Gazteei zuzendutako alokairu-laguntzak: Gaztelagun (EAE)

2022/05/12
Azken eguneraketa: 2024/02/28

AGINDUA, 2018ko abenduaren 18koa,  etxebizitzaren alokairurako Gaztelagun programaren laguntzak arautzen dituena eta deialdia egiten duena.
AGINDUA, 2022ko apirilaren 26koa, zeinaren bidez arautzen baitira Gaztelagun programaren etxebizitza-alokairurako laguntzak.

 

Gaztelagun programa alokairua ordaintzeko diru-laguntza da. 18 eta 35 urte bitarteko gazteei dago zuzenduta (hau da, 36 urte bete arte jaso daiteke).

Merkatu askeko etxebizitzen alokairua ordaintzeko eska daiteke, ez, ordea, babes ofizialeko etxeen alokairua ordaintzeko.  Gogoratu babes ofizialeko etxerik alokatu nahi bazenu, Etxebiden eman beharko zenukeela izena.

Gaztelagun programa 2019. urtetik dago martxan eta PSEren eskutan dagoen Etxebizitza Sailak kudeatzen du. Hala ere, 2024. urte hasieratik Emantzipa programa ere abiatu da. Azken hau Lehendakaritzaren proiektua da eta Gazteriaren Zuzendaritzak (PNVk) kudeatzen du. Oso programa antzekoa da, ia bikoizketa bat, mugatuagoa bada ere: 25 eta 29 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago eta, gehienez, 24 hilabetez jaso daiteke. Bestetik, alokairua ez ezik, hipoteka ordaintzeko ere eska daiteke. Honetaz gehiago jakin nahi baduzu, bota begirada bat beste artikulu honi:

Zenbat jasotzen da?

Errentaren portzentaje bat ordaintzen da. Gehienez, alokairuaren %60 jaso dezakegu. Hala ere, badago beste mugapen bat: hilean, gehienez, 300 euro jaso genitzake (etxebizitzarako prestazio osagarriaren, etxebizitzarako prestazio ekonomikoaren eta Emantzipa programaren zenbateko berbera, alegia).

Hau da, laguntza hau ez da zenbateko finko bat, baizik eta errentaren %60, 300 euroko mugapenarekin:

– Baliteke ordaintzen duzun errentaren %60 ez heltzea 300 eurotara. Adibidez, demagun etxea konpartitzen duzula eta hilean 350€ ordaintzen dituzula. Kasu honetan, diru-laguntza 210€ izango lirateke (350en %60) eta ez 300€.

– Bestetik, ordaintzen duzun errenta, adibidez, 800€ badira (gehienezko prezio posiblea, geroxeago ikusiko dugunez), honen %60 480€ izan arren, ez zenuke zenbateko hori jasoko, 300€ baino, ezin baita 300€ baino gehiagorik kobratu.

Jasotzaileak

Norbanakoek edo familia unitateek jaso dezakete.

Familia unitatea: ezkontideak edo izatezko bikotekideek eta kargupeko seme-alabek osatzen dute. Jakina, guraso bakarreko familiak ere izan daitezke. Izan kontuan kasu honetan baldintzak zuk ez ezik zure bikotekideak ere bete behar dituela eta gehienezko errenta kalkulatzeko bion diru-sarrerak hartuko dituztela kontuan.

Etxea eta, hortaz, alokairua ere konpartitzen baduzu, edozelan eska zenezake. Hau da, ez da beharrezkoa etxea zeure kabuz alokatzea, bazik eta, beste lagun batekin egiten baduzu ere, eskubidea izango zenuke prestazioa eskatzeko.  Kasu honetan ez da beharrezkoa etxean bizi zareten lagun guztiok baldintzak betetzea. Baliteke beste lagunek ez betetzea edo laguntza eskatzeko premiarik ez izatea; hala ere, zuk eska zenezake.

Bete beharreko baldintzak

18 eta 35 urte artekoa izan behar zara.

— EAEn sei hilabetez jarraian bizitzen egon behar izan zara.

— Ezin duzu etxebizitza bat jabetzan eduki. Honetan salbuespenak badaude, hala nola, banandu bazara eta etxetik irten behar izan bazara.

