Langabeziagatiko subsidioa, prestazioa agortu duzunean

2024/11/15
Gizarte Segurantzaren Lege Orokorreko III. Tituluko III. Kapitulua

Prestazioa eta subsidioa

Subsidioa eta prestazioa ezberdinak dira. Langabeziagatiko prestazioa kontributiboa da, hau da, izan duzun soldataren eta egin dituzun kotizazioen araberakoa izango da. Subsidioak, ordea, izaera asistentziala edo, bestela esanda, laguntza izaera dauka. Hau dela eta, zenbateko finkoa dauka eta hainbat baldintza bete behar dira jaso ahal izateko, batez ere, errenten gabezia.

Langabezian geratu bazara, lehenengo eta behin, langabeziagatiko prestazioa eskatu beharko zenuke. Prestazio hau behin agortuta, subsidioa eska zenezake. Hala ere, baliteke langabezian geratzea, baina ez izatea kotizazio nahikorik prestazioa eskatzeko. Hala balitz ere, subsidioa eska zenezake, kotizazio faltagatik (hau beste artikulu batean jorratuko dugu).


Langabezian geratu bazara, langabeziagatiko prestazioa jasotzen egon bazara eta prestazio hau agortu baduzu, subsidio hau eska zenezake.


Langabeziagatiko prestazioaz gehiago jakin nahi baduzu, bota begirada bat hurrengo artikuluari:

Subsidioen erreforma

2/2024 Dekretuaren bitartez, langabeziagatiko subsidioak berregituratu dira. Dekretua 2024ko maiatzekoa izan arren, erreforma azaroan hasi da aplikatzen.

Honela, besteak beste, subsidio honetan batu dira lehendik existitzen ziren subsidio bi: 45 urtetik gorakoentzako subsidioa eta familia laguntza. Honekin batera, aukera hau 45 urtetik beerakoei ere zabaldu zaie.

Hau da, lehen, prestazioa agortzen zenuenean, subsidioa eskatu ahal zenuen, baldin eta 45 urtetik gorakoa bazinen edo familia ardurak bazeneuzkan, baina familia ardurarik gabeko 45 urtetik beherakoak kanpoan gelditzen ziren. Hemendik aurrera langabeziagatiko prestazioa agortu duen edonork eska dezake, bere adina edozein dela ere eta familia erantzukizunak eduki ala ez, beti ere prestazio hori gutxieneko iraupenekoa izan bada eta diru-sarreren gabezia egiaztatzen bada. Trankil, hau guztia xehatzen joango gara.

Zenbat irauten du?

Hiru ezaugarri hartuko dira kontuan subsidio honen iraupena finkatzeko:
               – eskatzailearen adina,
               – familia erantzukizunik daukan ala ez
               – agortu duen langabeziagatiko prestazioaren iraupena

Kasu bakoitza taula honen arabera kalkulatu beharko litzateke.

Adibidez, demagun 40 urte dauzkazula eta langabezia prestazioa agortu duzula. Orduan, langabeziagatiko subsidioa eska zenezake. Hori bai, subsidioa eskatu ahal izateko, langabeziagatiko prestazioa, gutxienez, 360 egunez jaso behar izan duzu, baldin eta familia erantzukizunik ez badaukazu. Kasu honetan, subsidioak 6 hilabete iraungo luke. Aitzitik, familia erantzukizunak badauzkazu eta langabeziagatiko prestazioa, gutxienez, 120 egunez jasotzen egon bazara, subsidioak 24 hilabete iraungo luke eta, prestazioak 180 egun iraun izanez gero, subsidioa 30 hilabetez luzatuko litzateke.


⇒ ADI! Subsidioa eskatzen duzun momentuan familia erantzukizunik ez bazenu, baina egoera hau gerora aldatuko balitz, subsidioa luzatzeko eska zenezake. Hori bai, eskaera eta familia arduren egiaztagiria hurrengo 12 hilabeteetan aurkeztu beharko zenituzke derrigor (prestazio kontributiboa agortu eta hurrengo 12 hilabeteetan).


Errenten gabezia eta familia erantzukizunak

Aipatu dugunez, subsidioa eskatu ahal izateko, errenten gabezia egiaztatu behar duzu. Zer esan nahi du honek? Zure diru-sarrerak ezin direla izan lanbidearteko gutxieneko soldataren %75 baino altuagoak (850,50€ 2024. urtean).

Bestetik, goiko taulan ikusi duzunez, familia erantzukizunak badauzkazu, subsidioaren iraupena luzeagoa izango litzateke eta, agortutako langabeziagatiko prestazioaren egun gutxiago behar izateaz gain.

