Zer dira aparteko orduak?
2025/11/25
— Langileen Estatutuko 35. artikulua
— 2001/1983 Dekretua, lan jardunaldia, jardunaldi bereziak eta atsedenaldiak arautzen dituena
Zer dira aparteko orduak?
Langileok lan jardunaldi zehatz bat bete behar izaten dugu. Jardunaldiaren iraupena, oro har, hitzarmen kolektiboan edota lan kontratuan ezarrita dago. Langileen Estatutuak, bere aldetik, gehienezko jardunaldia markatzen du: 40 lanordu astean. Hortaz, enpresek ezin dute jardunaldi luzeagoetara behartu. Baina, jakina, ondo dakigunez, muga legal hau askotan saihesten da. Horretarako bide ohikoena aparteko orduak dira.
Aparteko orduak langileak ohiko jardunalditik harago egiten dituen orduak dira edo, bestela esanda, langileari, berez, egitea ez dagozkion orduak dira. Zenbaitetan, aparteko orduren bat egin behar izatea ulergarria izan daiteke, hala nola ezbeharren bat suertatzen denean. Baina, ondo dakigunez, aparteko orduak askotan iruzurrez erabiltzen dira, enpresak kontratazio gehiagorik ez egiteko eta, are lazgarriagoa dena, usu baino sarriagotan, ordu horiek ez dira ordaintzen.
Motak
Aparteko orduak, oro har, bi motatakoak izan daitezke:
— Aparteko ordu arruntak edo ohikoak
— Ezinbesteko kausengatiko aparteko orduak (“fuerza mayor”)
Egiturazko aparteko orduez ere hitz egin genezake, baina hauek ere, azken batez, aparteko ordu arruntak izango lirateke. Ikus dezagun hau guztia zehatzago:
Arruntak
Borondatezkoak:
Ez daukate atzean arrazoi espezifikorik edo, hobeto esanda, enpresaren interesari edo komenentziari erantzuten diote. Hau da, enpresak ez dauka justifikatzeko beharrik; langileari eskatu baino ez du. Hortaz, langileak onartu ahal ditu ala ez.
Hau garrantzitsua da: aparteko ordu hauek borondatezkoak dira. Langileak uko egiteko eskubidea dauka eta enpresak ezin dio, ezezko honengatik, diziplinazko zehapenik ezarri. Eta ez, lagunok, ez naiz atzo goizekoa eta zin dagizuet aspaldi berdindu zitzaizkidala haginak, baina legeak ezartzen duena kontatzen dizuet, zeren eta horrelaxe izan beharko bailitzateke; edozelan, badakizue, gehiegikerien aurrean, sindikatuko ateak zabalik dauzkazue.
Derrigorrezkoak:
Langileen Estatutuko 35.4 artikuluak dioenez, aparteko orduak (arruntak) borondatezkoak izaten dira, ez bada hitzarmen kolektiboan kontrakoa adostu. Hau da, hitzarmen kolektiboan ager liteke langileek aparteko ordu kopuru bat egin behar dutela (edozein kasutan, ordu kopuru honek ezingo luke gehienezko muga gainditu; geroxeago ikusiko dugunez, 80 ordu urtean).
Hitzarmenean hala azaltzen diren aparteko orduak derrigorrak dira eta, hortaz, langileak ezingo luke uko egin. Ezezkoa emango balu, enpresak diziplinazko zehapena ezar liezaioke.
Egiturazkoak
Momentu zehatz batzuetan enpresan premiak sortu ahal dira, hala nola aurreikusi ez den bajaren bat, ekoizpenaren goren uneak, txanda aldaketak edo bestelako egoera batzuk. Egiturazko egoerak izaten dira hauek, jardueraren izaerak sorrarazitakoak. Baina, kontuz, egoera hauei edozein kontratazio motarekin aurre egin ahal izanez gero, halaxe egin beharko litzateke eta ez aparteko orduen bitartez.
Aparteko ordu hauek hitzarmen kolektiboan zehazturik daude eta, hitzarmen horretan edo kontratuan ez bada kontrakorik adierazten, borondatezkoak dira.
Aparteko ordu hauei aparteko ordu arruntei aplikatzen zaien erregimen juridiko berbera aplikatzen zaie (kotizazioari begira edo gehienezko kopuruari begira, ikusiko dugunez).
