Gizarteratzeko errenta aktiboa (“RAI”)

2018/02/27
Azken eguneraketa: 2022/06/02

1369/2006 Dekretua, gizarteratzeko errenta aktiboaren programa arautzen duena

Laguntza hau langabetuei zuzenduta dago, baina langabezia prestazioa edota subsidioak ez bezala, langabetuen kolektibo zehatzak baino ez ditu aintzat hartzen. Honela, gizarteratzeko errenta aktiboa, dekretuak berak dioen bezala, “premia ekonomiko bereziak dituzten eta enplegua lortzeko zailtasun handiak dauzkaten langabetuei begirakoa da”.

 

Ze kasutan eska daiteke?

– 45 urte baino gehiago badaukazu eta denbora luzez egon bazara langabezian
– 45 urte baino gehiago badaukazu eta Estatutik kanpo lanean egon bazara
– Genero indarkeriaren biktima izan bazara
– %33ko (edo gehiagoko) desgaitasuna aitortuta badaukazu

 

Bete beharreko baldintzak:

Enplegu eskatzailetzat eman behar izan duzu izena (langabezian apuntatuta egon behar zara, alegia)
65 urte baino gutxiago izan behar dituzu
Familia unitateak ezin du hilean 750 euro baino gehiagorik jaso (lanbidearteko gutxieneko soldataren %75). Honetarako, zure diru sarrerak, bikotekidearenak eta 26 urtetik beherako seme-alabenak hartzen dira kontuan. Denak batu eta senide kopuruaren arabera egiten da batezbestekoa.
Gizarteratzeko errenta aktiboa –RAI- azken 365 egunetan zehar kobratu ez izana. Genero indarkeriaren biktima bazara edo desgaitasuna alegatu baduzu bai jaso zenezake hiru urtez jarraian, baina iraupen luzeko langabetuen zein Estatura itzulitako migranteen kasuetan ezin da subsidio hau urte bi jarraian eskatu.
Gehienez hiru urtez kobratu ahal da eta, hortaz, hiru urte horiek (segidan edo urte alternoetan) kobratu baduzu, ezin duzu berriro eskatu.

Baldintza orokor hauetaz gain, baldintza espezifikoak ere badaude:

• 45 urte baino gehiagoko iraupen luzeko langabetua bazara

Aldez aurretik langabezia prestazioa edota subsidioa agortu behar izan dituzu. Hau da, RAI delakoa eskatu baino lehenago noizbait langabezia kobratu behar izan duzu. 1980tik aurrerako prestazioak hartzen dira kontuan.
– Hau ez da prestazioa, ezta subsidioa ere, ohiz kanpoko errenta baino. Hortaz edozein subsidio jasotzeko eskubidea badaukazu, horixe eskatu behar duzu (familia laguntza, 45 urtetik edo 52 urtetik gorakoentzako subsidioa, kotizazio nahikorik ez edukitzeagatiko subsidioa).
Enplegu eskatzailetzat 12 hilabetez jarraian apuntaturik egotea

• 45 urte baino gehiago badaukazu eta Estatutik kanpo lanean egon eta gero itzuli bazara

– Estatutik irten zinen azkenengo aldian sei hilabetez gutxienez lan egin izana
Eskaera egin baino lehenagoko 12 hilabeteetan zehar itzuli behar izan zara Estatura
– Kasu honetan ez da beharrezkoa 12 hilabetez jarraian langabezian apuntatuta egotea

• Genero indarkeria kasuetan

Egoera hori ziurtatzen duen dokumentua aurkeztu behar da. Dokumentu hau zerbitzu sozialena edo harrera zentroarena izan daiteke, era berean, epai judiziala, babes ordena edo ministerio fiskalak egindako txostena baliogarriak dira.
– Kasu honetan ez dago adin mugarik, ez duzu zertan prestazio edo subsidioa agortu eta ez da beharrezkoa 12 hilabetez segidan langabezian apuntaturik egotea.

• Gutxienez %33eko desgaitasuna aitortuta badaukazu

– Aldez aurretik langabezia prestazioa edota subsidioa agortu behar izan dituzu. Hau da, RAI delakoa eskatu baino lehenago noizbait langabezia kobratu behar izan duzu. 1980tik aurrerako prestazioak hartzen dira kontuan.
– Enplegu eskatzailetzat 12 hilabetez jarraian apuntaturik egotea


Adi! 12 hilabetez langabezian izena emanda eskatzen den kasuetan, esan dugunez, hauek jarraian izan behar dira. Hau da, eskatu aurreko urtean 90 egunez edo gehiagoz lan egin baduzu edo Estatutik kanpora irten bazara, arrazoia eta denbora edozein direla eta, kontadorea zerora itzuliko da. Hau da, 12 hilabete horiek zerotik zenbatzen hasiko dira.


 
Kopurua, iraupena eta berriztapenak

Kasu honetan ere IPREMaren %80 kobratzen da (463,21 euro hilean, 2022. urtean).

11 hilabetez kobratzen da eta, lehen azaldu dugunez, eskaera berriztatu ahal bada ere…
iraupen luzeko langabetuen eta itzulitako migranteen kasuan, berriztatu arte urtebete itxaron behar duzu
genero indarkeria eta desgaitasun kasuetan 33 hilabeteak segidan kobratu daitezke.

