Gizarteratzeko errenta aktiboa (RAI-Renta activa de inserción)

Zeintzuk kasuetan eska daiteke?

– 45 urte baino gehiago badaukazu eta denbora luzez egon bazara langabezian
– 45 urte baino gehiago badaukazu eta Estatutik kanpo lanean egon bazara
– Genero indarkeriaren biktima izan bazara
– %33ko (edo gehiagoko) desgaitasuna aitortuta badaukazu

Bete beharreko baldintzak:

Enplegu eskatzailetzat eman behar izan duzu izena (langabezian apuntatuta egon behar zara, alegia)
65 urte baino gutxiago izan behar dituzu
Familia unitateak ezin du hilean 675 euro baino gehiagorik jaso (lanbidearteko gutxieneko soldataren %75). Honetarako, zure diru sarrerak, bikotekidearenak eta 26 urtetik beherako seme-alabenak hartzen dira kontuan. Denak batu eta senide kopuruaren arabera egiten da bataz bestekoa.
Gizarteratzeko errenta aktiboa –RAI- azken 365 egunetan zehar kobratu ez izana. Genero indarkeriaren biktima bazara edo desgaitasuna alegatu baduzu bai jaso zenezake hiru urtez jarraian, baina iraupen luzeko langabetuen zein Estatura itzulitako migranteen kasuetan ezin da subsidio hau urte bi jarraian eskatu.
Gehienez hiru urtez kobratu ahal da eta, hortaz, hiru urte horiek (segidan edo urte alternoetan) kobratu baduzu, ezin duzu berriro eskatu.

Baldintza orokor hauetaz gain, baldintza espezifikoak ere badaude:

• 45 urte baino gehiagoko iraupen luzeko langabetua bazara

Aldez aurretik langabezia prestazioa edota subsidioa agortu behar izan dituzu. Hau da, RAI delakoa eskatu baino lehenago noizbait langabezia kobratu behar izan duzu. 1980tik aurrerako prestazioak hartzen dira kontuan.
– Hau ez da prestazioa, ezta subsidioa ere, ohiz kanpoko errenta baino. Hortaz edozein subsidio jasotzeko eskubidea badaukazu, horixe eskatu behar duzu (familia laguntza, 45 urtetik edo 52 urtetik gorakoentzako subsidioa, kotizazio nahikorik ez edukitzeagatiko subsidioa).
Enplegu eskatzailetzat 12 hilabetez jarraian apuntaturik egotea

• 45 urte baino gehiago badaukazu eta Estatutik kanpo lanean egon eta gero itzuli bazara

– Estatutik irten zinen azkenengo aldian sei hilabetez gutxienez lan egin izana
Eskaera egin baino lehenagoko 12 hilabeteetan zehar itzuli behar izan zara Estatura
– Kasu honetan ez da beharrezkoa 12 hilabetez jarraian langabezian apuntatuta egotea

• Genero indarkeria kasuetan

Egoera hori ziurtatzen duen dokumentua aurkeztu behar da. Dokumentu hau zerbitzu sozialena edo harrera zentroarena izan daiteke, era berean, epai judiziala, babes ordena edo ministerio fiskalak egindako txostena baliogarriak dira.
– Kasu honetan ez dago adin mugarik, ez duzu zertan prestazio edo subsidioa agortu eta ez da beharrezkoa 12 hilabetez segidan langabezian apuntaturik egotea.

• Gutxienez %33eko desgaitasuna aitortuta badaukazu

– Aldez aurretik langabezia prestazioa edota subsidioa agortu behar izan dituzu. Hau da, RAI delakoa eskatu baino lehenago noizbait langabezia kobratu behar izan duzu. 1980tik aurrerako prestazioak hartzen dira kontuan.
– Enplegu eskatzailetzat 12 hilabetez jarraian apuntaturik egotea

Adi! 12 hilabetez langabezian izena emanda eskatzen den kasuetan, esan dugunez, hauek jarraian izan behar dira. Hau da, eskatu aurreko urtean 90 egunez edo gehiagoz lan egin baduzu edo Estatutik kanpora irten bazara, arrazoia eta denbora edozein direla eta, kontadorea zerora itzuliko da. Hau da, 12 hilabete horiek zerotik zenbatzen hasiko dira.

Non egin behar da eskaera?

Enplegu zerbitzu publikoan aurkeztu behar dira eta tramitatzen duena SEPEren herrialdeko zuzendaritza da. Internet bitartez ere egin daiteke www.sepe.es helbidean.
Hilabete bat edo bi ematen dute ebazpena eman arte.

Kopurua, iraupena eta berriztapenak

Kasu honetan ere IPREMaren %80 kobratzen da (430,27 euro hilean, 2019an).

11 hilabetez kobratzen da eta, lehen azaldu dugunez, eskaera berriztatu ahal bada ere…
iraupen luzeko langabetuen eta itzulitako migranteen kasuan, berriztatu arte urtebete itxaron behar duzu
genero indarkeria eta desgaitasun kasuetan 33 hilabeteak segidan kobratu daitezke.

Berriztapen bakoitza, praktikan, alta berri bat da eta, hortaz, dokumentazioa berriro aurkeztu eta prozedura osoa egin beharko duzu.

Kontuz! Prestazio hau galdu zenezake:

– Langabezia ez baduzu sinatzen dagokizun egunetan
– Enplegu bulegoak deitu eta hitzordura ez bazoaz
– Estatutik kanpora baimenik gabe irtenez gero

Gizarte Segurantzari kotizazioak

RAI delakoa kobratzen den bitartean ez da jubilaziorako kotizatzen. Hala ere, Gizarte Segurantzarekin hitzarmen berezia egin liteke.

RAI kobratzen den bitartean lan egin ahal da?

Bai, baina jardunaldi partzialaz.

Subsidioa ere jardunaldi partzial horren ehunekoaz murriztuko da. Hau da, jardunaldi erdiz lan egiten ari bazara, 215,14 euro baino ez dituzu jasoko (subsidioaren erdia).

Lanagatik jasotzen duzun soldata ezin da lanbidearteko gutxieneko soldataren %75 baino gehiago izan (675 euro hilean 2019an).

Lanean ari bazara ere, langabezia sinatzen jarraitu behar duzu. Hori bai, enplegu bulegotik agindu ditzaketen formazio ikastaroetara ez zaude behartuta.