Ezinbesteko kausengatikoak (“fuerza mayor”)
Ezinbesteko kausengatiko orduak ezberdinak dira. Aparteko ordu hauek ezbeharrak saihesteko edo zuzentzeko edota aparteko eta urgentziazko kalteak konpontzeko erabiltzen dira. Adibidez, matxurak, suteak, eraikina behera etortzea edo halako aparteko gertakariak.
Aparteko ordu hauek derrigorrak dira eta ez dira kontuan hartzen gehienezko kopuruari dagokionez (Langileen Estatutuko 35.3 artikulua).
Zelan ordaintzen dira?
Langileen Estatutuak, 35.1 artikuluan, ordainketa edo konpentsazio modu bi ezberdintzen ditu: ordainketa dirutan edo konpentsazioa atseden orduetan. Batera edo bestera egingo ote den ez du enpresak, alde bakarrez, erabakitzen: hitzarmen kolektiboak edo kontratuak ezartzen duena bete behar da.
• Ordainketa ekonomikoa: Aparteko orduengatik ordaintzen den zenbatekoa ezin izango da sekula lan ordu arruntarena baino baxuagoa izan. Horixe da Estatutuak dioena, baina 2001/1983 Dekretura jotzen badugu, honek 40. artikuluan zera dio, aparteko orduak errekarguarekin ordaindu behar direla, errekargu hau hitzarmenean edo kontratuan adosturik egon beharko litzatekeela, baina, edozein kasutan, ezingo litzatekeela izan %75 baino gutxiagoko errekargua. Hau da, bestela kalkulatuta, aparteko ordu bakoitza, gutxienez, ordu arrunta bider 1,75 izan beharko litzatekeela (honela, ordu arrunta 10 euro balira, adibidez, aparteko ordua 17,5€ izango litzateke).
Bestetik, aparteko orduak soldata-kontzeptu independientea dira eta ezin dira beste ordainketa edo kontzeptu batzuen bitartez konpentsatu edo absorbatu.
• Konpentsazioa atseden orduetan: egiten den aparteko ordu bakoitzeko, gutxienez, atseden ordu bat eman behar da. Kasu honetan ere adostuta egon behar da zelan edo noiz hartuko diren atseden ordu horiek, izan hitzarmen kolektiboan, izan kontratuan. Edozein kasutan, honelakoetan islaturik ez balego, Langileen Estatutuak ezartzen du, beranduen, hurrengo lau hilabeteetan disfrutatu behar direla.
Aparteko orduen gehienezko kopurua
Honezkero aipatu dugu gehienezko kopuru bat dagoela: 80 ordu urtean. Langileen Estatutuak muga hau urteka islatzen du, baina ez dio ezer hileko balizko mugen inguruan.
⇒ Adi! honako hauek gehienezko mugaren kalkulutik kanpo geratzen dira:
- Ezinbesteko kausengatiko aparteko orduak
- Atseden orduekin konpentsatu diren aparteko orduak
Bestetik, Europako legedira jotzen badugu, beste muga bat aurki dezakegu: langileek ezin dute astean lan efektiboko 48 ordu baino gehiagorik egin, aparteko orduak barne (2003/88/CE Zuzentarauko 6. artikulua).
Eta, azkenik, gogoratu lan jardunalditik lan jardunaldira, derrigorrez, 12 ordu pasatu behar direla (Langileen Estatutuko 34.3 artikulua). Hau da, gure jardunaldia goizeko 6:00etan hasiko balitz, esaterako, aurreko egunean ezingo genuke arratsaldeko 18:00etatik aurrera lanik egin.
Ze kasutan ezin da aparteko ordurik egin?
Langile-kolektibo batzuek ezin dute aparteko ordurik egin:
— Adin txikikoak. 18 urtetik beherako langileek ezin dute aparteko ordurik egin, salbuespen barik (Langileen Estatutuko 6. artikulua)
— Enplegua Erregulatzeko Aldi Baterako Espedientean (“ERTE”an) dauden langileak (47.7.d) artikulua).
— Gaueko lanean aritzen diren langileak. Zer ulertzen da gaueko lantzat? langilearen jardunaldiko 3 ordu (gutxienez) gaueko 22:00etatik goizeko 6:00etara badira (36.1 artikulua).
— Prestakuntza kontratuez aritzen diren langileak, izan alternantziako prestakuntza kontratuaz (11.2.k) artikulua), izan praktika profesionala lortzeko prestakuntza kontratuaz (11.3.h) artikulua).