— Alokairu kontratuaren titularra izan behar zara. Beste kide batzuekin batera alokatuta badaukazu, alokairu kontratuan zure izena ere azaldu behar da.

— Etxeko jabearekin ezin duzu familia harremanik izan. Zehazkiago, ezin duzu senide harremanik izan (3. gradura arte) ez etxeko jabearekin ez eta bere familia unitateko inorekin.

— Hilabeteroko ordainketa erregistraturik egon behar da; hau da, ordainketa banku transferentziaz, Bizumez edo bestelako bide elektronikoren batez egin behar duzu. Ezin duzu alokairua eskudirutan ordaindu.

— Gehienezko eta gutxienezko diru-sarrerak:

  • Norbanakoa: gutxienez, 3.000€ eta, gehienez, 26.725€
  • Familia unitatea (denen diru-sarrerak batuta): gutxienez, 3.000€ eta, gehienez, 32.724€
  • Familia ugariak (denen diru-sarrerak batuta): gutxienez, 3.000€ eta, gehienez, 34.906€

Kalkulua egin daiteke azken errenta aitorpena edo, bestela, azken 12 hilabeteetako diru-sarrerak kontuan hartuta. Kalkulurik probetxugarriena da aplikatu behar dizutena. Zalantzarik badaukazu, informa zaitez Alokabiden eskaera egin baino lehenago. Helbide eta telefonoak beherago dauzkazu.

Gehienezko diru-sarreren mugak urtero eguneratu behar dira KPIarekin. Hemen ekarri ditugunak Gasteizko Gobernuak argitaraturik dauzkan azkenak dira (euren orrialdean 2022rako zenbatekoak direla azaltzen da).

Alokairuaren prezioa

Gehienezko diru-sarrerak eskatzen diren bezala, alokatu nahi duzun etxeak ere gehienezko prezio bat izan behar du diru-laguntza jaso ahal izateko. Prezio hauek udalerrien arabera ezberdinak dira:

  • Hiriburuetan (Bilbon, Donostian edo Gasteizen): 800€
  • Bilbo eta Donostiako metropoli barrutietan edo 10.000 biztanletik gorako udalerrietan: 750€
  • Gainontzeko herrietan: 650€
Bateraezintasunak

Diru-laguntza hau ezin izango duzu eskatu, baldin eta babes publikoko etxebizitza batean alokairuan bazaude edo beste programa publikoren bateko etxebizitza bada, hala nola, ASAP programakoa (“Alokairu segurua, arrazoizko prezioa”) edo Bizigune programakoa.

Era berean, bestelako laguntza batzuk jasotzen ari bazara, hala nola, etxebizitzarako prestazio osagarria (diru-sarrerak bermatzeko errentaren jasotzaileek eska dezaketena, alegia), edo alokairua ordaindu ahal izateko larrialdi sozialeko laguntzarik jasotzen baduzu. Gauza bera gertatzen da beste edozein administrazioren laguntzarik kobratzen baduzu.

⇒ Adi! Emantzipa programako diru-laguntzekin ez dago honelako arazorik. Hau da, biak batera jaso daitezke.

Gaztelagun, Madrilgo Gobernuaren alokairu bonua eta Emantzipa

Baliteke Madrilgo Gobernuak martxan jarri zuen gazteentzako alokairu bonoaz entzun izana. Laguntza hau 2022an onartu zen (42/2022 Dekretua).

Lege estatala izan arren eta funtsak Madriletik ipini arren, kudeaketa erkidego autonomikoei dagokie. Hala ere, laguntza hau ez zen Hego Euskal Herrian aplikatu:

“El Bono Alquiler Joven es de aplicación a todas las comunidades autónomas y las ciudades de Ceuta y Melilla, con excepción del País Vasco y Navarra” (2. artikulua)

EAEn Gaztelagun eta Nafarroan Emanzipa programak bageneuzkan martxan (ez nahasi EAEko Emantzipa programa  berriarekin) eta horiexek jarraitu zuten indarrean, bakoitza bere betebehar, arau eta baldintzekin.

