Etxeko langileen finikitoa eta kalte ordaina
2021/04/08
Azken eguneraketa: 2022/09/23
Etxeko langileek, beste langile guztiek bezala, eskubidea daukate, euren lan harremana amaitzen denean, finikitoa jasotzeko baita, kaleratze edo kontratu amaiera kasuetan, kalte ordaina jasotzeko ere, nahiz eta kalte-ordain hau, geroago ikusiko dugunez, gainontzeko langileena baino baxuagoa izan.
Finikitoa
Lan harremana amaitzen denean, edozein arrazoigatik, finikitoa jasotzeko eskubidea daukagu.
Finikitoan enplegatzaileak oraindik ordaindu ez dizkigun kantitate guztiak “koadratu” behar ditu, zelanbait esateko. Baina, zeintzuk dira kantitate horiek?
- Hilabete horretan lan egindako egunak.
Demagun lan harremana hilaren 17an amaitu dela. Enplegatzaileak oraindik kobratu ez ditugun egun horiek finikitoan islatu eta ordaindu beharko dizkigu.
- Disfrutatu ez ditugun oporrak.
Urtean 30 egun opor (egun natural) hartzeko eskubidea daukagu. Opor egun hauek geuk generatzen ditugu lan egin ahala. Honek esan nahi du lan egiten dugun hilabete bakoitzeko 2,5 opor egun sortzen ditugula. Honela, lan harremana amaitzen denean, opor egunak sortu baditugu, baina ez baditugu disfrutatu, enplegatzaileak egun hauek finikitoan islatu eta ordaindu beharko lizkiguke (eta, horretaz gain, egun horiek ere gugatik kotizatu beharko lituzke).
- Aparteko pagen zati proportzionala.
Etxeko langileek aparteko paga edo ordainsari bi jasotzeko eskubidea daukate. Aparteko paga hauek, batzuetan, prorrateaturik jasotzen dira hilabeteko nominan. Baina hau horrela ez denean, hau da, aparteko ordainsari bat Gabonetan eta beste bat, esaterako, udan, jasotzen badituzu, lan harremana amaitzen denerako generatu edo sortu duzun zatia kobratu beharko zenuke. Hilabete bakoitzean aparteko pagen 1/12 sortuko genuke, paga hori azkenengoz jaso genuenetik zenbatzen hasita.
- Aurreabisu falta.
Enplegatzaileak lan harremana eten nahi badu, aurreabisua eman behar digu. Honela, adibidez, “desistimientoagatik” kaleratu nahi bagaituzte, 20 egun lehenago jakinarazi behar digute, baldin eta urtebete baino gehiagoz lan egiten egon bagara (urtebete baino gutxiago eman badugu lanean, aurreabisua 7 egunetakoa da). Edozelan, bete ez den aurreabisu egun bakoitza ordaindu beharko liguke, lan egin izan bagenu bezala.
Esan bezala, finikitoa edozein kasutan jaso behar dugu, baita lana guk uzten badugu ere.
Finikitoaren inguruko artikulu orokor hau ere eskuragai daukazue:
Kalte-ordainak
Lan harremanaren amaieragatik jaso behar dugun kalte ordaina ezberdina izango da, segun eta zein izan den arrazoia. Ikus dezagun banan-banan:
- Borondatezko baja.
Norberak, bere erabakiz, lana uzten duenean, ez dago kalte ordaina jasotzeko eskubiderik. Beraz, lana uzten baduzu, ez duzu kalte ordainik jasoko, baina, adi! arestian esan bezala, finikitoa bai jaso beharko zenuke.
- Diziplinazko kaleratzea.
Kasu honetan ere ez da kalte ordainik jasotzen. Gogoratu diziplinazko kaleratzea hauste larri eta errudunagatik (“incumplimiento grave y culpable”) izan behar dela.
Gainera, kaleratzea idatziz izan behar da eta bertan enplegatzaileak detailez islatu behar du zein den kaleratzearen arrazoia. Hau da, ezin zaituzte kaleratu “lapurtzeagatik” edo “lanera huts egiteagatik” oro har eta besterik gabe. Zure balizko hutsegitea zehazturik egon behar da kaleratze-kartan.
Esan barik doa, kasu askotan, enplegatzailea ahalegindu ahal dela diziplinako kaleratze bat egiten, kaleratzeagatiko kalte-ordaina ez ordaintzearren.
- Kontratu amaiera probaldian.