Berriztapen bakoitza, praktikan, alta berri bat da eta, hortaz, dokumentazioa berriro aurkeztu eta prozedura osoa egin beharko duzu.

 

Kontuz! Prestazio hau gal zenezake:

– Langabezia ez baduzu sinatzen dagokizun egunetan
– Enplegu bulegoak deitu eta hitzordura ez bazoaz
– Estatutik kanpora baimenik gabe irtenez gero

 

Gizarte Segurantzari kotizazioak

RAI delakoa kobratzen den bitartean ez da erretirorako kotizatzen. Hala ere, Gizarte Segurantzarekin hitzarmen berezia egin liteke.

 

RAI kobratzen den bitartean lan egin ahal da?

Bai, baina jardunaldi partzialaz.

Subsidioa ere jardunaldi partzial horren ehunekoaz murriztuko da. Hau da, jardunaldi erdiz lan egiten ari bazara, 231,60 euro baino ez dituzu jasoko (subsidioaren erdia).

Lanagatik jasotzen duzun soldata ezin da lanbidearteko gutxieneko soldataren %75 baino gehiago izan (750 euro hilean, 2022. urtean).

Lanean ari bazara ere, langabezia sinatzen jarraitu behar duzu. Hori bai, enplegu bulegotik agindu ditzaketen formazio ikastaroetara ez zaude behartuta.

 

Non egin behar da eskaera?

Enplegu zerbitzu publikoan aurkeztu behar dira eta tramitatzen duena SEPEren herrialdeko zuzendaritza da. Horra hor helbideak (helbide bakoitzean sakatuta, mapa eta telefonoak azalduko zaizkizu):

ARABA

— Gasteiz: Jesús Apellaniz margolaria, 11 (bulego nagusia)
                    Norteko trenbidea, 1 (Salburua)
                    Ozeano Pazifikoa, 16-18 (Zabalgana)
— Laudio: José Matia, 24-26

BIZKAIA

— Bilbo: Kale Nagusia, 50 (bulego nagusia)
               Mazarredo zumarkalea, 39
               Maria Victoria Uribe Laso, 3-5-7 (Errekalde)
               Katalunia, 1-3 (San Inazio)
               Santutxu kalea z/g, Fika kaleko kantoian (Santutxu)
— Barakaldo: Luis de Kastresana, 9 (Beurko)
                        Bakea, 14 (Gurutzeta)
— Basauri: Urbi kalea 3 eta 5
— Durango: Alluitz, 9-11
— Gernika: Don Tello, 11
— Getxo: Negubide, 1
— Mungia: Olalde Beresia, 3B
— Ondarroa: San Ignazio, 40
— Santurtzi: Cristobal Murrieta etorbidea, 22
— Sestao: Galindo, 14
— Zalla: Euskadi plaza, 9

GIPUZKOA

— Donostia: Bartzelona etorbidea, 39 (bulego nagusia)
                      Zarautz etorbidea, 58-60 (Antiguo)
                      Marino Tabuyo, 14-16 (Gros)
— Arrasate: Gipuzkoa etorbidea, 4
— Azpeitia: Urola, 6
— Beasain: Gipuzkoa plaza, 1
— Eibar: Bittor Sarasketa, 1
— Errenteria: Maurice Ravel, 14-16
— Irun: Basurko z/g
— Lasarte: Donostia etorbidea, 5
— Tolosa: Larramendi, 3
— Zarautz: Bizkaia, 61
— Zumarraga: Nafarroa plaza, 3

NAFARROA

— Iruñea: Gongora plaza, 5 (bulego nagusia)
                  Paulino Caballero, 50
— Altsasu: Iruñea etorbidea z/g, Kamineroen parkea, 16C
— Aoiz: Kanpondoa urbanizazioa, 45
— Burlata: Villava etorbidea, 1 (Iturrondo)
— Doneztebe: Leitzako errepidea, 1
— Lizarra: La gallarda 2, 2. pisua
— Lodosa: Kalbario, 1
— Tafalla: Aita Calatayud pasealekua, 19
— Tutera: Díaz Bravo, 20-22

TELEFONOAK

Esan bezala, bulego bakoitzean sakatuta, bertako mapa eta telefonoa azalduko zaizkizu. Hala ere, hemen informazio telefonoak ere utziko dizkizuegu:

OROKORRA: 91 273 83 83

ARABA: 945 750 898
BIZKAIA: 944 500 598
GIPUZKOA: 943 980 598
NAFARROA: 948 990 598
Ordutegia: 9:00etatik 14:00etara

⇒ Aldez aurretiko hitzordua hartzeko telefono orokorra: 91 926 79 70

 

INTERNET BITARTEZ ere eska daiteke prestazio hau SEPEren orrialde HONETATIK.

Segidan utzi dizuegun liburuxkan argibideak ematen dira prestazio hau internetez eskatzeko. Pantailaka azalduko dizu zelan egin pauso bakoitza: Gizarteratzeko errenta aktiboaren eskaera

Gogoratu, online egin ahal izateko, cl@ve beharrezkoa izango zaizula. Identifikazio sistema honetaz gehiago jakin nahi baduzu:

Eta hartu patxadaz,  zure eskaera onartu duten ala ez jakinarazi arte hilabete bat edo bi eman dezaketelako erraz asko.