Aparteko subsidioa etxeko langileentzat

2020/04/01
2020/05/04an eguneratua

Beste atal batean (koronabirusa eta etxeko langileak) azaldu genuenez, etxeko langileen erregimenean ez da langabeziagatik kotizatzen eta, hortaz, enplegurik gabe geratuz gero, ez dago prestazioa jasotzeko eskubiderik. Berriro diogu, koronabirusak eragindako krisian, berriro ere, langile hauek kolpatuenetakoak izan dira eta, hala ere, ahaztuetan ahaztuenetarikoak.

Madrilgo Gobernuak, azkenik argitaratu du kolektibo honentzako neurri bat -exkaxa bada ere- apirilaren 1eko 11/2020 Dekretuan (30., 31. eta 32. artikuluetan): egunotan lan barik gelditu diren etxeko langileentzako aparteko subsidio bat.

Nork eska dezake subsidio hau?

Alarma egoera indarrean hasi baino lehen Gizarte Segurantzan alta emanda zeuden langileek, hau da, martxoaren 14 aurretik Etxeko Langileen Erregimenean zeudenek.

Honako egoeraren batean egon behar zara:

– Sasoi honetan, aldi baterako, lan egiteari utzi badiozu. Hau da, ez zaituzte bota, baina lan egiteari utzi behar izan diozu, kutsapen arriskuagatik edo momentu honetan familia etxean dagoelako edo Covid-19arekin zerikusia duen beste edozein arrazoirengatik.

Kontuan hartuko da lana guztiz utzi behar izan baduzu edo lan ordu gutxiago egitera behartuta egon bazara (jardunaldia murriztu behar izan baduzu, alegia).

Kaleratu bazaituzte. Berdin da kalerapen “arrunta” izan bada edo enpleatzaileak lan harremana bertan behera utzi badu (“desistimiento” figura erabili badu).

Gauza jakina da etxeko langile asko eta asko beltzean lan egitera beharturik egoten direla eta, hortaz, langile horiek guztiek ezin izango dute diru-laguntza hau eskatu (zaila da kalkulatzen, inolako erregistrorik ez dagoenez gero, baina etxeko langile guztietatik heren bat, gutxienez, egon liteke egoera honetan)

Eskaera

• Eskaerak maiatzaren 5etik aurrera aurkez daitezke.

• ONLINE egin daiteke HELBIDE HONETAN
Hala ere, izan kontuan NAN elektronikoa, ziurtagri digitala edo erabiltzaile eta pasa-hitza

Bestela, formularioa jaitsi, edo ordenagailuan bete, eta beste dokumentazioarekin batera POSTA ARRUNTAZ bideratu ahal duzu, helbide honetara:

Unidad Subsidio Empleadas Hogar.
Dirección General del Servicio Público de Empleo Estatal
Calle Condesa de Venadito Nº9
28027-Madrid

Atxikitu beharreko dokumentazioa:

1. SEPEren orrialdean dagoen eskaera orria edo formularioa

2. Erantzukizunpeko adierazpenak:

            • Lan harremanaren etenaldia:

Ez bazaituzte kaleratu, baina tarte honetan ezin izan bazara lanera joan (jardunaldi osoz edo jardunaldiaren tarte batez) kutsapen arriskuagatik. Kasu honetan suposatzne da oraindik zaudela Gizarte Segurantzan altan emanda, hau da, ez zaituztela kaleratu, baizik eta tarte batez zerbitzuak emateari utzi diozula.

Enpleatzaile bat baino gehiago badauzkazu, adierazpen bana atxikitu beharko duzu.

            • Kaleratu bazaituzte:

Kasu honetan kaleratze karta atxikitu beharko duzu, ez da beharrezkoa aparteko erantzukizunpeko adierazpenik.

            • Etxeren batean lan egiteari utzi badiozu, baina beste batean (edo batzuetan) lanean jarraituz gero.