Etxeko langileak, gehienez, hilabete bi egon daitezke probaldian. Probaldia egoteko, idatziz islatu beharko da kontratuan. Tarte honetan bai langileak, bai enplegatzaileak, kontratua amaitutzat eman dezakete arrazoia justifikatu beharrik gabe. Kasu honetan ez litzateke kalte ordainik jasoko.
Probaldiaren inguruan gehiago jakin nahi baduzu:
- Aldi baterako kontratuaren amaieragatik.
Aldi baterako kontratua egin badizute, kontratua amaitzen denean, kalte ordaina jasotzeko eskubidea izango zenuke (nahiz eta kaleratzea ez izan). Gogoratu aldi baterako kontratua baldin bada, amaiera data kontratuan bertan adierazita egon behar dela hasieratik, nahiz eta data zehatza ez izan. Begirada bat bota ahal diozu KONTRATU EREDU HONI (hirugarren klausula kontratuaren iraupenarekin bete beharko litzateke).
Kasu honetan kalte ordaina 12 egunekoa izango litzateke lan egindako urte bakoitzeko. Ez bazara urtebetera heldu, berdin-berdin jasoko zenuke, lan egindako hilabete bakoitzeko soldata egun bat dagokigulako (12 egun urteko = egun 1 hilabeteko). Langileen Estatutuko 49.1.c artikulua.
Bestetik, urtebete baino gehiago lanean eman baduzu, aurreabisua eman behar dizute 15 egun natural lehenago.
Aldi baterako kontratuen kalte ordainen inguruko artikulu orokor hau kontsulta zenezake:
- Lehengo “desistimiento” delakoa
16/2022 Lege Dekretuak hainbat aldaketa ekarri ditu etxeko langileen baldintzetan. Hauetako batzuk kaleratzeei dagozkie eta, zehazkiago “desistimiento” izeneko figurari.
Lehengo eta behin, argi gelditu behar da ez dela egia kaleratze modu hau guztiz ezabatu denik, nahiz eta hala zabaldu den Ministeriotik eta komunikabideetatik. Gogora dezagun: lehen posible zen langile bat kaleratzea arrazoirik bat ere eman gabe, “desistimientoagatik” zela esate hutsarekin nahikoa zen; orain, arrazoituta egon behar da, baina enplegatzaileak erabil ditzakeen arrazoiak guztiz lausoak eta zehaztugabeak direnez, iruzurrerako zirrikitu honek indarrean dirau. Gainera, kalte-ordainek lehen bezala diraute, hau da, egoera kaskarragoan gainontzeko langileokin konparatuta.
Lege berriaren arabera, kontratuaren amaiera Langileen Estatutuko 49.1 artikuluan azaltzen diren arrazoiengatik izan beharko dela ezartzen da. Hainbat arrazoi zerrendatzen dira bertan: dimisioa, heriotza, erretiroa…
Baina, honetaz gain, etxeko langile bat kaleratzeko, beste hiru arrazoi gehitzen ditu Lege Dekretuak:
- Familia unitatearen diru-sarrerak jaitsi direlako edo gastuak handitu direlako bat-bateko arrazoiren batengatik.
- Familia unitatearen premietan funtsezko aldaketa egon bada eta honek kaleratzea justifikatzen badu.
- Langilearen jokamoldeagatik. Delako jokamolde honek enplegatzailearen konfiantza galera ekarri beharko luke. Hau arrazoiturik egon beharko litzateke eta zentzukoa zein proportzionala izan.
Ikusten dugunez, arrazoi nahiko lauso eta zehaztugabeak dira, batez ere, hirugarrena. Beraz, kaleratzea arrazoituta egon behar dela ezarri arren, halako arrazoi malguekin, ez dirudi iruzurrerako zirrikituak benetan itxi direnik.
Gainera, kalte-ordainei dagokienez, etxeko langileen kasuan oraindik ez dira parekatu:
- ETXEKO LANGILEAK: 12 egun, lan egindako urte bakoitzeko, 6 hilabeteko mugarekin.
- GAINONTZEKO LANGILEAK (kaleratze objektiboagatik): 20 egun, lan egindako urte bakoitzeko, 12 hilabeteko mugarekin.
Kantitate hauek dira, beti ere, kaleratzea bidezkoa den kasuetarako, baina gogoratu, edozelan, kaleratzeak sala daitezkeela eta, kaleratzea bidegabetzat joko balitz, kalte-ordaina altuagoa izango litzatekeela: 33 egun lan egindako urte bakoitzeko.
Lege berriak kaleratzeetan, zein beste puntu batzuetan, hala nola langabezia prestazioetan, ekarri dituen berritasunak sakonago dauzkazue azalduta beste artikulu honetan:
- Enplegatzailearen heriotza.