Familia erantzukizunak dauzkazunean, errenten gabezia kalkulatzeko modua apur bat aldatu da azken erreformarekin. Hurrengo artikuluan goitik behera azalduta daukazu puntu hauei dagokien guztia, beraz, kontsulta egizu jakiteko errenten gabeziaren baldintza betetzen ote duzun eta familia erantzukizunak alegatu ahal dituzun:

Zenbat jasotzen da?

Erreforma baino lehen, langabeziagatiko subsidio guztien kasuan IPREMaren %80 kobratzen zen, subsidioak irauten zuen denbora osoan zehar. Hau aldatu da; orain, mailakatua izango da eta kobratzen den zenbatekoa jaisten joango da:

— Lehen 180 egunetan: IPREMaren %95 (570€)
— 181. egunetik 360. egunera: IPREMaren %90 (540€)
— 361. egunetik aurrera: IPREMaren %80 (480€)

Bestela esanda, lehen sei hilabeteetan 570 euro jasoko ditugu, hurrengo sei hilabeteetan 540€ eta, hortik aurrera, 480€ subsidioaren iraupena amaitu arte (zenbateko hauek 2024. urteari dagozkio).

Erreformak beste aldaketa bat ekarri du: honezkero ez da subsidio partzialik egongo. Hortaz, zure azken kontratua jardunaldi partzialekoa izan ala ez izan, edozein kasutan, subsidio osoa kobratuko duzu (PPren lan erreformaren puntu hau ere indargabetu da; hala ere, gogoratu PSOEk, nahiz eta hala sinatu, uko egin ziola erreforma horren kaltegarria osorik indargabetzeari).

Zein da eskatzeko epea?

Honezkero ez da beharrezkoa hilabete itxarotea prestazioa agortzen zaigunetik subsidioa eskatu arte, erreformak “itxaronaldiko hilabetea” bertan behera utzi du eta. Hortaz, subsidioa segidan eskatu ahal dugu eta, horrela, ez dugu zertan hilabete eman behar ezer kobratu barik.

Edozelan, sei hilabete dauzkazu subsidioa eskatzeko:

  • Prestazioa agortu eta hurrengo 15 egunetan (15 egun baliodunetan) eskatzen baduzu, subsidioa prestazioa agortu duzun egunetik onartuko zaizu. Honek esan nahi du, SEPEk pasatutako egunak ordainduko dizkizula edo, bestela esanda, momentu horretatik pasatu diren egunak lehen ordainketan jasoko dituzula.
  • Subsidioa beranduago eskatzen baduzu ere, jaso egingo duzu, baina eskubidea jaioko da eskaera egin duzun egunetik aurrera. Ez dago penalizaziorik, subsidioaren egunik ez da kontsumituko eta dagozkizun hilabeteak jasoko dituzu, baina eskaera egin duzun momentutik aurrera.

⇒ ADI! Langabeziagatiko prestazioa agortu ostean lan egin baduzu, gogoratu, subsidioa eskatu ahal izateko, langabezia-egoera legalean egon behar zarela. Honek esan nahi du ezin izan duzula lana zeure borondatez utzi. Langabezia-egoera legalaz gehiago jakiteko:

Dokumentazioa

— Eskaera-orria
HEMENDIK jaitsi ahal duzu eskaera-orri ofiziala. Bertan erantzukizunpeko adierazpena ere bete ahal izango duzu, errenten gabezia egiaztatzeko. Nahikoa da zure diru-sarrerak eta, familia erantzukizunak izanez gero, zure senideenenak ere hor islatzea. Administrazioak, gerora, konprobatu egingo ditu.

— Identifikazio dokumentuak (ez da kopiarik behar, erakutsi baino ez duzu egin beharko): NAN, TIE edo Europako Batasuneko herritarren erregistroaren ziurtagiria. Familia erantzukizunak badauzkazu, senide horien identifikazio dokumentuak ere erakutsi beharko dituzu.

— Zure kontu korrontea islatzen duen bankuaren edozein dokumentu (subsidioa jasotzeko kontu korrontea eman behar duzu, dirua bertan sar diezazuten).

— Familia erantzukizunik badaukazu, familia liburua edo Erregistro Zibileko egiaztagiria. Beste jatorri batekoa bazara, zure herrialdeko pareko dokumentua, gaztelerara itzulita (itzulpen ofiziala izan behar da).

— Azken urteko PFEZ aitorpena (errenta aitorpena).

Eskaera
  • Aurrez aurre

Horra hor SEPEren egoitzak:

ARABA
BIZKAIA
GIPUZKOA
NAFARROA

Gogoratu aldez aurretik hitzordua eskatu behar duzula derrigor. Hau internetez egin ahal duzu, ORRIALDE HONETATIK edo telefonoz: 91 926 79 70

  • Online

Subsidioa online ere eskatu ahal duzu, ORRIALDE HONETATIK.

Edozein zalantza daukazula, SEPEk arreta eta informazio telefonikorako zenbaki berria dauka martxan: 060