulu honetarako Estatu espainolean egindako kotizazioak baino ez dira erabiliko.
ADIBIDEA:
Mirenek, ikasketak amaitu eta gero, bulego batean hasi zen lanean. Kontratua hamar hilabetetakoa izan zen eta bere soldata 1.200 eurokoa. Gerora, Irlandan aurkitu zuen lana eta han egon zen bost urtez lanean. Irlandako soldata 2.500 eurokoa zen. Azkenik, Miren itzuli behar izan zen eta beste hiru hilabetez egon zen lanean bere herriko taberna batean. Horko soldata 950 euro baino ez ziren. Hiru hilabetez egon zen bertan lanean.
Mirenek langabezia prestazioa eskatu duenean lan egindako denbora guztia hartu diote kontuan: 10 hilabete + 5 urte + 3 hilabete. Orotara, 6 urte eta hilabete bat. Hortaz, langabezia prestazioa bi urtez jasotzeko eskubidea dauka.
Hala ere, prestazioaren zenbatekoa kalkulatzeko, Estatu espainolean lan egindako azken 6 hilabeteetako kotizazio oinarriak baino ez dizkiote kontuan hartu: tabernan egondako azken hiru hilabeteak (950 euro hilabete bakoitzeko) eta aldez aurretik bulegoan emandako azken 3 hilabeteak (1.200 euro hilabete bakoitzeko).
U1 formularioa
U1 formularioak Europako beste herrialde horretan metatu dituzun kotizazio epeak zerrendatzen ditu. Dokumenturik eta inportanteena da langabezia prestazioa Europatik inportatu ahal izateko.
Europako enplegu zerbitzuek informazioa partekatzen dute eta, hortaz, SEPEk Espainiako Estatutik eska lezake, teorian, behintzat. Hala ere, praktikan ez da horren sinplea; horregatik, gure gomendioa da Europako beste herrialde horretan eska dezazun, hona itzuli baino lehen. Askoz errazagoa eta arinagoa izango zaizu horrela.
Dokumentu hau Europako herialde horretako enplegu bulegoan eskatu behar da. Era berean, Europako herritarrek, euren jatorrizko herrira itzuli baino lehen, SEPEn eskatu beharko lukete.
Itzulitakoan, berriro egin behar duzu lan hemen, prestazioa eskatu ahal izateko
Ezin duzu langabezia prestazioa zuzenean eskatu, hau da, itzuli eta segidan. Ezinbestekoa da Estatuan berriro lan egitea. Berdin da zenbat denboraz egiten duzun. Egun bakar batez bada ere, nahikoa izango da, baina bete beharreko baldintza da hau. Zenbait salbuespen badaude ere:
•Europara joan baino lehen langabezia kobratzen egon bazara eta etetzeko eskatu bazenuen. Horrelakoetan prestazioa zuzenean berrastea eska zenezake.
• Langabezia prestazioa Europan kobratzen egon bazara, prestazio hori esporta zenezake eta Espainian hiru hilabetez kobratzen jarraitu. Esaterako, Portugalen lan egin duzu eta, langabezian geratu ostean, prestazioa jasotzen hasi zara. Itzultzea erabakitzen baduzu, baina Portugaleko prestazioa ez baduzu agortu, exporta dezakezu eta hemen zuzenean kobratzen jarraitu.
ADI! Berriro Espainian kotizatu behar baduzu, langabeziagatik kotizatzen duen enplegua izan behar da. Hortaz, etxeko lanetan arituz gero, horrek ez lizuke ezertarako balioko, erregimen horretan ez baita langabeziagatik kotizatzen.
Gainera, ahalegindu jardunaldi osoko kontratua izan dadin. Ezin baduzu langabezia prestazioa eskatu eta subsidioa eskatu behar baduzu, jardunaldi partzialaz arituz gero, subsidioa ere partziala izango da (2012ko lan erreformak ekarritako “oparia” izan zen hau): azken kontratua, jardunaldi erdiz izan bada, adibidez, subsidioa 430€ izan beharrean, 215€ baino ez dira izango.
Azkenik, Estatu espainolean langabezia prestazioa eskatzen baduzu, baina Europako beste herrialderen batean bertako enplegu zerbitzuaren bitartez prestazioaren zati bat kobratu baldin baduzu, Estatu espainolekoa horren arabera murriztuko zaizu. Informazio hau U1 formularioan bertan daukazu.