— Jardunaldi partzialaz kontrataturik dauden langileak (12.4.c) artikulua). ADI! kolektibo honek ezin du aparteko ordurik egin, baina bai ordu osagarriak:
SALBUESPENAK:
Esan dugunez, kolektibo horiek ezin dute aparteko ordurik sartu, baina salbuespenak badira:
- Ezinbesteko kausengatiko aparteko orduak: prestakuntza kontratuez, jardunaldi partzialaz edo gaueko lanaz aritzen diren langileak ez daude honelako orduak egitetik salbu.
- Gaueko lanean, baliteke txanda aldaketetan irregulartasunak sortzea -beti ere enpresaren erruz ez badira- eta aparteko orduren bat sartu behar izatea. Lehengo sailkapenean “egiturazko aparteko orduen” barruan sartuko lirateke hauek (2001/1983 Dekretuko 42. artikulua).
Zelan kotizatzen dute aparteko orduek?
Aparteko orduek kotizazio gehigarria izaten dute. Motaren arabera kotizazio ezberdina izango da:
- Ezinbesteko kausengatiko aparteko orduak: %14ko kotizazio tipoa aplikatzen zaie, %12 enpresaren aldetik eta %2 langilearen aldetik.
- Aparteko ordu arruntak: ezinbestekotzat jotzen ez diren gainontzeko orduei %28,30 aplikatzen zaie, %23,60 enpresaren aldetik eta %4,70 langilearen aldetik.
ADI! aparteko orduak ez dira kontuan hartzen kontingentzia edo gertakari arrunten oinarri arautzailea kalkulatzeko, erretiroa edo jubilazioa barne. Kontingentzia edo gertakari profesionaletarako baino ez dira aintzat hartzen, hau da, lan istripu edo gaixotasun profesionalen inguruko prestazioetarako.
Zelan azaldu behar dira nominan?
Aparteko orduak nominan islatu behar dira, argi eta garbi: hilabetean egin diren aparteko orduak soldata kontzeptu espezifiko batez azaldu behar dira. Hau da, nahiz eta ordaindu, zeren eta badakigun aparteko ordu asko eta asko ordaintzen ez direla, aurrerago jorratuko dugunez, ezin dira beste kontzeptu batzuetan ezkutatu edo kamuflatu.
Honela, nominan zera zehaztu behar da: efektiboki lan egindako ordu kopurua, ze nolako aparteko orduak diren, ze kotizazio dagokien eta zenbat jaso dugun orotara eurengatik. Nominan diruz ordaindutako aparteko orduak baino ez dira islatzen; atseden orduekin konpentsatutakoak, ordea, ez.
Aparteko orduak erreklamatzea
Badakigunez hainbat eta hainbat lagunek lan jardunaldia luzatzera behartuta ikusten dute euren burua eta, gainera, sartzen dituzten aparteko ordu horiek, inon ez islatzeaz gain, ez dituzte kobratzen. Hala ere, posible da sartutako aparteko ordu guztiak erreklamatzea.
⇒ ADI! Urtebeteko epea daukazu erreklamazioa egiteko
Hau ez da zuzenean epaitegian salatzen; aitzitik, lehenengo eta behin, kontziliazio txartela aurkeztu behar da arbitraje eta bitartekaritza zerbitzuan. Txartela aurkeztutakoan, adiskidetze prozedurari ekiten zaio. Adiskidetze horretan ez bada akordiorik lortzen edo enpresa ez bada bertaratzen, epaitegietara jo eta demanda aurkez daiteke. 20 egun baliodun dauzkazu horretarako.
Prozedura hau goitik behera azalduta daukazu ondoko artikulu honetan (txartelean agertu behar den guztia, non aurkeztu behar den, Nafarroako eta EAEko adibideak eta abar):
Frogak izateak berebiziko garrantzia izango du: jardunaldiaren erregistroa; lekukotzak (lankideenak, nagusi hierarkikoenak, lekuko presentzialenak…); dokumentuak, hala nola posta elektronikoak, barne komunikazioak, laneko parteak, deien erregistroak, koadranteak…). Izan ere, frogaren karga langileari dagokio; hala ere, jurisprudentziak onartu duenez, enpresaburuak jardunaldia behar den bezala erregistratzeko betebeharrari muzin egiten dionean, honi buelta eman eta langilearen alegazioak egiazkotzat jo ahal dira, baldin eta arrazoizko zantzuak badaude.



