Aholkuak zure lehenbiziko kontratua sinatu baino lehen
Gizarte Segurantzaren zenbakia:
Gizarte Segurantzaren zenbakia beharrezkoa da lan egiteko. Zenbaki bakarra da pertsona bakoitzeko eta bizi osorako. Lanean aritzeko ez ezik, Gizarte Segurantzarekin dauzkagun harreman guztietarako identifikatuko gaitu, hala nola osasun prestazioetarako e.a. Gizarte Segurantzaren zenbakia afiliazio zenbaki bihurtuko da lanean hasten garenean.
Norberak eskatu lezake bere zenbakia Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrean. Honetarako NAN/NIE edo pasaportea eta TA1 eredua beharko dira. Edo egiaztagiri digitala badaukazu, internetez egin zenezake Gizarte Segurantzaren webgunean.
Lanean hasten zarenean, enpresak eskatuko du, zuk ez baduzu egin. Beraz, ez da behar-beharrezkoa zuk eskatzea.
Enplegu eskatzailetzat izena ematea
Kontratu bat sinatzeko ez da beharrezkoa enplegu eskatzailetzat izena ematea; hala ere, zenbait enpresek horrela egiteko eskatuko dizute langabezian izena emanda dauden langileak kontratatzeagatik bonifikazioak jaso ditzaketelako. (Ikus. nora joan langabezian izena emateko?)
Informazioa eta iruzurrak
Enpresek balizko langileen inguruko informazioa bilatzen dute. Kontuz! duela urte batzuk curriculuma egiaztatzera mugatzen baziren ere, gero eta ohikoagoa da norberaren informazioa sare sozialetan bilatzea. Beraz, gure sare sozialetan konpartitzen duguna balizko enpresak ere ikus lezakeela buruan izan beharko genuke.
Lan eskaintza egin duen enpresaz, batez ere ezaguna ez bada, informatu beharko ginateke. Benetakoa ote den, salaketarik ote daukan… kontuan izan behar dugu lan munduan dagoen prekarietateaz eta langabeziaz aprobetxatu nahian askok geure kontura negozio eta iruzurra egin nahi dutela
Lanpostu baterako aukeraketa prozesu batean parte hartzeagatik edo curriculuma bidaltzeagatik ez da zertan ezer ordaindu. Hala eskatuz gero, kontuz! seguruenik iruzur baten aurrean gaude.
Era berean, informatzeko edo bestelako tramiterik egiteko tarifa berezia daukan telefonorik ematen badizute, adi! Legeak, berez, lan eskaintzetarako horrelako telefonoak erabiltzea galarazten du.
Kontratua
Kontratuak ezberdinak izan daitezke, kontratu motaren arabera, baina kontzeptu antzekoak dauzkate. Beraz, begiratu ondo “zer da lan kontratua?” atala, zer agertu behar den eta zer agertzen den ondo jakiteko.
Irakurri ondo kontratua
Seguruenik esango dizute lan kontratu normala dela, kontratu “tipoa”, alegia. Eta baliteke horrela izatea; hala ere, garrantzizkoa da goitik behera irakurtzea, behar duzun denboraz. Presaka egiteko sakatzen bazaituzte, esan ezaiezu zeure lehenbiziko kontratua dela eta, aldez aurretik ez duzunez besterik irakurri, zeure denbora behar duzula.
Zer sinatu behar duzu eta zer ez?
Kontratuaz gain, baliteke beste dokumentu batzuk ematea sinatu ditzazun. Hauek jarduera edo janzkera arauak izan litekezke edo datu babeserako legearekin zerikusia daukan dokumenturen bat. Berez, ez litzateke honetarako arazorik egon behar. Dokumentu hauek ere ondo irakurri, egiztatzeko honelakoen aurrean zaudela.
Izan ere, baliteke aurretik orri zuriak ipintzea edo edozein dokumentu non gure eskubideei uko egiten diegun (borondatezko bajak, soldata jaitsierak eta abar). Enpresak dokumentu hauek etorkizunean erabil litzake.
Begiratu ondo kontratu mota
Oso iportantea da sinatzen duzuna lan kontratua izatea eta ez kontratu merkantila. Baliteke enpresa ahalegintzea gauza biak berdinak direla konbentzitu arazten, baina inondik inora ere ez. “Zer da lan kontratua?” atalean azaltzen dugun horri egokitu behar zaio.
Kontratu merkatila bada, seguruenik autonomo faltsua izan zaitezen ahaleginetan dabil enpresa, honek dakartzan ondorio eta eskubide galerekin.
Zer agertu behar da kontratuan?
Kontratuetan gauza asko azaltzen dira, baina, batez ere, honako hauetan fijatu beharko gara bereziki:
• Enpresaren datuak, ondo jakiteko norekin ari garen sinatzen (baliteke pentsaraztea enpresa nagusiarentzat lan egingo dugula eta, egitan, honen azpikontrata batekin egitea kontratua, esaterako).
• Gure datuak zuzenak izan daitezen
• Ze kontratu mota den: mugagabea, aldi baterakoa, finko etenduna…
• Lan jardunaldia: jardunaldi osoa edo partziala den ikusi behar da eta lan egingo diren orduak agertu behar dira. Kontu berezia izan behar dugu enpresak jardunaldi partzialeko lana eskaini eta, egitan, jardunaldi osoko lana egin behar ote dugun. Honetaz gain, lan egunetan erreparatu behar dugu: astelehenetik ostiralera, astelehenetik larunbatera, astelehenetik igandera… Hau garrantzitsua da jakiteko enpresak asteburuetan lan egiteko eskatu ahal digun. Bestalde, ordutegia ere azaldu behar da, zeintzuk diren sarrera eta irteera orduak.
• Soldata: begiratu ondo adierazita dagoen eta azaltzen den hori soldata gordina edo soldata garbia ote den. Hau bereziki garrantzitsua da soldata adostu den kasuetan. Baliteke kontratuan “hitzarmenaren arabera” agertzea. Orduan, ondo enteratu beharko zara zein den dagokizun hitzarmena eta zein den horretan azaltzen den soldata (beste eskubide guztietaz gain). (Ikus. zer da lan hitzarmena? eta lan hitzarmenak)
• Oporrak: kontratuan adierazita azal daitezke, batez ere hauen kopurua adostu denean edo opor gehiago zin egin badizkigu. Gutxienekoa 30 egun urtean izango dira edo hitzarmenak ezartzen duena.
• Kategoria: beteko dugun lanpostua adierazita egon behar da. Hau inportantea izango da, zeren eta, honen arabera, soldata eta beteko ditugun funtzioak ere izango dira. Eskaini digutena izan beharko da, zeren eta hainbat enpresak beheragoko kategoria bat ipinita, soldata baxuagoa ematen ahaleginduko baitira.
• Hitzarmen kolektiboa: kontratuan azalten ez bada, komenigarria da galdetzea zein den dagokizuna. Egiaztatu kontratuak dakarrena hitzarmen kolektiboarekin bat datorrela.
• Lantokia: inportantea da lantokia azaltzea, batez ere enpresak, gerora, lantoki urrunago batera bidaltzea ekiditeko.
• Kontratuaren iraupena: aldi baterako kontratuen kasuan ikusi beharko da zein den iraupena eta kontrataziorako arrazoia lan eskaintzan agertzen zen berbera ote den.
• Erreparatu proba aldirik dagoen eta zenbat denboraz iraungo duen honek.
Oso inportantea da lan kontratuan ez egotea hutsunerik, batez ere aipatu ditugun puntu hauetan. Ez du balio enpresak esatea gerora beteko dituenik. Kontratua, behin sinatuta, ez da aldatu behar eta, are gutxiago “hutsuneak” bete.
Kontratua… enpresak edo ABLEak eginda?
Esan dugunez, begiratu ondo norentzat ari garen lanean, hau da, kontratuan nor agertzen den, enpresa bera edo ABLEren bat. Hau inportantea da jakiteko ze egoeratan gauden eta norentzat ari garen lanean.
ABLE bidezko kontratua izanez gero, begiratu ondo zein enpresarentzat arituko zaren lanean.
Kontratuaren kopia
Jaso ezazu kontratuaren kopia bat. Enpresak kopia bat eman beharko lizuke sinatzen duzun momentuan bertan.
Kontratatuak enpresaren zigilua eta sinadura izan behar ditu. Beste dokumenturik sinatzen bada, hauen kopia ere eman behar digute.
Gizarte Segurantza
Egiaztatu enpresak gure alta eman duela Gizarte Segurantzan. Ikus. nora jo egiaztateko enpresak gure alta eman duela Gizarte Segurantzan?