Enplegatzailea hiltzen bada (demagun pertsona nagusi bat zela), kalte ordaina jasotzeko eskubidea daukagu. Kalte ordain hau hilabete batekoa izango litzateke kasu guztietan (soldata hilabete bat, alegia). Adi! Lanean eman duzun denboraren arabera, baliteke ahalegintzea “desistimientoagatik” kaleratzen, batez ere kalte ordaina merkeago suertatzen bazaie.
____________
⇒ Kaleratzeagatiko arrazoia gezurra bada edo prozedura ez bada behar bezala jarraitu, kaleratzea sala zenezake. 20 egun baliodun dauzkazu horretarako.
Kaleratzea salatu eta auzitegiak bidegabetzat joko balu, kalte ordaina 33 egunekoa izango litzateke (12 hilabeteko mugarekin).
Edozelan, ez da ezinbestekoa auzitegietara heltzea. Kasu askotan honelako kontuak kontziliazio edo adiskidetze ekimenetan konpontzen dira aldez aurretik.
Gogoratu edozein arazo daukazula, sindikatura jo dezakezula.
Zelan kalkulatzen da kalte ordaina?
Kalte ordaina kalkulatu ahal izateko, beste puntu hauek ere aintzat hartu behar dira:
— Antzinatasuna: etxe horretan lan egindako denbora guztia hartuko da kontuan, nahiz eta kontratu ezberdinez izan.
— Kalteordaina hilabeteka kalkulatzen da. Honela, “solte” gelditzen diren egunak, hilabete osoa izan balitz bezala hartzen dira. Hau da, demagun hamabost hilabetez eta lau egunez egon zarela lanean, kalte ordaina kalkulatzeko, hamasei hilabetez lanean egon izan bazina bezala hartuko da.
⇒ Kaleratzea lehengo “desistimientoagatik” izan bada, 12 egun lan egindako urte bakoitzeko jaso beharko genuke edo, bestela esanda, soldata egun bat lan egindako hilabete bakoitzeko. Beraz, emandako adibidean, 16 lanegunetako kalte ordaina egokituko litzaiguke.
— Eguneko soldata kalkulatu beharra dago. Momentuan jasotzen duzun soldata erabiliko da honetarako.
Lehenengo eta behin, urteko soldata kalkulatuko dugu: hilabeteko soldata X 12 hilabete egingo dugu. Adi! Bider 12 egingo genuke aparteko ordainsariak prorrateaturik badauzkazu; bestela bider 14 egin beharko genuke (12 hilabete + aparteko paga bi). Kopurua daukagunean, zati 365 egingo dugu, eguneko soldata zein den jakiteko.
Kasu hipotetiko honetan aparteko ordainsariak hilabeteko soldataren parekoak dira. hala ere, kasu askotan hau ez da horrela izaten. Edozelan, garrantzitsuena da argi izatea urteko soldata kalkulatzeko, kobratzen dugun guztia kontuan hartu behar dela eta, jakina, aparteko pagak ere gehitu behar direla.
Beste alde batetik, gogoratu behar dugu kalkulu hauek soldata gordinaren gainean egin behar direla. Ez bagenu jakingo zein den soldata gordina, kalkulatu beharko litzateke. Begirada bat bota ahal diozu “Soldata gordina eta soldata garbia” artikuluari.
⇒ Demagun jardunaldi erdiz lan egiten duzula eta 500 euro kobratzen dituzula (aparteko paga birekin):
500 x 14 = 7.000€ urtean
5.600€ / 365 = 19,18€ egunean
Lehen emandako adibideari jarraiki, 16 lan eguneko kalte ordaina jaso behar badugu, 19,18€ x 16 = 306,88€. Horixe izango litzateke kalte ordaina.
Esan barik doa, etxeko langileen egoera gainontzeko langileena baino okerragoa dela, baita kaleratzeagatiko kalte ordainei dagokienez ere. Arrazoi nagusi birengatik:
• Gainontzeko langileen kasuan kaleratzeagatiko kalte ordaina altuagoa da (kaleratze objektiboagatik, 20 egun izaten dira lan egindako urte bakoitzeko, 12 hilabeteko mugarekin. Kaleratze motak artikulua kontsulta zenezake.
• Etxeko langileei, hitzarmen kolektibo ezean, lanbidearteko gutxieneko soldata baino ez zaie aitortzen legez eta, gainera, askotan, orduka edo jardunaldi partzialaz baino ez da lan egiten sektore honetan.