Kasu honetan, subsidioa eskatuko genuke amaitutako edo murriztutako lan harremanagatik, baina eten ez diren beste lan horien berri eman beharko genuke. Beste enpleatzaile horrek (edo horiek), beraz, erantzukizunpeko adierazpena sinatu beharko lukete eta bertan adierazi zenbateko soldata jasotzen ari zaren.

Era berean, beste lanen batean bazabiltza zeure kontura, horren berri ere eman beharko zenuke (horren inguruko dokumentazioa atxikiturik edo, horren ezean, erantzukizunpeko beste adierazpen batekin).

Eskaera formularioa eta erantzunkizunpeko adierazpenaren ereduak (eta berauek betetzeko jarraibideak) orrialde honen beheko partean dauzkazue (SEPEren dokumentazio ofizialak dira).

Zenbat jasoko da?

Oinarri arautzailearen %70 (oinarri arautzailea = aurreko hilabeteko kotizazio oinarria zati 30). Hau da, zure nominako oinarriaren %70 kobratuko zenuke.

Etxe bat baino gehiagotan lan egiten egon bazara, lan bakoitzaren oinarria kalkulatuko litzateke.

Gehienez, 950 euro jaso daiteke (hau da, lanbidearteko gutxieneko soldataren beste). Hala ere, prestazioa 950 eurotara heltzeko, 1.300 euro inguruko soldata izan beharko genuke eta, ondo dakigunez, hori ametsetan baino ez da gertatzen.

Era berean, subsidioa ukatuko dizute, baldin eta, eskatu ostean, beste lanen batean aritu bazara (zeure kontura edo inoren kontura) eta soldatatik gehi subsidiotik jasotzen duzun kopurua 950 euro baino gehiago bada.

– Ordu gutxiago lan egitera behartuta egon bazara, prestazioa proportzionala izango da. Hau da, lanik egiten ez dituzun ordu kopuruei dagokienaren bestekoa izango litzateke prestazioa.

Atal honi dagokionez, beste ohartarazpen bat egin behar da: enpleatzaile askok gutxiago kotizatzen dute Gizarte Segurantzan, hau da, soldataren zati bat beltzean ordaindu eta langileagatik benetako soldata baino gutxiago kotizatzen dute. Hortaz, kasu hauetan, prestazioaren zenbatekoa baxuagoa izango da, kotizazioak baino ez direlako kontuan hartuko.

Bateragarritasunak eta bateraezintasunak

– Zeure kontutik edo beste inoren kontutik beste diru-sarrera batzuk badauzkazu, prestazioa jaso zenezake. Hau da, bateragarria da prestazioa jasotzea eta beste diru-sarrera batzuk edukitzea. Beti ere diru-sarrera horiek eta subsidioak, biek batera, lanbidearteko gutxieneko soldataren kopurua gainditzen ez badute. Hau da, bateragarria da, baldin eta 950 eurotara heltzen ez bagara (950 euro hilean 14 pagatan).

Ez da bateragarria ondoko hauekin: aldi baterako ezintasunagatiko prestazioarekin (baja medikoan bazaude eta prestazioa jasotzen ari bazara, alegia) edo berreskuratu beharreko baimen ordaindua jasotzen ari bazara.

Noiz jasoko da?

Hilabeteko prestazioa da.
Hilaren 10ean jasoko dugu, esakeran adierazi sugun kontu korrontean.

Iraupena

Alarma egoera amaitu eta hurrengo hilabetera arte. Hau da, alarma egoera behin amaituta, neurri honen indarraldia hilabetez luzatuko da.

Beraz, subsidioa jasoko dugu enpleatzaileak Gizarte Segurantzan bajan eman gintuenetik (edo jardunaldia murriztu zigutenetik), alarma egoera amaitu eta hurrengo hilabetera arte.

Kotizazioak

SEPEk ez du gugatik kotizatuko prestazioa jasotzen dugun bitartean

SEPEren DOKUMENTAZIOA:

Etxeko langileentzako aparteko subsidioa