Edozelan, bai EAEk, bai Nafarroak, nahiz eta euren programa propioei eutsi, funts estatal berriak jasotzen dituzte, gainontzeko erkidegoek egin bezala. Honela, lege estatalaren eta finantziazio berriaren harira, aldaketaren bat egin zen Gaztelagun programan:

Diru sarreren muga:

Norbanako bat: 18.000 eurotik 24.500 eurora
Familiak: 24.500 eurotik 30.000 eurora
Familia ugariak: 28.000 eurotik 32.000 eurora

Lege estatalak ezarri zituen diru-sarreren mugak askoz probetxugarriagoak ziren Gasteizko Gobernuak markaturik zeuzkanak baino: 24.318,84€ (IPREM x 3). Honela, EAEkoak ere altxatu egin ziren.

Errolda: Laguntza eskatu ahal izateko, hasieran beharrezkoa zen aldez aurretik, gutxienez, urtebetez EAEn bizi izana. 2022tik, 6 hilabete baino ez dira egiaztatu behar. Esan beharra dago lege estatalean ez dela gutxieneko erroldarik eskatzen. Ez dakigu hori izan ote zen eskakizuna jaisteko arrazoia, baina, harrigarriki (edo ez horren harrigarriki), Emantzipa programa berriaren kasuan, urtebeteko errolda eskatzen da berriz ere.

Alokairuaren prezioa: puntu honetan ere aldaketaren bat egin zuen Jaurlaritzak. Hiriburuetako etxebizitzen gehienezko prezioa 775 eurotik 800 eurora altxatu zuen. Hala ere, alokairuen prezioek gurean gora baino ez dute egiten (neurri handi batean, turismoa neurrigabe bultzatzen duten Eusko Jaurlaritzaren politikei esker) eta zenbateko hauek ez dira ordudanik berriro berrikusi. Bestetik, Emantzipako laguntzak eskatzeko, etxebizitzen prezioa ez dago mugaturik, ez alokatuz, ez erosiz gero.

Denbora muga: lehen, gehienez, hiru urtez jaso zitekeen, orain aukera dago 36 urte bete arte jasotzeko. Hau da, 18 eta 35 urte bitartekoa bazara, laguntza jaso zenezake baldintzak betetzen dituzun bitartean, gehienezko urte mugarik gabe. Bestetik, Emantzipako laguntzak 25 eta 29 urte bitartekoentzat dira, baina, gehienez, 24 hilabetez jaso daitezke.

– Zenbatekoa: errentaren erdia ordaintzetik errentaren %60 ordaintzera pasatu zen. Gehienez, 300€ jaso daitezke. Emantzipa programako diru-laguntza, bestetik, 300€ dira kasu guztietan.

 

Edozelan, beti esaten dugun bezala, egiturazko arazoei ezin zaie halako txaplatekin ekin. Gazteen emantzipazioan benetan lagunduko duten politika bakarrak lan baldintza duinak bermatzea, behar bezalako soldatekin, eta etxebizitza politika eraginkorra dira. Enpleguaren prekarietateak eta ezegonkortasunak beren horretan badiraute, gazteen batezbesteko soldata gero eta baxuagoa bada (Eusko Jaurlaritzak berak emandako datuen arabera, 2023an 100€ baxuagoa izan zen 2010ean baino) eta etxebizitza, espekulaziora eta turismora bideratutako ondasun bihurturik, ez bada eskubide moduan bermatzen, ez dago zereginik.

Zelan eskatu?
  • Aurrez aurre:

Aukera bi dauzkazu: Zuzenean, herritarren arretarako zerbitzuan, edo Alokabiden.

Zuzenean:

Bilbo: Kale Nagusia 85
Donostia: Andia 13
Gasteiz: Ramiro de Maeztu 10

Informazio telefonoa: 945 01 80 00

Gogoratu aldez aurretiko hitzordua beharrezkoa dela. Hitzordua telefonoz edo internetez eska dezakezu:

          Hitzordua lotzeko telefonoa: 945 01 90 00
          Webgunea: https://www.euskadi.eus/

Alokabiden:

Bilbo: Trenbideko etorbidea 36, behea
Donostia: Errotaburu pasealekua 1, 7.solairua
Gasteiz: Gamarrako Atea 1A, behea (El Boulevard eraikina)

Informazio telefonoak:
945 569 020 (Gaztelagun programa)
944 044 708 (arreta orokorra)

Gogoratu Alokabiden ere aldez aurretiko hitzordua eskatu beharko duzula

  • Online:

Online egiteko, B@kQ identifikazio elektronikoa beharko duzu derrigorrez. Jakin nahi baduzu zelan funtzionatzen duen eta zelan eskuratu ahal duzun identifikazio hau, bota begirada bat beste artikulu honi:

B@kQ identifikazioa behin lortuta, tramitazioa hurrengo orrialdetik egin beharko duzu: 

⇒ Izapidearen inguruko informazio zehatzagoa HEMEN kontsulta dezakezu.

 
Dokumentazioa

ADI! Ez da beharrezkoa zuk dokumentu guzti-guztiak atxikitzea. Izan ere, administrazioak berak eskuratu eta kontsultatu ahal ditu. Beraz, eskaera egiten duzunean, posible izango duzu erantzukizunpeko adierazpena betetzea eta baimena ematea administrazioari datu horiek egiazta ditzan.

⇒ Derrigorrez atxiki behar duzun dokumentazioa:

Eskaera-orria. HEMEN kontsulta dezakezu eskaera-orriaren eredu bat. Izan kontuan Jaurlaritzaren webgunetik atera dugun dokumentu hau oraindik ez dagoela eguneraturik eta, hortaz, ez dizula balioko eskaera egiteko; hala ere, zer topatuko dugun aldez aurretik ikusteko, guztiz baliagarria da.

Alokairu kontratuaren kopia. 2015etik derrigorra da EAEko Alokairu Kontratuen Erregistroan inskribatzea eta fidantza gordailuan uztea. Zure alokairua erregistraturik baldin badago, inskripzioaren ziurtagiria atxikitzea nahikoa izango litzateke. Hala ere, alokairua ez badago erregistraturik, alokairu kontratuaren kopia eman beharko duzu.

Alokairuaren azken ordainketaren egiaztagiria.

Hirugarrenenen alta. Administrazioak diru-laguntza kontu korrontean ordaindu ahal izateko, hirugarrenen erregistroan egon behar zara izena emanda. Hau kontu oso erraza da: administrazioari zure banku datuak ematea baino ez da. Dokumentua HEMENDIK jaitsi ahal duzu.

⇒ Berriro diogu, eskaera egin bitartean administrazioari zure datuak kontsultatzeko baimena ematen badiozu eta baldintza guztiak betetzen dituzula adierazten baduzu, ez duzu aparteko dokumentaziorik eman beharko, ez bada administrazioak gerora espresuki eskatzen dizula. Administrazioak honako informazio hau egiaztatuko du bere kabuz. Edozelan, baimenik eman ezean, dokumentuak atxiki beharko dituzu:

Errolda ziurtagiria. Batetik, EAEn gutxienez sei hilabetez jarraian bizitzen egon zarela egiaztatzeko eta, bestetik, eskaera egiteko momentuan alokatutako etxean bizi zarela ziurtatzeko.

Etxebizitza baten jabe ez zarela egiaztatzen duen dokumentua. Dokumentu hau Jabetza Erregistroen Indizeen Zerbitzuak ematen du (gaztelerazko “Registro de la Propiedad” delakoak, alegia). Izan kontuan, lehen azaldu dugun bezala, balitekeela etxebizitza baten titularra izatea, baina etxebizitza hori, dena delako arrazoiagatik, ezin erabiltzea; kasu honetan, honen berri ematen duen dokumentazioa ere atxiki beharko zenuke.

Diru-sarreren egiaztagiriak. Errenta aitorpena egin baduzu, horixe aurkeztu beharko zenuke; bestela, bizi laboralaren egiaztagiria eta 10T dokumentua.

⇒ Eskaera aurrez aurre eta paperean egiten baduzu, honako dokumentu hauek atxiki beharko dituzu:

Familia liburua, familia unitatea baldin bada eskaera egiten duena

• Familia ugarien egiaztagiria, familia ugaria baldin bada

• Identifikazio dokumentuak (NAN, NIE, pasaportea)

⇒ Erantzukizunpeko adierazpena eta bateragarritasun adierazpena. Ez da beharrezkoa aparteko dokumenturik atxikitzea:

Eskaera online egiten baduzu, zuzenean eman ahal izango duzu zure baimena.

Paperean egiten baduzu, eskaera-orrian bertan eman dezakezu baimena (lehen ekarri dugun adibidean ikus dezakezu).

 

Informazio gehiagorako: